Errobiko gudua Espainiako Independentzia Gerra garaian Baiona inguruan gertatu zen gudua izan zen, 1813ko abenduaren 9 eta 10 artean hain zuzen ere[1].

Errobiko gudua
Iberiar Penintsulako Gerra
Data1813ko abenduaren 9-10
LekuaErrobi  Lapurdi
43°26′15″N 1°31′11″W / 43.43750°N 1.51972°W / 43.43750; -1.51972
EmaitzaGarailerik gabe
Gudulariak
Frantziako Lehen Inperioa Espainiako erresuma
Erresuma Batua
Portugalgo erresuma
Buruzagiak
Soult mariskala Wellingtongo markesa
Rowland Hill
John Hope
Indarra
62.000 soldadu 64.000 soldadu
Galerak
1.600 erori edo zauritu 1.600 erori edo zauritu

Batzuetan guduaz baino guduez aritzen dira historialariek, abenduaren 13an armada biek Hiriburuko gudua borrokatu zutelako.

Ohiturazkoa ez bazen ere, Wellington erreserban mantendu zen, zuzentzeko lana Rowland Hill eta John Hope bere laguntzaileek egina.

Aurrekariak aldatu

Wellingtonen armada napoleondar armadaren atzetik ibili eta Ipar Euskal Herrira sartu zen 1813ko udazkenean. Ugaranan menderatua izan ondoren, Soultek beste defentsa-lerroa prestatu zuen Baionan, Aturri eta Errobi ibaien artean.

Bizkaiko golkoa eta aipatutako ibai bien artean Pi hizki grekoaren itxura (π) zuen eskualdea sortzen da: ezkerraldea kostaldea, eskuinaldea Errobi eta aurrealdea Aturri izanik. Baionan Errobik Aturrin du ahoa. Hasiera batean Wellingtonen armada Errobi eta kostaldea artean zegoen konfinatuta. Maniobrak egiteko, britainiarrek Errobiko ekialdean kokatu eta armada bitan zatitu behar zuten. Soultek ondo zekien egoera hori aprobetxatu zitekeela eta baita Baionan frantziar armada erraz mugitu zezakeela ibaiaren alde batetik bestera ere.

Gudua aldatu

Eguraldia txarra bazen ere, Hillek abenduaren 9an Ustaritzetik gertu bost anglo-portugaldar dibisioak (2.a, 3.a, 6.a, portugaldarrak eta Pablo Morilloren espainiarrak) eraman zituen ibaiz bestaldera. Bitartean Hopek zuzentzen zituen dibisioek (1.a, 5.a eta Arina, Thomas Bradford eta Alexander Campbellen portugaldar brigadak, Lord Aylmerren britainiar brigada eta 7. dibisioaren brigada bat) Errobiko mendebaldeko ertzetik Baiona eraso zuten. Wellingtonek erreserban utzi zituen 4. eta 7. dibisioak. Guztira 630 erori inguru izan zituzten aliatuek[2]

Abenduaren 10ean Soulten zortzi dibisioek kontraeraso egin baina britainiarrek bere posizioei eutsi zieten Donibane Lohizunetik tropa berriak heldu arte.

Urdaintz erreka zeharkatzen zuen zubi batean Hoperen eskuinaldeko hegala zegoen, 7. dibisioaren brigada bat hain zuzen ere. Charles Altenen Dibisio Arinak erdigunea defendatu zuen Basusarri parean. Ezkerraldean Bradford eta Campbellen portugaldar brigadak zeuden Barroilheteko iparraldean[3]. Lapurdiko orografia menditsuak hiru bideak besterik ez zizkion utzi frantziar armadari erasotzeko. 5. dibisioa handik bost kilometrotara eta 1.a, Lord Aylmerren britainiar brigadekin batera, hamabost kilometrotara zeuden. Wellingtonek lubakiak egiteko agindua eman arren, Hopek ez zituen egin.

Urdaintz erreka zeharkatzen zuen zubiaren egoera tamalgarriaren gainean ez zegoenez, Soultek Bertrand Clauseli Basusarri eta Reilleri Barroilhet erasotzeko aginduak eman zizkien. Aurrealdean zeuden tropak atseden hartuta bazeuden ere, erretagoardiarenak Hillen tropekin borrokatu ondoren nekatuta zeuden.

Dibisoi arina laster kontura zen erasoaldiaz, 50 soldadu harrapatuak izan baziren ere. Frantziar armada laster ailegatu zen Arrangoitzera, muino batean zeuden jauregi eta elizara hain zuzen ere. Dibisio arinak erasoa geldiarazi zuenean, Clauselek artilleriaz setiatu zituen eraikin biak. Aylmerren brigada arratsaldeko ordu bietarako heldu zen.

Napoleondar armadak laster hartu zuen mendean Hoperen ezkerraldeko hegala eta 200 preso hartu zituen. Portugaldarrek gogor eutsi arren frantziar zalditeriak unitate bat hautsi zuen. Hala ere Barroilhetera ihes egitea lortu zuten eta hantxe itxaron zuten laguntza. 5. dibisioa laster ailegatu zen hara baina bolbora gutxi zuen.

Soultek Baionatik Eugène-Casimir Villattek zuzendutako erreserban zuen dibisioa eta Clauselen dibisoi bat bidali zituen Reille laguntzeko. Gogor eraso eta gero azken erasoaldi bat eskatu zien bere soldaduei: orduan Barroilhet eraso eta bertan zegoen Hope hiltzeko zorian egon ziren. Hala ere 1. dibisioa agertu eta Soultek erretiratzeko agindua eman zuen.

Gau hartan Soultekin zebiltzan Nassau batailoi bik, aurreko hilabetean izandako Leipzigeko guduaren emaitzaz jabetu, eta aliatuekin bat egin zuten. Hirugarren Nassau batailoi batek harrapatua izan zen gauza bera egin baino lehen. Horrela frantziarrek 2.000 infanteria soldaduak galdu zituzten.

Alde biek 1.600 soldadu inguru galduta, Soultek erretiratzeko agindua eman zuen. Gudu honetan aliatuek 500 preso izan zituzten, Wellingtonek inoiz izandako emaitzarik txarrena[4]. Hurrengo egunetan zehar, hilaren 11 eta 12an hain zuzen ere, borroka txikiak izan baziren ere, inork ez zuen beste gudu handia hastea nahi, behintzat abenduaren 13an Hiriburuko gudura arte.

Erreferentziak aldatu

  1. Oman, Charles. (1902). History of the Peninsular War. .
  2. Smith, Digby. (1998). The Napoleonic Wars Data Book. Greenhill, 483 or. ISBN 1-85367-276-9..
  3. Barroilhet Bidarterekiko mugan dagoen Biarrizko auzo txiki bat da, egun A-63ko ordainlekua dagoen tokian Izarbel teknogunetik hurbil.
  4. Glover, Michael. (2001). The Peninsular War 1807-1814. Penguin, 306 or. ISBN 0-141-39041-7..

Kanpo estekak aldatu