Estonia[1] (estonieraz: Eesti), ofizialki Estoniako Errepublika (estonieraz: Eesti Vabariik), Iparraldeko Europako estatua da, Baltikoko estatuetan txikiena. Iparraldean Finlandiako golkoa du, mendebaldean Itsaso Baltikoa, hegoaldean Letonia, eta ekialdean Peipus aintzira eta Errusia. 1.500 uharte inguru dauzka; handienak Saaremaa, Hiiumaa, Muhu eta Vormsi dira. 45.336 kilometro koadroko eremua du,[2] eta 1.315.635 biztanle zituen 2017an.[3] Hiriburua Tallinn da, eta beste hiri nagusiak Tartu eta Narva. Errepublika parlamentarioa da, Europar Batasun, Eurogune, NATO, ELGA eta Schengen eremuko kidea.

Estoniako Errepublika
Eesti Vabariik
Ereserkia: Mu isamaa, mu õnn ja rõõm

Estoniako bandera

Estoniako armarria
Geografia
HiriburuaTallinn
59°26′14″N 24°44′42″E
Azalera45.335 km² eta 45.339 km²
Punturik altuenaSuur Munamägi (en) Itzuli
Punturik sakonenaItsaso Baltikoa (0 m)
KontinenteaEuropa
MugakideakLetonia eta Errusia
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika parlamentarioa
Estoniako presidenteaAlar Karis
Estoniako Lehen MinistroaKaja Kallas
LegebiltzarraRiigikogu
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria1.366.491 (2024)
607 (2023)
Dentsitatea30,14 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,52 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak5.533 (2015)
Bizi-itxaropena77,73659 (2016)
Giniren koefizientea30,8 (2019)
Giza garapen indizea0,89 (2021)
Ekonomia
BPG nominala30.312.000.000 $ (2018)
4.390.920.387,6663 (2017)
BPG per capita28.332,6 $ (2022)
0 (2022)
BPG erosketa botere paritarioa44.063.633.072 nazioarteko dolar (2017)
3.408.949.823 (2016)
BPG per capita EAPn33.447,828 nazioarteko dolar (2017)
2.550,281 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala1,6 % (2016)
Erreserbak345.036.507 $ (2017)
−7.104.105 (2016)
Inflazioa2,4 % (2016)
2,6 (2015)
Historia
Sorrera data: 1918ko otsailaren 24a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+372
ISO 3166-1 alpha-2EE
ISO 3166-1 alpha-3EST
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli eta Schuko (en) Itzuli
Internet domeinua.ee
valitsus.ee

Geografia aldatu

Estonia iparraldeko Europan dago, Itsaso Baltikoaren ekialdeko bazterrean. 45.336 kilometro koadroko eremua dauka. Iparraldean, Finlandiako golkoarekin du muga; mendebaldean, Baltikoa eta Rigako golkoarekin; ekialdean, Peipus aintzirak eta Narva ibaiak banatzen dute Errusiatik; hegoaldean, Letonia dauka.

Lurralde laua da; gailurrik garaiena, Suur Munamägi (317 metro) hego-ekialdean dago. Itsasoa, hondarrezko dunak eta harri potorrez betetako ibaiak, aintzirak, ibai ugariak eta padurak (lurraren % 10) dira herrialdeko lurren ezaugarriak. 1.393 kilometroko kostaldea dauka Baltikoren ertzean, eta 1.520 uharte itsaso horretan. Saaremaa (2.673 kilometro koadro) eta Hiiumaa (989 kilometro koadro) dira uharterik handienak[4].

1.400 aintzira eta urtegi baino gehiago daude. Handiena Peipus da (3.555 kilometro koadro), Errusia eta Estoniaren arteko muga egiten duena. Bigarren handiena Võrtsjärv da (270 kilometro koadro), herrialdearen erdialdean dagoena. Ibairik garrantzitsuenak Pärnu, Narva eta Emajõgi dira.

Klima kontinentala da, uda epelekin, Dfb Köppen klima sailkapenaren arabera.[5] Iraupen berdintsuko lau urtaro daude. Uztaileko batez besteko tenperatura 16,3 °C da Baltikoko uharteetan eta 17,1 °C barnealdean; otsailekoa, berriz, -3,5 °C Baltikoko uharteetan eta -7,6 °C barnealdean. Urteko batez besteko prezipitazioa 568 milimetrokoa da, ugariena uda amaieran[4]. Abenduaren erdialdetik martxoren amaierara elurrez estalirik egoten da lurra.

Historia aldatu

Erdi Aroa, Aro Modernoa eta XIX. mendea aldatu

 
Estonia Suediaren mende (15611721)

X-XII. mendeetan, Estoniako hego-ekialdea antzinako Errusiar estatuaren mende egon zen. XIII. mendearen hasieran, alemaniarrek menderatu eta kristautu zituzten estiarrak, estoniarren aurretikoak, arrazaz finiarrak, eta "paganoak". Ondoren daniarrak etorri ziren, eta Tallinn sortu zuten 1219. urtean. 1343-1345 urteetako nekazarien matxinada handien ondoren, Ezpataren Zaldunek Estonia Danimarkari erosi (1346), eta zergapeko egin zituzten estoniarrak, Hansak portuetako joan-etorria beretzat gordetzen zuelarik.

1558-1581 bitartean, Ivan Izugarriaren garaian, Baltikorako irteera bila ari ziren errusiarrek Narva eta Tartu hiriak hartu zituzten. 1561ean, Ordena Teutonikoa desegin zenean, Suediar Inperioaren, Danimarkaren eta Poloniaren esku geratu zen Estonia. XVII. mendean, suediarren mendean geratu zen guztiz; horiek luteranismoa eraman eta Tartuko Unibertsitatea sortu zuten 1632an.

Iparraldeko Gerra Handian (1700-1721), Petri Handiak Estonia hartu zuen 1710ean eta, 1721eko Nystadeko Hitzarmenaren ondorioz, suediarrek Errusiar Inperioaren esku utzi zuten, Livoniarekin batera. Zergapekotza baztertua izan zen XIX. mendearen hasieran. Mende horren bukaeran, Alexandro III.aren errusiartze ahaleginen kontra altxatu ziren estoniar idazleak (Friedrich Reinhold Kreutzwald eta Carl Robert Jakobson).

XX. mendea aldatu

 
Independentziaren aldarrikapena Pärnun, 1918ko otsailaren 23an

1917ko Otsaileko Iraultzaren ondoren, behin-behineko errusiar gobernuak askatasuna eman zion Estoniari (1917ko apirilaren 12ko dekretua), baina Urriko Iraultzan, sobietar agintea ezarri zen Estonian 1917ko azaroaren 28an. 1918ko otsailean, alemaniarrek Estoniari eraso zioten, boltxebikeek Tallinn utzi zuten, eta otsailaren 24an behin-behineko gobernu estoniarrak askatasuna deklaratu zuen. Brest-Litovskeko Itunaren bidez (1918ko martxoaren 3a), Alemaniaren eskuetan utzi zituen Errusiak Baltikoko lurraldeak, eta Alemaniaren errenditze egunean berriro askatasuna deklaratu zuen behin-behineko estoniar gobernuak; Tartuko Hitzarmenean (1920ko otsailaren 2a), askatasun hori onartu zuten sobietarrek.

Bigarren Mundu Gerran, Estonia Sobietar Armada Gorriak inbaditu eta okupatu zuen 1940ko ekainean. Alemaniarrek hartu zuten 1941eko abuztuan, baina berriro sobietarrek eskuratu zuten 1944an.

1988an, Moskuko gobernuak Sobietar Konstituzioan aldaketak egin zituenean, bere legeak Sobietar Batasuneko legeen aldean gailentasuna zutela erabaki zuen Estoniako Biltzarrak. Perestroikaren garai horretan independentziaren aldeko mobilizazio jendetsuak burutu ziren Estonian, eta 1989an estoniarrek era masiboan parte hartu zuten Bide baltiko deritzonean, sobietarren okupazioaren amaiera eskatzeko. 1990. urteko martxoaren 30ean Estoniako legebiltzarrak independentzia adierazi zuen berriro ere, eta 1991ko abuztuaren 20an lortu zuen independentzia SESBetik. Geroztik estatu burujabea da Estonia.

Azken urteak aldatu

 
2004az geroztik Europar Batasuneko kide da Estonia; eta, 2011ko urtarrilaren 1az geroztik, Euroguneko (urdin ilunez) partaide

1992ko konstituzio berriak sistema parlamentarioa ezarri zuen. Urte horretan bertan, Lennart Meri, Koalizioko Alderdi Nazionaleko kide, hautatu zuten presidente. Estonia izan zen errubloa utzi eta bere dirua sortu zuen Ekialdeko Europako lehenengo herrialdea. Pribatizazio ugari egin zen, eta erregimen komunistan zehar kendutako ondasunak itzuli ziren. 1993an, estatu nazionalista zorrotza onartu zen, errusiar biztanleengan (biztanleriaren % 30) eragina izan zuena batez ere. Neurri horri erantzun nahian, Boris Jeltsin errusiar lehendakariak gas naturalaren hornikuntza eten zuen, eta errusiar armada Estoniatik irteteko prozesua ere geldiarazi egin zuen. Azkenik, errusiar gudarostea 1994an atera zen Estoniatik.

1995eko hauteskundeetan Koalizioko Alderdia galtzaile irten zen, eta Tiit Vahi izan zen lehen ministro. Gobernu berriak eztabaida handia sortu zuen, komunista ohi asko baitzeuden bertan. Horrezaz gainera, urte hartan bertan Barne Arazoetako ministroaren ustelkeria salatu zuten, eta gobernu taldea desegin zen. Gobernu berri bat antolatu zen, Erreformaren Alderdiko kideez osatua.

1996an, Lennart Meri hautatu zuten berriz ere presidente. 1999an, Mart Laar izendatu zuten lehen ministro. 2002an eman zuen dimisioa, desadostasunak izan zituelako bere alderdiarekin. Haren agintaldian, Estonia izan zen sobietar errepublika ohien artean ekonomia sendoena zeukana, eta bidea urratzen hasi zen Europar Batasunean sartzeko. 2003ko erreferendumean, herritar gehienek Europar Batasunean sartzearen aldeko aukera egin zuten. 2004an, Estonia NATOn eta Europar Batasunean sartu zen. 2014an, Taavi Rõivas eskuindarra aukeratu zuten lehen ministro.

Gobernua eta administrazioa aldatu

Politika aldatu

Estonia errepublika parlamentarioa da. Errepublikako presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Organo legegile nagusia Parlamentua (estonieraz: Riigikogu) da, 101 kidez osatua. Parlamentukideak ororen bozkatzez hautatzen dira, lau urteko eperako[6].

Banaketa administratiboa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Estoniaren banaketa administratiboa»

Estonia 15 konderritan (estonieraz: maakonnad, singularra maakond) banaturik dago. Gobernuak izendatzen du konderri bakoitzeko gobernadorea.

 Hiiu konderriaLääne konderriaSaare konderriaHarju konderriaLääne-Viru konderriaIda-Viru konderriaRapla konderriaPärnu konderriaJärva konderriaViljandi konderriaJõgeva konderriaTartu konderriaValga konderriaPõlva konderriaVõru konderria
Eesti maakonnad
Estoniako konderri zerrenda
Konderria Hiriburua Eremua
(km2)
Biztanleria
(2017)[7]
Harju Tallinn 4.333 582.556
Hiiu Kärdla 989 9.348
Ida-Viru Jõhvi 3.364 143.880
Jõgeva Jõgeva 2.604 31.298
Järva Paide 2.623 30.709
Lääne Haapsalu 2.383 24.580
Lääne-Viru Rakvere 3.627 59.580
Põlva Põlva 2.165 28.218
Pärnu Pärnu 4.807 82.997
Rapla Rapla 2.980 34.148
Saare Kuressaare 2.673 33.481
Tartu Tartu 2.993 145.550
Valga Valga 2.044 30.524
Viljandi Viljandi 3.422 47.853
Võru Võru 2.305 33.973

Demografia aldatu

Biztanleria aldatu

 
Estoniako biztanleriaren bilakaera, 1970-2010 bitartean. Estoniako Estatistika Erakundearen datuak.

2017 hasieran, Estoniak 1.315.635 biztanle zituen[3], 29 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Biztanleen % 67,5 bizi da hiriguneetan[6], herena Tallinnen. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 16,2 dira, 15-24 urte bitartekoak % 9, 25-54 urte bitartekoak % 41,4, 55-64 urte bitartekoak % 13,6 eta 65 urtetik gorakoak % 19,8[6]. Bizi itxaropena 76,7 urtekoa da, 71,9 urtekoa gizonezkoena eta 81,7 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[6].

1990etik aurrera, Estoniako biztanle kopurua beherantz joan da etengabe. Atzerakada horrek bi arrazoi nagusi izan ditu: batetik, oso heriotza tasa handia, jaiotza tasarekin konparatuta; bestalde, lege zorrotzen ondorioz, errusiarren immigrazioa asko moteldu zen. 1992an estoniar hiritartasuna mugatzeko legeak onartu ziren. Lege horien arabera, 1940. urtea baino lehenago Estonian bizi ziren biztanleek eta haien ondorengoek estoniar hiritartasuna zuten, etnia kontuan hartu gabe. Gainerako biztanleek bi urtez bizi behar zuten bertan, eta estonierazko azterketa bat gainditu behar zuten. Lege horiek onartu eta gero Errusiako gobernuak errusiarren giza eskubideen kontrako bidegabekeria salatu zuen.

Banaketa etnikoa aldatu

 
Errusiera lehen hizkuntza duten estoniarren banaketa (2010eko datuak)

2017ko datuen arabera, estoniarrak % 68,7 dira, errusiarrak % 25,1, ukrainarrak % 1,7, bielorrusiarrak % 0,8, finlandiarrak % 0,5 eta letoniarrak % 0,2[8]. Errusiar gehienak Tallinn, Narva eta Kohtla-Järve hirietan bizi dira; Ida-Viru konderrian etnia horretakoak dira biztanleen % 72,8.

Hizkuntzak aldatu

Estoniera da hizkuntza ofiziala, eta biztanleen %68,5en ama hizkuntza. Finlandieraren familia berekoa da. Errusiera du ama hizkuntza biztanleriaren %29,6k[6].

Estoniera, bere milioi eta erdi hiztunekin, Europako estatu hizkuntzarik txikienetakoa da. 50 urtez Sobietar Batasuneko parte izan ondoren, hizkuntzaren normalizazioa izan zen independentzia osteko gobernu berriaren lehen helburuetakoa eta estoniera estatu hizkuntza ofizial bakar izendatu zuen. Hala ere, sobietar aroan estoniarrak errusiera ikastera behartzen zituztenez, errusiarren gehiengoak ez zuen bertako mintzaira ikasi. 1989an, independentzia lortu aurreko urteetan egindako inkesta baten arabera, etorkinen %14ak ikasi zuen estoniera. Egun eskola guztietan irakasten da estoniera eta gutxi gorabehera bertako errusiarren erdiak hitz egiten du hizkuntza (2011ko datuak)[9].

Erlijioa aldatu

2011ko erroldaren arabera, erlijiogabeak % 54,1 dira, kristau ortodoxoak % 16,2, luteranoak % 9,9 eta gainerako kristauak % 2,2[6]. Pew Research Centerrek 2015an egindako ikerketaren arabera, berriz, % 45 erlijiogabeak dira, % 25 ortodoxoak, % 20 luteranoak, % 1 katolikoak eta % 5 gainontzeko kristauak[10].

Hiri nagusiak aldatu

Ekonomia aldatu

Estoniako baliabide natural nagusia eskisto bituminosoa da, herrialdearen ipar-ekialdean ustiatzen dena. Erregai gisa erabiltzen da, elektrizitatea lortzeko eta lehengai gisa industria kimikoan. Estonian ugariak dira, besteak beste, fosforita hobiak; fosforita ongarriak ekoizteko erabiltzen dira. Dena dela, arrazoi ekologikoak direla-eta, ekoizpen mota hori gutxitu egin da. Zohikatza eta buztina ere ustiatzen dira. Petrolioa eta gas naturala Errusiatik inportatzen dira. Zerbitzuen sektorea da gaur egun nagusia (barne produktu gordinaren % 68,4 2016an), ondoren industria (elikagaiak, energia, kimika, zura, eraikuntzarako gaiak) % 28,1ekin, eta azkenik, nekazaritza (% 3,5).

Azpiegiturak aldatu

Aireportuak aldatu

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Kultura aldatu

Literatura aldatu

Musika aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Minifacts About Estonia 2017, stat.ee
  3. a b Statistics Estonia, stat.ee
  4. a b Country Profile: Estonia. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-9-4).
  5. Climate: Estonia. en.climate-data.org (Noiz kontsultatua: 2017-9-4).
  6. a b c d e f CIA - World Factbook: Estonia, cia.gov
  7. Population by sex, ethnic nationality and county, 1 January. stat.ee (Noiz kontsultatua: 2017-9-5).
  8. Rahvaarv rahvuse järgi, 1. jaanuar, aasta, stat.ee
  9. Arbelaitz, Lander. Estatua bat, bi estatu. argia.eus, 2011ko apirilak 19, CC-BY-SA lizentzia (Noiz kontsultatua: 2017-9-6).
  10. Religious Belief and National Belonging in Central and Eastern Europe, Pew Research Center, pewforum.org
  11. RAHVASTIK SOO, VANUSE JA HALDUSÜKSUSE VÕI ASUSTUSÜKSUSE LIIGI JÄRGI, 1. JAANUAR, pub.stat.ee

Kanpo estekak aldatu