Estibalitz

santutegia

Estibalizko Andre Mariaren santutegia Arabako eraikin erromanikorik ikusgarrienetakoa da, Armentiako basilikarekin batera. Gasteiztik 8 km-ra dago, Gasteizko udalerriaren barruan dagoen Argandoña herrian kokatuta. Ohiko ezkontza-toki bihurtu da. Bertako Ama Birjinaren omenez, Euskal Herriko emakume askok Estibali(t)z edo Estitxu izena dute. Arabako katolikoen patroia da Estibalizko Andre Maria.

Estibalizko Andre Mariaren santutegia
Kultura ondasuna
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Estibalizko santutegi erromanikoaren atari nagusia, elizaren hego-fatxadan.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGasteiz
Koordenatuak42°50′54″N 2°34′13″W / 42.8483°N 2.5703°W / 42.8483; -2.5703
Map
Historia eta erabilera
Irekieraezezaguna
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura
ArkitektoaJulian Apraiz Arias
Estiloaarkitektura erromanikoa
Ondarea
BICRI-51-0000358

Historia aldatu

Eraiki zen urtea ez da ezaguna, baina X. mendekoa dela ziurta daiteke. 1074ko dokumentu batean monasterio bat aipatzen da. 1138tik aurrera, Clunyko beneditarrek gobernatu zuten. XVI. mendean, monasterioa izateari utzi, eta parrokia soil bihurtu zen. XIX. mendean utzirik egon zen, eta XX. mendearen hasieran Diputazioak eta Gasteizko Udalak zaharberritze-lan sakonak egin zituzten.

Arkitektura aldatu

Elizak gurutze latindarreko oinplanoa du. Osagaiak: eliz gurutze zabala, hiru kapera asimetriko burualdean eta hiru zatiko nabe bakarra. Kapera nagusian, kanoi-gangaz estalitako zati laukizuzena eta absidea bereizten dira. Absidea erdizirkularra da, inposta batetik abiatzen den labe-gangaz estalia; altuera handiagoan, disko txikitako bi ilaraz eratua den beste inposta batek eliza osoa inguratzen du.

Eliz gurutzeko erdialdea ojiba-ganga bikain batez estalia da; ganga hori osatzen duten gotiko aurreko arku gurutzatuek mentsula luzexkak, guztiz zistertarrak, dituzte euskarri; eusteko arkuak zorrotzak eta bikoitzak dira, eta haien gainean paramentu laua azaltzen da. Eliz gurutzeko epistola aldeko besoa guztiz eraberriturik dago, eta kaperan XIII. mendeko bataiarria aurkitzen da egun. Ebanjelio aldeko besoa ojiba-gangaz estalia da; alde horretako kaperak labe-gangaz estalitako abside erdizirkularra du. Nabea harlosazko hormen gainean dago, eta haren hiru zatiak kanoi zorrotzeko gangaz estaltzen dira, gangaren arku banatzaileak -zorrotzak eta bikoitzak- landare-dekorazioaz hornituriko pilastretan bermatzen direla.

Estibalizko fatxada nagusia hegoaldekoa da, XII. mendearen amaierako arte erromanikoaren obra nagusietariko bat. Lau zutabe ditu, bina alde bakoitzean, eta arkuan lau arkibolta; kanpoko bi fusteetan lau petaloko loreek erronbo-sare bat moldatzen dute, eta barnealdekoetan zumitz-itxurako lau ertz lotuek eratzen dute sarea. Kapiteletako bi korintoar modukoak dira, eta beste biek hosto kurbatuak dituzte kiribil moduan. Ate-zangoetako dekorazioan, zenbait giza irudi erroleo bidez lotzen dira, batean Kristo eta bestean San Joan Bataiatzailea agertzen direla. Arkiboltetan molde desberdineko dekorazioa: hostoak, kiribilak, landare-obaloak, perlatxoak, orburuak… Atearen gainean teilatu txiki bat dago, hainbat itxuratako harburuz hornitua.

Teilatu horren gainean, hiru arkiboltako leihoa agertzen da, xake-sareko dekorazioa duen kanpoko arkibolta batez inguratua. Kanpai-horma berria da. Elizako kapitelak hiru maisuren obra dira. Lehena burualdeko lau kapitelen egilea da; gaiak Jatorrizko Bekatua, Paradisutik egoztea, Bekatuak eta Deikundea dira, eta haien modelatua bakuna eta eskematikoa.

Beste maisu batek mendebaldeko kapitelak egin zituen; landare-osagaiak, buruak, animaliak eta txoriak; agerikoa da arabiarren eta antzinatasun klasikoaren eragina.

Eliz gurutzearen ebanjelio aldeko besoan agertzen da hirugarren maisuaren lana: mentsuletan ezarritako giza irudiak.

Santutegiko erdiko erretaulan Estibalizko Andre Mariaren irudia ageri da, XI. mendekoa.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa

Kanpo estekak aldatu