Estatu postsobietarrak

Estatu postsobietarrak Sobietar Batasunaren (1922-1991) edo Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren parte izan ziren herrialdeak dira. SESB sortzeko hitzarmenaren bidez, 1922ko abenduan, SESB sortu zuten lau errepublika sozialista hauen artean: Errusiakoak, Transkaukasiakoak (gaurko Georgia, Armenia eta Azerbaijan), Ukrainakoak (gaurko Ukraina) eta Bielorrusiakoak (gaurko Bielorrusia). Sobietar Batasunaren erorketaren ondorioz, 1991n, hamabost estatu independente sortu ziren.

Estatu hauetako bakoitzak bere kultura, tradizio eta hizkuntzak ditu eta Estatu Independenteen Erkidegoaren parte dira gaur egun estatu horietako batzuk (Errusia, Bielorrusia, Kazakhstan, Azerbaijan, Tajikistan, Armenia, Kirgizistan, Moldavia eta Uzbekistan).

Sobietar Batasunaren amaieraren ondorioz sortu ziren estatuen egoera konplexua da eta etengabeko bilakaeran dago. Gaur egun, estatu postsobietarrak bost eremu nagusitan banatzen dira: herrialde Baltikoak (Estonia, Letonia eta Lituania), hego mendebaldeko estatuak (Ukraina, Moldavia eta Bielorrusia), Kaukasoko estatuak (Azerbaijan, Georgia eta Armenia), erdialdeko Asia (Turkmenistan, Kirgizistan, Uzbekistan, Kazakhstan eta Tajikistan) eta Errusiar Federakundea.

Lurralde geopolitikoak:

Herrialde Baltikoak aldatu

Herrialde Baltikoak (Estonia, Letonia eta Lituania) Itsaso Baltikoaren inguruan kokatzen dira, eta, apurka-apurka, ekialdeko Europari gerturatzen joan zitzaizkion. Hala eta guztiz ere, Europara gerturatzeak arazoak sortu zizkien Errusiar Federakundearekiko eta hego-mendebaldeko herrialde postsobietarrekiko harremanei dagokienez. Izan ere, azken bi hauek, XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran beren burua geografikoki mugatzen zeuden. Hori gutxi balitz, SESBen oinordeko nagusia izan zen Errusiar Federakundeak defentsa jarrera hartu zuen berreskuratu berri zuen botere politikoa eta arrazoi ekonomikoak zirela medio.

Estoniak, Letoniak eta Lituaniak 2004ko maiatzaren 1ean lortu zuten Europar Batasunean sartzea ekialdeko Europako beste 7 herrialderekin batera. Momentu horretan Herrialde Baltikoen egoera ekonomikoa zaila bazen ere, beren tamaina txikiak ahalbidetu zuen egitura doikuntza eta inbertsio txikiekin azkar nabaritu ziren hobekuntzak egitea. Azkenik, Estonia 2011n sartu zen Eurogunean, Letonia, 2014an eta Lituania 2015ean.

Hego-mendebaldeko estatuak aldatu

Hego-mendebaldeko estatuentzat (Ukraina, Moldavia eta Bielorrusia) egoera konplexuagoa da. Bielorrusiaren jokabidea ezohikoa da; izan ere, Moskurekin estutu zituen harremanak Ukrainak eta Moldaviak erabaki autonomia aldarrikatzen zuten bitartean, Ukrainako biztanleriaren zati handi batek bere burua errusiartzat badu ere. Moldaviari dagokionez, identitate nazionalari buruzko arazo larri bati egin behar dio aurre, Bigarren Mundu Gerraren ondoriozko migrazio behartuak eragin zuen «Errumania Handia» deritzon fenomenoaren ondorioz. Arazo hau baztertu izan da hala Bukaresten (Errumania) nola Chisinaun (Moldavia). Halere, Moldavian tirabira ugari egon ziren, batzuk Errumaniarekin bat egitearen aldekoak baitziren, baina, Moldaviako Errusiarrak, ordea, ez. 2001eko eta 2005eko hauteskundeetan alderdi komunista atera zen garaile, zeinak erreforma ekonomiko eta sozial handiak egiteko programa bat abian jarri zuen, herrialdea Europar Batasunean sar zedin. Azkenik, 2013an aldarrikatu zuen Traian Basescu Errumaniar lehendakariak Moldaviari lagunduko ziola Europar Batasunean sartzen eta bi herrialde hauek unifikatzen. Gaur egun, 2019an, hego-mendebaldeko estatu bat ere ez dago Europar Batasuneko 28 estatu kideen artean.

Bielorrusiaren harira, Europar Batasunaren kide ez bada ere, 2006an Europar Batasunak bere merkataritza kide izendatu zuen. Horrez gain, Bielorrusiak Munduko Merkataritza Erakundearen parte izatea eskatu zuen 1993an eta, gaur egun, kide behatzailea da.

Ukrainako presidente Victor Janukovitxek, bere aldetik, 2013an, Ukrainak Europar Batasunarekin zuen elkartze akordioa sinatzeko plana izoztu zuen Errusiari hurbiltzeko asmoarekin. Ondorioz, Euromaidan protesta taldeko europazaleek Janukovitx garaitu eta hurrengo hauteskundeetan europazalea den Petro Poroxenko lehendakaria atera zen garaile, herrialdean bakea berrezarri zuena.

Kaukasoko estatuak aldatu

Kaukasoko estatuetako (Azerbaijan, Georgia eta Armenia) egoera oso ezberdina da. SESBen gainbehera gertatu baino lehen hasi zen Armenia eta Azerbaijanen arteko gatazka luzea oraindik ez da amaitu. Horren froga da Karabakh Garaia edo Artsaj Errepublika izeneko lurraldean dagoen gatazka, izan ere, Artsaj Errepublikako populazioaren gehiengoa armeniarra da Azerbaijanen barruan badago ere. Bertan, liskar armatu bat egon zen 2016. urtean, lau egun iraun zuena. Egoera honen ondorioz, bi herrialde hauek atzerriko babesa bilatu dute; beraz, Turkiak laguntza mugatua eskaintzen dio Azerbaijani eta armeniar diasporak bere aberria babesten du. Ekonomiari dagokionez, Transkaukasia osatu zuten hiru herrialdeek Errusiarekin izan zuten lotura bereziarekiko banaketaren ondorioak pairatzen dituzte. Ia itsasertzerik gabe, egoera ekonomiko larria saihestu duen herrialde bakarra Azerbaijan da, petrolioaren errentari etekina ateratzen diolako.

Armeniaren harira, 1991n estatu burujabe eta independente bihurtzeaz geroztik, arazo askori egin behar izan die aurre. Batetik, 1988ko lurrikararen kalteak, eta, bestetik, aipatutako Azerbaijanen aurkako gerra, Artsaj Errepublikaren kontrola lortzeko. Arazo horretaz eta krisi ekonomikoaz gain, Turkiak Armenia salatu du PKK (Langile Kurduen Alderdia) babestu izanaz.

Georgiaren kasuan, SESBen garaian oso izen ona zuen nekazaritzaren arloan, baina makro estatua izan zen SESBen gainbeheraren ostean, krisiak gogorren jo duen herrialdeetako bat da. Arazo horretaz gain, krisi etnikoak ere ditu eta, gainera, Georgiako bi lurraldek, Abkhazia eta Hego Osetiak, independentzia eskuratu dute, biek Errusiako armadaren laguntzaz.

Erdialdeko Asia aldatu

Erdialdeko Asiak (Turkmenistan, Kirgizistan, Uzbekistan, Kazakhstan eta Tajikistan), historikoki Turkestan izenez ezaguna denak eta zenbait antolakunderen arabera hainbat eskualde gehiago ere hartzen dituenak, 68 milioi biztanle inguru zituen 2015eko erroldaren arabera. Lurralde bakoitzaren berezitasun nazionalak begien bistan daude, baina oraindik diraute amankomunean dituzten arazo batzuk, esate baterako, presio islamista, mugetan sortzen diren arazoak eta petrolioaren etekinak edo lehengaien ustiaketa izatea herrialde horiek duten diru-sarrera bakarra. Gainera, bost errepublika postsobietar horiek mantendu dituzte zituzten apparatchikak (Partidu Komunistaren administrazio modua edo funtzionarioak), komunismotik nazionalismora bihurtu direnak, baina aurrekoak bezain autoritarioak direnak, baita, batzuetan, ustelkeriaz beteak ere.

Eskualdeko klanek eta tribuen arteko harremanek berebiziko garrantzia dute erdialdeko Asian. Are gehiago, erdialdeko Asia NBEk ezarritako azpieskualdeen banaketa da, ez berez sortutakoa, eta, beraz, bertan klan eta tribu ezberdinak daude. Horrez gain, eskualdean eragina duten beste hiru faktore garrantzitsu ere badaude: estatubatuar presioa, txinatar estatuak inbaditzeko duen tentazioa eta, 1990eko hamarkada arte, SESBk botererik eta lurralderik ez galtzeko egin zuen esfortzua. Areago, 2005 arte gatazkak egon ziren Uzbekistanen dagoen Karshi Khanabad izeneko aire-base baten harira. Base hori 1954tik 1981era SESBena izan zen; 1992an, Uzbekistanen kontrolpera pasatu zen eta 2001etik 2005era Ameriketako Estatu Batuetako Armadak al-Qaedaren aurkako misioetan laguntzeko erabili zuen, baina, 2005. urtean, Uzbekistandarrek protestatu eta estatubatuarrak basetik kanporatu zituzten.

Errusiar federakundea aldatu

Errusiar federakundeak hainbat arazo kudeatu behar izan ditu aldi berean. Alde batetik, geografoek ondo ezagutzen dituzten zailtasun klimatikoak eta, bestetik, nazio barneko gatazkak (Txetxeniako bi independentzia gerrak Errusiar kontroletik askatzeko, tentazio erregionalistak eta ekonomia zailtasunak. Vladimir Putinen aroan (1999an hasi zena), herrialdea egonkortzen ari da, lehendakariaren irmotasuna, SESBen erabiltzen ziren antzeko metodoak eta hedabideen kontrol zorrotza direla eta. Horren alboan, Boris Yeltsinen aroak (1991-1999) anarkia dirudi.

Beraz, Errusiak oraindik arazo askori egin behar die aurre eta, gainera, potentzia estatusa berreskuratu nahi du, hala eskualde mailan, nola Europa eta Asian mailan. Hori gutxi balitz, bitartean, kaukasoko merkatuei, asiakoei eta Europa erdialdekoei egin beharko die aurre, bai eta Amerikatik datorkion eraso ekonomikoari ere, arlo militarrean islatuko dena.

NATOren inguruan ere, beti egon dira tirabirak, batez ere, AEBrekin zerikusia dutenak, azkeneko horrek beti nahi izan duelako Errusiaren isolamendua. Errusiak, egoera leuntze aldera, aldebiko akordioak sinatu zituen. Errusia eta NATOren arteko harremanak benetan okertu ziren urtea 2014 izan zen, Ukrainako krisiaren eta Errusiar Federakundeak Krimea anexionatzearen ondorioz, NATOk Errusiari bere jarduera bertan behera uztea eskatu eta Ukrainako soberanotasunari eta lurralde osotasunari bere laguntza emango ziela publikoki aitortu zuenean.

Kanpo estekak aldatu