Disfemismo

hitz edo esapide neutro bat ordezkatzen duen hitz edo esapide gutxiesle edo iraingarria

Disfemismoa nahita mespretxatzen edo iraintzen duen hitz edo adierazpen bat da, beste neutralago baten ordez erabiltzen dena. Umorez erabil daiteke edo baten bati kalte egiteko asmoz.

Ezagunagoa den eufemismo hitzaren antonimoa da disfemismo.

Fenomeno linguistiko hau, kakofemismo, kontraeufemismo eta antieufemismo bezala ere izendatu daiteke, eta mespretxuzko hitzak, gutxiesteko asmoa duten hitzak edo esamoldeak biltzen ditu. Berez irudikatu nahi duten kontzeptuek eurek adierazten dutena baino errealitate gogor eta desatseginagoa adierazten dute disfemismoek.

Eufemismoak eta disfemismoak kultura jakin bakoitzean gehienbat tabutzat jo izan diren kontzeptuen eremu semantikoetan sortu ohi dira. Euskal Herrian: heriotza, sexua, gosea, dirua, politika...

Adibideak aldatu

Adibide batzuk eufemismotzat edo disfemismotzat jo daitezke. Testuinguruaren arabera[1], hitz batzuk umorezkoak izan daitezke, gutxiesteko esanahia izan dezakete edo irain hutsak izan daitezke[2][3][4][5][6][7].

 
Azken taxia, izozkien orgatxoa bezalako esapide bat, umorezko eufemismo edo disfemismoa izan daiteke, testuinguruaren arabera.
  • Izozkien orgatxoa, azken taxia. 'Ehorztetxeko autoa' izendatzeko.
  • Zabor-bazka. Jatetxe batzuetan eskaintzen duten janari azkarra izendatzeko.
  • Kutxa lerdoa. 'Telebista' izendatzeko.
  • Erretzeari utzi dio. 'Hil da' adierazteko.
  • Petrikilo. Mediku adierazteko.
  • Liburutegiko arratoi, liburutegiko lapa. Irakurtzen denbora luze(egi)a ematen duen pertsona bati buruz.
  • Aulki-bero, ukondo-urratzaile. Denbora luze(egi)a ikasten ematen duen pertsona bati buruz.
  • Ipurdi-bero / extu. Pertsona batzuek sexualitatearen aurrean duten jarrera batzuei buruz gaizki esaka aritzeko.
  • Mutilzahar, neskazahar, mutxurdin[8]. Garai batean gaztaroan ezkondu gabe irauten zuten pertsona batzuei buruz erabiltzen ziren esapideak, umorez batzuetan, gutxiesteko asmoz beste askotan.
  • Maritxu, atzelari. Gizonezko batzuen sexu joera, edo ustezko sexu joera jakin batzuei buruz gaizki esaka aritzeko.
  • Biboteduna, kamioizalea... Emakumezko batzuen sexu joera, edo ustezko sexu joera jakin batzuei buruz gaizki esaka aritzeko.
  • Meategira jaitsi. 'Lantokira joan' adierazteko.
  • Jainkojale, santujale. Kristau jakin batzuei buruz gaizki esaka aritzeko.
  • Sudur-luze, mari-sukalde. Beste pertsonen arazoetan "sudurra" sartzen duten pertsonei buruz, besteen etxeetan baimenik gabe sukalderaino sartzen diren pertsonei buruz, besteen kontu pribatuak ezagutzeko jakin-min handiegia dutenei buruz.
  • Zipaioak, txapelokerrak. Ertzainei buruz edo Espainiako Guardia Zibilari buruz gaizki esaka aritzeko.
  • Fatxak, egitxuak, borrokak, soziatak, mentxebikeak, jakobinoak... Militantzia politiko edo ikuspegi politiko jakin batzuk gutxiesteko.
  • Mairuak, kongitoak, gabatxoak, kartoflenak, maketoak, belarri-motzak... Giza talde batzuk izendatzeko erabili diren hitz gaiztoak edo disfemismoak.
  • Sega-poto. Telefono adierazteko.
  • Piper-potea. Espainiako bandera gorri-horia izendatzeko.

...

Erreferentziak aldatu

  1. Volgako Batelariak. «Irainen alfabeto laburra - 2009/05/08» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  2. «Hiztegia - Gazte gara gazte» gazteak.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  3. Epelde Pagola, Imanol. Irainak, biraoak, laidoak, burlak, isekak euskaraz. Argia, 11 or..
  4. «‘Hitz larrien, irainen eta kitziken hiztegia’ plazaratu du Mintzalasai elkarteak» KULTUR SHAREA 2020-10-14 (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  5. «Erronkarierazko irainak» ZUZEU 2018-09-27 (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  6. «Koldo Izagirre. Euskal lokuzioak. Espaniolezko eta frantsesezco gida-zerrendarekin» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  7. «Euskal lokuzioak, Hiztegi erotikoa» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  8. «mutxurdin - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-19).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu