Dilista

Belar landarea, bi hazi biribil dituzten lekak ematen dituena (Lens culinaris) eta haren hazia, jateko ona.

Dilista[1] (Lens culinaris), ilar xabal[2] (Ipar. eta Naf.) edo ziziri[3] (Bizk.) lekadunen familiako landare urteroko belarkara da. Haren zurtoinak 30-40 cm ingurukoak izan ohi dira, ahulak, adardunak eta ildokatuak. Hosto luzatuak dauzka, lantza-formako txorten-hostoak, kiribil ez oso biribilduak, zain moreekiko lore zuriak, eta 5 milimetro inguruko disko-formako hazi arreak leka txikietan bilduta 2-3 aleko multzoetan.

Dilista
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFabales
FamiliaFabaceae
LeinuaFabeae
GeneroaLens
Espeziea Lens culinaris
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakdilista

Gainerako lekaleek bezala, dilistak nitrogenoa finkatzen duten bakterioak eduki ohi ditu sustraietako noduluetan. Horri esker, ongarri natural gisa erabil daiteke.

Elikadura aldatu

Dilistak aberatsak dira elikagaietan. Gehienbat karbohidratoak eskaintzen ditu, batez ere almidoia. Proteina asko dauzka, baina ez modu orekatuan, funtsezko aminoazidoa den metionina gutxi baitauka. Gantz gutxi dauka, eta, zuntzari dagokionez, beste lekale batzuk baino txiroagoa da.

B1, B3 eta B6 bitaminan aberatsa da, eta ez hainbeste azido folikoari dagokionez. Burdina erruz dauka, baina giza gorputzak ez du animalia jatorriko burdina bezain ongi xurgatzen.

Erreferentziak aldatu

  1. «dilista» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
  2. «ilar xabal» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
  3. «ziziri - Elhuyar hiztegiak» hiztegiak.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).

Kanpo-estekak aldatu