Dionisio Amundarain

idazlea eta apaiza

Dionisio Amundarain Saratsola (Itsasondo, Gipuzkoa, 1930eko maiatzaren 23a) itzultzailea, testuen zuzentzailea, euskararen sustatzailea, euskara irakaslea, apaiz katolikoa eta beneditarra da. Maizpide euskaltegiaren sortzearen eragile nagusia eta aurreneko zuzendaria. Elizen Arteko Biblia itzuli zuen taldearen buru. Euskaltzain urgazlea,[1] euskaltzain ohorezkoa[2] eta Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko kide[3] da. Beneditarren Lazkaoko monasterioa utzi zuen 1986an: euskalgintzan buru-belarri jarraitu ala monasteriora itzuli aukeratzera behartu zuten, eta euskararen alde egin zuen.[4] Gaur egun Lazkaon bizi da.[4]

Dionisio Amundarain

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDionisio Amundarain Saratsola
JaiotzaItsasondo1930eko maiatzaren 23a (93 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, apaiz katolikoa, Bibliaren itzultzailea eta euskararen sustatzailea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaBeneditar

Inguma: dionisio-amundarain-sarasola-00
« [...] bihotzez eskerrak eman nahi dizkizut, Dionisio, euskararen alde zeure denboran egin duzun lan txalogarriagatik. Zinez, zintzo jokatu duzu.

Eta toki guztietan hauxe esaten dut: Zazpi probintzietan oso gutxi daude euskaraz Dionisio Amundarainek bezain ongi idazten dutenak. Dionisio maisuen maisu da.

»
Gotzon Garate[5]

Bizitza aldatu

Familia eta haurtzaroa aldatu

Itsasondoko Lukusin baserrian jaio zen,[6] 1930ean, 11 seme-alabako familia batean. Hiru anaia zaharrenak gerrara eraman zituzten, behartuta, Francorekin errekete. Laugarren bat, berriz, anaietan zaharrena libratzearren boluntario joan zen, eta gerran hil zen.

Dionisio, haurretan, baserri lanetan laguntzen hasi zen, ardiak zaintzen batez ere. Aita artzaina zen. Artzaintzari jarraipena emateko, hamaika anai-arreben artean langintza horretarako sena zuen seme bakarra gerran hil zena zen. Dionisio bera ere asko aritua zen ardiekin lanean, baina senik ez zuen. Bestalde, umetatik ardiekin lanean aritu zenez (sei urterekin artzain ibiltzen zen Aralarren),[6] eskolara gutxi joan zen haurtzaroan.

Ikasketak aldatu

 
Beneditarren Lazkaoko monasterioan egin zituen apaizgoaren oinarrizko ikasketak.

Hamar urte zituela, beneditarren Lazkaoko monasteriora joatea erabaki zuen, inork behartu gabe. Han egin zituen oinarrizko ikasketak, nobiziatua eta gainerako ikasketak. 1948an beneditar egin zen, eta 1953an apaiztu zen.[6] Parisen eta Erroman izan zen, teologia eta filosofia ikasten. Estibalitzen hiruzpalau urte eginik, Lazkaora itzuli zenean buru-belarri hasi zen lehendik ahoz ondo zekien euskara idatziz ere ikasten, eta testuak euskaratzen.

Beneditarren artean toki egokia aurkitu zuen lan hartarako, komentuan euskararen aldeko sentimendua eta giroa sortuz eta indartuz joan baitzen. Dionisio euskararen aldeko giroan eta lanetan erabat murgildu zen, bai ikasten eta bai irakasten. Irakasle eta eragile garrantzitsuenak bi izan ziren beretzat: Elbira Zipitria eta Nikolas Ormaetxea Orixe. Orixeren idazlanak irakurriz euskararen muina eskuratu zuen. Elbira Zipitria izan zuen aurreneko euskara irakasle, 1952/1953 ikasturtean. Igandeetan, mezaren ostean eskolak ematen zizkion taldetxo bati.[7] Orixeren lanak irakurriz ematen zuten denbora.

Musika karrera ere egin zuen: kontserbatorioko piano karrera amaitu eta mezetan berak jotzen zuen organoa. Musikarako ere ez zuen sen berezirik, baina hain zenez langilea eta fina, ikasketak burutu zituen.

Komentuko Jaunaren Deia aldizkarian hasi zen bere lehen itzulpenak argitaratzen, eta geroztik etengabe euskaratu izan ditu otoitzak eta elizako liburuak. Idazle eta itzultzaile lanetan, askotan zentsuraren atzaparrek estu hartu zuten.

UEUk Donibane Lohizunen 1974an egindako saioan izan ondoren, alfabetatze ikastaroak antolatzen hasi zen komentuan bertan. Handik abiatu zen Goierrin euskararen irakaskuntzaren alde Dionisio Amundarainek egindako lana: Goierriko gaueskolak sortu zituen, Maizpide Euskaltegiaren sustatzaile, zuzendari, irakasle eta arduradun nagusi izan da, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartearen sortzaile, Gerriko Sariketaren zuzentzaile eta laguntzaile...

Goierritarrak, eta lazkaotarrak bereziki, euskaldun berrien adiskide, laguntzaile eta sendiko bihurtu ditu Dionisiok: familia gehienetan hartu izan dute, noiz edo behin, mintza praktikarako ikaslerik. Zenbait garaitan, herri osoa euskaltegi bihurtuta ezagutu izan da Lazkao.

Lazkaoko Euskal Eskolatik, Maizpidera aldatu

 
Maizpide euskaltegia, Amundarainen lanaren fruitu nabarmenenetako bat.

Euskaldunak alfabetatu beharraz giroa berotzen hasia zegoen 1966an. Rikardo Arregi Aranburuk Euskaltzaindiari bidali zion gutun ospetsu hartaz geroztik, Zeruko Argia aldizkarian Mikel Ugalderen, Juan San Martinen, Paulo Iztuetaren eta Rikardo Arregiren beraren iritziak plazaratu ziren... Giro horretan antolatu zen lehenengoz Goierrin alfabetatze saio bat, 1968an, Beasaingo Loinazko San Martin/La Salle ikastetxean.

Handik aurrera, 1968/1969 ikasturtean bertan hasi ziren Goierrin euskalduntze eta alfabetatze eskolak antolatzen herriz herri: Lazkaon, Legorretan, Itsasondon, Zaldibian... lehendabizi, beste herri askotan geroago. Gorabeherak izan ziren urte batzuetan, baina 1974tik aurrera Goierriko Euskal Eskola indartsu aritu zen lanean.

1975ean Udako Ikastaroa egin zen lehenengoz, beneditarren monasterioan, Dionisio Amundarain antolatzaile nagusi izanik. Ikastaro hartan 22 ikasle izan zituzten. Bi urte geroago, 1977/1978 ikasturtean, 580 ikasle izan ziren; hortik atera kontuak.

1980tik 1988ko apiril arte, Goierriko Euskal Eskolako zuzendari, irakasle eta arduradun izan zen Dionisio Amundarain. HABE erakundea sortua zelarik, 1981ean Goierriko Euskal Eskolak eta erakunde horrek hitzarmena egin zuten, Lazkaon barnetegia eraiki, eta Ordizian eta Beasainen udal euskaltegi bana sortzeko. Horrela sortu zen gaurko Maizpide euskaltegia. Udalak lur sailak jarri, tartean ziren arazo guztiak konpondu, obrak egin, eta abar. Azkenean, 1988an zabaldu zituen ateak. Aldameneko baserritik hartu zuen izena Dionisio Amundarainen ekimenez sortutako barnetegi berriak.

Ehunka ikasle, era edo jatorri guztietakoak, izan ditu Maizpidek gaur arte. Gipuzkoako euskaltegi handiena eta ospetsuena dela esan daiteke. 1988tik 1990 arte, Dionisio Maizpide euskaltegiko irakasle eta zuzendari izan zen, harik eta 1990ean IVAPeko itzultzaile lanpostua bereganatu eta Gasteiza aldatu zen arte.

Testuen itzultzaile eta zuzentzaile nekagaitza aldatu

Euskalduntze eta alfabetatze ikastaroetarako aitzindari lana egin du Dionisio Amundarainek, ez bakarrik antolatzaile edo sustatzaile gisa: idazle, zuzentzaile eta itzultzaile gisa ere bai. Artez edo moldez Dionisioren partaidetza izan duten era horretako liburuen zerrenda luzea da; Gerriko liburu saila da horren lekuko garbia.

Beste esparrutan ere hamaikatxo lan egina da, testuen itzultzaile edo zuzentzaile eginkizunetan. Besteak beste, Gerriko Ikerlan Sariketako bildumako lanak, 1990ean sortu zenez geroztik, ia hutsik egin gabe, Dionisiok zuzendu eta orraztuak dira.

Itzulpen lanak oso ugariak ditu. Etor, Gero eta Deustuko Unibertsitatea argitaletxeetan gai askotako liburuak euskaratu ditu: ekonomiaz, arteaz, politikaz, literaturaz... Zenbait entziklopediatan ere ekarpen oparoa egin izan du. Erlijio gaietan saiatu izan da, ordea, batez ere. Kristau ikasbideak, otoitz liburuak, meza liburuak, kristau irakurgaiak... denetarik euskaratu du erlijioaren arloan.

Lan horien guztien artean nabarmen ageri da Elizen arteko Biblia (1994), bere zuzendaritzapean itzultzaile talde batek landutako itzulpen bikaina. Biblia osoaren itzulpenak gutxi dira euskaraz, eta horietako bat bera ere ez zuzenean eta orokorki gaur egungo irakurlearentzat prestatua. Dionisio Amundarainek zuzendu zuen itzultzaile taldeak lan aparta egin zuen, Biblia itzulpengintzan mugarria jarri zuena alde askotarik: jatorrizko testuetatik egina da, itzultzaile talde batek landua da, Elizen artekoa da (katolikoen eta protestanteen artean mamitua), itzulpen printzipio zorrotzetan oinarritua, eta euskara jaso eta dotorea darabil.

1995ean, erretiroa hartu zuen IVAPeko itzultzaile lanpostutik.[8]

Idazlanak aldatu

Dionisio Amundarainen testurik ezagunenak, segur aski, artikuluak izango dira, maiz idazten baititu iritzi artikuluak egunkarietan. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 29 lan azaltzen dira.[9] Hauek dira Amundarainen idazlan nagusiak:

Itzulpenak aldatu

Gehien-gehienak erlijio gaietakoak dira:

  • Itsasoa ur bazter luzea da (1973). Egilea: Martin Ugalde.
  • Euskararen liburu zuria (1978), itzultzaile talde baten buru. Egilea: Euskaltzaindia.
  • Elizen arteko Biblia (1994, 2004), itzultzaile talde baten buru. Dionisio Amundarainen idazlanik nabarmenena.
  • Biblia: jainkoaren promesak (1998). Egilea: Lidia J. Sattgast.
  • Biziaren iturria: bioetika (2000). Egilea: José-Román Flecha Andrés.
  • Liturgia: historia, ospakizuna, teologia, espiritualitatea (2000). Egilea: Matías Augé.
  • Bizitza erlijiosoaren teologia (2001). Egilea: José Cristo Rey García Paredes.
  • Kristogan izan eta bizi (2001). Egilea: Saturnino Gamarra.
  • Bibliaren irakurketarako hastapen ikastaroa (2002). Egilea: La Casa de la Biblia taldea.
  • Laugarren ebanjelioa eta gutunak. Historia, teologia eta kontakizuna (2002). Egilea: L.F. García-Viana Caro.
  • Kristoren baitako bizitza. Kristau-moralaren oinarriak (2002). Egilea: José-Román Flecha Andrés.
  • Israelgo profetak eta jakintsuak (2003). Egilea: Jose Luis Elorza Ugarte.
  • Ebanjelio sinoptikoak. Eraketa. Erredakzioa. Teologia (2004). Egilea: Benito Marconcini.
  • Hau saltsa familiarena!, 4 Lehen Hezkuntza (2004). Egilea: Carles María Such Fernández.
  • Korana (2007). Joxe Arregi Olaizolaren zuzendaritzapean, Iñaki Ugalderi lagundu zion itzulpen lan horretan Dionisiok.[10]

Euskararen irakaskuntza aldatu

  • Euskal aditza. Alfabetatzeko (1979)
  • Esaldi konposatuak (1987)
  • Deklinabide ariketak (1988)
  • Esamoldeak (1989).

Erlijioa aldatu

  • Egunean Eguneko Ebanjelioa (2007, 2009).
  • Katekesia gaur (2009), beste hainbat egilerekin.

Sariak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzain urgazleen zerrenda, Euskaltzaindiaren webgunean.
  2. Aimar MAIZ: «Dionisio Amundarain ohorezko euskaltzain izendatu du Euskaltzaindiak», Goierriko Hitza, 2014-05-30.
  3. Euskaltzaindia: Euskaltzaindiaren 2007ko Oroitidazkia.
  4. a b Beñat Doxandabaratz: «Euskararen kontra daudenak alde jarriko ditugu», Dionisio Amundaraini eginiko elkarrizketa, Euskonews & Media, 186. zenbakia, 2002.
  5. Gotzon Garate: «Dionisio Amundaraini adiskidetasunez», Iritzi-muinetik, 2005-07-07.
  6. a b c E. AGIRRE: «Dionisio Amundarain: “Eliza beti egon da krisian, eta hala izan behar du; bestela, ez da Eliza!”», Euskal Jakintza, 2007-10-15.
  7. Amundaraini elkarrizketa Naziogintza.eus
  8. Félix Ibargutxi Otermin: «Dionisio Amundarain Sarasola», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  9. Dionisio Amundarainen produkzioa Inguma datu-basearen arabera (29 produktu)
  10. Oihana Prado: «Munduko erlijioak, oraindik ere gertuago»[Betiko hautsitako esteka], HABE, 381688. zenbakia, 2008-03-31.
  11. «Abbadia saria», Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiaren webgunean.
  12. «EIZIEko ohorezko bazkide berriak», Literatur Emailuak, 38. zenbakia, 2002-10-03.

Kanpo estekak aldatu