Fotolisia edo fotodisoziazioa argiak eragindako erreakzio kimikoa da, molekula baten disoziazioa dakarrena. Argiaren fotoiek hasierako molekularen lotura kimikoak apurtzen dituzte, eta ondorioz molekula hori bi edo hiru molekula sinpleagotan zatitzen da [1].

Fotolisia burutu ahal izateko fotoiek ematen duten energiak (hasierako molekulak xurgatzen duena) handiagoa izan behar du molekularen disoziazio-energia baino.

Erradiazio edo argi ikusgaiak ez ezik, edozein erradiazio elektromagnetikok fotolisia eragin dezake. Edozein fotoik (ez soilik argi ikusgairenak) molekula baten lotura kimikoak desegin ditzake, energia nahikoa baldin badu. Energia gehien duten erradiazio elektromagnetikoak izpi ultramoreak, X izpiak eta gamma izpiak direnez, hauek dira hain zuzen fotolisian inplikatutako erradiazio ohikoenak.

Fotolisiaren garrantziaz jabetzeko, hiru ohar:

  • atmosferako ozono geruza sortzen da izpi ultramoreek oxigeno molekularraren fotolisia eragiten dutenean. Eta ozono geruza ezinbestekoa da bizitzarako.
  • uraren fotolisiak iraganean ahalbidetu zuen oxigenoaren agerpena gure atmosferan (Lurraren antzinako atmosfera oxigenorik gabekoa baitzen)
2 H2O + 2 fotoi (argia) → O2 + 4 e + 4 H+
  • fotosintesian, uraren fotolisia garrantzia handikoa da: argitako fasean gertatzen da, eta landareek hartutako ura deskonposatzen da O2 (atmosferara askatzen dena), H+ eta elektroi batzuk askatuz, azken hauen garraioak ATP eta NADPH2 sortuko dituena [2]. Uraren fotolisia fotosintesian landareen kloroplastoetan gertatzen da.

Erreferentziak aldatu

  1. Fotolisi ZT Hiztegi Berria, Elhuyar
  2. Campbell Neil A.; Reece, Jane B.. Biology, 7th Edition. San Francisco: Pearson - Benjamin Cummings, 2005, 186-191 orr.

Kanpo estekak aldatu