Egia (Donostia)

Donostiako auzoa, Gipuzkoan

Egia Gipuzkoako Donostia hiriburuko auzo bat da.

Egia
 Euskal Herria
Map
Kokapena
Herrialdea Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Administrazioa
Posta kodea20012
Geografia
Koordenatuak43°19′05″N 1°58′21″W / 43.31795°N 1.97262°W / 43.31795; -1.97262
Garaiera6-45 metro
Demografia

Kokapena aldatu

Egia Donostiako erdi-ekialdean dago kokaturik. Muga egiten du, batetik, Urumea ibaiarekin eta, bestetik, Gros, Ategorrieta-Ulia, Intxaurrondo eta Loiola auzoekin. 117 hektarea ditu gutxi gorabehera, eta bertan daude Atotxako geltokia; Atotxako dorrea, Donostiako eraikin garaiena eta Gipuzkoako bigarrena; Tabakalera; Polloeko hilerria eta Cristina Enea edo Gladysenea parkea.

 
Egia auzoaren aireko ikuspegia

Auzuneak aldatu

2003an Donostiako Udalak barrutika antolatu zuen hiria, eta Egiako auzoan zazpi azpiauzo hauek markatu zituen:

Urumea pasealekua: pasealeku hau Urumea ibaiaren eskuinaldean dago, Santa Katalina zubitik Realaren zubiraino, eta trenbidearekin eta ibaiarekin egiten du muga.

Bertan dago Frantzia pasealekua, “area erromantiko”ko erakusgarririk onenetako bat, bere eragin frantziarreko jardin eta jauregi-etxeekin. 1920ko hamarkadan eraiki ziren, ibaia bideratu ondoren sortutako orubean. Horien atzean beste etxe-ilara bat dago eta geltokia. Kale horrek “Geltokiko pasealekua” zuen izena 1904an sortu zenean, baina etxe dotore bat zegoen bertan “Maison de France” izenekoa, Frantziako Kontsulatua eta Lizeoa hartzen zituena, eta hortik izen-aldaketa 1913an.

Atotxa: aurrekotik trenbideak berezituta eta Grosekin mugan, honako eraikuntza hauek hartzen ditu: Tabakalera, tren eta bus-geltokiak eta Epaitegia.

Mundaiz: bertan zegoen baserri batetik hartu zuen izena. Cristina Enea/Gladysenea parkea dago bertan.

Iruresoro: Iruretagoiena eta Dorronsoro etxegileei zor die izena. Auzoko zonalderik populatuena da eta kale nagusiak dituena da: Egia, Karmengo Ama eta Ametzagaina.

Aldakonea: erdiko zonaldetako bat, oso aldapatsua.

Jai-Alai: inguru zabal honek Gros, Ategorrieta-Ulia eta Intxaurrondo auzoekin muga egiten du.

Tolaregoia: izen bereko baserria zegoen tokian eraikia, Intxaurrondo, Loiola eta Urumea ibaiarekin egiten du muga.

 
GORDEGIA, Egiako argazki-ataria: Porrontxoak eta jaiak, gazteria, auzo-paisaia, Aitor ikastola. mapa eta errepresioa (2024-01-28).

Historia aldatu

Auzoak bertan zegoen baserri batetik hartu zuen izena. Hasieran, ingurua Donostia hornitzen zuten baserriz beteta zegoen, eta horietako batzuk gaur egungo izendegian gelditu dira jasota: Polloe, Konkorrenea, Aldakonea, Aldapa, Mundaiz, Alkolea eta Tolaregoia, besteak beste. Baserri eta baratzeak Egia kaleaz gora zeuden batez ere. Kale horretan, ordea, industria nagusitu zen XX. mende hasieran. Teila fabrika zuen erdigune, egungo Egia kalean gora ezkerraldean, baita Lizarribar goma fabrika eta Manuel Zendoiaren egur ola ere.[1]

XX. mendearen lehen hamarkadetan, teilerian 40 langile zebiltzan lanean, gehienak Astigarragakoak, laneko joan-etorrian bizikletaz zebiltzanak. Teilak eta adreiluak egiteko buztina ingurumaritik ateratzen zuten: Kapitaiñene, Konkorrene eta Kullasene baserrien aldamenetik. Buztin hori teila fabrikara eramateko, errei bat jarri zuten, hor bagonetak baliatuz. Istripuak gertatu ohi ziren; izan ere, itzainek idien bidez tiratzen zuten horietatik. Egungo Eizmendi burdindegiaren lekuan errota bat zegoen, buztina ehotzeko.[1]

Teila fabrikako langileak Irayene tabernan bildu ohi ziren berriketa eta eztabaidarako (gerora La Estrella, Egia kalea, 4.ean). Pixkanaka etorkinak heltzen hasi ziren beste eskualde eta lurralde batzuetatik. 1920rako erdaldunak nagusitzen hasi ziren, eta egoera soziolinguistikoa aldatzen. Euskaldunek harriduraz eta erneguz ikusten hasi ziren ez zietela euskaraz bizitzen uzten, orduko testigantzen arabera. Abian zen auzoaren erdalduntze prozesua.[1]

Urumea ibaiaren eskuinaldeko ibarretan erakunde eta eraikin hauek instalatzea erabakigarria izan zen auzoaren eraketan:

Hilerria sortzearekin batera, hainbat marmol-tailer jarri zituzten inguruan. 1932an Aldakoneko amaetxea eraiki zuten, gaur egun Nazaret dagoen lekuan. Garai horretakoa da auzoko beheko aldeko urbanizazioaren hasiera, Atotxan eta Egia kalean. Teila fabrika Espainiako Gerra Zibilarekin batera itxi zen. Hala ere, eraikinak zutik iraun zuen 1961 arte. 40 metroko haren tximinia 1964an eraitsi zuten.[1]

Hazkunderik handiena 50eko hamarkadan izan zen. Donostiako erdialdea eraikitzeko tokirik gabe gelditzen ari zen, eta, horrekin batera, etorkin samaldak heldu ziren, etxe merkeak bilatzen zituztenak. Horren ondorioz, auzune berriak eraikitzen hasi ziren, askotan urbanismo arauak errespetatu gabe. Horrela sortu ziren San Frantzisko Xabier, Alai Ondo, Alai Alde, Baztan, Iruresoro… Mugimendu soziokultural gutxiko urteak izan ziren. Bi elkarte gastronomiko zeuden: Donosti Gain eta Ur Zaleak, eta horiek antolatzen zituzten auzoko jaiak: Koruko Ama eta Madalenak.

1970ean Egia langileen auzoa zen, 19.000 biztanle zituena. Egun 14.611 biztanle ditu (2022). Hazkunde garaiko umeak gazte bihurtuta, mugimendu soziokulturalak sortzen hasi ziren, euskalduntzea tartean, ordura arte asimilazio-bidean. Horretan Aitor ikastolaren sorrera mugarria izan zen, 1967an. Gau-eskola ere garai horretan sortu zen, Jaialai kaleko Villa Salian. 70eko hamarkada amaieran, protesta eta gatazka giroa nagusitu ziren. 1979ko maiatzean, Gladys del Estal egiatar ekologistaren hilketak haserrea eta aztoramena eragin zituen kalean. 1982an Porrontxo jaiak antolatu ziren lehen aldiz, aurreko jai guztiak ordezkatu zituztenak, eta antolaketa, elkarte gastronomikoen ordez, auzoko kuadrillek hartu zuten bere gain. 2002an, auzotarren arazoei aurre egiteko, Egia Bizirik auzo-elkartea sortu zen.

Eraikin eta leku nabarmenak aldatu

Kaleak aldatu

Plazak aldatu

Parkeak aldatu

Egiatar ospetsuak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Egia, Gotzon. (2002). Donostiar haien garaia--. Alberdania, 84-86 or. ISBN 84-95589-45-1. PMC 433410371. (Noiz kontsultatua: 2022-07-17).

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia