2018an Errusiako ekonomia munduko 11. handiena izan zen.

Mosku errusiar finantzen zentroa da.

SESB desagertu zenetik, merkatu ekonomia modernoa antolatzen saiatzen ari da Errusia. Barne produktu gordinak behera egin du nabarmen (-% 5, 1998), nahiz eta Errusiak baliabide natural asko duen, eta biztanleen heziketa maila garaia izan; bestalde, industria gero eta atzeratuago dago. 1997. urtearen amaieran Errusiak zenbait aurrerakuntza lortu zuen: inflazioa kontrolatu zen, errubloa egonkortu zen eta pribatizazio programa baten bidez milaka eta milaka enpresa esku pribatuetara igaro zen. Baina 1998an, Asiako ekonomia krisiaren ondorioz, lehenbizi petrolio esportazioak jaitsi ziren, eta, ondoren, atzerriko inbertsioek alde egin zuten. Eta are gehiago larritu zen egoera 1998an gobernuak ezin geldiarazi izan zuenean errubloaren jaitsiera, eta ordaindu gabe utzi zituenean 40 mila milioi dolarreko errublo obligazio. Errusiar ekonomiak arazo larriak ditu: finantza eta lege sistema atzeratua du, egitura militar-industrialaren berriztatzea oso motel doa, eta aurrekontu defizita handia da, besteak beste, gobernuak ez baitira gai zergak biltzeko. Orobat oztopatu dute Errusia merkatu ekonomian sartzea soldaten ordainketa atzerapenak, truke ekonomiak eta oso zabaldua dagoen ustelkeriak. Biztanleriaren beherakada handiak areagotzen du ekonomia arazoen larritasuna.

Garraioak aldatu

Garraioen azpiegituraren egoera oso larria da gaur Errusiar Federakundean. Alde batetik, Sobiet Batasuna desagertu delarik –espazio koherente baten moduan antolatua zegoen hura–, mugen ugalketarekin, izugarrizko kontraesanak eta arazoak sortu dira. Bestalde, garraioen pribatizazioak oso ondorio kaltegarriak izan ditu, egin beharreko inbertsioen zenbatekoa oso handia baita. Sektore horren ahultasuna nolanahi ere ez da berria, nahiz eta ahalegin handiak egin diren aspalditik, burdinbideetan bereziki. Hornikuntzak zaharkituak egoteak kinka larrian jarri du Errusian funtsezkoa den sektore hau.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu