Fontainebleauko Ituna (1807)

Fontainebleauko Ituna 1807ko urriaren 27an sinatu zuten Frantziako Fontainebleau hirian Espainiako eta Frantziako ordezkariek, hain zuzen: Espainiaren aldetik, Godoyren, Karlos IV.a Borboikoaren begikoa zenaren, gerra eta estatu aholkulariak (Eugenio Izquierdo) eta Frantziaren aldetik, berriz, Gérar Duroc generalak. Idatzi horren bitartez, frantziar tropak Espainia zeharkatu eta Portugal inbaditzea baimendu zen.

Historia aldatu

Britainia Handia denbora luzez izan zen Frantziaren aurkari, Napoleon enperadore izan aurretik ere hura menderatzen ahalegindu baitzen. Bi horien arteko gatazketariko batean, ordea, Espainiak parte hartu zuen. Izan ere, 1806an Britainia Handia hartzeko ahaleginek porrot egin ostean, Napoleonek Blokeo kontinentala ezarri zion bigarren horri. Hala ere, Portugalek 一Britainia Handiaren aliatuak一 uko egin zion Napoleonen aginduak betetzeari eta inportazioak zein esportazioak egiten jarraitu zuen Britainiarekin. Portugalen erantzunaren aurrean, Napoleonek herrialdea konkistatzea erabaki zuen, baina hori egin ahal izateko ezinbestekoa zitzaion lur-tropak bertara bidaltzea. Ondorioz, Espainia gurutzatu beharra zeukan eta akordio bat egitea erabaki zuen. Akordio horri Fontainebleauko Ituna deitu zitzaion eta 1807ko urriaren 27an sinatu zuten bai Frantziako, bai eta Espainiako ordezkariek ere. Espainiatik Eugenio Izquierdo, Godoyren Gerra eta Estatu aholkularia joan zen eta  Frantziatik, berriz, Napoleonen ordezkari ahalguztidun Gerard Duroc.[1]

Ituna aldatu

Itun horren bitartez, Espainiak Frantziari lurraldea zeharkatzeko baimena eman zion eta, horrela, bi herrialdeek (Frantzia eta Espainia) Portugal inbaditzeari ekin zioten. Horretaz aparte, Fontainebleauko Itunean, behin Portugal inbadituta, lurren banaketa zein izango zen ere zehaztu zuten[1]: iparraldea (Porto eta Entre-Minho-e-Douro) Parmako Carlos Luisen, Fernando VII.naren ilobaren, esku geratuko zen; erdialdea (Beira, Trás-os-Montes eta Portugalgo eskualdea zen Estremadura), berriz, Britainiarekin truke bat egiteko erreserbatu, eta azkenik, hegoaldea (Alentejo eta Algarbe) Godoy eta haren familiari emango zitzaion. Itsasoz bestaldeko koloniei zegokienez, etorkizuneko akordio baterako utzi zituzten.[1]

Ondorioak aldatu

Portugal inbaditu aldatu

Hortaz, behin ituna sinatuta, 1807ko azaroaren 30ean frantziar tropak Espainia gurutzatzen hasi ziren, Portugalera iristeko asmoz. Horrela, Juan printzeak eta bere familiak Brasilera ihes egin eta bi egunera heldu ziren Lisboara. Orduan, Junot generalak portugaldar armada desegin eta frantziar goi-karguen esku utzi zuen herrialdea.[2]

Espainia okupatu aldatu

Frantziar armadaren zati batek Espainia gurutzatu bai, baina beste zatiak, berriz, bertan finkatzeari ekin zion, hala nola: Burgosen, Salamankan, Donostian, Bartzelonan, Madrilen eta abar. Izan ere, Fontainebleauko Ituna sinatzean Napoleonek ezkutuko estrategia edo helburu bat ere bazeukan, bere anaia Jose Bonapartek Borboiak ordeztea.[1]

Frantziar tropen okupazioa ikusirik herritarrak urduritzen hasiak zeuden, baina agintariek ez zuten erantzunik ematen. Azkenean, frantziar soldaduen kopuruak gora egiten jarraitu zuenez, Godoy bera ere larritu egin zen. Hori horrela, 1808ko martxoan Godoyk erregeari (Karlos IV) eta haren familiari Aranjuezera joateko eskatu zien; bertatik errazagoa baitzen Cadizera bidaiatu eta Ameriketara ihes egitea. Halaber, alde egiteko astirik ere izan gabe, martxoaren 17an, Aranjuezko matxinada hasi zen.[1]

Borboitarren krisia eta Independentzia gerra aldatu

Horren aurrean, Godoyk dimititu eta Karlos IV.ak abdikatu egin zuen, bere postua Fernando VII.nari (bere semeari)  emanik. Orduan, Fernando VII.nak laguntza eskatu zion Napoleoni, eta hark, egoera aprobetxatuz, Baionara eraman zituen erregea eta bere familia. Bertan zeudela, frantziar enperadoreak presioa egiten jarraitu zuen Fernando VII.ak abdikatu zezan, baina ez hori bakarrik, baita Karlos IV.k boterea eman ziezaion ere. Horrela, Napoleonek maiatzaren 25ean erregearen abdikazioaren berri, eta bere anaia zen Jose Bonapartek hura ordezkatuko zuela jakinarazi zien espainiar herritarrei. Zeintzuek erregearen ihesialdiaren ondoren, eta ikusirik herrialdeko eliteak edota armadak ez zutela ezer egiten, Madrilgo hirian altxamendu bat eman zuten一Murat mariskalaren tropen aurka一, hain zuzen: maiatzaren 2ko altxamendua. Horrela hasi zen, Espainiar Estatuan, Frantziaren aurkako Independentzia Gerra[2].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Otero, Nacho. (2021). Tratado de Fontainebleu. In MuyHistoria. Hemendik eskuratua: https://www.muyhistoria.es/contemporanea/articulo/tratado-de-fontainebleau-la-alianza-de-napoleon-y-godoy-491509004486
  2. a b Zurita Aldeguer, R. (2019). 2.3.2. España y Portugal. In R. Zurita Aldeguer (arg.) europa en la época de Napoleón (67-70. or.). Madril: Sintesis.

Kanpo estekak aldatu