Elur-lursagua (Chionomys nivalis edo Microtus nivalis) ugaztun karraskaria da, Cricetidae familikoa. Ekialde Ertaina eta Europa osoan bizi da, baso epel eta larretan[1].

Elur-lursagu
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaRodentia
FamiliaCricetidae
GeneroaChionomys
Espeziea Chionomys nivalis
Martins, 1842
Banaketa mapa

Ugaztunen, eta orokorrean animalien, artean banaketa geografiko berezia duen espeziea da honako hau, mendiguneei loturik baitago guztiz. Europako eta Ekialde Hurbileko mendietan soilik aurki daiteke karraskari txiki hau, eta Euskal Herrian ere Pirinioez gain, uren banalerroko mendigune gehienetan aurki daiteke.

Deskribapena aldatu

Tamaina ertaineko karraskaria da, 40-60 g inguruko pisuarekin. 9 eta 14 cm bitarteko gorputz-luzera izaten dute, eta buztanaren luzera gorputzaren luzeraren erdia izan ohi da, gutxi gorabehera. Ilajea dentsoa da, kolore aldakorrekoa da Bizkarraldea marroia edo marroi-grisaxka izan ohi da, eta sabelaldea argiagoa, gris-zurixka.

Gainerako lursaguek baino bibote handiagoak dituzte, 40-50 mm izatera iritsi daitezkeenak. Belarriak luzeak eta ikusgaiak dira, ilajetik ateratzen baitira.

Banaketa aldatu

Hegoaldeko Europako eta Ekialde Hurbileko mendiguneetan aurki daiteke. Pirinioak, Mazizo Zentrala, Alpeak, Apeninoak, Dinariar Alpeak, Karpatoak, Anatolian, Antilibano eta Kaukaso dira mendigune nagusiak, baina entitate txikiagoko hainbat mendigunetan ere aurki daitezke isolaturiko populazioak [2].

Iberiar Penintsulan, Pirinioez gain, Kantauriar mendikatean eta Erdialdeko Sistemako mendietan ere aurki daiteke, eta Sierra Nevadan ere bada populazio isolatu bat.

Euskal Herrian, uren banalerroa ezartzen duen mendigune guztian aurki daiteke, inguruko kalkareoei lotuta, batik bat.

Habitata aldatu

Europan altuera-hein zabalena duen ugaztun espeziea da, itsas mailatik (Kroazian) 4000 metroko altueraraino (Alpeetan) aurkitu baita[3][4].

Goi-mendiko harkaiztietan agertu ohi dira batez ere, eta landare-estaldura %10 ingurukoa den egutera lehorrak hobesten dituzte. Pirinioetan 1300 eta 1900 metro bitarteko altueran ikus daitezke batez ere[5], baina Bizkaian 800-1000 metro inguruan ere aurki daitezke, Udalaitz mendian, esaterako.

Gordeleku gisa, arrakalez eta arroka azpiez gain, gizakiak egindako mendiko txabolak eta harrizko hesiak ere erabil ditzakete[6]. Lurpean tunelak eraikitzen dituzte, eta horien sarrerak aurkitzea zaila izan ohi da, sarrerak arroken azpian egoten baitira. Lurpeko pasabideek hainbat kamera izaten dituzte, kumatzeko, janaria gordetzeko eta gorotzak pilatzeko, besteak beste[6].

Elikadura aldatu

Espezie hertsiki belarjalea da, eta landare-espeziearen arabera, haren zurtoina, hostoak, loreak, haziak edo sustraiak jan ditzake[7]. Landare belarkaretaz elikatzen da normalean, eta gordeleku ingurura hurbiltzen dituzte inguruan jasotako landareak bertan lehortzera. Behin lehortutakoan, gordeleku barruan pilatzen dituzte.

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Jaiotzeko sexu-ratioa orekatua da, baina emeak nekez iristen dira bigarren bizitza-urtera. Arrek, aldiz, 2 urteko bizi-luzetasuna izaten dute. Kumatze-garaia aldakorra izaten da ingurune geografikoaren eta altitudearen arabera, baina eme ernariak maiatzetik irailera arte aurkitu dira naturan[6].

Ernaldiak 20-22 egun irauten du. Behin kumeak jaiotzean, 2-3 aste behar izaten dituzte gordelekutik ateratzeko. Kumaldia 1 eta 4 kume bitartekoa izan hi da, eta gazteen herena, gutxi gorabehera, ez da heldu izatera iristen[6].

Arrek urte oso bat behar izaten duten arren heldutasun sexuala lortzeko, udaren hasieran jaiotako eme batzuk gai izaten dira urtea amaitu aurretik kumaldi bat izateko[8].

Bizimodua aldatu

Animalia lurraldekoiak dira eta emeen eremuak (200 m2 inguru) ez dira normalean gainjartzen. Arren eremuak (350 m2 inguru), berriz, hainbat emerenak gainjartzen ditu[9].

Aktibitate handiko animaliak izan ohi dira, eta egunez zein gauez aktibo egoten dira. Aktibitateak, gainera, urte osoan irauten du, eta euren eremuak elurrez estaltzean elurpeko tunelak sortzen dituzte. Altitude-migrazioak egiten dituztela ere ikusi da zenbait lekutan, nahiz eta horien luzera txikia izan.

Altitude baxuko populazioak sakabanatuagoak eta dentsitate txikiagokoak izan ohi dira. Altuera handian, aldiz, dentsitate altuko populazioak (20 ale/ha) ohikoak dira. Dentsitate baxuena udaberrian izaten da, neguan animalia asko hiltzen direlako, eta altuena, berriz, udazkenean[9].

Dentsitate-aldaketa txikiak, helduen biziraupen-tasak, ugalkortasun txikiak eta heldutasun sexuala lortzeko luzerak adierazten dutenez, gainerako lursaguak (Microtus generoa) baino estrategagoak dira elur-lursaguak[8][9].

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Ezer gutxi ezagutzen da espezieen arteko elkarrekintzaz. Sarrioek (Rupicapra pyrenaica) eta marmotek (Marmota marmota) jaten duten elikagai berberaz elikatzen dira.

Ektoparasito eta endoparasito asko ezagutzen zaizkie; tartean hainbat arkakuso, zorri eta akaro espezie.

Gainerakoan, elur-lursaguak hainbat animaliaren dieta-azterketetan agertu dira; hala nola, hontz handia (Bubo bubo), Tengmain hontza (Aegolius funereus), hontz zuria (Tyto alba), belatxinga mokohoria (Pyrrhocorax graculus), azeria (Vulpes vulpes), erbinude zuria (Mustela erminea) eta erbinude arrunta (Mustela nivalis)[10] [11][12]. Dena den, elur-lursaguaren presentzia espezie horien dietan oso ezohikoa da (500 harrapakinetik 1, gutxi gorabehera), bizi diren inguruneak babesteko aukera handia ematen baitie[6].

Kontserbazioa aldatu

IUCN erakundearen arabera, kontserbazio-arazorik ez duen espeziea da. EAEko espezie mehatxatuen katalogoan Bakan gisa katalogaturik dago.

Erreferentziak aldatu

  1. Amori, G. 1996. Chionomys nivalis[Betiko hautsitako esteka]
  2. Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. (1999). The Atlas of European Mammals. Londres: Academic Press.
  3. Krystufek B, Kovacic D. (1989). «Vertical distribution of the Snow vole Microtus nivalis (Martins, 1842) in Northwestern Yugoslavia» Z. Säugetirk (54): 153-156..
  4. Zimmermann K. (1956). «Die Schneemaus, ein Felsentore» Jahrb. Ver. Shutz. Alpenpflanzen Tiere: 46-51..
  5. Nappi A. (2002). «Vertical distribution of the snow vole Chionomy nivalis (Martins, 1842) (Rodentia, Arvicolidae) in Italy» Hystrix 13 (1-2): 42-52..
  6. a b c d e Janeau G, Aulagnier S. (1997). «Snow vole - Chionomys nivalis (Martins 1842)» Ibex - Journal of Mountain Ecology (4): 1-11..
  7. Niethammer J, Krapp F. (1982). Handbuch der Säugetiere Europas, Band 2: Nagetiere. Wiesbaden: Aula-Verlag.
  8. a b Leconte M. (1983). Ecologie de Microtus (Chionomys) nivalis en milieu alpin.. in: Actes du VIIbme Colloque de Mammalogie. Grenoble, 155-164 or..
  9. a b c Nieder L, Bocchini M. (1994). «The home range of Microtus (Chionomys) nivalis (Rodentia: Muridae)» Bolletino di Zoologia: 56..
  10. von Kahmann H, Halbgewachs J. (1962). «Natürliche Feinde und Parasiten der Schneemaus Microtus nivalis (Martins), 1842» Z. Säugetirk 27 (2): 117-120..
  11. Wagner G, Springer M. (1970). «Zur Ernährung des Uhus im Oberengadin» Onithol. Beob. (67): 77-94..
  12. Aulagnier S, Rivière P. (1983). «Un campagnol des neiges, Microtus (Chionomys) nivalis (martins, 1842), en Dombes?» Bièvre 5 (1): 121-123..