Euskotrenen 200 seriea

Euskotrenen 200 seriea edo UT-200 Eusko Trenbideak eragileak aldiriko zein eskualdeko zerbitzuak egiteko erabili zituen tren serieetariko bat da, 20 unitate aniztun elektrikoz (EMU) osatutakoa. Lehenengo tren unitateak 1986ko otsailaren 1.an egin zuen lehenengo bidaia, San Nikolas eta Algortako geltokien artean, Bilbo-Plentzia trenbidean.[3]

Euskotrenen 200 seriea

200 serieko hiru tren unitate Amarako geltokian.
Seriea
MotaAldiriko eta eskualdeko trena
EkoizleaCAF, Babcock & Wilcox, Westinghouse Electric[1]
Urtea1985, 1996 eta 2000[2]
Ekoitzitako unitateak20
Konfigurazioa
OsaeraMc-R-Mc eta Mc-R-R-Mc
Ardatzen disposizioaBo'Bo'+2'2'+2'2'+Bo'Bo'
Luzera51.650 eta 68.830 mm
Zabalera2.450 mm
Altuera3.620 mm
Pisua92,5 eta 120 t
Ezaugarri teknikoak
Trenbide zabalera1.000 mm
Elektrifikazioa1.500 V
Abiadura maximoa80 km/h
Potentzia960 kW
Motoreak4 x GEE 326 G-1
Edukiera386 pertsona, 260 eserita
Segurtasun sistemakEuroLoop
Mando aniztunaEz

Hurrenez hurren 2011-2014 eta 2016tik gaur egun arte eraikitako EMU-900 eta EMU-950 serieek UT-200 seriea ordezkatu dute. Seriea zerbitzuz kanpo utzi aurretik martxan egon ziren azkeneko tren-unitateak UT-205, 212 eta 214 izan ziren, 1K Kostaldea eta E4 Urdaibai lineatan ibili zirenak. Hala, gaur egun serie honetako bost tren-unitate baino ez dira esistitzen, UT-205, 206, 213 eta 214 Lebarioko kotxetegietan baztertuta, eta UT-215 Burdinbidearen Euskal Museoak zainduta.

Historia aldatu

Tren unitate serie hau 1983an ekoizten hasi zuten Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF), Babcock & Wilcox eta Westinghouse enpresek, Euskotrenek Ferrocarriles y Transportes Suburbanos de Bilbao (FTS) enpresatik jasotako tren parkea berritzeko.

1986ko otsailaren 1.an San Nikolas eta Algortako geltokien artean egin zuen lehenengo bidaia, Bilbo-Plentzia trenbidean. Bilbo-Plentzia lineaz gain, Txorierriko linea eta Lutxana-Sondika anezkan ere erabiltzen hasi ziren, Lutxana-Erandioko tailerretan mantenua egiten zelarik, 1989an Sopelako tailerretara mugiarazi zituzten arte.

1996an Bilboko metroa irekitzearekin batera, UT-200 serieko trenak Errenteria eta Durangoko tailerretara mugiarazi ziren, Bilbo-Donostia, Ermua-Eibar tranbia, Topo eta Urdaibaiko lineatan zerbitzu ematera pasaz.

Urte berean CAFen Irungo lantegian 10 tren unitateri (201 eta 210 zenbakidun artekoak) atoi kotxe bat gaineratu zitzaien, Mc-R-R-Mc konposizioan ibiltzen hasiz.

2000n serie honetako gainontzeko tren unitatei ere atoi kotxea gehitu zitzaien, alegia, 211 eta 220 zenbakidun arteko tren unitateei.[4]

2008an tren serie honetako bost unitateri komunak instalatu zitzaizkien.

2011n EMU-900, eta 2016an EMU-950 serieak zerbitzuan jarri ondoren hiru UT-200 baino ez ziren ibiltzen jarraitu, UT-205, UT-212 eta UT-214ak, alegia, 1K Kostaldea eta E4 Urdaibai lineatan erabiliak. Beste 11 unitate erreserban mantendu ziren eta gainontzeko biak desegin ziren.

2018an UT-200 serieko tren guztiak zerbitzuz kanpo utzi ziren eta tren-unitate gehienak desegin ziren. Ordutik 4 tren-unitate erreserban mantentzen dira: UT-205, 206, 213 eta 214ak, Lebarioko kotxetegietan baztertuta. Bestalde, UT-215a Burdinbidearen Euskal Museoan dago.[5]

Ezaugarriak aldatu

Jatorriz tren-unitate bakoitza hiru kotxez osatzen zen: kotxe motore (Mc) bana mutur bakoitzeko eta atoi kotxe (R) bat erdian, Mc-R-Mc konposizioan. Unitatea atoi kotxe bat gehiago gaineratzeko prestatuta zegoen.

1996an 10 tren unitateri laugarren kotxea gaineratu zitzaion, Mc-R-R-Mc konposizioan ibilitzera pasaraziz, eta 2000n serieko gainontzeko 10 tren unitateei ere laugarren kotxea gehitu zitzaien.

Bai diseinua zein ekoizpena Euskadin egin ziren: CAFen Beasaingo lantegian kotxe motoreak eraiki ziren; Babcock & Wilcoxen Galindoko lantegian 201-2 eta 220-2 zenbakidun arteko atoi kotxeak, eta CAFen Irungo lantegian 201-4 eta 220-4 zenbakidun arteko atoi kotxeak ekoiztu ziren; eta Westinghouse Electric enpresaren Erandioko lantegian ekipamendu elektrikoak egin ziren.

2008an 220, 218, 211, 215 eta 214 tren unitateei komunak instalatu zitzaizkien.[6]

Izendapena aldatu

Seriea 201 tren unitatetik 220ra dago izendatuta, kotxe motoreak, tren unitate bakoitzeko bi daudela, 201-1tik 220-1era eta 201-3tik 220-3ra, eta atoi kotxeak 201-2tik 220-2ra eta 201-4tik 220-4ra. Amaierako -4 zenbakia bigarren atoi kotxea atxikitu zenekoa da.

Argazki galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Vía Libre. «UT-200» (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
  2. Euskotren. «Unidad eléctrica serie 200» (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  3. (Gaztelaniaz) «Euskotren Serie 200 - Ferropedia» ferropedia.es (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  4. (Gaztelaniaz) «UNIDAD ELÉCTRICA SERIE 200 | Euskotren» www.euskotren.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  5. Listadotren.es. «Euskotren - 200» www.listadotren.es (Noiz kontsultatua: 2018-12-24).
  6. (Gaztelaniaz) «Listadotren.es» www.listadotren.es (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu