Faktore erreumatoidea G immunoglobulinari (Ig G) eraso egiten dion autoantigorputza da, zenbait gaixotasun autoimmunetan agertzen dena. Autoantigorputz horrek Ig G-aren Fc zatia kaltetzen du.

Kasu gehienetan faktore erreumatoidea Ig M motako antigorputza da. Ig G erasotzerakoan, Ig G-Ig M konplexu immuneak eratzen dira, erreuma-gaitzak eragiten dituztenak.

Faktore erreumatoidea artritis erreumatoidea duten gaixoen %80ko odol-plasman agertzen da, eta baita beste patologia batzuk duten gaixoen odol-plasman ere (Sjögrenen sindromea, lupus eritematosoa, hainbat infekzio kronikotan, etab.).

Faktore erreumatoideak Ig G-Ig M konplexuak sortarazten ditu, artritis erreumatoidearen kasuan artikulazioetako ehunetan pilatzen direnak. Konplexu horiek konplementua aktibatzen dute, hantura agertuz eta kartilagoaren suntsipena gertatuz.

Faktore erreumatoidearen bilaketa laborategian Ig Gz estalita dauden latex-partikulen aglutinazioa edo Ig Gz estalita dauden hematien aglutinazioa (Waaler-Rose froga) ikertuz burutzen da. Froga honek artritis erreumatoidearen diagnostikoan asko lagutzen du.

Kanpo estekak aldatu