Diglosia

ukipen-egoeran dauden bi hizkuntza edo hizkuntza-barietateren arteko mendekotasun-egoera

Diglosia hizkuntzalaritzan, soziolinguistikan[1], honako hau da: gizarte jakin batean elkarrekin harremanetan dauden bi hizkeretatik bat prestigiotsua izatea, eta erregistro formaletan erabiltzea; eta beste hizkera, berriz, prestigio gutxikoa izatea eta erregistro ez-formaletan erabiltzea. Ohikoa da prestigio handiagoko hizkera formalizatuago egotea. Diglosia egoerak iraunkorra izan behar du bai denboran, bai funtzioetan. Izan ere, egoera horrek konpartimenduetan erabat zatituak ditu aldaera edo hizkuntza bien funtzioak.

Hizkuntza baten lurralde eremuaren zati batean baino gertatzen ez denean, diglosia partziala esaten zaio; hizkuntzaren lurralde osoan denean, berriz, erabateko diglosia.

Bestalde, diglosia dinamikoa da eta behe barietate batzuen patua goi barietate bilakatzea da. Hori argi dago hizkuntza erromantzeen (gaztelania, frantsesa, italiera…) eta latinaren arteko harremanean; latina behe-barietate bilakatu ez bada ere, betetzen zituen funtzio gehienetatik baztertuta dago.

Kontzeptuaren historia aldatu

Jean Psichari (1854-1929) frantses helenistak diglossie hitza lehenengoz erabili zuen: grekozko di- («bi aldiz») + glóssa («hizkuntza») osagaiak batuta sortutako izen hori bi greko mota hauetaz ari zen, alde batetik, katharevoussa, garbizaleek sustengatzen zuten hizkuntza jaso idatzia; eta bestetik, demotikoa, eboluzioaren ondorengo gaur egungo forma arrunta.

Uriel Weinrichen ustetan, elebitasuna fenomeno indibiduala zen bereziki. Jarraian, Charles Fergusonek elebitasun soziala aztertu zuen, eta diglosia kontzeptua teorizatu.

Charles Fergusonen definizioak[2] hizkuntza bakarraz hitz egiten zuen eta, horren barruan, bi aldaerez. Diglosia mota horri gaur egun barne diglosia edo endodiglosia deitzen zaio, hizkuntza baten barneko bi barietateren artean gertatzen delako. Adibidez, Marokon, bertakoek erregistro xeheetan arabiera darabilte, baina hizkera horrek ez dauka zerikusirik erregistro jasoetan (administrazioan, erlijioan, komunikabideetan...) erabiltzen duten arabierarekin. Gainera, egoera hori egonkorra da. Izan ere, erabilera esparruak erabat zatituta daude konpartimenduetan. Inork ez luke erabiliko arabiera arrunta erlijioan, ez eta arabiera jasoa lagunarteko harremanetan ere.

 
Euskararen egoera islatzen duen umore marrazkia.

Dena den, soziolinguistikan diglosiak arrakasta izan badu, ez da izan kontzepzio klasiko harengatik. Joshua Fishmanek diglosia kontzeptua eraldatu zuen. Hizkuntza bakarraz hitz egin beharrean, bi hizkuntzaz egin zuen berba: bata, prestigioduna, gobernuak eta hedabideek erabilia, idatzizkoa...; bestea, prestigiogabea, herriak erabilia, ahozkoa... ordea. Diglosia kontzeptu horrek bete-betean asmatu zuen Euskal Herriko eta beste hainbat herritako egoerarekin. Hizkuntzen arteko diglosia horri kanpo diglosia edo exodiglosia deitzen zaio.

Fishmanek honako sailkapen hau proposatu du elebitasun eta diglosia nozioen arteko erlazioak argitzeko:

  • Elebitasuna eta diglosia: Hizkuntza-egoera horretan, hizkuntza-komunitateko lagunak, kasik denak, elebidun izan behar dira. Fishmanek Fergusonen adibidea errepikatzen du, aleman estandarra eta tokiko alemana Suitza alemanean. Herri kasuak bakan direla nabarmendu du, eta adibidetzat Paraguai jarri (gaztelania eta guaraniera).
  • Elebitasuna diglosiarik gabe: Ameriketako Estatu Batuetako immigranteen kasua da: ingelesa ikasten dute, eta beren jatorrizko hizkuntza gordetzen dute belaunaldi batez edo gehiagoz. Immigrazio elebitasunak egoera espektro biziki desberdina erakusten du, norbanakoarengandik immigrante talde osora heda daitekeelako. Elebitasuna diglosiarik gabe egoera aski iragankorra da Fishmanen ustez, funtzio nagusiak betetzen dituen hizkuntzak bestea ordezka dezakeelako, immigrazioaren kasuan harrera-herriko hizkuntzak, hain zuzen.
  • Diglosia elebitasunik gabe: Garatu gabeko herrietan aurki daiteke egoera hori: landa lurretako biztanleria elebakarra da eta kolonizazio hizkuntza ofiziala da.
  • Elebitasunik eta diglosiarik eza: Kasu hori aski teorikoa da: komunitate txiki eta isolatuena izan liteke. Amazonian, adibidez, ezagun da halakorik badela oraino.

Orotara, sailkapen hori aski artifizial eta determinista da; halere, egoeren dibertsitatea hobeki ulertzen laguntzen du.

Elebitasuna eta diglosia, aurrez aurre aldatu

Elebitasuna banako nolakotasuna da; bi hizkuntza jakitea eta txandaka erabiltzea da. Elebitasun mota asko badaude: hizkuntza jabetzearen araberakoak (lehen hizkuntza, bigarren hizkuntza), hizkuntza jabetze ereduaren araberakoak (familian, eskolan, autoikaskuntzaren bidez, zuzeneko esperientziaren bidez), hizkuntza gaitasunen araberakoak, eta abar.

Diglosia edo elebitasun soziala gizarte egoera da. Hizkuntza komunitate batean bi hizkuntza edo bi hizkuntza barietate erabiltzean datza. Hizkuntza edo barietate horiek esparru eta funtzio desberdinetarako erabiltzen dira: bata, funtzio formaletarako (administrazioa, hezkuntza, ikus-entzunezko hedabideak…); bestea, informal eta pribatuetarako (familia, lagunartea).

Maizenik, egoera diglosikoa desorekatua da, funtzio horien banaketa maila berekoa ez delako. Gainera, egoera diglosikoa dinamikoa da, hizkuntza batek, menderatzailea hain zuzen, bestearen funtzio eta erabilera eremu berri batzuk bereganatzen dituelako denborarekin.

Txepetxek, diglosia kontzeptua onartuta, hiru diglosia maila proposatu ditu:

  • Lehen mailakoa, erdi diglosia, Fergusonen arabiera klasikoaren eta herri arabieraren adibidearekin.
  • Bigarren mailakoa, diglosia partziala edo funtzionala, Belgikan edo Danimarka eta Alemania artean gertatzen dena, alemanaren eta danieraren artean: hizkuntza batek mugaren alde batean funtzio guztiak ez baditu ere, mugaren beste aldean denak ditu.
  • Hirugarren mailakoa, erabateko diglosia edo lurraldekoa da, Euskal Herrikoa, adibidez: euskarak funtzio guztiak ez ditu baina erdarek bai, euskararen lurraldean eta kanpoan ere bai. Azken hori diglosia glotofagikoa deitu du Txepetxek, haren prozesuaren bukaera herri hizkuntzaren desagerpena delako. Hizkuntza menderatzaileak egindako presioaren eraginez, hizkuntza menderatua galtzera iristen da.

Euskara eta diglosia: euskalkiak, euskara batua eta erdara aldatu

Euskara, gaztelania eta frantsesa ukipenean daude, baina mendeak joan, mendeak etorri, euskara gutxiengoaren hizkuntza bilakatu da; gaztelania edo frantsesa, aldiz, kanpotik etorri izanik ere, gehiengoaren hizkuntzak bilakatu dira, funtzio eta esparru formalez gain, funtzio eta esparru informalak bereganatuz euskaldunek euskara galtzen zuten neurrian. Horrenbestez, soziolinguistek Euskal Herrian erabateko diglosia dagoela esaten dute, lurralde osoan egoera diglosikoa gertatzen baita, berdin-berdina ez izanik ere Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian.[3]

Ildo berean, noranzko bakarreko elebitasuna dagoela esaten dute, euskaldunak erdara ikastera behartuak izan direlako, eta erdaldunak euskara ikastera, aldiz, ez. Euskal Herriko gune batzuetan bizitzeko euskara ikastea beharrezkoa zeneko garaia urrun da.

Euskararen kasuan, Fergusonen araberako diglosia adibidea daukagula esan daiteke Euskal Herriko gune batzuetan. Hori gertatuko litzateke bi euskara desberdinen arteko bizikidetza izanez gero, bata goi-barietatea eta bestea behe-barietatea. Euskara batua eta euskalki baten kasua izan liteke, euskara batu hori ikasi ez duten euskaldun zahar batzuentzat. Baina egoera hori aski teorikoa da, euskaldun guztiek auzo erdaretako bat behintzat (gaztelania edota frantsesa) ikasia baitute. Euskal Herriko lurralde osoan egoera ez da berdina, eta badakigu lurralde zenbaitetan euskaldun zahar horiek euskara batua ulertzeko arazoak dituztela. Hori gerta daiteke aitona-amona, guraso eta haurren arteko harremanetan, haurrek eskolan euskara batua ikasten dutenean.

Zuberoan, adibidez, diglosia Joshua Fishmanen adieran daukagu, ez Fergusonenean. Zubereraren eta frantsesaren artekoa da, biarnesa aski galdua delako. Euskara batua sartzen ari baldin bada ere —lexikoa emendatuz, bereziki—, ez da egiazko goi barietatea, funtzio hori frantsesak betetzen baitu.

Erreferentziak aldatu

  1. "Diglosia", Anaitasuna, 1973-04-15.
  2. Euskara Institutua, EHU, "Diglosia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.es/seg ISBN: 978-84-693-9891-3
  3. Diglosia kaleetan ikerketa soziolinguistikoa egiten antzeman daiteke, enpresetan, administrazio publikoan, hezkuntza sisteman, osasun sisteman, liburugintzan... << Ugarte Irizar, Itziar. «Liburugintza diglosiko bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).>>

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu