Elur-jausia[1][2] elur kopuru handi baten maldan beherako desplazamenduari deritzo, harkaitzak eta landareak ere eduki ditzakeena. Dituen abiadura eta masa handiak direla-eta, hondamendi larriak sor ditzake. Euskaraz beste hainbat izen ere erabiltzen dira fenomeno hau izendatzeko, hala nola elauso[3], elurbizi[4], elurbildu[5] eta elurrolde[2].

Elur-jausia
Elur-jausia Everest mendian.

Eraketa aldatu

Elur-jausi gehienak berez sortzen dira ekaitzen erruz, baina higadurak edo elurteek eragindako zama-areagotzeak ere sor ditzake. Bestalde, elur-jausi naturalen bigarren eragilerik ohikoena elur-geruzetan gertatzen diren aldaketa metamorfikoak dira, adibidez, elur-geruzen urtzea, eguzki-erradiazioaren ondorioz. Euriak, lurrikarek, luiziek eta izotz-jausiek ere eragin ditzakete elur-jausiak. Artifizialki ere sor daitezke elur-jausiak, adibidez, eskiatzaileak, elur-ibilgailuak eta lehergailuak baliatzen dituzten lanak eragile arruntak dira. Gizartean pentsatzen denaren kontrara, garrasiek edo soinu ozenek ezin dituzte elur-jausiak eragin, soinuak egiten duen presioa txikiegia delako elur-jausi bat eragiteko.[6]

Baliteke elur-jausi baten hasierako puntuan elur oso gutxi mugitzea; hau gertatu ohi da elur bustiko edo egonkortu gabeko elur hezea dagoen eremuetan. Alabaina, elurra geruza ahul baten gainean dagoen toska zurrun batean sinterizatu bada, pitzadurak oso azkar sortu eta hedatu daitezke; honek elur-masa erraldoi bat, milaka metro kubikokoa izan daitekeena, mugiarazi dezake berehala.

Elur-masa bat erorarazteko, zamak geruzaren euste-indarra gainditu behar du. Karga elurraren pisua da ia bere osotasunean. Elur-masaren indarra zehaztea zailagoa da, oso heterogeneoa delako. Hainbat aldagairen menpe dago: elur-aleen ezaugarriak, tamaina, dentsitatea, morfologia, tenperatura, ur-osaera eta aleen arteko loturen ezaugarriak.[7] Kanpo eragileek ere beraien garrantzia dute, izan ere, guneko hezetasunak, ur-lurrunaren fluxuak, tenperaturak eta bero fluxuak ere eragina dute. Kanpoaldeko elur-geruzak kanpotik jasotzen duen erradiazioaren eta guneko aire-fluxuen eragina jasotzen du. Gaur egun, elur-jausien ikerlarien helburua elur-geruzen jarraipen zehatza egitea da konputagailu bidezko programei esker eta bereziki, urtaro batetik bestera elur-geruzek pairatzen dituzten aldaketak gainbegiratuz.[8] Bada ordea aldagai bat ikerlarien lana zailtzen duena, hori klima eta lurraren arteko elkarrekintza da. Aldagai horrek aipagarriak diren denbora- eta espazio-aldakortasunak sortzen ditu sakontasunean, kristalen itxuran eta urtaroko elurren geruzetan.

Elur-jausi aipagarriak aldatu

Elur-jausiak Rainier mendian 1973an.

1910eko martxoan bi elur-jausi gertatu ziren; martxoaren 1ean, Wellington elur-jausiak 96 pertsona hil zituen Washington Estatuan, Estatu Batuetan. Handik hiru egunera, 62 trenbideko langile hil ziren Rogers Pasabidean, Britainiar Columbian, Kanadan.

Lehen Mundu Gerran zehar 40.000 eta 80.000 lagun artean elur-jausien erruz hil zirela uste da, gehienak Alpeetako mendi-kanpainan, Austriar-Italiar frontean. Halako elur-jausi gehienak artilleria unitateek eraginda sortu ziren. 1916ko abenduan, bi bandoetako hamar mila gizon inguruk galdu zuten bizia elur-jausietan.

1950–1951ko ipar hemisferiko neguan, 649 elur-jausi inguru grabatu ziren hiru hilabeteko denbora-tartean zehar Austriako Alpeetan, Frantzian, Suitzan, Italian eta Alemanian. Elur-jausi hauek 265 pertsona inguru hil zituzten eta negu horri Beldurraren Negua izena jarri zitzaion.

1990ean Lenin mendian egin zen eskalada lehiaketa, gaurko Kirgizistanen, erabat deuseztatua izan zen lurrikara batek eragindako elur-jausiak lehiaketa egin zen eremu osoa hartu eta estali zuenean. 43 eskalatzaile hil ziren.

1993an, Bayburt Üzengili elur-jausiak 60 pertsona hil zituen Turkiako Bayburt probintzian kokatzen den Üzengili herrian.

Sailkapena aldatu

Bi talde orokor daude:

  • Gainazalekoa: elur geruzaren zati bat soilik mugitzen denean.
  • Sakonekoa: geruza osoa mugitzen denean, mendiaren zatiak ere mugiaraziz.

Askotan gizakiak berak eragiten ditu, nahi gabe edo nahita.

Motak aldatu

  • Elur freskoko elur-jausiak

Normalean puntu batetik abiatzen da eta gero eta elur gehiago eramaten du. Elur-jausi hori elurraren pisua grabitate indarraren mende dagoenean hasten da. Batez ere elurte handien ondoren gertatzen da (25 cm-ko lodieratik aurrera), bereziki oinarri (mantu) lau baten gainean pilatzen denean (euriagatik, antzigarragatik, elurraren fusioagatik). Elur hau, oso arina, airearekin nahasten da, 100 eta 300 km/h arteko abiaduran jaisten den aerosol bat osatuz.

  • Plakako elur-jausiak

Elur-jausi mota hau da ohikoena. Plaka bat, gainontzeko elur mantutik askatzen den elur trinko bat da, lurraren edo elurrarren gainean irristatzen dena. Plaka hauek handi-handiak izan daitezke eta ondo ikusteko moduko haustura-muga uzten dute.

  • Elur hezeko elur-jausiak

Elur-jausi mota hori tenperaturak gora egiten duenean gertatzen da, eta udaberrian, berriz, eguzkitan dauden maldetan (elurra urtzen denean). Poliki irristatzen dira (20-60 km/h), eta aire edo haize beroa, eguzkia eta gehiegizko pisua dira aktibatzen duten faktoreak.

Arriskua aldatu

Arriskua sailkatzeko, batetik bostera bitarteko eskala bat dago.

Europan, elur-jausiak gertatzeko arriskua azpiko taulak zehazten du, zeina 1993ko apirilean onartu eta martxan jarri zen aurreko herrialdez herrialdeko eskema ez-estandarrak ordezkatuz. Deskribapenak azken aldiz 2003ko maiatzean eguneratu ziren, uniformetasuna indartzeko.[9]

Frantzian, elur-jausiek eragindako heriotza gehienak 3 eta 4. mailetan gertatzen dira. Suitzan aldiz, 2 eta 3. mailetan gertatzen dira gehienak. Baliteke desberdintasun hori herrialde bakoitzak arrisku-maila interpretatzerakoan dituen ezberdintasunek eragina izatea.[10]

Arrisku maila Elurraren egonkortasuna Ikurra Elur-jausia gertatzeko arriskua
1 – Txikia Elurra orokorrean oso egonkor dago.   Aukera oso gutxi daude elur-jausiak gertatzeko, malda oso altu jakin batzuetan zama astunak jarri ezean. Berezko elur-jausiak luizi txikiak baino ez dira izango. Orokorrean, baldintza onak.
2 – Tartekoa Malda handi batzuetan elurra erdizka egonkor dago. Beste lekuetan oso egonkor dago.   Zama astunak ipintzean elur-jausiak sor daitezke, bereziki identifikatuta egon ohi diren malda altuko zenbait gunetan. Berezko elur-jausi handiak ez dira espero.
3 – Kontuan hartzekoa Malda handi ugaritan elurra erdizka egonkor edo egonkortasun txikiarekin dago.   Zama arinak ipinitan ere, elur-jausiak sor daitezke malda ugaritan. Zenbait maldatan, berezko elur-jausi ertain edo handiak gerta daitezke.
4 – Handia Malda handi gehienetan elurrak egonkortasun txikia du.   Malda ugaritan, zama arinak ipinita, aukera asko daude elur-jausiak eragiteko. Zenbait gunetan, berezko elur-jausi ertainak edo batzuetan, berezko elur-jausi handiak maiz gerta daitezke.
5 – Oso handia Elurra orokorrean ezegonkorra da.   Malda txikietan ere oso ohikoa da berezko elur-jausi handiak gertatzea.

Erreferentziak aldatu

  1. Elur-jausi azpisarrera Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-01-16)
  2. a b Elur-jausi eta Elurrolde dira termino gomendatuak Euskalterm hiztegian, baina elurrolde ez da Euskaltzaindiaren hiztegian ageri
  3. Elauso sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-01-16)
  4. Elurbizi sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-01-16)
  5. Elurbildu sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-01-16)
  6. (Ingelesez) Benjamin Reuter, Jürg Schweizer. «Avalanche triggering by sound: myth and truth» (PDF) International Snow Science Workshop (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
  7. McClung, David.. (2006). The avalanche handbook. (3rd ed. argitaraldia) Mountaineers Books ISBN 0-89886-809-2. PMC 70176894. (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
  8. «A physical SNOWPACK model for the... preview & related info | Mendeley» archive.is 2013-01-28 (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
  9. «Qu'est-ce qui est NOUVEAU dans la description du danger d'avalanche» web.archive.org 2005-04-17 (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
  10. «An Analysis of French Avalanche Accidents for 2005–2006» web.archive.org 2008-09-08 (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu