GPS artea Kokapen Sistema Globala erabiltzen duen marrazteko teknika da. Artistek GPSa erabiltzen duen gailu bat erabiliz aurretik prestatutako ibilbide bat jarraitzen dute eskala handiko irudi bat egiteko edo mapan testuren bat irudikatzeko[1]. Ibilbide horiek korrika edo bizikletaz egin ohi dira, baina zenbait artistek autoak, furgonetak, itsasontziak edo hegazkinak erabili dituzte irudi handiagoak egiteko. Laura Kurgan arkitekto hegoafrikarrak asmatu zuen GPS bidezko marrazketaren kontzeptu hau[2].

2017ko Manchesterreko atentatuaren biktimak gogoratzeko gps marrazkia, Nathan Rae artistak egina.

Planifikazioa aldatu

GPS artistek ordu asko eman ditzakete mapa batean ezkutatuta dauden irudi, forma edo testuak topatzen edo batzuetan zuzenean ikusten dute irudiren bat pareidolia dela eta. Hiri eta herrien errepideen diseinuak eta paisaiak artisten ibilbideak mugatzen dituzte, beraz haien irudiak marrazteko modu sortzaileak aurkitu behar dituzte. Errepide edo kaleek sareta eredu handi bat sortzen badute, ia edozein objektu edo forma sor daitezke 8-bit estiloa erabiliz. Bidaia jarraitzeko ibilbidearen marrazkia egin ohi da aldez aurretik, paper batean edo digitalki.

Estiloa aldatu

Egin nahi den irudiaren, kokapenaren edo baliabideen arabera, artistek estilo ezberdinak erabiltzen dituzte GPS artea egiteko[3].

Errepideak eta bideak soilik aldatu

Estilo honek jadanik existitzen diren errepideak, kaleak, bideak,... erabiltzen ditu, ibilbidea bilatzeko eta marrazkiaren planifikazioa erronka bat bihurtuz. Hala ere marrazterako orduan bide horiek errazagoak dira jarraitzeko, horregatik GPS marrazki gehienak horrela eginda daude.

Marrazketa librea lur, aire edo uretan aldatu

 
Parke batean egindako marrazkia.

Artistek irudi edo marrazkiak irudikatzen dituztenean aurretik prestatutako biderik gabe, marrazketa librea deritzo. GPS gailuaren pantaila begiratuz marrazten da kasu honetan. Eremu zabalak erabili ohi dira teknika hau burutzeko, hala nola, aparkalekuak, desertuak, zelaiak, aireportuak... Muga fisikoak ez izatea aukera gehiago ematen ditu irudi ezberdinak sortzeko, baina era berean erraztasuna bidetik galtzeko edo hanka sartzeko.

Bistaratzea aldatu

Ibilbideak mapan grabatzen eta erakusten dituzten aplikazioak erabiltzen dira egindako lana gordetzeko eta aurkezteko. Strava, Map My Run eta Garmin erabilienak dira. Egindako ibilbidea Google Maps, Openstreetmmap, Viewranger edo antzeko aplikazioetan ere kargatu ohi da lanaren irudi hobe bat lortzeko. Azkenengo horiekin artistek artelanaren tamaina, kolorea, kontrastea, perspektiba edo bestelako aldagaiak kontrolatu ditzakete.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Álvarez, Raúl. (2016-02-17). «La originalidad de crear dibujos sobre mapas con sólo una bici, GPS y mucha creatividad» Magnet (Noiz kontsultatua: 2020-09-01).
  2. «Storefront for Art and Architecture | Programming: Exhibitions: You Are Here: Information Drift» storefrontnews.org (Noiz kontsultatua: 2020-09-01).
  3. (Ingelesez) «GPS Art» Nathan Rae (Noiz kontsultatua: 2020-09-01).

Kanpo estekak aldatu