Eugen Wüster (Wieselburg, Austria, 1898ko urriaren 10a- Viena, 1977ko martxoaren 29a) ingeniaria, industrialaria eta terminologoa izan zen eta terminologia diziplinaren sortzailea.[1]

Eugen Wüster

Director of International Congress University (en) Itzuli

Bizitza
JaiotzaWieselburg (en) Itzuli1898ko urriaren 10a
Herrialdea Austria
HeriotzaViena1977ko martxoaren 29a (78 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakesperantoa
Interlingua
alemana
Interlinguea
Jarduerak
Jardueraklexikografoa, hizkuntzalaria, interlinguist (en) Itzuli, esperantista eta esperantologist (en) Itzuli

Bizitza eta ibilbide profesionala aldatu

Austriako herrixka batean, hain zuzen Wieselburgen, jaio zen 1898an, enpresari-familia batean. Bigarren hezkuntza Hirschbergen burutu zuen (Humanistische Gymnasium).

Gazte-gaztetatik piztu zitzaion hizkuntza artifizialekiko (besteak beste esperantoa, idoa edo interlingua) interesa. Gerora, bere izena esperantotik egindako itzulpenengatik eta hainbat monografia eta artikulurengatik nabarmenduko zen, batik bat esperantoaren terminologiaren eta lexikografiaren ingurukoengatik.

Bigarren hezkuntzaren ondoren, ingeniaritza elektrikoari ekin zion Berlingo Charlottenburg Unibertsitate Teknikoan. 1918ko udatik 1920 bitarte (20-22 urteko ikaslea zen garai hartan), Wüsterrek esperantoa-alemana hiztegi entziklopedikoaren muina osatu zuen. Egun oraindik aurki dezakegun esperanto-hiztegirik zehatzena da, esperantoaren hastapenetako lexikoa eta L.L. Zamenhofen (esperantoaren abiarazlea izan zen hura) esperantoaren erabilera hainbeste xehetasunekin eta hain modu leialean aurkezteagatik. Esperantoaren hiztegigintzan egindako lanak lexikologia egituratuarekiko interesa piztu zion.

1927an lizentziatu eta gero, 1931n Austriara itzultzea erabaki zuen, familia-enpresaren kudeaketa zela medio. Enpresa batez ere zerra eta zura lantzeko tresnen fabrikazioan aritzen zenez, zerra kontuetan aditua zen Wüster. Urte berean (1931), bere doktore-tesia aurkeztu zuen: Internationale Sprachnormung in der Technik, besonders in der Elektrotechnik, (euskaraz “terminologia teknikoaren nazioarteko estandarizazioan, batez ere elektroteknian” esan nahi du) eta “summa cum laude” eskuratu zuen, alegia, lor daitekeen notarik altuena. Doktore-tesirako aurrez aipatutako esperantoa-alemana hiztegi entziklopedikoa hartu zuen oinarritzat. Gerora, terminologia-zientzien lanik garrantzitsuenetakoa bilakatuko zen hura.

Nazioarteko komunikazio teknikoaren alorrean egin zituen ikerketei esker, 1936an Terminologia Estandarizaziorako Teknika Batzordea ezarri zen (ISO/TC 37), ISO Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundearen baitan.

Wüsterrek International Electrotechnical Vocabularyren (euskaraz “nazioarteko elektrotekniaren lexikoa” esan nahi du, Londres, 1938) bilduma eta argitaratze-lanetan lagundu zuen Hiztegiaren azken bertsioa eskuragarri dago online.[2]

1951n, aitaren heriotza zela eta, familia-enpresa bere gain hartu behar izan zuen eta heriotzara arte jardun zuen bertan. Horrez gain, gaztetatik aritu zen mundu osoko terminologia lanak biltzen eta berehala egin zen munduko artxiborik luzeenaren jabe: Wieselburgo bilduma.

1947an ordura arte izandako esperantoarekiko interesa baztertu zuen hizkuntza horrek zuen onarpen falta zela eta. Ordutik aurrera, terminologiaren nazioarteko gako baten bila jardun zen, mundu osoan erabiltzen diren hitzak (Weltwörter) eta bereziki Europako herrialde desberdinetako hitz komunen sustraietan oinarrituta. Hala ere, lanik handienak kontzeptuen estandarizazioan egin zituen, alor teknikorako kontzeptu bateratuen ekoizpenean, alor horretan bertan nazioarteko ulermena lortze aldera (ISO/R, International Unification of Concepts and Terms, hots, “kontzeptu eta terminoen nazioarteko bateratzea”). Wüsterrek uste izan zuen terminologia komunikazio teknikoa hobetzeko funtsezko tresna zela.

Kontzeptuak estandarizatu eta terminologia bultzatzeko asmoz, hiru helburu ezarri zituen: nazioarteko terminologia-printzipio estandarrak lantzea, terminologia-lanaren koordinaziorako nazioarteko zentro bat sortzea, eta terminologiaren teoria orokorra garatzea hizkuntzalaritza aplikatuko adar berezi gisa. Zinez, bere proposamenetik abiatuta ezarri zuen Association Internationale de Linguistique Appliquéek (AILA) terminologia eta lexikografiarako batzordea. Wüster doktorea batzorde horretako lehendakari izan zen 1971tik 1976ra bitarte.

1950eko hamarkadan zehar lan handia egin zuen terminologia eta glosarioak koordinatzen eta lan horretatik 1955an Bibliography of monolingual scientific and technical glossaries (euskaraz “zientzia- eta teknika-glosario elebakarren bibliografia” esan nahi du) argitaratu zuen, 10.000 sarrera ingururekin. 1959an bigarren bolumena argitaratuko zuen.

1950eko hamarkada ezkero, denbora luzez aritu zen terminologia-lana eta dokumentazioa koordinatuko zituen nazioarteko zentro baten aldeko kanpaina egiten (hori zuen lehen aipatutako hiru helburuetako bat). Hori dela eta, UNESCOk zentro harentzako negozio-plan bat sortzea eskatu zion 1969an. Ondoren, Infoterm (International Information Centre for Terminology; euskaraz, Terminologiarako Nazioarteko Informazio Zentroa) sortu zen 1971n. Infotermeko zientzia-zuzendaria izan zen heriotzara arte.

1967 eta 1973 urteen artean ISOk sei ISO gomendio argitaratu zituen (ISO/R) eta baita estandarizaziorako irizpide bat ere. Gomendio horien zirriborro batzuk Wüsterrek egin zituen, Wieselburgo bildumako materialez baliatuz.

1968an ingelesa-frantsesa (alemanezko eranskin batekin) hiztegi teknikoa argitaratu zuen: The Machine Tool – An Interlingual Dictionary of Basic Concepts (Londres, 1968, euskaraz “The Machine Tool- oinarrizko kontzeptuen hiztegi interlinguala”). Hiztegi hori aitzindaria da mota horretako hiztegien artean eta metodo lexikografikoan izandako aurrerapen garrantzitsuenak lan bakarrean biltzea du helburu. Bere kontzeptuetan oinarritutako terminologiaren printzipioan dago oinarrituta. Izan ere, Wüsterren iritziz, terminologia kontzeptuetan oinarrituta dago, alegia, bere ustetan, izendapen-unitate bat hitz batez dago osatua eta hitz horri kontzeptua esanahi moduan atxikitzen zaio. Bestela esanda, termino baten esanahia eta forma bereizten ditu, hizkuntzalari moderno gehienek ez bezala.

Zentzu horretan, Saussure hizkuntzalariak eragin handia jaso zuen, batez ere langue (hizkuntza, sistema gisa) eta parole (nola erabiltzen den hizkuntza komunikaziorako) bereizketan. Horren harira, terminologia-lanetako eta hiztegi espezializatuetako kontzeptuen arteko harremanak hain konplexuak zirela ikusirik, sinbolo-sistema kontzeptual bat garatu zuen (Saussuren zeinu eta sistemetan egindako lanak bultzatuta), ISO estandarra bihurtuko zena gero. Bere esanetan, sistema horrek definizio-hiztegietako bereziki sortutako sinbolo lexikografikoak biltzen ditu.

Wüsterrek kontu handiz egiten zuen lan, perfekzioa eta hizkuntzaren gardentasuna bilatzen zituen eta zehaztasun handiz aritzen zen, zientzia-lanetarako ezinbestekoa dena. Metodikoa zen gauza guztietan, eta bere zientzia-lanetan beti bilatzen zuen norabide metodikoa; ikuspegi orokor bat, lehenik, eta gero kasu orokorretatik zehatzetara joanaz egiten zuen lan. Horregatik izan zuen hainbesteko zaletasuna Sailkapen Hamartar Unibertsalean (UDC). Gainera, bere The Machine Tool – An Interlingual Dictionary of Basic Concepts hiztegiak kontzeptu bakoitzaren UDC zenbakia ere ematen du.

Terminologian egindako ikerketak eta Wieselburgo bildumak munduko edozein tokitan agertutako terminologia desberdinen informazioa identifikatzeko eta zabaltzeko beharraz ohartarazi zuen. Gauzak horrela, bibliografia sistematizatu bat garatzen hasi zen.

1972tik 1974ra Vienako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Saileko ohorezko irakasle izan zen eta terminologiaren teoria orokorraren eskolak eman zituen.Vienako Eskolaren fundatzaile ere izan zen. Vienako Unibertsitateko Eugen Wüster Artxiboak, Esperantoaren Museoak eta Austriako Liburutegi Nazionaleko Hizkuntza Eraikien Sailak Wüsterrek oinordetzan utzitako materialetan dute oinarria.

Eugen Wüster terminologian bezain bikaina zen ingeniaritza elektriko eta mekanikoan eta hainbat elkarte profesionaletako kide (eta batzuetan lehendakari ere) izan zen. Hogei urte inguruz, 1955tik 1974ra, Vienako Nekazaritza eta Basogintza Eskolako irakasle izan zen. Bertan, zura lantzeko makineriaren inguruko eskolak ematen zituen. Informatika-arazoak landu zituen.

Profesionalki hainbat alor jorratu arren (besteak beste, elektroteknia, informatika, zurgintza eta ortografia), terminologia zuen gogokoen, estandarizazio eta dokumentazio-lanekin batera. Zahartzaroan eta guzti saiatzen zen ekarpenik egin zezakeela uste zuen bileretara joaten.

Terminologia egituraturik zaharrenetakoaren (Vocabularies of the International Electrotechnical Commission, hots, “nazioarteko elektroteknia batzordearen hiztegia”) kolaboratzaile nagusietakoa izan zen. Bestalde, Austriako dokumentaziorako eta informaziorako erakundearen (ÖGDI) sortzaile izan zen eta erakundeko lehendakari 1958tik 1971ra. Alemanaren ortografiaren erreforma proposatu zuen. Erreforma, ordea, ez zen indarrean sartu 1997. urtera arte. Azken finean, hizkuntzaren argitasuna eta gardentasuna bilatze horrek bultzatu zuen ortografian jardutera. Esaterako, aleman ortografian, hitzen hasierako letra larrien erabilera zuzenaren inguruko erabakiak hartu zituen eta Austriako ortografiarako batzordeko (Österreichischen Kommission für die Regeln der Rechtschreibung) kide izan zen.

Guztira 500 argitalpenetan hartu du parte Eugen Wüsterrek, eta horrez gain batzorde eta erakundeetan, irakasle lanetan eta familia-enpresako zuzendari ere izan zen. Wüsterrek terminologia-estandarizazioaren printzipioak sortu eta gaur egungo informazio-jendartearen oinarriak eraikitzen garrantzi handia izan zuela esaten da.

1977ko martxoaren 29an zendu zen, gaixoaldi luze baten ondoren. Argitaratu gabe utzi zituen hainbat eskuizkribu, gai askotakoak. 

Irabazitako sariak aldatu

Hainbat sari irabazi zituen, gehienak Austriakoak, esaterako, Ohorezko Urrezko Domina 1960an (Goldenes Ehrenzeichen) Austriar Errepublikari eskainitako zerbitzuagatik eta Austriako Zientziaren eta Ikerketaren Ohorezko Domina (Österreiches Ehrenkreuz für Wissenschaft und Forschung) 1973an. Austriako ingeniari eta arkitektoen elkarteak (ÖIAV) Ohorezko Urrezko Entseina (Goldene Ehrenmünze) eman zion 1963an, aleman itzultzaileen elkarteak (BDÜ) Urrezko Saria 1973an eta EBko hizkuntzalarien institutuak (UK Institute of Linguists) Diamante Urteurreneko Domina (Diamond Jubilee Medal) 1973an.

Eugen Wüster sariak aldatu

Wüsterren omenez, terminologiaren ikerketan egindako lorpen aipagarrienei Eugen Wüster Saria banatzen dio Infotermek hiru urtean behin. Erakunde hori diruz babesten dute Vienako Unibertsitateak, Vienako eta Wieselburgo udalek eta Terminologia Ikerketarako Nazioarteko Institutuak (IITF). Bestalde, Austriako UNESCO Batzordeak, Austriako Liburutegi Nazionalak eta Vienako Unibertsitateak ideiaz babesten dute. 2005an banatu zen Eugen Würster Sari Berezi bakarra.

Argitalpenak (aukeraketa) aldatu

  • Internationale Sprachnormung in der Technik, besonders in der Elektrotechnik (terminologia teknikoaren nazioarteko estandarizazioa, batez ere elektroteknian). (Die nationale Sprachnormung und ihre Verallgemeinerung) (Hizkuntzaren estandarizazio eta generalizazio nazionala). Berlin: VDJ 1931. 2. edizioa. Bonn: Bouvier 1966
  • Die Herstellung der Sägeblätter für Holz. Eine Betriebsführung für Sägewerker und andere Sägenfachleute (Egurra lantzeko zerra-xaflen ekoizpena. Zerra-erroten eta beste makina ebakigailu batzuen operazio-gida). Springer, Wien 1952
  • Bibliography of monolingual scientific and technical glossaries, 2. edizioa, Unesco, Paris 1955, 1959
  • Einführung in die allgemeine Terminologielehre und terminologische Lexikographie (terminologia eta lexikografia terminologiakori sarrera orokorra). 3. edizioa, Romanistischer Verlag, Bonn 1991, ISBN 3-924888-48-5
  • International bibliography of standardized vocabularies. Bibliographie internationale de vocabulaires normalisés. (Hiztegi estandarren nazioarteko bibliografia). Eugene Wüsterrek bultzatua. Helmut Felber [et al.]-ek prestatua. 3. edizioa / Wüster, Eugen / Saur, München 1979
  • Wüster, Thiele (1998). "100 Jahre Wüster & Co., Wieselburg, 1889-1989 (Auszüge)". Eugen Wüster (1898-1977). Leben und Werk, Ein österreichischer Pionier der Informationsgesellschaft. Proceedings of the International Conference on Professional Communication and Knowledge Transfer, Volume 1 (alemanez). Vienna: TermNet. pp. 207–234. ISBN 3-901010-20-3.
  • Wüster, Eugen (1973). "Benennungs- und Wörterbuchgrundsätze, Ihre Anfänge in Deutschland". Muttersprache, Zeitschrift zur Pflege und Erforschung der deutschen Sprache (alemanez) (1 Y 4146 F).
  • Wüster, Eugen (1924). Die Verhältniswörter des Esperanto. Zugleich eine allgemeine Funktionslehre der Verhältniswörter seiner Quellsprachen (alemanez). Berlin und Dresden: Esperanto-Verlag Ellersiek & Borel G. m. b. H.
  • Wüster, Eugen (1923). Enciklopedia vortaro Esperanta-germana (esperantoz). Leipzig: Ferdinand Hirt & Sohn.
  • Wüster, Eugen (1924). Esperanto und der Techniker. Die Bedeutung der Welthilfssprache Esperanto für den Techniker, ihr Wesen und ihre Ausbreitung seit dem Weltkriege (alemanez) (2. ed.). Berlin eta Dresden: Esperanto-Verlag Ellersiek & Borel G. m. b. H.
  • Wüster, Eugen (1967). Grundbegriffe bei Werkzeugmaschinen (alemanez) (1. ed.). London: Technical Press/Economic Commission for Europe of the United Nations.
  • Wüster, Eugen (1923). La oficiala radikaro kun enkonduko kaj notoj (esperantoz). Berlin kaj Dresden: Esperanto-Verlag Ellersiek & Borel G. m. b. H.
  • Wüster, Eugen (1923). Maŝinfaka Esperanto-Vortaro prielementa (esperantoz). Leipzig: Ferdinand Hirt & Sohn.

Itzulpenak aldatu

  • (Ingelesez)  Introduction to the General Theory of Terminology and Terminological Lexicography. Springer, 1979 Wien
  • (Frantsesez) Introduction à la théorie générale de la terminologie et à la lexicographie terminologique. Girsterm, Université Laval, Quebec 1979
  • (Gaztelaniaz) Introducción a la teoría general de la terminología y a la lexicografía terminológica. Institut Universitari de Lingüística Aplicada (IULA), Universität Pompeu Fabra, Bartzelona 1998, ISBN 84-477-0648-684-477-0648-6 (2. edizioa 2003)

Erreferentziak aldatu

  1. Etxebarria Bilbao, Jose Ramon. (2020). Komunikazioa euskaraz ingeniaritzan (Bigarren argitalpena zuzendua). Udako Euskal Unibertsitatea, 12 or. PMC 1222923008. (Noiz kontsultatua: 2021-11-30).
  2. IEC 60050 - International Electrotechnical Vocabulary - Welcome. (Noiz kontsultatua: 2017-10-30).

Kanpo estekak aldatu

  • http://www.mt-archive.info/jnl/LangToday-1998-Wuster.pdf