Felix Ruiz de Arkaute

Euskal espeleologiaren aintzindaria

Felix Ruiz de Arkaute van der Stucken (Anberes, 1927ko azaroaren 8a - Ereta, 1971ko uztailaren 24a) espeleologoa izan zen, nazioartean ospetsua. Belgikan jaioa, aita gipuzkoarra zuen, eta munduko leizerik sakonenak esploratzen aritu zen, nagusiki Euskal Herri inguruan.

Felix Ruiz de Arkaute

Bizitza
JaiotzaAnberes1927ko azaroaren 8a
Herrialdea Belgika
HeriotzaEreta1971ko uztailaren 24a (43 urte)
Jarduerak
Jarduerakespeleologoa, ingeniaria eta esploratzailea
Felix Ruiz de Arkaute (irudiaren erdian), I Euskal Herriko Espeleologia Jardunaldietan (Arantzazu, 1956)
Felix Ruiz de Arkaute (irudiaren erdian), I Euskal Herriko Espeleologia Jardunaldietan (Arantzazu, 1956)

Bestalde, espeleologia taldeen arteko elkarlanean nabarmendu zen; alde horretatik, ezaguna da haren esaera bat: «kate-maila ez da deus, kate osoa da beharrezkoa». 1966. urtean idatzi zuen, San Martin Harriko Sistema esploratzean, espeleologian talde-lanak duen garrantzia azpimarratzeko.

Hastapenak aldatu

Arkautek espeleologiarekin izan zuen lehen kontaktua Grenoblen (Frantzia) izan zen, han ikasten ari zela. 1950etik aurrera Club Alpin Français (CAF) taldearekin inguruko haitzulo klasikoak bisitatu zituen, baita haietako batzuk esploratu ere: Dent de Crolles, Couffin, Gournier, Cuves de Sassenage, Trou du Glaz, Trou qui Souffle, La Lolette... 1951ean Euskal Herrira etorri zenean, familiak Tolosan zuen paper-lantegiaz arduratzera, espeleologiarekin jarraitu zuen Aranzadi Zientzia Elkarte sortu berrian izena emanaz;[1] horretara, Jesus Elosegiren gidaritzapean Gesaltza-Jaturabe-Arrikrutz sistemaren (Oñati) esplorazioan buru-belarri ziharduen taldean sartu zen (Juan San Martin, Reyes Korkostegi...).[2]

Atzerritik etortzean, soldaduzka bete behar izan zuen; Lizarrako koartelean Eugenio Roa ezagutu zuen, eta biok Iguzkitzako leizea esploratu zuten. Laster beste lagun batzuk bildu zitzaizkien (Serafin Arriaga, Blas eta Jesus Elkano, Jose Castejon...) eta Basaura, Los Cristinos edo Itxako leizeen esplorazioak abiatu zituzten; hori izan zen Lizarrako Espeleologia Taldearen hasiera.[3]

Kolaborazioak Hegoaldean aldatu

1952an Arkautek Iruñeko Iturralde Espeleologia Taldekoekin ere kontaktatu zuen (gero Vianako Printzea Erakundearen espeleologia saila bihurtuko zena): Santesteban anaiak, Pedro Etxaleku, Jose Mari Saenz, Miguel Bengoa, Juan Razkin... Iruñarrak trebatzeko ardura hartu zuen Aranzadi ZE-ren ordezkari bezala[4] eta Ormazarretako leizean lagundu zien, bai esplorazioan (6 urtez luzatuko zena), baita sakonera handi hartarako behar ziren materialak Frantziatik kontrabandoan ekarriz ere (bereziki aluminiozko zurubiak, sokazko zurubi astunak ordezkatzeko).[5]

1953-54an Arkautek, Iruña eta Lizarrako taldeak, eta Adolfo Erasok (Gasteizko Manuel Iradier taldekoa), Zaldibeko poljeko (Urbasa) esplorazioa planifikatu zuten; leize sakon haien esplorazioak taldeen ezinbesteko elkarlana eskatzen baitzuen.[6]

 
Aitzbeltz leizea esploratzeko operazioa (1955). Ezkerrean, Felix Ruiz de Arkaute.

Euskal Herritik Grenoblera askotan itzultzen zen, eta tokian tokiko espeleologia taldeekin kolaboratzen zuen: CAF-ekoen “La Riviére Sans Étoiles” (Georges Marry, 1952) filmaren errodajean lagundu zuen, Gouffre Berger leize famatuaren aurkikuntzan parte hartu zuen; baita lehen esplorazioetan ere (istripua izan zuen, harrezkero “Ruiz” izena duen putzuan);[7]1956an bertara itzuliko zen Isaac Santestebanekin batera, munduko sakonera errekorra hautsi zuen esplorazioan ere parte hartzeko.[8]

Ordurako Larra-Belaguako mendiguneko esplorazioek mundu mailan sona hartua zuten: Lepineux Leizea itxita bazegoen ere (Espainia eta Frantzia arteko muga arazoak zirela eta), Vianako Printzea Erakundeko espeleologoek espedizio handia muntatu zuten 1954an, Espainiako Armadaren laguntza logistikoarekin; Aranzadiko kide birek parte hartu zuten: Juan San Martin eta Felix Ruiz de Arkaute. Kanpaina hartan aurkitu zituzten Etxaleku, Apeztegia / Titian Koskoilen Xiloa, La Española eta Leizerolako leizeak; Arkautek 1955eko jarraipenean ere parte hartu zuen, besteak beste Etxaleku eta “H” leizeak esploratu zirenekoa.[9]

Kanpaina handietaz gain, Arkautek Tolosa eta Oñati inguruko leize txikien etengabeko prospekzioan jarraitu zuen eta 1954tik aurrera, bere taldea jende gehiagorekin indartu zen: Jose Luis Txintxurreta, Pedro Maiztegi, Esteban Larraioz, Modesto Zilaurren, Roland Rigault, Anton Arratibel, Juan Maria Laredo...[4]

1955ean Sima del Roble (Urbasa) esploratu eta topografiatu zuen nafarrekin.[10] Gipuzkoarrekin berriz, Izarraitz mendi multzoan ibili zen, Txoriaitz  eta batez ere Aitzbeltz leizean; azken honek konplikazio tekniko handia suposatzen zuen, eta ia urtebeteko prestaketa behar izan zuen, gindaxa bat diseinatuz (“Tridem 3”, hiru bizikletarekin egina) eta froga desberdinak eginaz; Aitzbeltzeko operazioa 1955ean gauzatu zen, ekainaren 23tik 26ra, eta leizera jeitsi ziren bost lagunetatik bat izan zen Arkaute.[11]

1956 urtean, Aranzadi taldeak, Adolfo Leibarren gidaritzapean, I Euskal Espeleologia Jardunaldiak antolatu zituen Arantzazun (Oñati), Espainiako historiako lehen espeleologia kongresua, eta Euskal Espeleologoen Elkargoa sorrarazi zuena; leku askotatik etorritako espeleologoek parte hartu zuten; formakuntza saioen artean Arkauteri lurpeko argazkilaritzari buruzko hitzaldia ematea egokitu zitzaion, eta kongresukideak Arrikrutz eta Gesaltzatik zehar gidatu zituen.[10][11]

Gipuzkoako esplorazioekin jarraitzen zuten bitartean (Udalaitz, Lastur, Aitzgorri, Katabera, Arrikrutz... Eibar eta Arrasateko taldekideekin[12]), Arkauteren taldearen trebetasun teknikoak beste lurraldeetako espeleologia taldeen arreta pizten zuen, eta esplorazio handi bat zegoen bakoitzean deitzen zituzten. Nafarrekin egindako ohizko kolaborazioetaz gain (Roble, Arleze, Tximua, Lezegalde...) Bizkaiko Espeleologia Taldeak ere Torca de la Seguia, Txomin I edo Lezate esploratzera gonbidatu zuen, baita Torca del Carlista ere: 1958ko apirileko lehen jeitsiera Arkautek berak koordinatu zuen, eta udan egin zen esplorazioan ere sakoneko taldea gidatu zuen Erasorekin batera.[13] Urte berean Ojo Guareñan (Burgos) izan ziren Aranzadikoak, Edelweiss taldekoek gonbidatuta, nazioarteko 16 herrialde desberdinetako espeleologoak bildu zituen operazio handian (artean Ojo Guareña Espainiako kobazulorik luzeena zen).[14]  1959an Arkaute Italiara joan zen Erasorekin batera, Erromako Espeleologia Taldeak gonbidatuta Pizzodetta leizearen esplorazioan parte hartzeko.[15]  Garai horretan Mairuelegorretako (Zigoitia, Araba) esplorazioetan parte hartu zuen, Manuel Iradier Espeleologia Taldearekin elkarlanean; 1959ko udan bertan zauritutako espeleologoaren salbamendu operazioan ere izan zen.[16]

Larra aldatu

1960 mugarria dugu Felix Ruiz de Arkauteren espeleologia ibilbidean: urte horretan, Électricité de France (EDF) enpresarekin kolaborazioan eta Espainiako eta Frantziako Armadekin elkarlanean, Vianako Printzea taldeak V Euskal Espeleologia Jardunaldiak antolatu zituen Larran. Mugen auzia konponduta, Lepineux Leizea berriro ireki zen, eta operazio handi honen helburu nagusia La Vernaren kokapen topografikoa zehaztea izan zen, hango ur-jauzia hidroelektrikoki ustiatzeko. Arkaute San Martin Harriko Sistemaren esplorazioan aritu zen, Espainia alderantz doazen galerietan. Espedizio honetan zehar Arkautek harremanak estutu zituen Larran esploratzen ziharduten espeleologo frantsesekin (Norbert Casteret, Jose Bidegain, Georges Lepineux, Corentin Queffelec, Pierre Accoce, Jacques Sautereau...), eta aurrerantzean mugaz bi aldeetako taldeen koordinazioaren motor nagusia bilakatuko zen.[17]

 
1961eko abuztuaren 9a. Aranzadi Galeriaren aurkikuntzaren biharamuna. Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera: Felix Ruiz de Arkaute, Mari Paz Ibeas, Maurice Le Bozec, Michel Luquet, Jacques Sautereau, Corentin Queffelec. Makurtuta: Anton Arratibel, Juan San Martin.

1960ko espedizioan bildutako datuei esker La Vernarako tunela zulatu zen, eta aurrerantzean esplorazio gehienak hemendik abiatu ziren. La Vernako egitura geologikoari erreparatuz, Arkautek eta Juan San Martinek errekaren aintzinako ibilbideari buruzko teoria bat garatu zuten: horren arabera, mendebaldeko horman galeria bat egon behar zuen 100 bat metrotako altueran. 1961ean San Martinek, Arkautek eta Arratibelek horma eskalatu zuten, haien teoria baieztatuz: galeria berriari Aranzadi taldearen izena eman zioten.[18]

Hurrengo urteetan, espedizio solteren batzuk kenduta (bere herri ingurukoak eta Txomin I Karrantzan, Fuentemolinos Burgosen...) Arkaute batez ere Larrako esplorazioetan jardun zuen. Aranzadi galeriatik aurrera Maria Dolores galeria (Arkauteren emaztearengatik) eta Martine meandroa aurkitu zituzten, eta azken honetatik, udako kanpainetan, urtero sakonduz joan ziren 1964an munduko sakonera errekorra hautsi zuten arte. Arkautek, nafarrekin batera, San Martin Harriko Sistema Espainia alderantz esploratzen jarraitu zuen, sasoi beretsuan Arphidia sistemaren (Santa Grazi) esplorazioan ere parte hartuz. Bestalde, Queffelec eta Max Cosyns biltzearen sustatzaile nagusia izan zen, Larran nolabaiteko lehian ziharduten taldeen arteko elkartze progresiboari hasiera emanaz.[19]

Hurrengo urteetan, Ahüñemendiko Arrak esplorazio gune nagusia bilakatu ziren, San Martin Harriko Sistemarekin bat egin zezaketen leizeren baten bila. Talde guztiek elkarlanean aritzea erabaki zuten, eta horrela sortu zen 1966ko udaberrian ARSIP erakundea: uda horretan, hain zuzen ere, lortuko zuten Arretatik San Martin Harriko Sistemarako sarrera desiatua aurkitzea: Basabürüko Leizea. Konexioaren lekuan, esploratzaileek Arkautek eskuz idatzitako mezu hau utzi zuten, nazioarteko espeleologiaren historiara pasatu den leloaren jatorria: “C’est ici qu’arrivèrent les hommes de pointe du Bassaburu partis des Arres d’Anie dans le gouffre de la Tête Sauvage, ceci dans le cadre des opérations organisées par l’ARSIP. Ces hommes ne représentent que le dernier maillon d’une longue chaîne d’hommes et d’efforts qui débuta en 1950. Le maillon n’est rien, seule la chaîne compte”.[20]

Basabürüko Leizeak ematen zuen erraztasuna baliatuta, San Martin Harriko Sistemaren esplorazioek azkartu ziren (ordura arte La Vernatik sartu behar izaten baitziren). Arphidiako esplorazioek ere aurrera egin zuten, eta bertan 1969an salbamendu operazio bat ere burutu zen; lan guzti hauetan parte hartu zuen Arkautek.[21] Halere, taldeek Arretan prospekzioan jarraitu zuten, ehundaka leize berri miatuz, haien artean esanguratsu batzuk: Trou de Zoé l’Anesse,[22] Gouffre Moreau,[23] Lonné-Peyret... Azken honetan, 1970ean, espeleologoek Larrako bigarren lurpeko sare handia aurkitu zuten, 20 urte lehenago Fernand Ravierrek egindako teoriekin bat zetorrena.[17]

Amaiera aldatu

 
Lepineux Leizearen sarreran, Marcel Loubens eta Felix Ruiz de Arkauteren omenezko plakak.

1971ean, Felix Ruiz de Arkaute etxetik hurbil aritu zen Gaztelu Arroko Lezia esploratzen (Aretxabaleta), Gipuzkoa, Bizkaia eta Kataluniako kideekin. Leize honetan sakonera handia lortu zuten (-444 m), baina udan Arkautek Larrako deiari erantzun zion beste behin ere: lehenik Leizerola inguruan 15 egun pasatu zituen esplorazioan Vianako Printzea taldeko nafarrekin; eta gero, Aranzadiko beste kide batekin, Lonné-Peyret leizeko esplorazioetara joan zen Grenobleko espeleologoekin batera. Hantxe hil zen, Harrigoiena izeneko ibaiean gora zihoala, zorigaitzezko baldintza pilaketa baten ondorioz.[24]

Felix Ruiz de Arkauteren heriotzak gogor astindu zuen Europako espeleologia, berak talde askoren elkarlana bultzatu baitzuen, Euskal Herrian eta nazioartean. Gertakariaren harira, azaroan euskal espeleologoek asanblada egin zuten Larraitzen (Gipuzkoa); eta 1972ko uztailean bere omenezko plaka jarri zuten Lepineux leizearen sarreran.[25] Gainera, esan daiteke bere heriotza lurpeko erreskatearen antolakuntzari bultzada eman zion akuilu nagusia izan zela.[26] Hiru belaunaldi igaro eta gero ere, Ruiz de Arkautek utzitako arrastoa oraindik nabarmena da nazioarteko espeleologoen artean.

Bestelako jakingarriak aldatu

Felix Ruiz de Arkaute kultura handiko gizona zen, eta oso musikazalea;[27] zati batean, amaren familiaren eraginez (beraien osaba-aitona Frank van der Stucken musikagilea izan zen).

Erreferentziak aldatu

  1. Aranzadi Z.E.. (1951). «Regimen interior. Undécima lista de socios» Munibe (Donostia) 3 (3-4): 262..
  2. Aranzadi Z.E.. (1951). «Primer cursillo de iniciación a las Ciencias Naturales» Munibe (Donostia) 3 (3-4): 245-247..
  3. Hermoso de Mendoza, J.. La espeleología en Tierra Estella. Cuevas y simas de Urbasa y Andía. (Noiz kontsultatua: 2017-XI-18).
  4. a b Euskal Espeleologoen Elkargoa. (1980). Espeleología en el País Vasco. Auñamendi.
  5. Eraso, Adolfo. (1961). «Sima de Ormazarreta (Aralar)» Vianako Printzea Erakundearen buletina (Iruñea) 84-85: 244..
  6. Eraso, Adolfo. (1958). «Polje de Zaldive» Munibe (Donostia) 10 (4): 247-279..
  7. SGCAF. Les origines du SGCAF. (Noiz kontsultatua: 2017-XI-18).
  8. Martín Merino, M.A.. «Gouffre Berger, Alpes franceses (1956-2006). 50 años del primer descenso espeleológico a -1000 metros de profundidad, con participación del GE Edelweiss» Cubía (Burgos) 8: 19-20..
  9. Vianako Printzea Erakundearen Espeleologia Saila. (1964). Larra. Sima de San Martín. Nafarroako Foru Aldundia.
  10. a b Eraña, Carlos; Abendaño, Víctor. (2007). «Félix Ruiz de Arcaute, una vida de descubrimientos y exploraciones subterráneas» Karaitza (Oñati) 14: 26-37. (Noiz kontsultatua: 2017-XI-18).
  11. a b Aranzadi Z.E.. (1956). «Memoria 1954-1955-1956» Munibe (Donostia) 8 (3-4).
  12. Aranzadi Z.E.. (1957). «Memoria 1957» Munibe (Donostia) 9 (4): 277..
  13. Vianako Printzea Erakundearen Espeleologia Saila. (1976). 20 años de espeleología en Navarra (1952-1974). Nafarroako Foru Aldundia, 60 or..
  14. Autore Asko. (2016). La Torca del Carlista, uno de los mayores volúmenes subterráneos del mundo.. Sua Edizioak.
  15. Aranzadi Z.E.. (1960). «Memoria correspondiente al año1959» Munibe (Donostia) 12 (1).
  16. Gorosabel, Oier. (2015). «Accidente en Mairuelegorreta 1959» Karaitza (Oñati) 23: 30-39..
  17. a b ARSIP. (1989). «Bientôt un siècle d’exploration spéléologique a la Pierre-Saint-Martin» ARSIP Buletina (Santa Grazi) 16: 43-57..
  18. San Martin, Juan. (1961). «Nueva expedicion franco-española a la sima de la Piedra de San Martin (Agosto de 1961)» Munibe (Donostia) 13 (3-4): 344-348..
  19. Queffelec, Corentin. (1994). Jusqu’au fond du gouffre. Record du monde à la Pierre Saint-Martin. Tome 1. Spéléo Éditions.
  20. ARSIP. (2016). «Jonction Tête Sauvage Pierre Saint-Martin. 30 août 1966. Une aventure des Basaburu. 50ème anniversaire» ARSIP Info (Santa Grazi) Hors-série.
  21. Queffelec, Corentin. (1978). Jusqu’au fond du gouffre. Tome 2. Arcora.
  22. Douat, Michel. (1989). «Pierre-St-Martin. AM.17 Trou de Zoé l’Anesse ou Gouffre des retraités.» ARSIP Buletina (Santa Grazi) 16: 144-145..
  23. Puch, Carlos. (1998). Grandes cuevas y simas de España. Federación Española de Espeleología, 78 or..
  24. Gomez, Ruben; Douat, Michel. (1989). «Tribut à l’exploration... 20 années de spéléo secours à la Pierre» ARSIP Buletina (Santa Grazi) 16: 208-213..
  25. Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1974). «Noticiario» Kobie (Bilbo) 5: 88..
  26. Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1972). «Noticiario» Kobie (Bilbo) 4: 96..
  27. Harria eta papera. Felix Ruiz de Arkaute van der Stucken-en biografia / Egilea: Oier Gorosabel Larrañaga / Editorea: Tolosako Udala / Neurriak: 297 x 219 mm. 144 pp. / ISBN: 978-84-09-36661-3 / Lege Gordailua: D 01584-2021 /

Kanpo estekak aldatu

Kanpo estekak aldatu