Erlijioaren filosofia

Erlijioaren filosofia, existentziaren eta munduaren [1]zentzu transzendentalari buruzko giza adierazpen kontziente eta gogoetatsu gisa, erlijioa eta espiritualtasuna aztertzen dituen filosofiaren adar bat da. Adar filosofiko honek, batez ere, naturaren, erlijio desberdinetako jainko eta jainkosen existentziaren eta gaizkiaren arazoaren auziaren inguruko argudioak biltzeaz gain, haren unibertsaltasunaren berri ematen du, giza kultur ororen historian auzi hau nabarmenki nagusitu baita. Era berean, diziplina filosofikoaren alderdi honek erlijioaren eta beste balio-sistema batzuen arteko harremanei buruzko kezkak ditu aztergai, zientzia[2]rena esate baterako.

Ildo beretik, erlijioaren filosofiaren xedea erlijioen tradiziozko kontzeptuak filosofiaren ikuspuntutik aztertzearen ekintzan datzala esan daiteke. Izan ere, horrelako gaien inguruko eztabaida filosofikoak antzinatik existitzen dira eta filosofiari lotutako aurrenetariko testuetan jada agertzen dira. Alor hau filosofiaren beste hainbat atalekin lotuta dago, hala nola, metafisika, epistemologia edo etikarekin.

Bestalde, kontu handiz bereizi behar dira erlijioaren filosofia eta filosofia erlijiosoa[3], bi kontzeptu ezberdin baitira. Alde batetik, erlijioaren filosofia fededun zein fedegabeek landu dezaketen filosofiaren esparru bat da; diziplinaren alderdi honek erlijioek, bere osotasunean, biltzen edo sortzen dituzten galderak erantzuten saiatzen baita. Aitzitik, filosofia erlijiosoak sinesmen sistema jakin batek sor ditzakeen arazo eta zalantzei irtenbidean aurkitzen saiatzen da. Horrenbestez, bi filosofia alderdi hauek elkarrekin alderatuz gero, bigarrenak erlijio zehatz bateko jainko ala jainkosek edota erlijioak berak inspiratutako eta gidatutako jakintzatzat jotzen da, hala nola, filosofia judua, kristaua, islamiarra[4],[5] etab.

Terminoaren jatorria aldatu

FiIosofia-eremu honen deskribapen orokor bat egiteari ekin aurretik, terminoaren jatorriari erreparatu diezaiogun: mendebaldeko gizartean erlijioaren filosofia terminoaren erabilera ez zen XIX. mendera arte hasi. Behin hura erabilia izaten hasi zela, gizateriaren erlijio-kontzientziaren artikulazioa eta kritika aipatzeko erabili zen, eta, aldi berean, pentsamenduan, hizkuntzan, sentimenduan eta praktikan [6][7] dituen kultura-adierazpenen berri emateko.

Deskribapen orokorra aldatu

 
Fyodor Bronnikov-ek 1869an egindako Pitagorikoak eguzkiaren irteera ospatzen izeneko margolana. Pitagorismoa erlijio-elementuak biltzen zituen greziar filosofiaren adibide bat da.

William L. Rowe filosofoak erlijioaren filosofia oinarrizko sinesmen eta kontzeptu erlijiosoen azterketa kritikoa [8]gisa karakterizatu zuen. Erlijioaren filosofiak Jainkoari, jainkoei edo biei buruzko sinesmen alternatiboak, esperientzia erlijiosoaren aldaerak, zientziaren eta erlijioaren arteko elkarrekintza, ongiaren eta gaizkiaren izaera eta irismena, eta jaiotzaren, historiaren eta heriotzaren tratamendu erlijiosoak biltzen ditu[1]. Filosofia-adar honen eremuak konpromiso erlijiosoen inplikazio etikoak, fedearen, arrazoiaren, esperientziaren eta tradizioaren, mirarizko kontzeptuen, errebelazio sakratuen, mistizismoaren, boterearen eta salbazioaren arteko harremana ere barne hartzen ditu.[9]

Aurreko atalean aipatu dudan bezala, mendebaldean erlijioaren filosofia terminoa ez zen XIX.mendera arte hedatu[10]. Gainera, modernitate aurreko obra filosofiko gehienek eta modernitatearen hasierakoek erlijiozkoak eta erlijiozkoak ez ziren gaien arteko nahasketa jasotzen zuten. Asian, adibidez, Upanishad hinduak, Daoismoko eta Konfuzionismoko lanak eta testu budistak[11] daude. Pitagorismoa eta estoizismoa bezalako filosofia grekoek elementu erlijiosoak eta jainkoei buruzko teoriak zituzten, eta Erdi Aroko filosofiak hiru erlijio monoteista handien [ gogora ekar dezagun hiru erlijio horiek abrahamiar erlijio nagusiak direla: kristautasuna, judaismoa eta islamismoa] eragin handia zuen. Mendebaldeko munduan, berriz, aurrenetariko filosofo modernoek, hala nola, Thomas Hobbes-ek, John Locke-k eta George Berkeley-k gai filosofiko sekularrekin batera, gai erlijiosoak ere eztabaidatu zituzten.

Erlijioaren filosofiak, teologiarentzat bere gogoeta kritikoak sinesmen erlijiosoetan oinarritzen direla adieraziz, teologiatik berezi da. [12]Era berean, filosofiak bere argudioak ebidentzia denboragabearen eremuan oinarritzen dituen bitartean, teologia bere pentsamenduari, diskurtsoei eta testigantzei hastapena ematen dien autoritate baten aurrean arduratsua da.[13]

Erlijioaren filosofiaren alderdi batzuk klasikoki metafisikaren zatitzat hartu ohi izan dira. Aristotelesen Metafisika-n, betiereko higiduraren ezinbesteko aurreko kausa lehen motor mugiezin[14] bat zen, desiraren edo pentsamenduaren objektu gisa higidura bera mugitua izan gabe sorrarazten duena[15].

 
Raffaello Sanzio Da Urbino-k egindako margolana Lehen Motorra irudikatuz.

Aristotelesen lehen motor mugiezinaren kontzeptu metafisikoan gehiago sakonduz, filosofoak hura unibertsoko higidura ororen aurreneko kausa gisa deskribatu zuen. Zehatz-mehatz, bere VIII. liburuan munduaren printzipio fisikoa den izaki immaterial baten figuraz mintzatzen digu. Metafisika obran, berriz, Aristotelesek Jainkoa lehen motor aldaezin eta ustelgaitz gisa deskribatzen du, hau da, bere pentsamendu propioa, adimena eta adimen-egintza bat eta bera direla pentsatzen duen izaki gisa. Zentzu horretan, Aristotelesek Jainkoa mugimenduen multzoa jaurtitzen duen eta ordutik aurrera dena eguneratzen duen materiarik gabeko forma edo egintza gisa deskribatu zuen.

Aristotelesek bere lanetan aurkeztutako jainkoa edo lehen motorra haraindikoa (transzendentea) da, hots, gizakiek ez dutenarekin lotuta deskribatzen da. Berak Tο Θείον (To Theion) deiturarekin izendatu zuen: jainkozkoa, perfektua, egintza eta forma hutsa dena, alegia "izate nagusia".

Gaur egun, ordea, gai horretarako filosofo frankok "erlijioaren filosofia" terminoa hartuko lukete, eta are gehiago, oraindik ere batzuek, bereziki filosofo katolikoek, metafisikaren parte gisa tratatzen duten arren, eskuarki espezializazio-eremu berezitzat hartzen da.

Diziplinaren hiru fase nagusiak aldatu

Diziplina honi hiru fase[16] esleitzen zaizkio, eta horietan zehar diziplina autonomoa eratzen da. Lehenik eta behin, Kantek, Lessing eta Schleiermacher ordezkari nagusiekin batera, filosofiaren ildo berriari hasiera eman zion.

Gerora, XIX. mendean, erlijioaren kritika deritzoguna hasi zen, zienek, erlijioa gizateriak gainditutako estadio bat dela aldezten duen (A. Comte). Nolabait, erlijioaren kritika defendatu duten filosofo eta pentsalariek,historian zehar, hura itxurazkoa benetakotzat hartzen duen giza proiekzio baten emaitza gisa, harreman ekonomiko-sozialek eragindako gizakiaren lerrokatze gisa, herriarentzako platonismo gisa, mendebaldeko kulturari balioa kentzeaz arduratu den erantzule gisa (Nietzsche), eldarniozko ilusio edo haurtzaroko hasierako estadio batek eragindako ideia edo gizateriaren neurosi obsesibo gisa edo eztabaida arrazionaletik kanpo uzten duten hizkuntza metafisiko batean modu desegokian adierazitako sentipen eta emozio gisa deskribatua, sailkatua eta kalifikatua izan ohi da (filosofia analitikoa).

Hirugarrenik, XIX. mendearen amaieran, erlijioen historia konparatua sorrarazten duten erlijio-gertakariei buruzko ikerketa enpiriko ugarietan oinarrituta, Erlijioaren Zientziak sortu ziren, hala nola erlijioaren fenomenologia edo erlijioaren soziologia ala psikologia.

Aurkeztutako emaitza enpiriko hauetan oinarritzen diren ikertzaileek, hala nola Émile Durkheim, Georg Simmel, Max Weber, Ernst Troelstch eta Lucien Lévy-Bruhul bezalako ikertzaileek erlijioaren aurkako jarrera kritiko eta borrokalariekin ez dute bat egiten. Aitzitik, erlijioaren jarrera hori gizarteko beste edozein fenomeno bezala objektiboki eta neutralki azter daitekeela aldezten dute.

Oinarrizko gaiak eta auziak aldatu

Azken errealitatea aldatu

Munduko erlijio desberdinek azken errealitateari buruz elkarren artean oso bestelakoak diren ideiak dituzte, bere iturri edo oinarriari buruz (edo horren faltari buruz) eta baita "handitasun gorena" denari buruz ere.[17] [18] Paul Tillich-en "Azken kezka" eta Rudolf Otto-ren "Santuaren ideia" kontzeptuak filosofia erlijioso gehienek nolabait jorratzen dituzten azken egiaren edo gorengoaren inguruko kezkak adierazten dituzte. Erlijioen arteko desberdintasun nagusienetariko bat azken errealitatea jainko pertsonala edo errealitate inpertsonal bat ote delakoa da.[19][20]

Mendebaldean zabaldutako erlijioetan, ikusmolde arruntenak teismoaren forma askotarikoak dira, eta ekialdeko erlijioetan, berriz, ikuskera teistak zein ez-teistak nabarmenki hedatuak daude. Gogora ekar dezagun erlijio mota desberdinak sailkatzerako orduan, teistak direnen eta ez direnen arteko bereizketa eskuarki egiten dela.[21]

Azkenik, ezin da geratu komentatzeke, hainbat teismo mota barne hartuz, Jainkoaren existentziari buruz makina bat jarrera filosofikoak daudela, esate baterako, monoteismoa, politeismoa, agnostizismoa eta ateismo mota desberdinak.

Ekarpen filosofikoa aldatu

Erlijioaren filosofiak erlijio orotan izan diren galderen eta erantzunen esentziaz, zentzuaz, arrazoiaz eta desarrazoiaz pentsatzen eta hausnartzen du. Filosofiaren adar honetan itaun daitezkeen galderak, adibidez, honako sei hauek izan daitezke:

  • Nondik sortu gara gizakiok?
  • Zein da bizitzaren zentzua?
  • Zertan datza giza izaera?
  • Zein da jainkozko natura?
  • Nola uler daitezke zeruko eta infernuko dimentsioak?
  • Zer dira mirariak?

Filosofiaren esparru honek, azken finean, giza existentzian, maila indibidualean zein kolektiboan, lekua izan duten hausnarketa horiek guztiak aintzat hartzen ditu.[22] Erlijioaren azterketa filosofikoaren barruan, erlijio guztien egitura orokorrean oinarritutako gaiak hartzen dira kontuan; erlijio bakoitzaren arteko konparazio gisa, kosmos perfektu bati eta horiek sortu zituen ustezko ente perfektu bati dagokienez existentziaren perfekzioari eta zentzuari buruzko galderak egiten dituzten gaien proportzioan.

Bestalde, erlijio ezberdinen barnean filosofiaren eta erlijioaren beste agerpen batzuk aintzakotzat har daitezke. Esate baterako, hinduismoa edota budismoa bezalako ekialdeko doktrina erlijiosoetan, osotasun absolutu baten ideian, hots, dena estaltzen duen esentzia batean interes handia dute; hura dimentsio espiritualago baten garapenean interesa pizteaz gain, itxaropena sortzen duelako.[22]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Taliaferro, Charles. (2007-03-12). Philosophy of Religion. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  2. Hashiru, Mohammed. (2016-12-01). «Philosophy of Religion: An Introduction - William L. Rowe» İslâm Araştırmaları Dergisi (36): 202–208.  doi:10.26570/isad.327266. ISSN 1301-3289. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  3. Evans, C. Stephen. (1985). Philosophy of religion : thinking about faith. Downers Grove, Ill., U.S.A. : InterVarsity Press ISBN 978-0-87784-343-6. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  4. (Gaztelaniaz) Encyclopedia of Philosophy. 2022-06-15 (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  5. Taliaferro, Charles. (2023). Zalta, Edward N. ed. «Philosophy of Religion» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  6. (Gaztelaniaz) Pantaleo, Patricio Ivan. (2015). «CONSIDERAR LO RELIGIOSO: CONTRIBUCIONES PARA SU ESTUDIO EN LAS CULTURAS CONTEMPORÁNEAS» Revista de Ciencias Sociales (150)  doi:10.15517/rcs.v0i150.22828. ISSN 2215-2601. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  7. (Ingelesez) Wainwright, William. (2004-12-16). The Oxford Handbook of Philosophy of Religion. Oxford University Press ISBN 978-0-19-803158-1. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  8. Rowe, William. (2007). Philosophy of Religion, An Introduction. Fourth Edition, 2 or..
  9. (Ingelesez) Bunnin, Nicholas; Tsui-James, Eric. (2008-04-15). The Blackwell Companion to Philosophy. John Wiley & Sons ISBN 978-0-470-99787-1. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  10. (Ingelesez) Wainwright, William. (2004-12-16). The Oxford Handbook of Philosophy of Religion. Oxford University Press ISBN 978-0-19-803158-1. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  11. Profili, Lelia Edith. (2019-09-20). «La religión en la "Enciclopedia de las ciencias filosóficas" de Hegel. Diferencias estructurales respecto de las "Lecciones sobre Filosofía de la Religión"» Anales del Seminario de Historia de la Filosofía 36 (3): 747–758.  doi:10.5209/ashf.59760. ISSN 1988-2564. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  12. Teología. Encyclopædia Britannica.
  13. (Ingelesez) «Theology | Definition, History, Significance, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  14. (Gaztelaniaz) Primer motor inmóvil. 2023-04-05 (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  15. «Aristotle's Unmoved Mover» web.archive.org 2013-01-15 (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  16. (Gaztelaniaz) «Religión, filosofía de la - Encyclopaedia Herder» encyclopaedia.herdereditorial.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  17. Yandell, Keith E.. (2002). PHILOSOPHY OF RELIGION: a contemporary introduction. Routledge, Parte II en general or..
  18. Wainwright, William. (2006-12-21). Concepts of God. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  19. Meister, Chad. (2009). Introducción a la filosofía de la religión. Routledge, capítulo 3 or..
  20. Rowe. (2007)., 179 or..
  21. Yandell. (2002)..
  22. a b (Ingelesez) Bunnin, Nicholas; Tsui-James, Eric. (2008-04-15). The Blackwell Companion to Philosophy. John Wiley & Sons ISBN 978-0-470-99787-1. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).

Kanpo estekak aldatu