Eskulapioren sugea (Zamenis longissima) Colubridae familiako sugea da, Euskal Herrian bizi dena.[1] Frantzia erdialde, Suitza hegoalde, Austria hegoalde, Txekiar Errepublika, Polonia hegoalde eta Errusia hego-mendebaldean dago; hegoaldetik Iberiar penintsulako ipar-ekialdeko muturra, Italia,Sizilia eta Greziaraino. Alemaniako zenbait herri isolatuetan eta beste bat Espainia ipar-mendebaldean ere badago.

Eskulapioren suge
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaSquamata
FamiliaColubridae
GeneroaZamenis
Espeziea Zamenis longissimus
Laurenti, 1768
Banaketa mapa

Ez da arriskutsua gizakiontzat. Euskal Herrian isurialde atlantikoan bakarrik bizi da.[2]

Itxura aldatu

Suge hauek tamainaren aldetik, 190 edo 200 cm-rainokoak diren arren, normalean 140-170 cm bitartekoa izaten da. Arrak emeak baino handiagoak izaten dira. Eskulapio sugea soin liraineko animalia da. Bere burua estua eta ongi definitua da eta begien begi-niniak biribilak dira.

 
Eskulapioren suge

Bere ezkata dortsalak leunak dira eta karena ahul bat nabari zaie. Koloreari dagokionez, helduetan arre gorrixka izaten da nagusi alde dortsalean, eta alboetan argiagoa, sabelaldera hori argira edo zurixka aldatzen delarik. Askotan ezkaten ertzetan orban txuri txiki batzuk dituzte. Nahiz eta normalean marrazki nabarmenik ez izan, batzuetan luzetara arrasto leunak ikus daitezke zenbait aletan. Lepoaren alde bietan barailaren atzean eta gorantz hedatuz, orban horixka argi eta ahulak ikusten zaizkie.

Ohiturak aldatu

Eskulapio sugea txairo da oso, azkarra, lurrean biziki mugitzen dena. Zuhaitzetan gora egiteko aparteko abilezia du, baita bertikalak diren zuhaitzen enborretara igotzeko ere. Eguzkizalea da baina bero handiegia ez du maite, giroak 32 °C-tik gora eginez gero babesleku freskoagoren baten bila joaten da. Eskulapio sugea egunekoa da batik bat, baina batzuetan ez da zaila ehizakiren baten bila ilunabarrean ikustea. Zenbait aldetan 1800m-raino aurkitzen dugun sugea da. Normalean habitat idorretan egoten da hala nola, baso idorrak eta eguzkitsuak, sastrakadi edo harrizko horma zaharretan. Iparraldean egokiak diren lekuetan muga dute hala nola, hegal babestuak eta hegoari orientatuak lurzoru bigunekin.

Euskal Herrian Kantaurialdeko isurialdean ikus daiteke gehienbat, baso misto, harizti eta sastrakadietan. Suge hau nahikoa ugaria da kostaldetik hurbil , 600.700 m-ko altitudetatik behera ageri delarik.

Dietari dagokionez, helduak batez ere mikrougaztunez (arratoi, sagu, satitsu, muxar, eta abarrez), hegaztiz (kabian harrapatzen dituzte), eta bestelako narrastiez (sugandila eta muskerrez bereziki) elikatzen dira. Euren ehizakiak ahoaz eutsi, eta konstrikzioz akabatzen dituzte irentsi aurretik. Ale gazteek berriz, sugandilak, musker gazte eta ornogabe ugari harrapatzen dituzte. Bere etsaiak ere badituzte, haien artean, arrano sugezalea, zapelatza, lepahoria eta batez ere gu , gizakiok. Zoritxarrez Eskulapio sugearen tamaina handia, bere ikusgarritasun nabaria eta izaera lasaia kontuan hartzen baditugu, erraz ulertuko dugu espezie honen kontrako gizakiaren eraso zuzena.

Ugalketa aldatu

Eskulapio sugeak obiparoak dira eta maiatzaren azkenetan, edota ekainaren hasieran araldia izaten dute . Bata bestearen atzetik elkarri segika aritu ondoren, arrak emea ahoaz burutik, lepotik edota soinetik heldu, kiribiltzen dira eta kopula burutzen dute; sexu-jotzearen aitzin-urrats hauek ikusgarriak dira. Zenbait aste geroago, emeak 5-20 arrautza erruten ditu. Horiek zuhaitz-zuloren batean edo harri edo orbel artean ezkutatzen ditu.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. «Euskal Herrian dauden 11 espezietatik hamar atzeman dituzte Aranzadiren 'Sugebizi' proiektuko 'sugezainek'» Berria 2021-07-16 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  2. Jon Larrañaga Elhuyar, K.E. (1996,). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 55 or. ISBN 84-87114-09-1..
  3. Aihartza, Joxerra. (1994-05-01). «Eskulapio sugea, osasunaren zaindari - Zientzia.eus» zientzia.eus (Elhuyar) (Noiz kontsultatua: 2018-10-15).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu