Elsa Morante (Erroma, Italia, 1912ko abuztuaren 18a - 1985eko azaroaren 25a) italiar idazle, poeta eta itzultzailea izan zen. Italiako Strega Literatura Sari garrantzitsua jaso zuen lehen emakumea izan zen; 1957an irabazi zuen, L'isola di Arturo (Arturoren uhartea) eleberriarekin. Elaberri hori haren lanik ospetsuena da eta Norvegiako Liburuaren Klubak garai guztietako 100 liburu onenen zerrendan sartu zuen 2002an.

Elsa Morante

Bizitza
JaiotzaErroma1912ko abuztuaren 18a
Herrialdea Italiako Erresuma  (1912ko abuztuaren 18a -  1946ko ekainaren 18a)
 Italia  (1946ko ekainaren 18a -  1985eko azaroaren 25a)
HeriotzaErroma1985eko azaroaren 25a (73 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Familia
Ezkontidea(k)Alberto Moravia  (1941eko apirilaren 14a -  1961)
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta, eleberrigilea, itzultzailea eta prosalaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak

IMDB: nm0603086 Musicbrainz: be774ba5-ae31-40ab-add7-7bf45b078c17 Discogs: 936892 Edit the value on Wikidata

Biografia aldatu

Maistra judu bat (Irma Pongibonsi edo Pongibonzi) izan zuen ama eta Francesco Lo Monaco izeneko posta-langile siziliar bat aita biologikoa, baina amaren senarra beste gizon bat zen, Augusto Morante, gazteen espetxe bateko zaindaria, Elsa alabatzat onartu zuena.

Oso gazterik hasi zen idazten, poesiak, kontakizun laburrak eta umeentzako ipuinak. Hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratu zizkioten 1933tik aurrera. Il gioco segreto (1941) izan zen argitaratu zuen lehen lana. Urte hartan bertan, Alberto Moravia idazlearekin ezkondu zen. Umeentzako lehen liburua, Le Bellissime avventure di Caterì dalla trecciolina, 1942an argitaratu zuen.

II. Mundu Gerran, Italia alemaniarren okupaziopean zegoelarik, Morante eta Moraviak Erromatik ihes egin zuten beren jatorri juduagatik eta Lazio hegoaldeko herri txiki batean ezkutatu ziren. Bitarte horretan, Morantek Katherine Mansfield idazle britainiarraren egunkaria hasi zen itzultzen. Egonaldi hartako esperientzia La storia izenburuzko lan batean jaso zuen Morantek 1974an.

Natalia Ginzburgen bitartez, lehen eleberria argitaratu zuen, Menzogna e sortilegio izenburukoa, 1948an. Liburuak Viareggio Saria irabazi zuen urte hartantxe eta ingelesera itzuli zen 1951n, baina Morante ez zen oso pozik geratu itzulpenarekin, 150 orri inguru kendu baitzizkioten. Hurrengo lana Arturoren uhartea izan zen, haren lanik ezagunena, 1957an plazaratua eta Strega Saria irabazi zuena. Liburu honetan oinarritutako film bat egin zuen Damiano Damiani zine-zuzendariak 1962an.

Italiako zine-munduarekin ere izan zituen harremanak, lehendabizi Alberto Lattuadarekin eta Franco Zeffirellirekin. 1951 eta 1952 bitartean, zine-kritikako kolaborazioak egin zituen RAI irratian, baina azkenik bertan behera utzi zuen zentsura-arazo bategatik. Zinearekiko interesarekin jarraitu zuen eta Pier Paolo Pasoliniren lagun bihurtu zen; Pasoliniren Accatone filmean izan zuen agerraldi labur bat atxilotutako pertsonaia baten moduan. Pasoliniren beste zenbait filmerekin kolaboratu zuen 60ko hamarkadan, soinu-bandan, baina anonimoki; Medea filmean bakarrik agertu zen izen eta guzti soinu-bandako kolaboratzaile bezala.

1961ean bera eta Moravia banatu egin ziren baina dibortziatu gabe eta Morantek askoz gutxiago argitaratu zuen, testu asko suntsitu baitzituen. Nolanahi, 1963an, Lo scialle andaluso izenburuko ipuin-bilduma idatzi zuen. Luchino Visconti zine-zuzendariarekin izan zuen harreman sentimental korapilatsu samarra, eta, geroago, Bill Morrow izeneko margolari newyorktar batekin. Morrow hil ondoren, idazten jarraitu zuen, baina oso gutxi argitaratu zuen. 1974an, lehenago aipatutako La storia lana argitaratu zuen, non II. Mundu Gerra bitarteko bere bizipenak jaso zituen. Liburuak arrakasta handia izan zuen, baina ezkerreko literatura-kritikariek ez zioten oso harrera ona egin haren tonu antiideologikoagatik; Pasolinik berak idatzi zuen kritika txar bat libururari buruz eta horrek bien arteko adiskidetasunaren amaiera eragin zuen. RAIk miniserie bat egin zuen 1986an liburu honetan oinarrituta.

Haren azken lana, Aracoeli, 1982an agertu zen eta Frantziako Medicis saria irabazi zuen bi urte geroago. Liburua plazaratu ondoren, gaixotasun larri bat zuela jakin zuen; 1983an, bere burua hiltzen saiatu zen. Bihotzekoak jota hil zen 1985ean.

Liburuak aldatu

Eleberriak aldatu

  • Menzogna e sortilegio, Einaudi, 1948.
  • Arturoren uhartea (L'isola di Arturo), Einaudi, 1957.
  • La Storia, Einaudi, 1974.
  • Aracoeli, Einaudi, 1982.

Ipuin bildumak aldatu

  • Il gioco segreto, Garzanti, 1941.
  • Le bellissime avventure di Caterì dalla Trecciolina, Einaudi, 1942
  • Lo scialle andaluso, Einaudi, 1963.
  • Racconti dimenticati, Einaudi, 2002.
  • Aneddoti infantili, Einaudi, 2013.

Olerkia aldatu

  • Alibi,Longanesi, 1958.
  • Il mondo salvato dai ragazzini e altri poemi, Einaudi, 1968


Kanpo estekak aldatu