Egutera

eguzki-erradiazio gehien jasotzen duen mendi baten aldea.Ipar hemisferioan hegoaldera begira dagoena da.

Egutera edo eguzki-begia[1], halaber ibargia, eguzki-erradiazio gehien jasotzen duen mendialdea edo isurialdea da. Kontrakoa laiotza edo ospela da, eguzki-erradiazio gutxien jasotzen duen aldea. [2][3] Hala, egutera toki eguzkitsua da, eta ipar hemisferioan hegoalderantz orientatua. Eguteran eguzki-izpiek eragin handia dute, eta erliebearen inklinazioak intentsitate handiagoa du. Hego hemisferioan, ordea, egutera iparraldera begira egoten da.

Johannisbergeko jauregi-gotorlekua Rheingauen (Alemania), hegoalderantz mahastiak dituela, eguteraren isurialdean.
Egutera eta ospela: Arana bailara, Alkizan.Eguteran elurrik ez dago, urtu du aspaldi hor bete-betean jotzen duen eguzkiak; baina ospelean elurrik geratzen da oraindik (Tubkal. Marrakesh-Safi, Maroko, 2013)

Adiera hertsian, bi hemisferioetako eremu epelei buruz ari garenean soilik hitz egin daiteke egutera edo ospel aldeez, zeren eta, kasu horretan, intsolazio-aldeak oso nabarmenak baitira eta kliman alde termiko handiak eragiten baitituzte.

Eguteran elurrik ez dago, urtu du aspaldi hor bete-betean jotzen duen eguzkiak; baina ospelean elurrik geratzen da oraindik (Tubkal. Marrakesh-Safi, Maroko, 2013)

Mendialdeetan ez ezik, etxebizitzetan ere ezaugarri garrantzitsua da eguteran edo ospelean egotea. Ipar hemisferio eremu epelean (Euskal Herrian, esate baterako) hegoaldera begira dagoen etxea (eguterakoa) berotxoago eta argiago izaten da orokorrean, eta iparraldera begira dagoena, aldiz, hotzago, hezeago eta iluntsuago.

Eguterak eta ospelak aldatu

Ipar hemisferioko latitude ertainetan, iparraldetik hegoaldera begira dauden haran estu eta sakonek eguerdian baino ez dituzte jasotzen eguzki-izpiak. Ekialdetik mendebaldera begira dauden haranetan, hegoaldera begira dauden hegalak baino ez dute jasotzen eguzkiaren erradiazioa. Aldiz, iparraldera begira dauden mazelak (beti Ipar hemisferioan) neguan itzalean gera daitezke aste batzuetan. Hala, hegalen arteko kontraste termikoak garrantzitsuak dira erliebeak ekialdetik mendebaldera begira daudenean. Egutera eguzki-energia gehiago hartzen du, beroagoa da eta, sarritan, gizakiak gehiago lantzen eta bizi da hori. Egutera / ospela kontrastea oso nabarmena da eremu menditsu eguzkitsuetan.[4]

Eguzki-izpien eragin-angelua aldatu

Eguzki-izpien eragin-angelua aldatu egiten da egunean zeharreko orduaren eta urtaroen arabera. Eguerdian, eguzki-izpiek 55° inguruko inklinazioa izan dezakete, eta eguterako batek, 35°-ko maldarekin, bete-beteko erradiazioa jasotzen du (erradiazio bertikal baten baliokidea ia-ia; hala ere, eguzki-izpien zeihartasunean diferentzia txiki bat dago, eta, ondorioz, bertikalean baino eraginkortasun txikiagoa dute, atmosferatik igaro behar duten distantzia handiagoa delako); ospelan, berriz, 20°-ko angelua baino ez da. Beraz, azalera-unitateko energia-kantitatea askoz ahulagoa da bigarren kasuan, eragin-angelua txikitzen denean handitu egiten baita islapena. Baldintza horietan, azalera-unitateko jasotzen den energia 1 eta 10 arteko abaniko batean aldatzen da bi isurialdeen artean. Nolanahi ere, aire-nahasketak asko arintzen ditu eguzki-izpien eraginpean egotearen ondoriozko kontraste termikoak.

Garaiera handiko egutera aldatu

 
Uholde azkarra Eaglen (Alaska), izotza Yukon ibaiaren uretan pilatu eta gainezka egitean.

Eskualde subartikoetan (Ipar latitudeko 50º-tik 60º-ra), eskualde menditsuek oso alde nabarmena dute egutera eta ospel hegalen artean; izan ere, desizoztearen iraupen handiagoa edo txikiagoa zehazten dute, baita urtze hori hasten eta amaitzen den garaia ere. Era berean, urtze horren iraupen edo intentsitate handiagoak edo txikiagoak uholde handiak eragin ditzake, hala nola Missuri, Mississipi, Yukon eta beste ibai batzuen arroetan, Ipar Amerikan. Edo Errusiar Siberiako ibaietan, non ibaiaren ibilgua iparralderantz doan heinean urtzearen emariak uholdeak sortzen dituen, iparralderagora joanda tapoi moduko batekin topo egiten du urak, ibaiaren ibilguan aurkitzen baitu oraindik urtu gabe dagoen elurra eta izotza. Hori gertatzen da Obi, Jenisei, Lena eta Amur ibaiekin, baita Ipar Amerikako Mackenzie ibaiarekin eta Yukon ibaiaren zati batzuetan.

Eguterako landaredia aldatu

Eguteraren orientazioa da beroena eta argitsuena, laboreak mantentzeko gogokoena, batez ere mediterranear tipikoak: mahastia, olibondoa, arbendolondoa. Izan ere, argi asko behar duten espezieak dira guztiak, eta lurraren lehortasun handieneko baldintzei aurre egin diezaiekete. Ospelekoak, aldiz, itzaltsuagoak eta hezeagoak izaten dira, ez euri gehiago egiten duelako, baizik eta ur gutxiago lurruntzen delako. Baina konparazio horrek latitude jakin batetik aurrera baino ez du balio; izan ere, latitude baxuetan, intsolazio handiagoak klima lehortu egiten du, eta, beraz, kaltegarria izaten da askotan.

Ipar hemisferioko eskualde mediterraneoetan orientaziorik beroena eta argitsuena hego-mendebaldekoa da. Klima hezeenetan, aldiz, bai eremu epelean bai tropikalean, hegal bero eta argitsuenak hego-ekialderantz antolatzen dira. Klima euritsuan hodeiak arratsaldeetan biltzen direlako gertatzen da alde hori; klima lehorrenetan, berriz (klima mediterraneoan bezala), intsolazioa ugaria izaten da, bai goizean bai arratsaldean.

Mediterraneoko inguruneetan, eremu eguzkitsuek landaredi natural gutxiago dute, nahiz eta flora oso ugaria izan daitekeen espezie heliofiloetan, hala nola ia labiada guztiak eta konposatuen, Asteraceae eta orkideen familiako asko. Alepo pinua (Pinus halepensis) 1.000 metroko garaieraraino izaten da nagusi eguteran.

Klima mediterraneoko eguteran, higadura handia izaten da % 10 edo handiagoko maldetan. Batez ere ekaitzek eragiten dute higadura hori, eta, bereziki, udaren eta udazkenaren hasierakoek, oso lehorra eta herrestan eramateko erraza den lurrarekin. Hori dela eta, eguterako lur-sakonera askoz txikiagoa izaten da oso maiz, ospelekoa baino askoz txikiagoa, eta, batzuetan, arroka ama ikusten da. Horregatik, hezetasun gutxiago metatu eta lurruntze handiagoa izatearekin batera, landarediak oso estaldura gutxi izan dezake lurzoruan.

Landutako eguterako nekazaritza-kudeaketan, komeni da ahalik eta labore gutxieneko teknikak erabiltzea eta materia organikoa handitzea, ura atxiki eta higadura nolabait saihesteko.

Eguterak nekazaritzan aldatu

Printzipioz, eguterako isurialdeak Ipar hemisferioan hegoaldera begira eta Hego hemisferioan iparraldera begira daudenak dira. Hala ere, zonalde Intertropikaleko zenbait eremutan, egutera definitzea edo mugatzea ez da hain erraza; izan ere, hori zenbait faktoreren mende dago, iparraldera edo hegoaldera orientatuta egotea ez da aldagai bakarra, adibidez, goizeko intsolazioa ia beti izaten erradiazio biziagoa eta arratsaldekoa askoz txikiagoa hodei gehiago izateagatik. Hori dela eta, kasu batzuetan, Venezuelan eta beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala, eguterako isurialdeak ekialdera begira daudenak dira eta ospelekoak mendebaldera begirakoak.

Klima hotz samarra duten herrialdeetan, eguterak klima beroagoa duten landareak hazteko aukera ematen du, ohiko diren tenperatura hotzagoak intsolazio handiagoarekin konpentsatzen baitira. Adibidez, Rhin ibarreko maldek, ibai horren eskuinaldean, hego-mendebaldera begira daudenak, ezkerraldekoek baino askoz intsolazio handiagoa dute. Izan ere, Rhineko ardo ospetsua egiteko erabiltzen diren mahatsak ibai horren eskuinaldeko terrazetan landatzen dira, eta ezkerraldean ezin dira landu. Gauza bera esan liteke Tokajikeko (Hungaria) ardoaren mahatsondoaz, zeina Karpatoen hegoaldeko isurialdeetan lantzen baita, Hungariako ipar-ekialdean. Eta Portoko ardoa ere bai, Portugalen, Duero ibaiaren eskuinaldeko hegaletan dauden terrazetan egiten da (Douro portugesez), horiek kokatzen baitira hegoaldeari begira eta, beraz, askoz intsolazio handiagoa jasotzen dute. Intsolazio handiago horrek kalte egiten dio bestelako laborantzari, klima lehorragoa baita. Batzuetan, tantakako ureztatzearekin zuzendu daiteke, malda-koefiziente jakin bateko hegaletan jarrita.

Erreferentziak aldatu

  1. «Eguzki-begi». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-7-22.)
  2. egutera | Gaurko hitza. (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  3. Ikasbil. «Hizkuntza Arauak Fitxa: "Ospelak" eta "egutera"» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  4. Galarraga Aiestaran, Ana. (2008). Pirinioak loretan, bost koloretan. Elhuyar aldizkaria.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu