David Copperfield, jaiotzez David Seth Kotkin, (Metuchen, New Jersey, 1956ko irailaren 16a - ) estatubatuar ilusionista ezaguna da, Forbes aldizkariak 2006an "-komertzialki- historiako magorik arrakastatsuena" gisa deskribatua. Ilusioak burutzearekin batera istorioak kontatzeagatik ezaguna, Copperfieldek dagoeneko 40 milioitik gora sarrera saltzea lortu du, bilioi bat dolar baino gehiago egitera helduz. Ospea eman dioten trikimailu ezagunenetakoen artean Askatasunaren Estatuaren desagerpena, Coloradoren Arroila Handia gainean lebitatzea edo Txinako Harresi Handia zeharkatzea daude.

David Copperfield

(2010)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDavid Seth Kotkin
JaiotzaMetuchen (New Jersey)1956ko irailaren 16a (67 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaLas Vegas
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
HeziketaFordham Unibertsitatea
Metuchen High School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
estatubatuar ingelesa
Jarduerak
Jarduerakilusionista, idazlea, zinema aktorea, hypnotist (en) Itzuli, stunt performer (en) Itzuli, aktorea eta telebista-aktorea
Enplegatzailea(k)New Yorkeko Unibertsitatea
Jasotako sariak
Izengoitia(k)David Copperfield

davidcopperfield.com
IMDB: nm0004518 Allocine: 38094 Allmovie: p14895 TV.com: people/david-copperfield IBDB: 69340
Twitter: D_Copperfield Musicbrainz: 824acc82-a56e-4c31-b1b2-f76a329e905f Discogs: 3232778 Edit the value on Wikidata

Biografia eta lana aldatu

 
David Copperfield

David Seth Kotkin Copperfield 1956ko irailaren 16an Metuchenen (New Jersey) jaio zen, familia judu batean. Ama -Rebecca- aseguru doitzailea zen eta aita, Hyman Kotkin, Korby's izeneko mertzeria baten jabea. Ama Jerusalemen jaioa zuen, eta aitaren aldeko aitona-amonak Ukrainatik etorritako juduak ziren.

Davidek ez zituen 10 urte besterik magia egiten hasi zenean eta Davino Hazti Mutila esaten zioten auzoan. 14 urterekin, Amerikar Aztien Elkartean sartu zen pertsonarik gazteena zen. Mutiko lotsati eta bakartiak jendearengana gerturatzeko tresna ikusten zuen bere magia eta, urte batzuk geroago, nesketan ibiltzeko trikimailu bilakatu zitzaion trebezia hura.

Broadwayk liluratzen zuen David nerabea eta ikuskizunetara joan ohi zen maiz. Musika ikuskizunek erakartzen zuten bereziki mutila garai hartan.

16 urterekin, David New Yorkeko Unibertsitatean zegoen, magia ikastaroak ematen. Berehala iritsiko zitzaizkion kontratoak telebistatik.

18 urterekin, Fordhameko Unibertsitatean sartu zen eta Barbara D'Amatok idatzi eta John Tammik zuzendutako Chicagon oinarrituriko The Magic Man musikalean lortu zuen paper nagusia. Izena aldatu zuen eta David Seth Kotkin David Copperfield bilakatu zen, Charles Dickensen liburuan oinarrituz. Urte hartan, Honoluluko Pagoda Hotelean (Hawaii) bere ikuskizuna izan zen arrakastatsuena.

Broadwayko ekoizle zen Joseph Catesek sartu zuen telebistan. 1977an, ABCko magia egin zuen eta, 1978 eta 1998an, David Copperfielden magia etorri zen. 1977 eta 2001 artean, 20 bat programa berezi egin zituen.

1980an, Copperfieldek Ken magoaren papera egin zuen Terror Train filmean. Gehienetan, agerpen bidea telebista izan bada ere, 1994an, Prêt-à-Porter filmean ere aterako zen.

1996an, Copperfieldek Dean Koontz, Joyce Carol Oates, Ray Bradbury eta beste zenbaitekin batera egin zuen lan David Copperfield's Tales of the Impossible -David Copperfielden Ezinezkoaren Ipuinak- izeneko magia eta ilusioaren munduan kokaturiko fikzio-antologia osatzeko. 1997an, bigarren ale bat argitaratu zen David Copperfield's Beyond Imagination. Bi liburu horiez gain, Davidek saiakera bat idatzi zuen, This I Believe, NPRren saileko eta This I Believe, Inc.ko atal gisa.

1996an, Francis Ford Coppola, David Ives eta Eiko Ishiokarekin elkarlanean, Dreams & Nightmares egin zuen. Broadwayko ikuskizuna sarrera gehien saltzea lortu zuenetariko bat bilakatu zen. Horrela dio Copperfieldek:

« Nire idoloak Gene Kelly eta Fred Astaire eta Orson Welles eta Walt Disney ziren... Beraien berezko artea hartu eta jendea berarekin hunkitzen zuten... Nik gauza bera egin nahi nuen magiarekin. Magia hartu eta erromantikoa eta sexya eta barregarria eta kokoloa egin nahi nuen... Musikagile edo zinemagile batek adieraztea lortzen dituen gauza ezberdin guztiak... »

2009ko abuztuan, Copperfieldek Australiara eraman zuen bere showa.

Arte Magikoen Nazioarteko Museoa eta LIburutegia aldatu

 
David Copperfield

Copperfield mundu osoko magiaren historian zeresana duten objektu, liburu eta tresnen erakustoki den Arte Magikoen Nazioarteko Museo eta Liburutegiaren jabe da gaur egun.

1991n eman zion hasiera bildumari, Magiaren eta honekin erlazionaturiko arteen Mullholland Liburutegia erosi zuenean. 5.000 oinbete kubikoko eraikin hau Houdinirekin zerikusia duten objektuen bildumarik handienaren biltegi da, 80.000 tresna baino gehiago gordetzen dituelarik. Horien artean, aipagarriak dira Houdiniren Ur Tortura Kutxa edo Automatak.

Museo hau ez da irekia eta lagun, mago adiskide eta bildumagileei bakarrik erakusten zaie. Biltegia Copperfielden Las Vegaseko egoitza nagusian dagi eta ate sekretu bat du sarrera bakar. Hugh Jackman aktoreak sex shop gisa deskribatu zuen eta Forbes aldizkariak, berriz, posta-bidezko linjeria denda deitu zion; aztiak honakoa esan zuen tokiari buruz:

« Ez da zertan sekretua izan, errespetatua izatea besterik ez du behar... (...) ...Ikasle edo kazetariren batek magiaren historiari buruzko zerbait behar badu, hor dago »

Musha Cay eta Copperfield Badiako Uharteak aldatu

2006an, Copperfieldek Musha Cay deituriko 11 uharte erosi zituen Bahametan. Copperfield Badiako Uharteak izena eman zitzaien eta leku turistiko pribatua dira. Hara joan izan dira, esaterako, Oprah Winfrey edo John Travolta; Sergey Brin, Googleren sortzaileetariko bat, bertan ezkondu zen.

Magic Underground jatetxea aldatu

David Copperfielden Magic Underground -Lurpeko Magia- jatetxea bere magian oinarrituriko jatetxea izateko proiektaturik zegoen. Hollywood Boulevarden honen irekiera iragartzen zuten errotuluak jarri zituzten 90eko hamarkadan, eta baita Pleasure Island eta Disney-MGM Studiosen ere. Beste Magic Underground jatetxe ugari irekitzear zeuden, halaber, New Yorkeko Times Squaren, Kalifornian, Parisen eta Tokion. Egitasmoaren arabera, jatetxeak magiaren munduko atrezzoaz eta objektuez egongo ziren apaindurik, eta magoak ibiliko ziren mahaiz mahai ilusio txikiak eginez. Gainera, eszenatoki handiago bat ere prestaturik zegoen trikimailu handiagoentzat.

Times Squareko jatetxearen %85a prest zegoelarik, talde-kreatiboaren eta finantza-taldearen arteko liskarren ondorioz, proiektua bertan behera utzi zuten. Copperfieldi ez zen inbertsore eta ez zion zuzen-zuzenean galera ekonomiko handirik eragin, baina diru-ezarleak 34 milioi dolar galtzera heldu ziren.

Istripuak eta kalteak aldatu

  • 1984ko martxoaren 11n, Heriotzetik Ihesi ilusioa burutzeko kateatua sartu zuten urez beteriko ontzi batean eta, kateak enredatu eta itolarrian hasi zen. Minutu bat eta 20 segundo pasa ziren David uretatik atera baino lehen eta arnasteko zailtasunak zituen eta shock egoeran zegoen. Burbankeko ospitalera eraman zuten eta gurpildun aulkian egon zen astebetez, beso eta hanketan hautsitako tendoiak suspertu artean. Makuluaren laguntza behar izan zuen ondorengo asteetan.
  • Sokekin beste trikimailu bat burutzen ari zen batean, behatz-punta ebaki zuen guraize zorrotz batzuez. Azkar eraman zuten ospitalera eta lortu zuten ebakitako punta berriro atxikitzea.
  • 2008ko abenduaren 17an, Las Vegaseko zuzeneko emanaldi batean, 3,7 metroko haizemaile industrial handi baten hegalek Copperfielden laguntzaileetako bat irentsi zuten. Besoan haustura ugari sortzeaz gain, puntu bidez itxi beharreko zauri asko agin zituen profesionalak, odol asko galduz. Aztiak emanaldia bertan behera utzi eta sarreraren balioa itzuli zien ikusleei.

Auzi ezagunak aldatu

1994ko uztailaren 11n, Copperfieldek auzitara eraman zuen Herbert L. Becker idazle eta ilusionista, arte honetako ilusioetariko asko azaltzen zituen liburuaren argitalpena galarazteko. Beckerrek irabazi zuen auzia, baina Copperfielden sekreturik azaldu gabe kaleratu zen lana. Becker eta Copperfielden arteko adostasunez, eta azken honen metodoen deskribapena zehatza ez zela argudiatuz, argitaletxeak honen zatia ezabatzea erabaki zuen. Handik hiru urtera, Becker izan zen Copperfield eta Lifetime Books argitaletxea auzitara eraman zituena, argitaletxearekin aurrez sinaturiko akordioak ez zituztela bete esanez, eta 50 milioi dolar eskatuz. Honetan ere Becker izan zen garaile, Copperfieldek azken unean kitatu zituen bere zorrak, eta argitaletxea irten zen galtzaile epaiketan.

Urte berean, Copperfieldek eta bere bikoteak, Claudia Schifferrek, Paris Match aldizkaria eraman zuten auzitara beraien arteko harremana faltsua zela eta Schiffer ilusionistaren emazte-papera egiteagatik ordaintzen zutela esan izanagatik, 30 milioi dolar eskatuz. 1999an, ezagutzera eman ez zen diru kantitate bat eskuratu zuen bikoteak aldizkariaren eskutik. Becker bera izan zen erlazioaren lekuko gisa azaldu zena; eta Copperfielden publizista Schifferek -ilusionistaren Berlingo emanaldian agertzeko kontratua bazuen ere- emazte-paperik jokatzen ez zuela esan zuena.

2000ko abuztuaren 25ean ere Fireman's Fund aseguru agentziari dirua eskatu zion Errusian bere emanaldietarako trepetak hausteko mehatxua jaso eta erreskatea ordaindu ondoren. Dena den, mota honetako gertaerak ez zirela bere kontratuan sartzen azaldu zion agentziak.

2004an, John Melk, Musha Cayko irlen jabe izandakoak, Copperfield eraman zuen auzitara uharteak erosteko unean bere nortasuna ezkutuan izan zuela-eta, ez baitzion hari saldu nahi; Copperfieldek, ordea, erdibideko baten bidez egin zutela akordio hura esan zuen, bere ospeak prezioan eragingo zuen beldur, eta dena legearen barnean egin zuela azaldu zuen - Melkek bere Imagine Nation Companyri saldu zizkion irlak-. Epaia ez zen ezagutzera eman.

2007ko azaroaren 6an, Viva Art Internationalek demandatu zuen ilusionista, berarekin zuen kontratua hautsi izanagatik. Ilusionistaren Indonesiako sustatzaileak aztiaren ekipamendua hartu zuen, 550.000 dolar inguru balio zuena, Copperfieldek zor zionaren truke. Copperfieldek ere auzia jarri zuen bere aurka. 2009ko uztailean ebatzi zen auzia.

Urte berean, Lacey L. Carrollek sexu-erasoak zirela eta jarri zion auzia ilusionistari; 2010eko urtarrilean kasua Copperfielden aurkako kargurik gabe itxi bazen ere. Urte berean Carroll prostituzioan jarduteagatik izan zen epaitua eta, aurrez ere, bortxaketa kasu faltsu gehiago demandatu zituela aurkitu zen. Emakumeak Copperfielden aurkako epaiketa batera deitu zuen, berriz ere, 2010eko apirilean.

Bizitza pertsonala aldatu

Copperfield Claudia Schifferrekin ezkonduta egon zen 6 urtez, eta, 1999an, banandu ziren.

2006ko apirilean, ilusionista eta bere bi emakumezko laguntzaileak atrakatu zituzten pistolaz West Palm Beachen (Floridan). Bi emakumeek zuten dirua, pasaporteak eta telefono mugikorrak eman zizkioten lapurrari; Copperfieldek ordea, ezer ere ez, prestidigitazioa erabili baitzuen jabegoa ezkutatzeko. Gaizkilea aurkitu eta atxilotu zuten geroago.

Irabaziak aldatu

55 milioi dolar irabazi zituen David Copperfieldek urtean 2003an, Forbes aldizkariaren arabera. 57 milioi irabaziko zituen 2004 eta 2005ean eta 30 2009an. Urtean, 500 bat show egin ohi ditu mundu osoan.

Karitatezko ekintzak: Project Magic aldatu

1982an, Copperfieldek Project Magic deiturikoa fundatu zuen, elbarriek beraien abileziak prestidigitazio-trikimailuak ikasiz berreskura zitzaten helburu zuen metodoa. Programa hau Amerikar Terapia Okupazionalaren Elkarteak onartua izan zen, eta egun 1.100 ospitaletan erabiltzen da, munduko 30 herrialde ezberdinetan. 2008ko apirilean, Copperfield Oprah Radion azaldu zen Dr. Mehmet Ozekin metodo honen inguruan hitz egiteko.

Lorpenak eta sariak aldatu

Copperfieldek sari ugari irabazi ditu bere karrera osoan zehar:

  • 38 aldiz Emmy Sarietarako hautatua, eta 21 aldiz irabazle izendatua.
  • Living Legend Sari bat eman zion AEBetako Kongresuko Liburutegiak.
  • Lehen ilusionista izan da, bizirik egonda, Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan izar bat jasotzen.
  • Frantziar gobernuak Arteen eta Letren Chevalier -Zaldun- izendatua; bera izan da titulu hau lortu duen lehen magoa.
  • Arte Magikoen Akademiak urteko aztia izendatua 1980 eta 1987an.
  • Forbes aldizkariko munduko 100 pertsona boteretsuenen artean zerrendatua.

Errekorren Guiness Liburuan aldatu

Ilusionistak, gainera, 11 errekor baditu Errekorren Guiness Liburuan:

  • Objektu magikoen bilduma pribaturik handienaren jabea.
  • Inoiz sarrera gehien saltzea lortu duen artista bakarlaria.
  • Irabazi gehienak lortu dituen ilusionista.
  • Brodwayko irabazi gordin altuenak aste batean.
  • Brodwayko ikusle gehienak aste batean.
  • Nazioarteko telebisten ikusle kopururik handiena mago batentzat.
  • Magia-ikuskizun gehienak urtebetean.
  • Errotulu magikorik baliotsuena.
  • Lan-artxiborik zabalena mago batentzat.
  • Urtebeteko irabazi altuenak ilusionista batentzat.
  • Inoiz eszenatoki batean egin den ilusiorik handiena.

Ilusio ezagunenak aldatu

Honakoak dira Copperfielden ilusio ezagunenak:

  • Hegan egitearen ilusioa
  • Laserraren ilusioa
  • Atea
  • Askatasunaren Estatuaren desagerpena

Kanpo loturak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: David Copperfield