Dut Hondarribiko rock taldea izan zen. Taldea 1993an sortu zen eta 2008an desegin. Azken kontzertua 2003an egin zuten, Psilocyberen hamargarren urtemugan. Eraginik handienak post hardcoreera biratu zuten hardcore taldeenak izan ziren eta hauen artean BAP!!, Fugazi, Helmet edo Black Flag daude. Hiru disko plazaratu zituzten eta beste bat Fermin Muguruzarekin. 2008ean banandu egin ziren.[1]

Dut
Datuak
JatorriaHondarribia
Musika motapost-hardcore, hardcore, punk, rock
Urteak1993 - 2008
Produkzioa
Diskoetxea(k)Esan Ozenki
Taldekideak
Xabi Strubell
Joseba Ponce
Galder Izagirre
Lehengo taldekideak
Eneko
Manex
Informazio gehigarria
http://www.myspace.com/dut93
Badok: dut Last fm: Dut Musicbrainz: aaba3a0d-d8fb-4975-856c-7fa26a118ef1 Discogs: 1554917 Musikasten: dut Edit the value on Wikidata

Josebak eta Galderrek Kuraian jotzen jarraitu zuten. Xabi Strubellek, berriz, hainbat eta hainbat talderekin grabatu ondoren 2005ean Zura taldea sortu zuen. 2010.urtean, Galder Izagirre Berri Txarrak taldean bateria jotzen hasi zen, taldea banandu arte, 2019an.

Taldekideak aldatu

Aurreko taldekideak aldatu

  • Manex: ahotsa, scratch.
  • Eneko: gitarra.

Taldea aldatu

Hardcoretik pauso bat haratago joanda, Hondarribiko (Gipuzkoa) talde honek gureganatu egin zituen AEBetako undergroundean erreferente ziren talde batzuk; bere kutsua eman zion, eta gurean ezohikoa zen intentsitatea landu zuen. Boskotea zela disko fresko bat kaleratu zuen, baina hirukote bihurtuta iluntasun eta emaitza ikaragarriagoak lortu zituen. Bakarkako hiru disko grabatzeaz gain, Fermin Muguruza lagundu zuen Ireki ateak diskoan (Esan Ozenki, 1997). Hainbat urtez zuzenean jo gabe igaro ondoren, taldeak 2008an iragarri zuen behin betiko agurra.

1993an, Hondarribiko lau gazte -Manex Martinez (ahotsa eta scratch-ak), Eneko Garaialde (gitarra), Xabi Strubell (gitarra) eta Joseba Ponce (baxua)- eta Irungo Galder Izagirre (bateria) batu ziren talde bat egiteko. Izagirrek Big Crunch taldean jotzen zuela baliatuta, haren lokalean entseatzen hasi ziren. Sasoi horretan, maketa bat grabatu zuten Irunen, baina ez zuten inoiz kaleratu. Handik gutxira, lokalik gabe gelditu ziren; orduantxe, disko bat egitea proposatu zien Basati Diskak diskoetxeak Hondarribiko lau talderi, urte haietan hasi baitzen Hondarribia Gipuzkoako talde harrobirik emankorrenetakoa bihurtzen. Beti Mugan, Illusions, Orgasmic Toothpicks eta Dut ziren lau taldeok. Dutek maketan agertutako lau kantu berreskuratu zituen Underribi diskorako (Basati Diskak, 1994): "Esnatu nahi dut", "Errealitate krudelaren gidoia", "Matxurak" eta "Truth machine".

Manex Martinezek ederto betetzen zuen frontman rola, indar handiz, eta taldeak gaztetasuna, sasoia eta zerbait berria eskaintzen zuen: abesti indartsuak, lelo eta erritmo astunekin. Hala, Esan Ozenki diskoetxearen arreta erakarri zuen, eta, Beran (Nafarroa), Nafarroa Oinez-en harira, gonbita jaso zuen Negu Gorriak taldearekin jotzeko. Hamalau egunez grabatu zuten Dut lehen diskoa (Esan Ozenki, 1995) Kaki Arkarazo soinu teknikariarekin. Lan horretan, hamar kantu batu zituzten, guztiak propioak, Mikel Laboaren Urtsua da uda izan ezik. Beti Mugan taldeko Nagore Santamariak Zurrunbilo kantuan abestu zuen; Bap!! taldeko Eneko Abregok, "Hitz hutsak" eta "Ezjakintasunaren kateak suntsitu" kantuetan; eta Illusions taldeko Beñardok biolina sartu zuen "Zurrunbilo"-n. Giro iluna, oinarri erritmiko indartsu eta aberatsak, gitarra riff bereziak eta ahotsa beste instrumentu bat bailitzan erabilia. Hitzek kritika eta hausnarketa uztartzen dituzte.

Diskoa grabatu eta gutxira, taldeak etenaldia izan zuen Xabi Strubelli ebakuntza egin ziotelako. Hortaz, hurrengo emanaldi batzuk eserita egin zituen. Oso harrera ona jaso zuen disko hark zerbait ausarta bilatzen zutenen artean, eta jende gehiago batu zitzaien kontzertuetan, baina Manexek eta Enekok taldea uztea erabaki zuten. Bat-batean, Dut hirukote bihurtu zen, baina uda osoa entseatzen igaro eta gero, At (Esan Ozenki, 1996) grabatu zuen Angel Katarainekin. Musika guztia hirukoteak idatzi zuen, eta, hitzei dagokienez, Martxel Mariskalen laguntza izan zuen ("Haize eza", taldearen kanturik esanguratsuenetako bat), baita Edurne Rodriguezena ere ("The big lie of love"). Disko horren emaitza trinkoagoa da, landuagoa, ilunagoa eta astunagoa. Lan hori kaleratzearekin bat, hainbat emanaldi egin zituen Suitzako Wemean neska taldearekin batera Barcelona Accio Musical (BAM) jaialdi ospetsuan, Zaragozan (Espainia) eta Euskal Herrian. Erantzuna itzela izan zen: taldeak heldutasunean eta sendotasunean izugarri irabazi zuen, eta gero eta jende gehiagok ulertu zuen.

1997an, "Txapela buruan eta ibili munduan" hip hop kantua grabatu zuten Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan bildumarako (Esan Ozenki, 1997), eta RIP taldearen omenezko diskorako, RIP Versiones (Où, 1997), "Terrorismo policial" kantua moldatu zuten. Urte bereko abenduan, Egin egunkariko Gaztegin gehigarrian, Pablo Cabeza kazetariak jakinarazi zuen Fermin Muguruzak eta Dutek proiektu bat zutela elkarrekin. Victor Jararen omenaldi baten harira, Muguruzak laguntza eskatu zien Dutekoei, eta hortik Ireki ateak diskoa (Esan Ozenki, 1997) atera zen: drum&bass, musika industriala, trip-hop, reggae, hardcore eta beste doinu batzuk batu zituzten, eta Victor Jararen "El derecho a vivir en paz" grabatu zuten. 1998an, nazioarteko bira egin zuten Gaitzerdi antzerki taldearekin batera sortutako ikuskizun erraldoiarekin. Esperientzia ikaragarria izan zen hondarribiarrendako, eta ezagunago egin zituenez, jende askoren arreta bereganatu zuten.

Atsedenaldi baten ostean, Askatu korapiloa (Esan Ozenki, 2000) egin zuten. Hondarribiko musikariak batzen dituen Psylocibe elkartearen lokalean grabatu zuten Lisabö taldeko Karlos Osinaga Txap-ekin, eta Angel Katarainek nahastu zuen. Ordura arteko disko ilunena egin zuten: batetik, hardcore muturreko piezak daude, eta, bestetik, kanta ilun eta astunak. Diskoa aurkezteko, Lisabö eta Anarirekin batera jo zuten Bergaran, Donostian, Bartzelonan eta Madrilen, baina 2001ean kontzertuak emateari utzi zioten. Taldekideak bestelako proiektuetan murgildu ziren: Strubellek Zura taldea jarri zuen martxan, eta Galderrek eta Josebak Kuraia sortu zuten Mikel Kazalis (Anestesia) eta Fernando Gimenorekin (El Corazón del Sapo).

2003an, Psilocybe jaian, Hondarribian, agertokira igo ziren arren, hainbat urte igaro ziren Duten berririk izan gabe, harik eta 2008an taldeak agiri baten bidez amaiera ofiziala iragarri zuen arte. Azken kantua 2004an argitaratu zuten, "Hondarra" izenekoa, Irungo AEK-ko beteranoak bilduman.

2010eko abenduaren 18an, Hondarribiako Psilocybenea Aretoan TUD omenaldi-bandak emandako azken kontzertuan[2], DUTeko taldekide ohiak oholtzara igo eta bost kantu jo zituzten[3].

Diskografia aldatu

Bildumak aldatu

Fermin Muguruza eta Dut aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu