Ernalketa

Bi zelula sexual (gameto arra eta emea) batzea, beren nukleoak bat egin arte, eta ondorioz zigotoa sortzea.

Ernalketa zelula sexual ar eta emeak, ugaztunengan espermatozoidea eta obulua hurrenez hurren, zelula bakarra osatzeko elkartzen diren prozesua da; zelula hau, gero, zatikatu egiten da eta prozesu horretan beste indibiduo bat sortzen da. Izaki honek, sortzaile bakoitzetik erdibana hartzen ditu kromosomak eta hauetatik heredatzen ditu gero agertuko zaizkion ezaugarri biologikoak. Ernalketa landare fanerogamoen kasuan ere gertatzen da, non polen ale bakoitzeko bi gametoak beste lore bateko edo lore bereko karpeloan sartzen diren.

Ugaztun baten espermatozoide bat obolu bat ernaltzen.

Ezaugarriak aldatu

Zelula sexualen fusio-prozesua da ernalketa, halako moldez non guraso bietatik eratorririkoa izango baita eratuko den ale berriaren potentzial genetikoa. Beraz, ernalketa zeregin bitan engaiaturik dagoela esan daiteke: sexualitatean (gurasoen geneen konbinazioan) eta ugalketan (bizidun berri baten kreazioan). Ugalketa asexualaren kasuan, ale berrien eraketarako zatiketa zelular guztiak mitotikoak dira soilki, eta horrexegatik gurasoen ezaugarri hereditario berberak mantentzen dira ondorengoetan; ostera, ugalketa sexualean, beste era batera bada ere, meiosi-prozesuak burutzen dira gameto haploideak itxuratuz, eta hortaz, genetikoki desberdinak diren bi gurasoren informazioa biltzen da kumeen hornidura kromosomiko diploidean, aniztasunari bidea emanez.

Badaude zenbait termino ernalketa-prozesuaren urratsak nahiz esku hartzen duten gametoen mota desberdinak izendatzeko, hala nola, singamia, gametogamia eta hilogamia esaten zaio gametoak batzeari; kariogamia terminoa erabiltzen da gametoen nukleoen fusioa aipatzeko; kariomixia deritzo gametoen nukleoetako material genetikoak elkarrekin nahasteari. Isogamiaz mintzo da, ernaltzen ari diren gameto biak itxuraz eta tamainaz berdinak direnean; beraien arteko alde morfologikorik ez dagoenez, gameto + (emaile) eta gameto - (hartzaile) gisa izendatzen dira, eta alga askotan eta behe-mailako onddoetan beha daiteke. Anisogamiaren kasuan, sexu desberdineko gametoak tamainaz bereiz daitezke eta hau arrunta da goi-mailako algetan eta behe-mailako onddoetan; anisogamiaren kasuan makrogametoak emetzat jotzen dira eta artzat mikrogametoak. Azkenik, oogamia deritzo makrogameto eme higiezinaren eta mikrogameto ar higikorraren arteko ernalketari; metazooen eta behe-mailako landareen ezaugarria da.

Gizakiengan aldatu

Gizakiaren zelulen nukleoak 23 kromosoma-pare ditu: pare bakoitzean, kromosoma bat aitarengandik hartutakoa da eta bestea amarengandik. Espermatozoidean eta obuluan, ordea, erdia baino ez daude ( hau da, pare bakoitzeko elementuetatik bat bakarra agertzen da) eta elkartu arte ez da kromosoma-hornidura osatzen. 23. parea sexu-kromosomek osatzen dute, eta berauek erabakitzen dute izaki berriaren sexua; emakumearen kasuan, bi kromosomak berdin-berdinak dira (XX), baina gizonezkoarengan ezberdinak (XY). Sexu-zelula emea (obulua), hau da, X kromosomak bakarrik dituena, X kromosoma duen espermatozoideak ernaltzen badu emaitza emakumezkoa (XX) izango da; aldiz, zelula espermatikoak, Y kromosoma badarama, orduan emaitza gizonezkoa (XY) izango da. Gizona da beraz, aita, haurraren sexua erabakitzen duena beti.

Ernalketa, gizona eta emakumearen arteko sexu-harremanaren ondorioa da eta obulua ernaldua izan dadin, honek tronparen batean edota uteroan egon behar du. bi hilekoren artean egon ohi da obulua horrela kokatua, obulutegi batean heldu eta tronpetako batetik jaisten hasita gero. Sexu-harremana, obulua tronparako bidean dela burutzen bada, ernalketa oso posiblea da.

Gizona eta emakumea koitoan elkartzeko, gizonaren zakilak tentetu eta gogortu egin behar du; hala, emakumearen baginan sar daiteke, eiakulatzeko unean esperma barrura bideratzeko. Eiakulazio bakoitzean 500 bat milioi espermatozoide isurtzen dira. Hauek oztopo ugari gainditu behar dituzte: asko, baginaren jariakin azidoek suntsitzen dituzte, edota obulurik gabeko tronpan bideratzen dira. Beraz, gutxi batzuk baino ez dira iristen zelula emera eta hauetatik bakarra sartzen da. Ondoren obuluak mintz bat jariatzen du beste zelula espermatikoei bidea ixteko. Ernalketa gertatu da, espermatozoidearen eta obuluaren nukleoak elkartu egiten dira zelula berri bat eratzeko, eta zatitzen hasiko da uteroan kokatuta geratu arte. Hau, 10 bat egunen buruan enbrioi bihurtzen da eta uteroaren paretan hazten da, beste izaki bat eratu arte.

 
Espermatozoideen injekzio intrazitoplasmikoa obuluan, pipeta bat erabiliz.

Injinerutza genetikoaren teknika berriei esker, gaur posible da “ in vitro” deituriko ernalketa egitea, hots, espermatozoidearen eta obuluaren nukleoen elkarketa laborategiko probeta batean burutzea.

Ernalketa artifiziala baldintza naturaletan burutzen ez dena, horretarako erabili den metodoa edozein izanik ere (dela pertenogenesi eragina zein intseminazio artifiziala). In vitro ernalketa artifizialaren modu bat da. Obulua emearengandik at ernaltzen da kultibo-ingurune egokian, geroago uteroan ezartzen da zigotoaren segmentazioaren lehen urratsen ostean, bertan gerta dadin enbrioiaren gainerako garapen-prozesua.

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

  • Austin, C. (1974). Scientific and clinical aspects of fertilization and implantation. Proc. Roy. Soc. Med., 67.
  • Brusca, R. y Brusca, G. (2002). Invertebrates. 2a. ed. Sinauer Assoc., Sunderland.
  • Gilbert, S. F. (2005). Biología del desarrollo. 7a. ed. México: Panamericana.
  • Kiipker, W., Diedrich, K. y Edwards, R. (1998). Principles of mammalian fertilization. Human Reproduction, 13.
  • Longo, F. J. (1997). Fertilization. 2nd. ed. London: Chapman & Hall.
  • Wassarman, P., Jovine, L., Litschere. 2001. A profile of fertilization in mammals. Nature Cell Biology, 3.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu