España korazatua

Espainiar Armadako ontzia

España korazatua matxinatuek Espainiako Gerra Zibilean erabilitako gerraontzi nagusia izan zen.

España korazatua
Fabrikazioa
FabrikatzaileaSociedad Española de Construcción Naval
Ekoizpen-lekuaSociedad Española de Construcción Naval
Historia
Inaugurazioa1913ko maiatzaren 7a
KudeatzaileaEspainiako Itsas Armada
Erregistro-herrialdeaEspainia
Kokapena
Koordenatuak43°31′26″N 3°40′44″W / 43.5239°N 3.6789°W / 43.5239; -3.6789

Izena aldatu

Korazatua 1915ean eraiki zen, Alfonso XIII izenarekin. 1931n Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, izena aldatu zitzaion, monarkiaren aztarnak ezabatzeko eta izen bereko korazatua (1913an eraiki eta 1923an hondoratua) ordezkatzeko.

Ezaugarriak aldatu

España seriea osatu zuten hiru korazatuetako bat izan zen, Ferroleko SECN ontzioletan eraikia. Ondo moldatutako ontziak ziren: bizkar bakarra, aginte-zubia, erdiko tximinia handi bakarra, txopa aldean beste zubi txiki bat, bi masta eta ezproi txikia. Neurriak: luzera 140 m, erruna 24 m, puntala 12.74 m, zingoa 7,70 m. Zama normala 15.700 tona ziren eta osoa, 16 450 tonakoa. Korazak 23 cm-ko lodiera zuen beheko bandaren erdian, 15 cm erdiko bandan, eta 7,5 cm altuan, txoparantz eta brankarantz meheago. Eskifaia 850 marinelek osatzen zuten.[1]

Lehen urteak aldatu

1907an, Antonio Maura kontserbadorea boterera iritsi zen, eta José Ferrándiz y Niño itsas kapitaina Armadako Ministro izendatu zuten. 1907ko urtarrilaren 7an, eta Maurak egindako defentsari esker, ontziratze erreformaren legea onartu zen (Ferrándiz plana izenarekin ezaguna) ia aho batez. Planaren muina dreadnought motako hiru korazatuak izan ziren, nahiz eta haien garraio ahalmen txikiarengatik munduko dreadnought txikienak izan. Lehiaketara Ansaldo italiarrak eta Vickers-Armstrong britainiarrak aurkeztu ziren eta esleipena azken hauei eman zieten. Proiektua britainiar gerra-gurutzaontzien bertsio txikia izan zen (Indefatigable klasekoak), eta lehentasuna armei eman zitzaien, abiaduraren eta korazaren kaltetan.

Artean Alfonso XIII izena zuela, korazatua 1910eko otsailean eraikitzen hasi zen, 1913ko maiatzaren 7an uretaratu zen eta 1915eko abuztuaren 16an eman zitzaion Armadari. Misiook egin zituen:

  • Lehena, jatorrizko España korazatuarenak bezala, Lehen Mundu Gerran espainiar kostaldea zaintzea izan zen.
  • 1917ko abuztuan, Bilbon eta Bizkaian aritu zen urte hartako Espainiako greba orokorraren errepresioan.
  • Gerra amaitu ostean, bidaia diplomatikoak egin zituen: 1920an Habanara joan zen. Han harrera ona izan zuen, Kubako Gerraren ostean sartzen zen lehen itsasontzi espainiarra izan baitzen, Nautilus bela eskola-ontzia alde batera utzita (1908an bertaratu zen). Ondoren, San Juan de Puerto Ricon sartu zen, harrera bikainarekin berriz ere. Halaber, AEBetara ere joan zen: New York eta Annapolis (Maryland) bisitatu zituen; hor, USS Reina Mercedes gurutzaontziak (AEBek Espainiari 1898an harrapatua) Espainiako bandera altxatu zuen omenaldi gisan.[2]
  • 1923ko azaroan eskuadra osatu zuen anaia Jaime I korazatuarekin eta beste unitateekin, Errege-erreginak eta Primo de Rivera jenerala Italiara eramateko.
  • Rifeko Gerra garaian, 1921eko irailaren 17an, Alfonso XIII eta jatorrizko España korazatuak (handik egun gutxira hondoratua) Melilla hegoaldea bonbardatu zuen, Espainiar Legioaren eraso batean. 1923ko abuztuan, Alfrauko lehorreratzean parte hartu zuen, Espainiako historian lehenengoz egiten zen aireko-itsasoko-lehorreko operazio bateratua. 1925eko irailean, Jaime I-ekin eta Paris korazatu frantsesarekin, Al-Hoceimako lehorreratzean parte hartu zuen; inpakturen bat jaso zuen, ondorio barik.[1]
  • Erregeak Marokoko Protektoratura eginiko bidaia gehiagotan ere parte hartu zuen, eta 1929an Erakusketa Unibertsalaren harira Bartzelonan ospatutako itsasontzien kontzentrazio handian izan zen.

1931n, Bigarren Errepublika iritsi zenean, Alfonso XIII izenaren ordez España ezarri zitzaion. Aldi berean, erreserbara pasatu zen: Ferrolen amarratua geratu zen, eskifaia txiki batekin, eta biltegi modura erabili zen. Pixkanaka, operazio eta artilleria gaitasuna galdu zuen.[3]

1936ko estatu kolpean aldatu

 
España korazatua (lehengo Alfonso XIII) 1937an.

1936ko uztailaren 20an, Ferrolgo Itsas Baseko zenbait ofizial Espainiako Errepublikaren aurka matxinatu eta baseko buru eta funtzionario leialak egotzi zituzten. España eta Almirante Cervera gerraontzietako eskifaiek matxinatuei aurre egin zieten; baina haiek Artilleria eta Itsas Infanteriako erregimentu bat zuten, eta beste indar leialekin bat egin ezinda, bi eguneko borrokaren ostean amore eman zuten. Ordurako, Errepublikaren aurkako estatu kolpeak porrot egina zuen Penintsulako zati handi batean; baina Afrikako kolonietan izan zuen arrakastak Gerra Zibila ekarri zuen.

Espainiako Armadaren ontzi gehienak Errepublikari leialak mantendu zirenez, España korazatua ondasun baliotsua izan zen matxinatuendako. Ontziaren egoera txarra zen: kuartel mugikor gisa erabiltzen zen eta haren gaitasun operatiboa hutsaren hurrena zen; baina haren ahalmen estrategikoa oso garrantzitsua zen, bereziki ontzi propioen falta kontuan hartuta. Egun gutxiren buruan haren kanoi indartsuetako batzuk berreskuratu zutuzten: 305 mm-ko bi eta 101,6 mm-ko sei. Horrekin, eta oinarrizko eraberritze batzuekin, nabigatzeko moduan zen.

Matxinatuen zerbitzura aldatu

1936ko uztail-abuztuan, 305 mm-ko 8 Vickers kanoietatik 6 bakarrik zituen martxan; dorreetako bat beste hirurendako ordezko piezak hartzeko erabili baitzen. 101 mm-ko 20 kanoietatik 12 soilik zebiltzan, eta oso higatuta zeuden.[4]

1936ko abuztuaren 12an, Gijonera bidali zuten, koartelean setiatuta zegoen Simancas Erregimentuari laguntzeko. Ostean, Almirante Cervera gurutzaontziarekin eta Velasco destruktorearekin batera, Kantauriko kostaldean Errepublikari fidel mantentzen ziren lurraldeak bonbardatzeko eta blokatzeko taldea osatu zuten. Lan horretan aritu zen, salbu eta 1936ko irailaren 28tik urriaren 13ra artean; data horien bitartean Espainiako Errepublikako Itsas Gudarostea Kantauri itsasoan hedatu zen, Jaime I korazatua barne —Españaren bikia—

Euskal Herriko kostaldean hainbat ekintzatan parte hartu zuen:

  • Santurtziko erregai biltegien bonbardaketa.
  • Gipuzkoako lehorreko hainbat objektiboren bonbardaketa, Donostia Irun eta Hondarribia makurrarazteko.
  • Bilboko blokeoa.
  • Errepublikarentzat materialak zekartzaten ontzien harrapaketa.

Hondoratzea aldatu

El Abuelo ("Aitona") ezizena eman zitzaion, eta hainbat erasotatik onik atera zen, hala nola urpekontzi errepublikar batek torpedo bat jaurti zionean (brankan jo zuen, baina lehertu ez), edo hegazkinen eraso egin ziotenean, ez baitzuten ituan jo. Halere, zorte onak 1937ko apirilaren 30a arte iraun zuen: goizeko zazpietan, Santander inguruan, mina batekin talka egin zuen; ziur aski matxinatuen aldeko Jupiter ontziak egun batzuk lehenago ezarria. Egun hartan, España eta Velasco ontziek Santanderrerantz zihoan Knistley garraio ontzia ikusi zuten.[5] Velasco hurbiltzen ari zitzaiola, España maniobra egiten hasi zen, garraio ontziaren bidea oztopatzeko. Baina maniobra horretan Galizano lurmuturrera hurbildu eta mina-eremu batean sartu zen. Garraio ontzia ihes egiten saiatu arren, Velascok harrapatu egin zuen; horretan ari zela jo zuen mina Españak. Hortaz, Velascok garraio ontzia utzi eta Españarantz abiatu zen; ordurako pixka bat eskoratzen hasia zen.

España korazatuan bost gizon bakarrik hil ziren leherketaren ondorioz. Gainerako marinelak Velascok jaso zituen, horretarako mina eremuan sartu baitzen. Ontzia gutxinaka hondoratu zen, Galizanon ziren ikusleen aurrean: ur azalean hiru ordu iraun zien, eta bitartean aire-erasoak jaso.[6]

Aztarnen aurkikuntza aldatu

1971ko irailaren 10ean, nahiz eta kokaleku zehatza jakin ez, erauzketa eta jabetza eskubideak emateko enkante-lehiaketa argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta haren hondoratzea eguneko albiste bihurtu. [7]

2016ko irailaren 30ean Armadak ontzi-aztarnen aurkikuntza iragarri zuen: Neptuno salbamentu-ontziak aurkitu zituen, Ferroleko Urpeko Unitatearen entrenamendu saio batzuetan.[8]

Erreferentziak aldatu

  1. a b 1955-, Alvarez, José E.,. (2001). The betrothed of death : the Spanish Foreign Legion during the Rif Rebellion, 1920-1927. Greenwood Press ISBN 9780313073410. PMC 650308411. (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).
  2. (Ingelesez) «Reina Mercedes» public2.nhhcaws.local (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).[Betiko hautsitako esteka]
  3. Conway's All the world's fighting ships, 1906-1921.. Naval Institute Press 1985 ISBN 0870219073. PMC 12119866. (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).
  4. 1949-, Manrique García, José María,. (2006). Las armas de la guerra civil española : el primer estudio global y sistemático del armamento empleado por ambos contendientes. La Esfera de los Libros ISBN 8497344758. PMC 152592149. (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).
  5. 1903-1982., Roskill, S. W. (Stephen Wentworth),. (1976). Naval policy between the wars. 2, The period of reluctant rearmament 1930-1939. Collins ISBN 0002115611. PMC 59793208. (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).
  6. H., Garzke, William. (1985). Battleships : axis and neutral battleships in World War II. Naval Institute Press ISBN 0870211013. PMC 12613723. (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).
  7. [1] La Gaceta del Norte , 24 de septiembre de 1971
  8. (Gaztelaniaz) «La Armada encuentra los restos del buque 'España', hundido en Santander durante la Guerra Civil» ELMUNDO 2016-09-30 (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).

Kanpo estekak aldatu