Errebisionismo historiko

Artikulu hau historiaren berrinterpretazio kritikoari buruzkoa da. Historiaren manipulazio politikoari buruz jakiteko irakurri Negazionismo historiko.

Errebisionismo historikoa gertakari historikoen eta kontakizun ofizialen azterketa kritikoa da, berrikusi eta, behar izan ezkero, gertakari horiek berrinterpretatu ahal izateko. Termino honen bi erabilera mota bereiz ditzakegu: akademikoa eta ez-akademikoa edo sasizientifikoa. Erabilera akademikoa datu berrien argitan edo analisi zehatzagoen erabileraren ondorioz gertakari historikoak berrinterpretatzeari buruzkoa da.

Errebisionismoak dakar historialarien artean, edo publiko orokorraren artean, gertaera edo prozesu historiko bat ulertzeko modu hegemoniko edo onartu bat dagoela, eta hori zalantzan jartzeko arrazoiak daudela. Arrazoi horiek desberdinak izan daitezke: fidagarriak diren dokumentu berrien agerpena, paradigma historiografikoa aldatzea, edo iragana behatzeko erabiltzen diren balioak aldatzea. Errebisionismo ez-akademikoaren kasuan, historiaren erabilera politikoa eta espiritu kritikoa ez errespetatzea leporatu ohi zaie historialariei euren lanean oinarrizkotzat jotzen diren iturriekiko harremanean.

Errebisionismo hitzak kutsu negatiboa izan ohi du testu akademikoetan. Historia berraztertzeari eta hobeto idazteari berrinterpretazio kritikoa-edo deitzen zaio kutsu positiboa eman nahi zaionean.

Errebisionismo Akademikoa aldatu

Esparru akademikoan, historialari profesionalaren zereginetako bat iragana ulertzeko moduak berrikustea da. Errebisionismoaren esparruan polemika handienetako bat Frantziako Iraultzaren bigarren mendeurrenarekin etorri zen. 1960ko hamarkadan, azalpen estruktural eta marxistak zalantza pean jarri ziren izua azalpen-eragile gisa aldarrikatzen zuten eta erabaki politikoen eta ideologiaren garrantzia nabarmentzen zituzten historialarien eskutik. Polemika honetatik aurrera, ohikoa izan da esparru akademiko batzuetan prozesu historikoak azaltzeko egitura sozial eta baldintzatzaile ekonomikoen ordez kultura politiko edota ideologia terminoez baliatzen diren historialariei errebisionista deitzea.

Mundu anglosaxoian eta, neurri txikiagoan, frankofonoan oso ohikoa da errebisionismo hitza lan akademikoen izenburuan agertzea, bere zentzu literalari erreferentzia eginez. Hala nola, S. P. Mackenzie, historialari militar estatubatuarra, deseroso sentitu zen historiografiak armada iraultzaileen soldaduek euren kausarekiko zuten konpromisoari ematen zion tratuarekin. Cromwellen gudarostea izan, Frantziako Iraultzan altxatutako populazio masiboa izan, Simon Bolivarren Armada Askatzailea izan edota Gerra Zibileko Nazioarteko Brigadak izan, iruditu zitzaion gehiegitan soldaduen konpromiso ideologikoari egozten zitzaizkiela emaitza militar onak, eta ez haien kopuruari, haien perituei, edo haien armamentuari. Ondorioz, errebisionistatzat har daitekeen lan bati ekin zion: unitate militar horiek gudu, garaipen eta porrot ezberdinetan izan zuten portaerari buruz dokumentatu zen, eta unitate erregularrekin alderatu zituen. Emaitza zalantzarik gabekoa iruditu zitzaion: historialariek, askotan, unitate horien arrakasta militarrak soldaduen konpromisoari egotzi zizkioten, alderaketa sistematikoak, ordea, erakutsi zuen armada erregularrek egoera berdinetan ere arrakasta lortuko zutela.[1]

Zenbaitetan, denborak aurrera egin ahala, historialarien komunitatearen ikuspegi aldaketa ahalbidetzen du, helmuga ezberdin batek iragandako ibilbide historikoa berriro ebaluatzeko gonbita eskaintzen baitu. Esaterako, 1960ko hamarkadako espainiar historia ekonomiko eta politikoaren zati batean Francoren agintearen menpeko Espainia eta Europako demokraziak alderatzen ziren, eta XIX. mendetik aurrera herrialdearen ibilbidea porrot bat bezala ikusten zen: industrializazioaren porrota, liberalismo politikoaren porrota...[2] 1990eko hamarkadan zehar, balio berdinetatik iraganera begiratuz, bereziki Berrezarkuntza garaiari(1874-1923) eta XX. mende amaierako demokrazia aurreratuari bide eman zioten ezaugarri positibo asko aurkitu zitezkeen.

Errebisionismo ez-akademikoa eta sasizientifikoa aldatu

Bestalde, iragana berrikusteko jarduera edozein kazetari edo ikertzaile zaletuk egin dezake, eta, salbuespenezko kasuetan izan ezik, euren jarduera pentsamendu- eta adierazpen-askatasunak babesten dute. Gainera, historia eztabaida politikorako eremu emankorra da. Izan ere, ikuspegi politiko garaikideen zilegitasuna iraganeko ibilbide historikoetan oinarritzen denez, berrikuspen historikoa polemikaz beteta egon daiteke. Holokaustoaren Negazionismoa bezalako kasu famatuak, zeinetan ukatzen den Alemania Nazian juduen populazioa sistematikoki erailtzeko egitismo baten existentzia, ondorio moduan izan dute herrialde batzuen legedian delitu gisa biltzea[3].

Noizean behin, eztabaidagai izaten dira errebisionismo akademikoaren eta sasizientifikoaren arteko mugak. A priori, mundu akademikotik kanpoko errebisionistek lan bikaina egin dezakete historiografiari dagokionez. Era berean, historialari akademiko batek historiografiaren mugetatik at lan egin dezake eta akademikoa ez den errebisionista mota batean murgildu. Hala ere, iritzi publikoan oihartzun handiena lortu duten errebisionistek, normalean, onura handiagoa jaso dute polemika bilatzen duten publiko edo talde mediatiko baten existentziatik, ezagutza historikoari ekarpen originala egitetik baino. Horrekin batera, aipatzekoa da akademiko ezberdinen editoreek ere jabetu direla figura mediatiko horiekin polemikan sartzeak liburu gehiago saltzeko balio diela.

Historiografia profesionaletik errebisionismo ez-akademikoari egindako kritikek bere izaera sasizientifikoa aipatu ohi dute:

  • Dokumentuen erabilera akritikoa.
  • Aipu faltsuen erabilera.
  • Informazio garrantzitsuaren testuinguru eza edo berariazko baliogabetzea.[4]

Bestalde, historiografia akademikoari bi kritika nagusi bideratu zaizkio. Alde batetik, salatu izan da historiografia mota hau aurreiritzi ideologikoen menpe egon dela beti. Bestalde, mahai gaineratu da diskurtso zientifiko neutro gisa eraikitzen denean interes publikoa pizteko xedea ez duela betetzen eta, ondorioz, bere konpromiso zibikoari huts egiten diola.[5]

Eraginak aldatu

Denboran zehar historalariengan ikuspuntu aldaketa bat eragin dezaketen zenbait puntu:

  • Datu berriak eskuratzea: datu historiko asko galdu dira. Artxiboek ere erabakiak hartu behar dituzte espazioan eta interesean oinarrituta zein material originaletan eskuratu edo gorde. Batzuetan, ongi finkaturiko gertakarien ikuspegi berriak ematen dituzten dokumentuak aurkitu edo argitaratzen dira. Gobernuek artxibatutako materiala urte askotan zigilatu dezakete, dela eskandalu politikoak ezkutatzeko, dela segurtasun nazionalerako ezinbestekoa den informazioa babesteko. Artxiboak irekitzean, gertakizun baten ikuspegi historikoa alda dezakete.
    • Iturri berriak beste hizkuntzetan: beste hizkuntzetako iturri gehiago eskuragarri bihurtzen direnez, historialariek euren teoriak berrikusi ahal izango dituzte iturri berrien argitan.
  • DNAren analisiaren beste alor batzuetako bilakaerek eragina izan dute historiako hainbat eremutan gaur egun ezarritako azalpen historikoa kaltetzen dutenak. Izan ere, analisi zientifikoek teoria historikoak berresten dituzte edo ebidentzia berriak aurkezten dituzte. Andrew Sherratt irakaslea britaniarra arduratu zen droga legalen eta ilegalen kontsumoaren eta historiaurreko gizarteen zenbait alderdien arteko lotura azaltzeaz.[6]
     
    Waterlooko guduaren irudia
  • Nazionalismoa: adibidez, eskola-liburuek Europaren historiari dagokionez, gertaera beraren kontrajarritako bi ikuspuntu aurki daitezke. Waterlooko guduan, britainiar, frantses, holandar eta alemaniar eskola-liburu gehienek euren herrien ekarpenaren garrantzia azpimarratzen dituzte. Batzuetan, gertakari baten izena ikuspegi politiko edo nazionala erakusteko erabiltzen da.
  • Kultura: adibidez, erregionalismoak britainiar politikan izandako aspaldiko garrantzia berreskuratu duenez, historialari batzuek proposatu izan duteIngalaterrako Gerra Zibilaren ikerketa zaharrenak Ingalaterrari bakarrik jartzen zutela foku eta, beraz, gerra hobeto ulertzeko, aurretik baztertutako gertaerei garrantzi handiagoa eman behar zitzaiela. Hori azpimarratzeko, historialari errebisionistek iradoki dute Ingalaterrako Gerra Zibila hiru Erreinuetako gerra izenez ezagutzen diren herrialde ezberdinen arteko gatazka izan zela.[7]
  • Ideologia: adibidez, 1940ko hamarkadan, modan jarri zen Ingalaterrako Gerra Zibila ikuspegi marxistatik ikertzea. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, interpretazio marxistaren eragina akademia britainiarrean nagusitu zen, Ingalaterra, Eskozia eta Irlandako 170eko mende erdiko gatazkaren azalpen nagusi gisa bilakatuz.
  • Kausa Historikoa: historian zehar izandako kausalitate-arazoak, askotan, ikerketa berriekin berrikusten dira: adibidez, XX. mendearen erdialdera, Frantziako Iraultza klase ertain berri baten garaipen igoeraren emaitza gisa ikusten hasi zen. 1960ko hamarkadan Alfred Cobban eta François Furet bezalako historialari errebisionistek egindako ikerketek agerian utzi zuten egoera soziala askoz ere konplexuagoa zela, eta iraultza zerk eragin zuen oso eztabaidatua dago.[8]
  • Dokumentu publikoen argitalpena: azken hamarkadekin alderatuta, artxibatutako artxibo-erregistroen bolumen handi bat eskuragarri bihurtu da. Hauek iturri berriak eman ditzakete eta, beraz, iraganeko gertaeren analisi berriak.

Errebisionismo historikoaren korronte eta adibide nagusiak aldatu

Argentina aldatu

 
Juan Manuel de Rosas diktadore argentinarra

Argentinan, maiz peronismoaren sostengu intelektual gisa jardun zuen errebisionismo historikoak Juan Manuel de Rosas bezalako diktadoreen irudien aldarrikapenaren baliabide nagusia izan zen.[9] Horrekin batera, aipatzekoa da korronte historiografiko honek hartutako jarrera kritikoa Argentinaren paperari dagokionez Aliantza Hirukoitzaren Gerran.[10]

Mexiko aldatu

Mexikon Salvador Borrego da errebisionismoren ordezkari adierazgarriena. Derrota mundial (1960) edota América peligra (1965) bezlako obrak kritika gogorrak jaso dituzte ustezko antisemitismoagatik, nazioarteko kapital eta ideologia juduak Bigarren Mundu Gerraren eragile gisa aurkezten dituelako.

Espainia aldatu

 
Pio Moa historialaria

Espainian, joan den mendeko 60ko hamarkadan, Espainiako Gerra Zibilari buruzko interpretazio ofiziala zalantzan jartzen hasi zen (gerra "gurutzada" gisa eta matxinada "altxamendu nazional" gisa), eta 1930eko hamarkada historiaren objektu gisa tratatzen hasi zen, eta ez propaganda politikoaren objektu gisa. Trantsizioan, Gerra Zibila erregimen demokratiko legitimoaren (II. Errepublika) aurkako matxinada militarraren ondorio gisa ulertzea bertsio nagusia bilakatu zen, baina, idazle errebisionistek zalantzan jarri zuten 90eko hamarkadaren amaieran. Errebisionista horiek aldarrikatzen zuten Espainiako Gerra Zibila 1934an hasi zela, eta ez 1936ko uztailaren 17an eta 18an. Tesi horren arabera, ezkerrak, bereziki PSOEk eta ERCk, errepublikanoen legezkotasunaren aurka konspiratu zuten, eskuina zanpatuko zuen erregimen iraultzaile bat ezartzeko.

Autore errebisionisten arabera, asmo hauek 1934ko Iraultzan gauzatu ziren, 1933ko hauteskundeetan ezkerrak eskuinaren garaipena onartu ez zuenean. Horrela, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra ezkerrak gauzatutako egitasmo iraultzailearen aurkako erantzun zilegi gisa burutu zen.[11] Pio Moa eta Cesar Vidal idazleak korronte honen zabaltzaile adierazgarrienak dira.[12][13] Ian Gibson, Javier Tusell[14] edota Paul Preston bezalako historialariek errebisionismo honen aurka agertu dira, originaltasuna baino frankismoan garatutako argudioak berreskuratzen dituela salatuz.

XX. mendearen erdialdean oraindik aktiboa dagoen korronte historiografiko bat sortu zen, VIII. mendeko Iiberiar penintsulako arabiar-islamiar konkistaren eta Errekonkistaren prozesuaren ikuspegi desberdina eskaini eta zabaldu nahian. Teoria honek, de facto, ukatu egiten du mende horretan inbasio hori gertatu zenik. Horren ordez, defendatzen du bisigodoen erresumaren erorketak eragindako hutsune politiko luzearen ondorioz, Iberiar penintsulako populazioaren islamizazio eta arabizazio motel bat gauzatu zela (X. mendean amaitu zena Kordobako Kalifa-herriarekin).[15] Teoria hau defendatzen duten pentsalari adierazgarrienak Ignacio Olagüe paleontologo falangista, Emilio González Ferrín arabista edota Thomas F. Glick hispanista amerikarra dira. Tesi hauek pisua izan dute eta gaur egun ere badute andaluzismo politikoan, baita mundu musulmaneko zenbait hedabide akademikotan ere.

Sobietar Batasuna aldatu

Sobietar Batasuna erori baino lehen, mendebaldeko historialariek Stalinen erregimenak hildako kopurua 20 milioi edo altuagoa zela aldarrikatzen zuten. [16] Sobietar Batasuna desegin zenean, sobietar artxiboak eskuragarriak bilakatu ziren. Dokumentu horietatik eskuratutako informazioak Satalinen erregimenaren hildakoen kopuruaren errebisioa eragin zuen.[17]

II. Mundu Gerraren eragitearen errua aldatu

Interpretazio ortodoxoak Alemania naziari eta Japonia Inperialari leporatzen die Bigarren Mundu Gerraren eragileak izatearen errua. Horren aurka, Charles A. Beard bezalako historialari errebisionistek gerra eragitearen errua Estatu Batuei egozten diote, batik bat, 1940ean eta 1941ean Inperio japoniarrari gehiegizko presioa ezarri ziolako.[18]

Kolonialismo aldatu

Errebisionismo historikoa egin da Amerikan, Afrikan eta oro har munduan zehar egon den kolonialismoa zuritzeko. Errebisionismo mota honek kolonialismoa zuritu izan du azalduz kolonoek elkar hiltzen ari ziren tribuetan bakea ezarri zutela, eta azalduz kolonialismoak gehienbat aurrerabide ekonomikoa ekarri ziela gosez hiltzen ari ziren kolonizatu atzeratuei.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Mackenzie, S. P.. (2013). Revolutionary armies in the modern era : a revisionist approach.. Routledge ISBN 0-415-86777-0. PMC 925306379. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  2. (Gaztelaniaz) Nadal, Jordi. (1975). El fracaso de la revolución industrial en España, 1814-1913. Editorial Ariel ISBN 84-344-6505-1. PMC 1638636. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  3. (Gaztelaniaz) Los principios y la interpretación judicial de los derechos fundamentales : homenaje a Robert Alexy en su 70 aniversario. Fundación Manuel Giménez Abad 2016 ISBN 978-84-942014-7-9. PMC 945662631. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  4. (Gaztelaniaz) Espinosa Maestre, Francisco, .... (2005). El fenómeno revisionista o los fantasmas de la derecha española : sobre la matanza de Badajoz y la lucha en torno a la interpretación del pasado. Los libros del oeste ISBN 84-88956-68-1. PMC 470348698. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  5. (Gaztelaniaz) Caponnetto, Antonio. (1998-2012). Los críticos del revisionismo histórico. Instituto Bibliográfico "Antonio Zinny" ISBN 987-95465-3-9. PMC 39868377. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  6. (Ingelesez) Consuming habits : global and historical perspectives on how cultures define drugs. (2nd ed. argitaraldia) Routledge 2007 ISBN 978-0-415-42581-0. PMC 71350521. (Noiz kontsultatua: 2021-03-15).
  7. (Ingelesez) «A Discussion On The Purpose of Cultural Identity - The Apollonian Revolt» web.archive.org 2015-04-19 (Noiz kontsultatua: 2021-03-15).
  8. (Ingelesez) Furet, François. (1981). Interpreting the French Revolution. Cambridge University Press ISBN 0-521-23574-X. PMC 7906474. (Noiz kontsultatua: 2021-03-15).
  9. (Gaztelaniaz) Duhalde, Eduardo Luis. (2005). Contra Mitre: los intelectuales y el poder : de Caseros al 80. Editorial Punto Crítico ISBN 987-20493-1-9. PMC 61122016. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  10. (Gaztelaniaz) Halperín Donghi, Tulio. (2005). El revisionismo histórico argentino como visión decadentista de la historia nacional. Siglo Veintiuno Editores Argentina ISBN 987-1220-17-0. PMC 62385191. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  11. (Gaztelaniaz) Moa Rodríguez, Pío.. (2009). Los orígenes de la guerra civil española. Ediciones Encuentro, S.A ISBN 978-84-9920-674-5. PMC 847620955. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  12. (Gaztelaniaz) Tigres, Tres Tristes. «Stanley Payne elogia la obra de Pío Moa» La esfera de los libros (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  13. (Gaztelaniaz) «La ilustración Liberal: Por qué mis amigos no quieren revisar sus ideas sobre la guerra civil» web.archive.org 2006-01-28 (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  14. (Gaztelaniaz) «Equipo Nizkor - El revisionismo histórico español.» www.derechos.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  15. (Gaztelaniaz) Olagüe, Ignacio. (2004). La revolución islámica en Occidente. (1. ed. argitaraldia) Plurabelle ISBN 84-933871-1-8. PMC 57057729. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  16. (Ingelesez) Conquest, Robert. (1990). The great terror : a reassessment. Oxford University Press ISBN 0-19-505580-2. PMC 20133978. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  17. (Ingelesez) Ellman, Michael. (2002). «Soviet Repression Statistics: Some Comments» Europe-Asia Studies 54 (7): 1151–1172. ISSN 0966-8136. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  18. (Ingelesez) The origins of the Second World War reconsidered : A.J.P. Taylor and the historians. (2nd ed. argitaraldia) Routledge 1999 ISBN 0-203-01024-8. PMC 252806536. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).

Bibliografia aldatu

  • (Ingelesez) Burgess, Glenn. "On Revisionism: An Analysis of Early Stuart Historiography in the 1970s and 1980s." Historical Journal 33.3 (1990): 609–627. online
  • (Gaztelaniaz) Cárcel Ortí, V. (1990). La persecución religiosa en España durante la segunda República (1931-39) (2a ed.). Rialp.
  • (Ingelesez) Comninel, George C. Rethinking the French Revolution: Marxism and the Revisionist Challenge. Verso (1987). online
  • (Ingelesez) Confino, Michael. "The New Russian Historiography, and the Old—Some Considerations." History & Memory 21.2 (2009): 7–33. online
  • (Ingelesez) Gaither, Milton. "The Revisionists Revived: The Libertarian Historiography of Education." History of Education Quarterly 52.4 (2012): 488–505. online
  • (Frantsesez) Quattrochi-Woisson, Diana, Un nationalisme de déracinés: l’Argentine, un pays malade de sa mémoire, París: CNRS, 1992
  • (Ingelesez) Jainchill, Andrew, and Samuel Moyn. "French Democracy Between Totalitarianism and Solidarity: Pierre Rosanvallon and Revisionist Historiography." Journal of Modern History 76.1 (2004): 107–154. online
  • (Ingelesez) Kopecek, Michal. Past in the Making: Historical Revisionism in Central Europe After 1989. Central European University Press (2008).
  • (Ingelesez) Kort, Michael. "The Historiography of Hiroshima: The Rise and Fall of Revisionism." New England Journal of History 64.1 (2007): 31–48. online
  • (Ingelesez) Markwick, Roger. Rewriting History in Soviet Russia: The Politics of Revisionist Historiography 1956–1974. Springer (2001).
  • (Ingelesez) Melosi, Martin V. "The Triumph of Revisionism: The Pearl Harbor Controversy, 1941-1982." The Public Historian 5.2 (1983): 87–103. online
  • (Ingelesez) Palmer, William. "Aspects of Revision in History in Great Britain and the United States, 1920–1975." Historical Reflections/Réflexions Historiques 36.1 (2010): 17–32. online
  • (Frantsesez) Quattrochi-Woisson, Diana, Un nationalisme de déracinés: l’Argentine, un pays malade de sa mémoire, París: CNRS, 1992
  • (Ingelesez) Riggenbach, Jeff. Why American History Is Not What They Say: An Introduction to Revisionism. Auburn, Alabama: Ludwig von Mises Institute (2009). online
  • (Ingelesez) Rothbard, Murray N. "Revisionism and Libertarianism." The Libertarian Forum (February 1976): 3-6. online
  • (Gaztelaniaz) Vidal, César. (2009). Paracuellos-Katyn : un ensayo sobre el genocidio de la izquierda (3a ed.). Libroslibres.
  • (Gaztelaniaz) Vidal, César, & Vidal Manzanares, C. (2010). Mitos y Falacias de La Historia de España. Ediciones B.
  • (Gaztelaniaz) Cárcel Ortí, V. (1990). La persecución religiosa en España durante la segunda República (1931-39) (2a ed.). Rialp.
  • (Ingelesez) Viola, Lynne. "The Cold War in American Soviet Historiography and the End of the Soviet Union." Russian Review 61.1 (2002): 25–34. online

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu