Estraperloaren eskandalua

Estraperloaren eskandalua Espainiako Bigarren Errepublikan gertatutako eskandalu politikoa izan zen, Donostiako Straperlo markako erruleta elektrikoaren jokoaren inguruan piztu zena. Eragin zuen eskandaluak Espainiako errepublikako gobernu eskuindarra eraitsi zuen eta, ondorioz, hauteskunde berriak izan ziren 1936ko otsailean.

Espainiako Gerra Zibil ostean, Espainiako estatuak kontrolatutako produktuen legez kanpoko merkatua izendatzeko erabili zen estraperlo hitza.

Gertaerak aldatu

Espainiako II. Errepublikaren garai liskartsuan, Strauss, Perel eta Lowann enpresari herbeheretarrek erruleta berri bat diseinatu, saldu eta haiek eman bide zioten izena, besterik ere proposatu izan den arren: Strauss eta Perlowitz bi negozio-gizonek jarri ziotela izena. Beraz, horiek sustatu zuten negozioa. Botoi batek kontrolatzen zuen erruleta eta nahi zen emaitza lor zitekeen.

Strauss, Perel eta Lowannek -azken hau Straussen emaztea zen- Donostiako Kasinoan aipatutako erruleta ezartzea nahi zuten eta horretarako, 1934an, gobernuko hainbat goi-kargu sobornatu zituzten. Tartean zen Aurelio Lerroux, Alejandro Lerroux Alderdi Erradikaleko buru zenaren iloba, eta Rafael Salazar Alonso, alderdi berekoa eta barne-ministroa 1932tik. Garai hartan, Alderdi Erradikala José María Gil-Roblesen CEDArekin batera zegoen gobernuan.

Salazar Alonsok urrezko erloju bat eta orduko 100.000 pezeta onartu zituen eroskeriaren ordainetan (egungo 50.000 € inguru); Eduardo Benzo barne-gaietako idazkariak eta José Valdivia segurtasuneko idazkari nagusiak 50.000 pezeta bana jaso zituzten. Aldiz, era horretan, erruletarako baimena eman arren, gutxi iritzita polizia-sarekada bat agindu zuten Donostiako Kasinoan. Iruzurra azaleratu zenean, jokoa debekatu egin zuten. Mallorcako Formentor hotelean ere martxan zegoen eta han ere itxi beharrean izan ziren.

Daniel Straussek, orduan, iruzurrari buruzko dokumentuak pasa zizkion Alcalá-Zamora Espainiako Errepublikako presidenteari, Alejandro Lerrouxek jokoa debekatu eta ez baitzion kalte-ordainik ordaindu nahi. 1935eko hondarrean egindako Espainiako parlamentu-eztabaidan, gehiengoak Salazar Alonso zuritu zuen (140k, 137ren kontra), baina Madrilgo alkatea zenaren sinesgarritasuna lur jota zegoen ordurako. Piztu zen eskandaluak Alderdi Erradikalaren gainbehera ekarri zuen eta gobernua eraitsi. Zenbaitek Gerra Zibilaren bidea ireki zuela irizten dute.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu