2014an Ebola Espainian honela garatu zen:

Ebola Espainian
Motaagerraldi : Ebola birus
Honen parte daAfrika mendebaleko ebola agerraldia
Data2014
HerrialdeaEspainia
Kasu kopurua1

Lehen kutsadura arteko kronologia aldatu

Manuel Garcia Viejo hegazkinean eraman zuten unea

Lehen kutsaduraren ondoren aldatu

Urriak 6 aldatu

Urriaren 6an, ebolaz kutsatu zen Madrilen eri bat zaindu zuen erizaina. Protokoloetan okerren bat egon zela bistan geratu zen, baina ministroak ez zuen azalpenik eman. Gaixoak bizitza normala egin zuen azken asteetan[2].

Urriak 7 aldatu

Urriaren 7an, hiru lagun ari ziren zaintzen Madrilen, ebola zela eta. Erizain batek positibo eman zuen, eta bi lagun kutsatuta egon zitezkeela uste zuten. Badaezpada zaintzen ari ziren besteak ez zuen ebola. Espainiako Osasun Ministerioak azalpenak eman zizkien erkidegoetako zuzendariei. EBk bilera batera deitu zuen hurrengo egunerako[3]. Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri zuen Osakidetzak indartu egingo zuela profesionalen prestakuntza ebolaren aurrean[4].

Egun berean jakin zenez, erizaina oporretan joaten utzi zuten, ebola sintomak bazituen ere. Emakumezkoak hainbatetan eskatu behar izan zuen ebola proba egitea, baina osasun zerbitzuek ukatu egin zioten. Seigarren egunean onartu zuten erizaina bakartzea[5]. Erizain espainiarraren kasua, nazioarteko hedabideen portadetan egon zen. Atzerriko hedabideek Afrikatik kanpo jazotako lehen transmisioa izan zela nabarmendu zuten[6]. Bestalde, ospitaleratuta zegoen bigarren erizainak ez zuen ebolarik. Birusarekin kutsatuta zegoen erizainaren senarrak eta teknikari batek ospitalean jarraitzen zuten, eta baita Nigerian lanean izan zen ingeniari espainiarrak ere. Bestalde, Madrilgo Erkidegoak familiaren zakurra hiltzeko baimena eskatu ziola salatu zuen senarrak sare sozialen bidez. Osasun Ministerioak 50 bat pertsona zaintzapean mantentzen zituen. 44 urteko erizain kutsatua 22 pertsonarekin harremanetan egon zen. Osasun arduradunen kudeaketaren aurka protestak egin zituzten hainbat ospitaleetako ateetan, Madrilen, Valentzian, Donostian, Bilbon eta Logroñon, besteak beste[7].

Bestalde, Madrilgo kasua argitu artean betiko protokoloari eutsiko zioten Hego Euskal Herrian. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen indartu egingo zutela osasun arloko langileen prestakuntza. Eeguerdian bildu zen Espainiako Osasun Ministerioa autonomia erkidegoetako osasun kontseilariekin, bideo konferentziaz, gertatutakoa azaltzeko, baina ez zuen ezer zabaldu[8].

Urriaren 7an, ere, Excalibur, ebola zuen erizainaren txakurra, ez sakrifikatzeko, kanpaina bat jarri zuten martxan Interneten, change.org web orriaren bitartez. Guztira 300.000 sinadura bildu nahi zituzten, txakurra hil ez dezaten, eta kopuru hura gainditu egin zuten. Txakurra isolatzea eta ez sakrifikatzea eskatzen ari ziren internautak[9].

Urriak 8 aldatu

 
Excalibur txakurraren aldeko manifestazioa

Urriaren 8an, Madrilgo Carlos III ospitalean erietxeratuta jarraitzen zuen Teresa Romerok, ebolaz kutsatuta zegoen erizainak. Posible zen "istripu" baten ondorioz kutsatu izana. Gaixoak adierazi zuen bazitekeela eskularruekin aurpegia ukitu izana, eta hori izatea gaixotasunaren jatorria. Sei lagun zeuden bakartuta, segurtasun neurri gisa. Ebola zuen erizainaren senarra 21 egunez izango zuten zaintzapean, eta erietxeratuta zegoen erizain batek ebola izatea baztertu zuten[10].

Bestalde, Madrilgo epaileak baimena eman zien Osasun arloko arduradunei erizainaren etxean sartu eta Excalibur ebola zuen erizainaren txakurra sakrifikatzeko. Izan ere, suhiltzaileak eguerdian sartu ziren erizainaren etxera, Excalibur txakurra eramateko. Goizean zehar, bizilagun eta animalien defendatzaileek elkarretaratzea egin zuten erizainaren etxe aurrean, txakurra etxetik ateratzeko lanak oztopatzeko. Hala ere, Polizia etxebizitzara bertaratu eta, banan-banan, manifestariak atera egin zituen[9].

Urriak 9 aldatu

Urriaren 9an, ebola zuen gaixoaren osasun egoera "oso kritikoa" zen. Madrilgo Osasun kontseilariak eman zuen Teresa Romeroren egoeraren berri. Ebolaren kontrako protokoloa indartuko zuten langileei babes gehiago emateko. Madrilen zortzi lagun zeuden erietxeratuta[11]. Bestalde, ehun lagun inguru, etxean zeuden, zaintzapean. Ospitaleko laugarren solairua husten ari ziren. Ebolarekin lotutako pazienteak artatzen ari ziren profesionalei lekua uzteko egiten ari ziren. Kutsatutako erizaina eta ebola kasu posible guztiak artatzeko soilik zazpi lagun lanean aritzea deitoratu zuen Manuel Torres CSI-F sindikatuko ordezkariak eta ondorioz, poltsa bat sortu zuten[12].

Egun berean, Ministerioak ebolaren protokoloa indartu zuen langileak babesteko. Ebolarekin kutsatutako gaixoekin harreman zuzena zuten osasun alorreko langileei arriskutsu maila ezarriko zieten, eta jarraipen aktiboagoa egingo zitzaien[13].

Protokoloetan egondako akatsak. Alcorconeko (Madril) Ospitalean ebola zuen erizaina artatu zuen medikuak segurtasun protokoloan hainbat akats izan zirela salatu zuen, bere nagusiei igorritako eta hedabideek publikatutako gutun batean. Eman zioten segurtasun jantziaren besoak "motz" geratzen zitzaizkion. Gainera, ebola proban erizainak positibo eman zuela hedabideen bitartez jakin zuela gaineratu zuen. Agintariek akats zerrenda luzea egin zuten ebolaren kudeaketan. Sei egun pasatu ziren ebola zuen erizaina bakartu zuten arte, eta osasun langileek prestakuntzarik eman ez zietela salatu zuten. Ebola zuen emakumea osasun zentroan utzi eta gero, gaixoak garraitzen jarraitu zuen[12].

Urriak 10 aldatu

Urriaren 10an, prestakuntza eta informazio gehiago eskatu zuten Osakidetzako erizainek. Espainiako Gobernuak krisia kudeatzeko batzorde berezi bat eratu zuen. Ebola zuen gaixoa "larri baina egonkor" zegoen. Hamalau lagun zeuden erietxeratuta Madrilen, zaintzapean[14]. Teresa Romero ebola zuen erizain laguntzailea “larri baina egonkor” zegoen, Carlos III erietxeko iturriek jakitera eman zutenez. Emakumearekin batera, beste 13 pertsona zeuden erietxe horretan. Hala ere, kasu bakarra Romerorena zela azpimarratu zuten[15].

Gainera, Javier Rodriguez Madrilgo Erkidegoko Osasun kontseilariak hautsak harrotu zituen herritarren, alderdi politikoen eta osasun sektoreko profesionalen artean, ebolaz kutsatutako erizainari berari leporatu baitzion gaixotasuna transmititu izana. Alderdi guztiek, bereak (PP) barne, kritikatu zuten Rodriguezen jarduna[16].

Halaber, Rajoyk zioen 'oso baxua' zela ebolarekin kutsatzeko arriskua. Espainiako Gobernuak batzorde berezia sortuko zuen egoerari aurre egiteko. Soraya Saenz de Santamaria izango zen presidente, eta ez Ana Mato Osasun ministroa (ez zen ospitalean izan)[17].

Bien bitartean, Teresa Romerok, birusak kutsatutako erizainak, larri jarraitzen zuen Carlos III ospitalean. Hala ere, Zmapp sendagaia ematen hasi ziren. Ordura arte birusaren aurka eraginkortasuna azaldu zuen botika bakarra zen. Guztira, 17 pertsona Carlos III ospitalean ziren zaintzapean, horietako hiru arratsaldean ospitaleratu zituzten. Bestalde, Ana Mato Osasun ministroak eta erkidegoetako osasun kontseilariek bilera egin zuten Madrilen. Buruzagiek gizarteari lasaitasun mezu bat igorri nahi izan zioten bilera amaitu eta gero. Hala ere, informazioa emateko orduan zorroztasuna eta gardentasuna beharrezkoak zirela adostu zuten[18].

Ministroen Kontseilua bildu eta gero, Mariano Rajoy Gobernuko presidentea Carlos III ospitalera joan eta zentroko talde medikoarekin bildu zen. Ospitaleko sarreran osasun-langileek Rajoyri errieta egin zioten eta protesta bezala latexko eskularruak bota zizkioten[18].

Aldaketak protokoloan. Bestalde, protokoloa aldatuko zutela iragarri zuen Osasun ministroak. Horrela, sukarraren muga 37,7 gradura arte jaitsiko zuten birusarekin kontaktuan izan ziren pertsona susmagarriak ospitaleratzeko. Ordura arte, 38,6 graduko sukarra izan behar zuen pazienteak[18].

Urriak 11 aldatu

Romerok larri baina egonkor jarraitzen zuela esan zuen batzorde bereziak. Bestalde, ebolaz kutsatuta egon zitekeelakoan Carlos III.a ospitalean zegoen erizain bat etxera bidali zuten[19].

Urriak 12 aldatu

Carlos III ez zegoen diseinatuta ebolari aurre egiteko, EBren arabera. Halere, Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Europako Zentroaren lehenengo ondorioen arabera, "egindako eta egiten ari diren ekintzak baldintzak hobetzen ari dira". Bestalde, David Nabarro ebolaren krisian NBEk duen koordinatzailearen esanetan, birusa kontrolpean egon zitekeen 2015eko urtarrilerako[20].

Bestalde, Teresa Romerok larri jarraitzen zuen, baina adituak itxaropentsu zeuden. Ez zegoen aldaketa nabarmenik Teresa Romeroren osasun egoeran. Ebolaz kutsatutako erizain laguntzaileak egonkor jarraitzen zuen larritasunaren barruan. Bestalde, zaintzapean jarraitzen zuten 15 lagun horien osasun egoeran ez zen aldaketa nabarmenik izan[21].

Urriak 13 aldatu

Fernando Rodriguez Artalejo Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Prebentzio Medikuntzan katedradunak, eta ebolaren inguruko Zientzialari Batzordeko kideak, adierazi zuen ez zegoela "aparteko albisterik" Teresa Romeroren inguruan, eta "oso larri" jarraitzen zuela. Gainera, zetozen orduak "kritikoak" izango zirela aitortu zuen. Javier Limon ebolaz kutsatutako erizainaren senarrak Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariaren dimisioa eskatu zuen. Bestalde, Teresa Romerok protokoloa bete zuela gogorarazi zion Limonek Rodriguezi[22].

Urriak 14 aldatu

Javier Rodriguez Madrileko Erkidegoko Osasun kontseilariak "barkamena" eskatu zion Teresa Romero ebolak kutsatutako erizain laguntzaileari eta Javier Limon haren senarrari egindako "adierazpen desegokiengatik", eta adierazi zuen ulertzen zuela Limonek bidalitako gutuna, dimititzeko eskatuz[23].

Egun berean, Teresa Romerok hobera egin zuen apur bat, eta egonkor jarraitzen zuen. Bestalde, Carlos III.a Osasun Institutuko zuzendariak esan zuen "agerraldia erabat kontrolpean" zutela osasun agintariek[24].

Bestalde, Excalibur zakurra hil zuen operazioaren arduradunak dimisioa eman zuen. Lucas Dominguez Rodriguez Osasun Zaintzako Albaitaritza Zentroko (VISAVET) zuzendariak hartutako erabakia deitoratu zuen Complutense Unibertsitateak[25].

Urriak 15 aldatu

Teresa Romero egonkor zegoen, eta medikuak itxaropentsu mintzo ziren. Ana Mato Osasun ministroak nabarmendu zuen Espainia izan zela osasun langileak babesteko protokoloa indartzeko erabakia hartu zuen lehen herrialdea[26].

Urriak 16 aldatu

Teresa Romerorekin kontaktua izan zuen pertsona bat ospitaleratu zuten. Sukarra zeukan eta badaezpada Carlos III.a ospitalera eraman zuten. Bestalde, Teresa Romerok "egonkor" jarraitzen zuen, baina birus-mailak onera egin zuen eta kaltetutako organoek "hobera egin zuten"[27]. Gainera, beste sei ospitaleratu zeuden ebolarekin lotuta, Espainiako Estatuan. Carlos III.era Romerorekin egon zen 68 pertsonetako bat, Barajasera dardarka iritsi zen nigeriar bat eta misiolari bat eraman zituzten. Kanarietan, berriz, beste hiru isolatu zituzten ospitalean[28].

Urriak 17 aldatu

Madrilen ospitaleratutako bi pertsonak negatibo eman zuten ebola proban. Aurreko egunean, sei pertsona ospitaleratu zituzten, ebola izan zezaketelako, hiru Madrilen eta hiru Kanariar Uharteetan[29]. Geroago, azken lau ospitaleratuek negatibo eman zuten ebola proban.

Bestalde, Teresa Romero artatzen zuten medikuek birusaren proba egingo zioten berriro, 24 eta 48 orduren buruan. Emaitza negatiboa izatea espero zuten, birus karga oso txikia baitzen. Teresa Romerok ez zuen oroitzen Manuel Garcia Viejo hildako misiolaria ukitu ondoren eskularruekin bere aurpegia ukitu izana. Bere senarrak bezala, “behin eta berriro” ohartarazi zuen birusa eduki zezakeela. Espainiaratzeak defendatu zituen Rajoyk[30].

Urriak 18 aldatu

Teresa Romerok hobera egiten jarraitzen zuen. Gainera, kutsatutako erizain laguntzailearekin harreman izan zuten ospitaleratutako 15 lagunek sintomarik azaleratu gabe jarraitzen zuten. Arratsaldean zabaldu zenez, Liberian egon zen misiolari espainiarrari senda-agiria eman zioten.[31].

Urriak 19 aldatu

Teresa Romeroren egoera gero eta hobeagoa zen. Harekin harremana izateagatik ospitaleratutako 15 lagunek, berriz, sintomarik azaleratu gabe jarraitzen zuten. 'Marea zuriak' Ana Matoren eta Javier Rodriguezen dimisioak eskatu zituen[32]. Arratsaldean, Madrilen ebolagatik erietxeraturiko erizainak jada ez zuen gaitza, lehen analisien arabera. Beste analisi baten emaitza beharrezkoa izango zen kutsatuta jarraitzen zuela baztertzeko[33].

Urriak 20 aldatu

Teresa Romerok 24 ordutan jakingo zuen 'erabat sendatuta' zegoen. Egun horretan edo hurrengoan azken probak egingo zizkioten Teresa Romerori. Aurreko egunean emandako emaitza errepikatzen bazen, "bizitza normala" egin ahal izango zuen erizainak aurrerantzean[34].

Urriak 21 aldatu

Teresa Romero, albiste onenaren zain zegoen. Egun horretan egingo zioten ebola atzemateko bigarren proba erizaintzako laguntzaileari. Negatibo ematen bazuen, odolean Ebolaren birusik ez zuela esan nahiko zuen[35]. Bestalde, Ebolaren gaineko formazioa ez zela nahikoa izan salatu zuten erizainek. Erizainen Kontseilu Nagusiak salatu zuenez, protokoloak eta trebakuntza ez ziren egoerak eskatzen zuen mailan egon, eta zenbait lege urratu zituzten[36].

Bigarren frogen ostean, Teresa Romero ez zegoen ebolak kutsatuta. Nahiz eta infekzioa kontrolpean izan, “kontu handia” izan behar zutela azaldu zuen Jose Ramon Arribasek; izan ere, Teresa Romero gaixotasuna “kutsatu aurreko egoeran” ez zegoen. Romerok gaixotasuna gainditzeko “sendotasun fisko eta mental ikaragarria” demostratu zuela erantsi zuen Arribasek. Teresa Romero artatzen ari zen mediku taldearen arabera, ebolari aurre egiteko hasieratik erabili zituzten babes neurriak Nazioarteko Osasun Erakundeak aholkatutakoaren "gainetik" zeuden. Hori horrela, erizainek egin zuten salaketa gezurtatu zuten[37].

Urriak 22 aldatu

Romerok isolatuta jarraituko zuen birusaren arrastoa desagertu arte. Azken egunetan egindako azterketetan birusa gainditu zuela egiaztatu bazuen ere, oraindik birus arrastoak zituen gorputzeko jariakinetan, eta gaixotasuna kutsa zezakeen. Teresa Romeroren familiaren bozeramaileak, Teresa Mesak, jakinarazi zuenez, ebolarekin kutsatutako erizain laguntzaileak gogo txarrez hartu zuen isolamenduan jarraitzeko agindua[38].

Urriak 23 aldatu

Ebolagatik isolatutako beste bost pertsonak jaso zuten senda-agiria. Bien bitartean, Teresa Romerok isolatuta jarraitzen zuen, eta justizia eskatu zuen bere txakurraren hilketagatik, "egun osoa negar egiten" ari baitzen horregatik, eta "egin duenak ordain dezala" nahi zuen[39].

Urriak 24 aldatu

Egun horretan jakin zenez, urriaren 18an ebolaren beldur, medikuek artatu ez zuten nigeriar bat hil zen Madrilen. gizonezkoa 17:00etan iritsi zen Madrilgo aireportura, Turkiatik zetorren hegazkin batean, eta zerraldo erori zen berehala. Handik eta bi ordura hil zen[40].

Urriak 26 aldatu

Egun horretan jakin zenez, Teresa Romeroren ingurukoek sendagiria jasoko zuten hurrengo egunean. Ospitaletik aterako ziren pertsonen artean, Javier Limon zegoen, Teresa Romeroren senarra[41].

Urriak 27 aldatu

Teresa Romeroren senarrak eta gainerako pazienteek alta jaso zuten. Javier Limonek agerraldia egingo zuela arratsaldean jakinarazi zen. "Ondo" zegoela esan zien kazetariei eta, bere emaztea ere, "oso ondo" zegoela azpimarratu zuen[42].

Romeroren senarrak 'akatsak' eta 'kontrol politiko falta' salatu zituen. Javier Limon eta bere emaztea, ebolarekin kutsatutako erizain laguntzailea, Osasun kontseilariaren kontra salaketa jarri ala ez aztertzen ari ziren, eta horren dimisioa eskatu zuten[43].

Urriak 29 aldatu

Carlos III.eko erizainak baztertzen ari dzrela salatu zuten. Ebola zuten gaixoekin lan egin zuten erizainek azaldu zutenez, "gurasoek ere ez dute nahi haien etxera joatea"[44].

Urriak 31 aldatu

Ebolaren aurka hartutako neurriak, auzibidean zeuden. Hamabost osagilek jarritako salaketa tramitera onartu zuen epaileak, ebolari aurre egiteko prozeduran, osasun publikoaren eta langileen segurtasunaren kontrako delituak egon zitezkeelakoan[45].

Azaroak 1 aldatu

Teresa Romerok isolamendua utzi zuen. Azken analisien arabera, bere fluidoetan ez zegoen ebolaren arrastorik[46].

Azaroak 5 aldatu

Herritarrek nabarmen baztertu zituztela salatu zuten erizainek. Ebola zuten gaixoekin lan egin zuten osasun-langileek, eta horien senideek, auzo eta lagunen trabak jasan zituztela esan zuten[47].

Bestalde, 'Politikoki negargarria izan da, baina osasun publiko bikaina dugu' esan zuen Teresa Romerok. Ebola birusa gainditu ondoren, lehen aldiz agertu zen hedabideen aurrean Teresa Romero erizain laguntzailea. Gaixoaldian zaindu zuten profesionalen lana goratu zuen. Teresa Romerok bere hitzaldia amaitu ostean, haren senarrak hartu zuen hitza eta, erizain laguntzailearen izenean, Excalibur txakurraz hitz batzuk egin zituen. Javier Limonen esanetan, Teresa Romero ez zen gai Excalibur txakurraz hitz egiteko "emozionatu egiten delako"[48].

Azaroak 10 aldatu

Teresa Romerok 300.000 euro eskatuko zizkion Madrilgo Osasun kontseilariari. Bere izen onaren kontra jotzeagatik, 150.000 euroko kalte-ordaina eskatu zuen Romerok. Gainera, 150.000 euro eskatu zituen, Excalibur txakurra hiltzea erabakitzeagatik[49].

Azaroak 20 aldatu

Nafarroako sendagile bat Malitik Madrilera eramango zutela zabaldu zen egun horretan, izan ere, ebola izan zezakeen. Mugarik Gabeko Medikuen boluntarioa zen eta gaitza izateko zantzurik ez eduki arren, arrisku maila handiko pazientetzat zuten[50].

Azaroak 21 aldatu

Nafarroako sendagilea Madrilen ospitaleratu zuten ebola izateko arriskua zuelako[51]. Mediku nafarra obserbazioan zegoen, baina ez zegoen isolatuta[52].

Azaroak 22 aldatu

Ebola izateko sintomarik gabe jarraitzen zuen sendagile nafarrak[53].

Azaroak 23 aldatu

Kooperante nafarra 'lasai eta animatuta' zegoen eta sintomarik gabe jarraitzen zuen[54].

Abenduak 2 aldatu

Espainia 'ebolatik libre' zegoela adierazi zuen Munduko Osasun Erakundeak. Espainian ez zegoen ebolaz kutsatzeko arriskurik, eta gaixotasunari aurre egiteko zaintza aldiak ondo bete zirela ziurtatu zuen erakundeak[55].

Abenduak 11 aldatu

Sintomarik ez zuenez, senda-agiria jaso zuen ebola izan zezakeelakoan erietxean zegoen nafarrak[56].

Abenduak 21-22 aldatu

Abenduaren 21ean, Arrasateko gizonezko bat artatu dute, ebola izan zezakeelakoan. Abenduaren 22an, ziurtatu zenez ez zuen ebola Donostiako ospitalean artatutako pazienteak[57].

Abenduak 30 aldatu

Gizon bat ospitaleratu zuten Basurtun, ebola zuelakoan, izan ere, Ginean izan zen azken asteetan[58].

Urtarrilak 14 aldatu

Romerok onartu egin zuen ez ziola medikuari esan ebola gaitzak kutsatutako gaixoekin kontaktuan egon zenik eta medikuarekin akordioa lortu zuen[59].

Erreakzioak aldatu

Urriaren 8an, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi zuenez, ebolaren protokoloa "egokia" izaten ari zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta osasun arloko profesionalen segurtasuna "kasuak ongi tratatzea bezain lehentasunezkoa" zen[60].

Egun berean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ebolarekin "adi" egon beharra zegoela ohartarazi zuen, baina "lasaitasunari eutsi" behar zitzaiola gaineratu zuen. Ana Mato Espainiako Gobernuko Osasun ministroak osasun langileengan "konfiantza" izateko deia egin zuen, eta osasun sistema ebolari aurre egiteko "prest" zegoela nabarmendu zuen[61].

Urriaren 10ean, Jose Maria Echevarria Sierra Leonan ebola zuten pertsonak artatzeko zentroaren zuzendariaren iritziz, "ziurrenik" Espainiak protokoloa “jarraitu behar den moduan ez du jarraitu” Teresa Romero erizainaren kasuan. “Zerbait gaizki egin da, bestela, ez dut ulertzen”, erantsi zuen[62].

Urriaren 11ean, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ziurtatu zuenez, Osakidetza "prest dago egoera honi -azken kutsatuen ostean- behar bezala aurre egitea bermatzeko". Halaber, sailburuak iragarri zuenez, euskal osasun publikoaren zerbitzuko maila guztietan formakuntza eta informazioa areagotuko zen, eta aplikatutako neurrien jarraipen estua egingo zuten[63].

Urriaren 12an, Jesus Maria Garcia Calleja, OMEko epidemiologoaren arabera «Ebolaren agerraldia ez zuten ondo neurtu, ez OMEk, ez herrialdeek». Ebolaren hedapenak GIB birusa zabaldu zen garaia gogora zekarrela onartu zuen Garcia Callejak: antzeko izua ari zen eragiten. Halako gaitzak kontrolatu egin behar zirela ohartarazi du: «Berez ez da konponduko»[64].

Egun berean, birusa Mendebaldearentzat berria zela ohartarazi zuen Rajoyren Gobernuak. Espainiako Gobernuak ebolaren aurrean egindako kudeaketa defendatu zuen eta Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako protokoloak bete zirela baieztatu zuen[65].

Urriaren 13an, Encarna de la Maza Euskadiko Satse sindikatuko bozeramaileak ohartarazi zuen ezin zela “segurtasun osoz” esan, Jon Darpon Osasun sailburuan adierazi zuen modura, Euskadi ebolari aurre egiteko prest zegoenik. Satse sindikatuaren iritziz, egun horretan hasi ziren Osakidetzako langileak ebolari aurre egiteko formazioa jasotzen. "Berandu gabiltza", ohartarazi zuten[66].

Egun berean, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Kongresuan agerraldia egitea eskatu zuen Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak[22].

Urriaren 14an, Luis de Guindos Ekonomia ministroak ziurtatu zuenez, ebolaren krisiak “ez du inolako eraginik izan Espainiako ekonomian, ez turismoan”, nazioarteko eta Europako “geldialdiak” duen eraginaz kontuan hartu barik. Ekonomiako buruak baieztatu zuen Espainiako irudia ez zegoela ebolarekin lotuta, "arazoa kontrolpean" dagoelako.[67].

Egun berean, Ana Mato Espainiako Osasun ministroak esan zuen Mariano Rajoyren babesa zuela, eta inolako momentutan ez zutela beregan duten konfiantza galdu, nahiz eta Soraya Saenz de Santamariari eman ebolaren jarraipenerako batzordearen presidentetza. Bestalde, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren bozeramaileak uste zuen ebolaren jarraipenerako batzordeak "denbora luzean" jarraitu behar zuela[68].

Urriaren 27an, Afrikan Espainian baino hobeto jarduten zutela salatu zuten erizainek. Erizaintzako Kontseilu Nagusiak azaldu zuenez, Senegalen, esaterako, osasun-langileek laguntza eskatu zutenean, “berehala” lagundu zieten eta “lehiakortasuna hobetu dute”[69].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h «Espainiako Estatuan ebolak kutsatutako lehenengo kasuaren kronologia», EiTB, 2014-10-06
  2. https://web.archive.org/web/20141011232448/http://www.berria.eus/egilea/garikoitz_goikoetxea, «Ebolaz kutsatu da Madrilen eri bat zaindu zuen erizaina», Berria, 2014-10-07
  3. «Hiru lagun ari dira zaintzen Madrilen, ebola dela eta», Berria, 2014-10-07
  4. «Ebolaren kontrako prestakuntza indartuko du Osakidetzak», Berria, 2014-10-07
  5. «Erizaina oporretan joaten utzi zuten, ebola sintomak bazituen ere», EiTB, 2014-10-07
  6. «Erizain espainiarraren kasua, nazioarteko hedabideen portadetan», EiTB, 2014-10-07
  7. «Ospitaleratuta dagoen bigarren erizainak ez du ebolarik», EiTB, 2014-10-07
  8. Maddi Ane Txoperena Iribarren, «Madrilgo kasua argitu artean egungo protokoloari eutsiko diote Hego Euskal Herrian», Berria, 2014-10-08
  9. a b «Martxan da Excalibur txakurra sakrifikatzeko prozesua», EiTB, 2014-10-08
  10. «Europako Batasunak segurtasun protokoloak berrikusiko ditu», Berria, 2014-10-08
  11. «Ebola duen gaixoaren osasun egoera "oso kritikoa" da», Berria, 2014-10-09
  12. a b «Erizain laguntzailearen egoerak 'okerrera' egin du», EiTB, 2014-10-09
  13. «Ministerioak ebolaren protokoloa indartuko du langileak babesteko», EiTB, 2014-10-09
  14. «Prestakuntza eta informazio gehiago eskatu dute Osakidetzako erizainek», Berria, 2014-10-10
  15. «Teresa Romero 'larri baina egonkor' dago», EiTB, 2014-10-10
  16. «Haserrea eta sumina Madrilgo Osasun kontseilariaren aurka», EiTB, 2014-10-10
  17. «Rajoyk dio 'oso baxua' dela ebolarekin kutsatzeko arriskua», EiTB, 2014-10-10
  18. a b c «Ebolari aurre egiteko batzorde berezi bat sortu du Gobernuak», EiTB, 2014-10-10
  19. «Romerok larri baina egonkor jarraitzen duela esan du batzorde bereziak», EiTB, 2014-10-11
  20. III ez dago diseinatuta ebolari aurre egiteko, EBren arabera»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-10-12
  21. «Teresa Romerok larri jarraitzen du, baina adituak itxaropentsu daude», EiTB, 2014-10-12
  22. a b «Teresaren senarrak dimititzea eskatu dio Osasun kontseilariari»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-10-13
  23. «Osasun kontseilariak barkamena eskatu die Romerori eta haren senarrari»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-10-14
  24. «Teresa Romerok hobera egin du apur bat, eta egonkor jarraitzen du», EiTB, 2014-10-14
  25. «Excalibur zakurra hil zuen operazioaren arduradunak dimisioa eman du», EiTB, 2014-10-14
  26. «Teresa Romero egonkor dago, eta medikuak itxaropentsu mintzo dira», EiTB, 2014-10-15
  27. «Teresa Romerorekin kontaktua izan zuen pertsona bat ospitaleratu dute», EiTB, 2014-10-16
  28. «Beste sei ospitaleratu ebolarekin lotuta, Espainiako Estatuan», EiTB, 2014-10-16
  29. «Madrilen ospitaleratutako bi pertsonak negatibo eman dute ebola proban», EiTB, 2014-10-17
  30. «Azken lau ospitaleratuek negatibo eman dute ebola proban», EiTB, 2014-10-17
  31. «Teresa Romerok hobera egiten jarraitzen du», EiTB, 2014-10-18
  32. «Teresa Romeroren egoera gero eta hobeagoa da», EiTB, 2014-10-19
  33. «Madrilen ebolagatik erietxeraturiko erizainak jada ez du gaitza, lehen analisien arabera», Berria, 2014-10-19
  34. «Teresa Romerok 24 ordutan jakingo du 'erabat sendatuta' dagoen», EiTB, 2104-10-20
  35. «Teresa Romero, albiste onenaren zain», EiTB, 2014-10-21
  36. «Ebolaren gaineko formazioa ez dela nahikoa izan salatu dute erizainek», EiTB, 2014-10-21
  37. «Teresa Romero ez dago ebolak kutsatuta», EiTB, 2014-10-21
  38. «Romerok isolatuta jarraituko du birusaren arrastoa desagertu arte», EiTB, 2014-10-22
  39. «Ebolagatik isolatutako beste bost pertsonak jaso dute senda-agiria», EiTB, 2014-10-23
  40. «Ebolaren beldur, medikuek artatu ez zuten nigeriar bat hil da Madrilen», EiTB, 2014-10-24
  41. «Teresa Romeroren ingurukoek sendagiria jasoko dute astelehenean», EiTB, 2014-10-26
  42. «Teresa Romeroren senarrak eta gainerako pazienteek alta jaso dute», EiTB, 2014-10-27
  43. «Romeroren senarrak 'akatsak' eta 'kontrol politiko falta' salatu ditu», EiTB, 2014-10-27
  44. «Carlos III.eko erizainak baztertzen ari direla salatu dute», EiTB, 2014-10-29
  45. «Ebolaren aurka hartutako neurriak, auzibidean », EiTB, 2014-10-31
  46. «Teresa Romerok isolamendua utzi du», EiTB, 2014-11-01
  47. «Herritarrek nabarmen baztertu dituztela salatu dute erizainek», EiTB, 2014-11-05
  48. «'Politikoki negargarria izan da, baina osasun publiko bikaina dugu'», EiTB, 2014-11-05
  49. «Romerok 300.000 euro eskatuko dizkio Madrilgo Osasun kontseilariari», EiTB, 2014-11-10
  50. «Nafarroako sendagile bat Malitik Madrilera eramango dute, ebola izan dezakeelakoan», Berria, 2014-11-20
  51. «Madrilen ospitaleratu dute ebola izan dezakeen Nafarroako sendagilea», Berria, 2014-11-21
  52. «MSF erakundeko mediku nafarra obserbazioan dago, baina ez isolatuta»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-11-21
  53. «Ebola izateko zantzurik gabe jarraitzen du Malin aritutako sendagile nafarrak», Berria, 2014-11-22
  54. «Kooperante nafarra 'lasai eta animatuta' dago»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-11-23
  55. «Espainia 'ebolatik libre' dagoela esan du Munduko Osasun Erakundeak », EiTB, 2014-12-02
  56. «Senda-agiria jaso du ebola izan zezakeelakoan erietxeratuta zegoen nafarrak», Berria, 2014-12-11
  57. «Ez du ebola Donostiako ospitalean artatutako pazienteak», Berria, 2014-12-22
  58. «Gizon bat erietxeratu dute Basurtun, ebola izan dezakeelakoan», Berria, 2014-12-31
  59. «Romerok gezurra esan zuela onartu eta medikuarekin akordioa lortu du», EiTB, 2015-01-14
  60. «Osasun arloko langileen segurtasuna lehentasunezkotzat jo du Darponek», Berria, 2014-10-08
  61. «Mato: 'Osasun sistema prest dago ebolari aurre egiteko'», EiTB, 2014-10-08
  62. «'Ziur aski, Espainiak ez du protokoloa modu egokian jarraitu'», EiTB, 2014-10-10
  63. «Darpon, ebolari buruz: 'Osakidetza prest dago egoerari aurre egiteko'», EiTB, 2014-10-11
  64. Maite Asensio Lozano, ««Ebolaren agerraldia ez zuten ondo neurtu, ez OMEk, ez herrialdeek»», Berria, 2014-10-12
  65. «Birusa Mendebaldearentzat berria dela ohartarazi du Rajoyren Gobernuak», EiTB, 2014-10-12
  66. «'Ezin da segurtasun osoz esan ebolari aurre egiteko prest gaudenik'», EiTB, 2014-10-13
  67. «De Guindos: 'Ebolak ez du eraginik izan ekonomian, ezta turismoan ere'»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-10-14
  68. «Mato babestuta sentitzen da»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-10-14
  69. «Afrikan Espainian baino hobeto jarduten dutela salatu dute erizainek», EiTB, 2014-10-27

Kanpo estekak aldatu