Fernando Asuero

Donostiar medikua

Fernando Asuero Sáenz de Cenzano (Donostia, 1887ko maiatzaren 29a - Ibidem, 1942ko abenduaren 22a) donostiar mediku bat izan zen, asueroterapia polemikoaren sortzailea, sudur-mukosan (trigeminoa) egindako kauterizazio txikien bidez hainbat gaixotasun sendatzeko zalantzazko metodoa.[1]

Fernando Asuero


Donostiako udaleko zinegotzia

1923 - 1925
Bizitza
JaiotzaDonostia1887ko maiatzaren 29a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1942ko abenduaren 22a (55 urte)
Hezkuntza
HeziketaUnibertsitate Zentrala
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakmedikua eta futbolaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Athletic1907 / 1910
 
Posizio edo espezialitateafutbol atezaina
Enplegatzailea(k)Pitié-Salpêtrière Ospitalea

Bizitza aldatu

Zirujau familia ospetsu batean jaio zen, Miramar kaleko 3. zenbakian.[2] Bere aitona, Vicente Asuero Kortazar, Terapeutika Orokorreko katedraduna eta Frantzisko Asískoa errege ezkontidearen medikua izan zen. Madrilgo Unibertsitate Zentralean burutu zituen Medikuntza ikasketak eta otorrinolaringologian berezitu zen.[3]

1907 eta 1910 artean Athletic Clubekin zenbait partida jokatu zuen atezain moduan. 1907ko Errege Koparen finalean titularra izan zen. Hiru urte geroago, jokatu ez arren bere ibilbideko titulu bakarra eskuratu zuen: 1910eko Errege Koparena. Urte hartako urtarrilaren 9an, Athleticek zamarra zuri-gorri estreinatu zuenean, atezain titularra izan zen (hala ere, atezaina izanda kolore ezberdineko zamarra zuen).[4]

Ondoren Parisera joan zen ezagutzak sakontzera, Lubet Barbon doktorearen klinikara hain zuen. Pariseko Pitié ospitalean aritu zen eta Cambridgeko Unibertsitatean ere ikasi zuen.[1] Donostiara itzuli zenean, hainbat kliniketan ibili ondoren, bere kontsulta propioa jarri zuen. Konpromiso sozialeko pertsona zenez, zinegotzi izatera iritsi zen Donostiako udaletxean 1923 eta 1925 bitarte.

Asueroterapia aldatu

1929. urtearen inguruan, trigeminoaren kauterizazioan oinarritutako teknika bat sortu zuen, garai hartan mundu mailan entzutetsu bilakatu zena.[2][5] Bere metodoa idazlan batean defendatu zuen, Ahora hablo yo y, algunos folletos. Sudurreko nerbioak kitzikatzearen bitartez, inongo minik gabe, mota askotako gaitzak sendatzen ei zituen: asma, epilepsia, barize-ultzera, gorreria, itsutasuna eta paralisia.[3]

Jende andana etorri zen kontsultara; inguruko hotelak bete egin ziren, eta kontsulta Principe hotelera mugitu behar izan zuen,[oh 1] bertako hiru logela okupatu zituelarik.[3] Zenbat egunkaritako azalean agertu zen eta bost zutabetako artikuluak ere idatzi zituzten haren terapiaren inguruan.[2]

1929an Asueroren famak goia jo zuen Nemesio Manuel Sobrevila bilbotar zinegileak Las maravillosas curas del doctor Asuero filma estreinatu zuenean. Filma hori debekatua izan, eta horrek hain justu, asueroterapiaren inguruko misterioa eta jakin-mina handitu baino ez zuen egin. Kazetari ugari gerturatu arren, Asuerok ez zuen inoiz prentsaren aurrean hitzik esan. Kazetariek informazioa sendatutako bezeroengandik atera zuten: doktoreak, erroseta forman bukatzen ziren estilete batzuen laguntzarekin, sudurreko hainbat nerbio kitzikatzen zituen, horien artea trigeminoa.[3]

Komunikabideen jarrera kritikoa izan zen gehien bat eta zenbaitzuk "iruzur zientifikotzat" jo zuten. Ramon y Cajal teknika hau berak "ez zientifikotzat" hartzen zuen. Halere, hainbat tokitako medikuk Asueroren terapiak kopiatzen hasi ziren, ez soilik Espainian, baita ere Frantzian, Italian, Argentinan, Mexikon, Kuban eta Portugalen, bestea beste. Errioxako Cihuri herriak kale baten izena eskainik zion, han pasa baitzuen umeetako garai bat eta familiak ere bertan jabetzak baitzituen. 1929ko maiatzaren 30ean, milaka pertsona bildu ziren haren etxearen inguruan soilik Asuero ikusteko eta agurtzeko asmoz.[3] Bergson filosofoak ere txanda hartu omen zuen haren iloba batekin doktorearen kontsultara joateko.[6]


Asuero Lexo bertsolariaren ahotan aldatu

Juan Sarasola, (Lexo), Asueroren gertakarien nondik norakoak jaso zituen bi bertso sailetan: Asuero'ri Graziyak Juan Sarasola'k Jarriyak eta Bertso Berriyak Juan Sarazola'k Jarriyak. Asuerok fama zuen ere euskalduna zelako eta gaixoekin euskaraz aritzeko gaitasuna zuelako.[1] Lexoren lehen bertso sailak honela esaten du:[7]


1/Ogeigarren sigluan
ogei ta beretziyan
gure ziudadia
dago gorantziyan;
sendagille onena
zein da probintziyan?
Don Fernando Asuero
nere iritziyan.

2/Don Fernando Asuero'k
daukazkiyan famak,
zabaldutzera nua
al ditzakianak;
geiago ere badira
Donostiya'n onak,
ori eztu ukatzen
portatu diyonak.

3/ Ezaguturik nola
dan gizon abilla,
urte askuan orla
konserba dedilla;
beragana biltzen da
guzizko kuadrilla,
ezin juan litezke
obiaren billa.

4/ Begiko zañeta tik
ortz eta agiñak,
sugur eta belarri,
eztarriko miñak,
urak ezin garbitu
dituen zikiñak;
nai gabe sortzen dira
orlako sumiñak.

5/ Ekusten duelako
rayos ekixetan,
estimaziyo asko
du aberetsetan;
pobriak ere eztitu
utzi nai lotsetan,
animua sartua
dauka biyotzetan.

6/ Paralisisek eta
reumak baldatuak,
asko ikusten dira
orrek moldatuak;
elbarriyak ziranak
gaitzak ondatuak,
esperantza galdu ta
gero sendatuak

7/ Batek epurditikan
duela ajia,
belaunetatik berriz
len gaizki lajia,
giltzetan okertua
gerriko ejia ...
ark ere sendatzeko
badu korajia.

8/ lru doblian oñez
zabillen artista,
ondo atera zaio
orko errebista;
milagrua bezela
liteke txinista,
zuzentzen ari zaigu
Jose periodista.

9/ Kurtsaleko onduan
daguan hotela,
orain denbora gutxi
ereki dutela;
gaxo asko biltzen da
nola dakitela,
oi logratu duena
eztago motela.

10/ Millaka gaxo daude
jaun orri begira,
gorputzari jartzeko
biar dan mugira;
orrenbeste naigabe
sendatzen badira,
munduan dan gizonik
onena ori da.

11/ Itxuak argitu ta
mutuak izketan,
birtute aundiko gauza
da nere ustetan;
lenago enbaliyuak
ziranak gaztetan,
ezin sendatu ziran
orrekin bes tetan.

12/ Emeretzi urtian
zeguana mutu,
Cruz Roja'ra sartua
etzaio damutu;
itzegiñ-erazi ta
gañera sendatu,
bizi dan arterako
gizona salbatu.

13/ Zaragoza'kua da
enbaliyu ori,
oso ondo dijuan
itxura diruri;
biba ta obsekiyo
egin diyo ugari
bere erriko Ama
Pillarekuari.

14/ Oñazez beterikan
len ezin iraunak,
soseguz jarri dizte
beso ta belaunak;
neri esan diranez
inpormatu naunak,
azañak egin ditu
Don Fernando jaunak.

15/ Bañu ta indiziyo
daki korriente,
oraiñ Amerika'ra
eraman nai dute;
beti Euskal-errira
dauka borondate,
Donostiya'n aziya
dala mediante.

16/ Maiatzeko illaren
azken samarrian,
Korpus ta San Fernando
ogei ta amarrian,
omenaje berri bat
grazi ederrian
egin diyote jende
aundiyen aurrian.

Bitxikieriak aldatu

(Gaztelaniaz) Gaztelako kantu herrikoia Fernando Asueroren inguruan

Buenos Airesen egin zuen egonaldiaren ondorioz, Operáte el trigémino tangoa idatzi zuen Manuel Coliminasek, Minotto di Cicco orkestrak grabatua Antonio Buglioneren ahotsarekin[8]. Horren ondotik Nena, tocame el trigémino antzerkia sortu zuten. [9] Miguel Matamoros kubatar kantariak ''El paralítico'' kantua konposatu zuen, haren ustez, 1930ean Kuban Fernando Asuero medikuak paralisia sendatzeko gaitasunaz baino ez omen zen hitz egiten.[5]

Iruditegia aldatu

Jendetza bildu zen Fernando Asuero medikua agurtzera, haren etxera, Donostiako (Gipuzkoa) Loiola kalean, 1929an

Oharrak aldatu

  1. Principe de Saboya zen hotelaren izen osoa eta Ramon Maria Lili kaleko 3. zenbakian zegoen. Hotel hori eraitsi zuten eta haren tokian 1979an egun arte ikusi daitezkeen Urumea etxea eraiki zuten

Erreferentziak aldatu

  1. a b c «Fernando Asuero Sáenz de Cenzano» Euskomedia (Noiz kontsultatua: 2017-06-09).
  2. a b c Vasco, Diario. Tras los pasos del Doctor Asuero. diariovasco.com. (Noiz kontsultatua: 2017-06-15).
  3. a b c d e (Gaztelaniaz) pensante, El. La historia de Fernando Asuero y sus increíbles curaciones – El pensante. (Noiz kontsultatua: 2017-06-15).
  4. (Gaztelaniaz) «El origen de 'La Sucursal'» El Mundo 2014-12-20.
  5. a b «Las curas “milagrosas” del doctor Asuero» Año Cero.
  6. (Gaztelaniaz) «Comentarios alemanes a las curaciones de Asuero» El País Vasco 1929-6-1 (Noiz kontsultatua: 2017-7-8).
  7. Zavala, Antonio. (1968). Lexo Bertsolaria. Auspoa, 266 or..
  8. EQZDJ Tango Erwin. (2015-10-23). Opérate el trigemino - Minotto Di Ciccio - A. Buglione 1930. (Noiz kontsultatua: 2018-05-09).
  9. (Gaztelaniaz) Sergio, RECARTE,. ¡Tócame el trigémino!. (Noiz kontsultatua: 2017-06-15).

Bibliografia aldatu

  • (Gaztelaniaz) Vea Orte, José Carlos: Las curaciones del doctor Asuero (Txertoa, 1995)

Ikus, gainera aldatu