Charlotte Perriand

Frantziar arkitekto eta diseinatzailea

Charlotte Perriand (Paris, 1903ko urriaren 24a - 1999ko urriaren 27a) arkitekto eta diseinatzaile frantsesa izan zen. Etxe modernoetarako altzariak diseinatu zituen, objektu autonomo gisa ulertzeari utzi ziotenak tramankulu autonomo eta artistiko bilakatzeko. Horretaz gain, barne-arkitektura modernoko sustatzaileetako bat izan zen, eta Le Corbusierren estudioan lan egin zuen altzari eta barne-diseinuei begira.[1]

Charlotte Perriand

Bizitza
JaiotzaParis1903ko urriaren 24a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis1999ko urriaren 27a (96 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa, diseinatzailea eta artista

Testuinguru sozial eta artistikoa aldatu

Arte-estilo guztietan egon dira emakumeen ekarpenak, gizonen mundutik gailentzea lortu zutenak. Hala ere, horietako askok ez zuten jaso behar zuten errekonozimendua, eta gaur egun, bigarren mailakotzat hartzen dira. Charlotte Perriand, arkitekto eta diseinatzailearen historiak, ez zuen bestelako zorterik izan, nahiz eta azkenengo mendeetan, idazle eta kritikariek arkitektura modernoaren esparruan dagokion lekua aldarrikatu duten.

Garaiko egoera sozial, ekonomiko eta politikoak eragin handia izan zuten bere ibilbidean. 1900. urtean, Parisen Joko Olinpikoen II. Edizioa burutu zen, eta lehenengo aldiz emakumeek parte hartzeko aukera izan zuten. Erakusketa Unibertsalaren urtea ere izan zen hura, 40 milioi bisita izan zituena. Eiffel Dorreak hamaika urte bete zituen eraikia izan zenetik, eta handik hiru urtera, 1903ko urriaren 24ean, jaio zen Charlotte Perriand, Parisen. Ez zen erraza izan emakume arkitekto baten presentzia kortsea protagonista zen gizarte batean. Kortseak emakumea objektu eder eta miresgarri bihurtzen zuen, eta ez gizartearen parte zen pertsona moduan. Horrek eragin handia izan zuen Perrianden bizitzako lehenengo urteetan, bere aita sastrea zelako eta ama goi-mailako jostuna. Etxe modernoetako altzari artistiko eta autonomo gisa ulertzen ziren objektuak alde batera utzi, eta egitura etxetiarreko tresna funtzionalak egin zituen. Barne-arkitektura modernoaren sustatzaileetako bat izan zen, eta Le Corbusierreko estudioan lan egin zuen altzari-diseinuko eta barne-diseinuko arduradun moduan.

1903. urte horretan, kortseaz gain, Parisen beste hainbat berrikuntza nabarmendu ziren, adibidez, Auguste Perreten eraikina Rue Franklinen. Hormigoi armatuzko lehenengo eraikina izan zen, eta, nahiz eta kanpotik zahar itxura izan, barnealdeko estruktura oso modernoa da. Urte hauetan ere, 1905ean zehazki, Henri Matissek Le bonheur di vivre artelana sortu zuen, bizitzaren alaitasuna islatzen zuena, lorategi batean dauden pertsonen forma okertsuekin. Jarrera bera zuen Perriandek bizitzarekiko, eta hori garbi ikusi zen aurrerago Musée des Arts Décoratifseko erakusketaren katalogoan.

Hau zen Perrianden kemena, egokitu zitzaion gizartean gehiago parte-hartzeko nahia. Baina artisautzarako ikuspegia eta Beaux-Arts eskolak defendatzen zuen estiloaz nekaturik, Parisko kalean zeuden kotxeetako motor-makinen eta bizikleten estetikan aurkitu zuen inspirazioa. Hala ere, eskola horretan izandako hezkuntza oso garrantzitsua izan zela azpimarratzen zuen behin eta berriz: “ikasi nuena praktikoa izan zen, eta honengatik ez balitz, ez nintzen gai izango gero egin nuen guztia egiteko”. Datu hau oso garrantzitsua da, izan ere, Perriand arkitekto praktikoa izan zen, eta ez teorikoa.[2]

Bar sous le toit-en arrakasta aldatu

 
LC4 Chaise Longue, Le Corbusier eta Charlotte Perriand

Perriand gazteak (Salon des Artists Décorateurs eta Art Decóren azken joeretan kokaturikoak), Charles-Édouard Jeanneret-Grisi (Le Corbusier bezala ezagunagoari) Pariseko Rue de Sévres estudioan sartzeko eskatu zionean, Corbusierrek hau esan zion: “hemen ez dugu kuxinik brodatzen”. Hala ere, 1927an, Perrianden argiaren barne-espaziozko, aluminiozko eta kristalezko Bar sous le Toit lana ezagutzean, ezin izan zuen bere lilura ezkutatu; erdi-mailako jendearen lekurik gogokoenaren (tabernaren) azterketa moderno bat egin zuen, linea minimalista eta metal arinezko oinarri batean. Bere etxe propioan zegoen oinarritua. Atiko batean bizi zen, eta tabernako barra batean moldatu zuen leihoranzko espazioa. Le Corbusierrek, kuxinak josi eta brodatzeko esan zionean, ez zekien dagoeneko Perriandek bazekiela hori egiten, baita Le Corbusierrek urte horietan erabiltzen zituen barne- espazio hotz eta latzak egokitzen ere. Pertsonen beharretara moldatzen zuen diseinua, eta atmosfera bateragarri bat lortzen zuen espazio eta objektuen erlazioaren bitartez. Gaur egun arrunta dirudien arren, urte horietan zerbait berria zen. Mantsardaren inklinazio azpian zegoen barra, metalezko tutuak zituen aulkiz eta altzari modernoz inguraturik. Hemendik aurrera, Pierre Jeanneret eta Le Corbusierrekin eginiko kolaborazioak oso garrantzitsu bihurtu ziren, batez ere talde honentzat egin zituen marrazkiak. Lan horri esker, La Roche-Jeanneret-en txaletetako interiorismotan lan egin zuen, 1927an Villa Steinen (Garches), 1929an Villa Saboyan (Poissyn), eta baita diseinu domestikoko piezetan ere, Chaise Longue LC4 eta LC2 besaulkian, adibidez. Akademizismo arkitektonikoarekin apurtu, eta materialak, funtzionalitatea eta ongizatearen plazerak kontuan hartzen zituen teorietarantz jo zuen. Etxebizitza sozialetan interesatu zen (bere gairik errepikatuenetariko bat), garaiko gerrek sortzen zuten larrialditasunarengatik. Momentu hartan, arkitekto moderno bat izateko, garrantzitsua zen honelako gaietan ausarki inplikatzea.

Salle à manger de l’Atelier Place St Sulpice (Paris,1928), objektuen erlazioak ikus daitezke. Mahaiak ez du zentro osoa okupatzen, espazioaren alde batean erantsi, eta alboetara zabaldu daiteke. Altzariak espazioak banatzeko erabiltzen dira, eta landareak eta objektu ezberdinak gehituz, eguneroko bizitza baten atmosfera ematen dio etxebizitzari. Sukaldea irekia zen, eta horrek bertan bizi zirenen partaidetza sustatzen zuen espazioan, Perriandek askotan aipatzen zuen “l’art di vivre” leloa jarraitzen zuena.

Salon d’Automne-n, 1929ko fotomuntaia aurkezten du, l’Equipement Intérieur d’une Habitation, arkitekturaren inguran egiten den lehenengo fotomuntaietako bat. Perriandek, altzariak egunerokoan bizitzeko objektu bezala ikusten zituen, atmosfera bat sortzen laguntzen zutenak. Lan honek izugarrizko arrakasta izan zuen bitartean, paraleloki, liburu baterako altzari eta barne-espazioak marraztu zituen, guztiz modernoak zirenak estruktura eta ehunak hainbat zatitan lantzen zuelako.[3]

Le Corbusierrekin haustura aldatu

1929an Le Corbusierrekin kolaborazioak egiteari utzi zion, profesionalki eta ideologikoki desadostasun handiak zituztelako. Perriand arkitektura sozialerantz eta altzarigintza ekonomikorantz lerratu zen bitartean, Le Corbusierrek bizitza politikotik urrun zeuden proiektu neutralak aldarrikatzen zituen. Apurketa hau beharrezkoa izan zen berarentzat, ez zegoelako guztiz eroso Le Corbusierrek Appartement de 14m2 minimumen argitalpenarekin, aktiboki egile moduan lan egin baitzuen eta hauek ez zutelako bere egiletza aipatu. Beranduago, bere artxibo pribatuetan aurkitu zituzten gainontzeko 184 dokumentu originalak, eta horrek ohartarazten du lanaren zati handi bat berari dagokiola. Hala ere, ez da bere izenik agertuko 1935an publikatuko den liburu bat arte, kolaboratzaile moduan parte-hartzen duena.

“Garai hartan ez zen ohikoa emakume askea izatea, baina ogibide baten gailurrera iristean, gizon eta emakumeen arteko mugak lausotu egiten dira. Le Corbusier oso gizon matxista zen, eta Perriandi partaidetza ukatu zion hasieran, baina bere lana ezagutzean, haren bila joan zen. Zergatik? Biek ezagutza-maila bera zutelako. Nire amak, bere modernitatearengatik arazo gehiago izan zituela uste dut emakumea izateagatik baino”, azaltzen du Pernette Perriandek, Charlotte Perrianden alabak, bere tailerretan hogei urte luzeetan zehar parte hartu zuena. “Arazo profesionalez gain, gai pertsonaletan ere hainbat liskar izan zituztela uste dut. Nire ama izaera handiko emakumea zen, beraz, azkar iritsiko ziren bien arteko ego-talkak.”

Gaur egun, diseinatu ziren altzari hauek eskuragarri ditugu leku askotan, Jeanneret. Le Corbusierrek bere obrak argitaratu zituenean, Etude des différentes manières de s’asseoir, ez zuen Perriand aipatu, nahiz eta honek gaiaren inguruan lan egin Le Corbusierren sartu aurretik. Emakume diseinatzaile honen ustez, besaulkiaren ezaugarririk garrantzitsuenetariko bat, ederra eta ondo eraikia egoteaz gain, pertsona baten esertzeko modu ezberdinetara egokitzea zen, momentuko beharraren arabera: telebista ikusteko, elkarrizketa bat edukitzeko, mahai batean aurrean jan edo lan egiteko, eta abar.

 
Union des Artistes Modernes,1930

Union des Artistes Modernes aldatu

1929an, elkarlana apurtu ondoren, izpiritu berritzaile batek gidatzen zuela, artista dekoratzaileen Saloitik dimititu eta beste hainbat kiderekin batera Union des Artistes Modernes sortu zuen, eta Robert Mallet-Stevens izendatu zuen buru. Talde hau, materialen eta tekniken posibilitate berrien ekintza ikertzeaz arduratu zen, arte dekoratiboen ikuspuntu moderno eta eguneratu bat lortzeko.

1930ean, Premiere Exposition de L’union Des Artistes Modernes egin zen, hainbat profesional elkartzen zituena: arkitektoak, diseinatzaileak, pintoreak, eskultoreak... Pertsona garrantzitsu askok hartu zuten parte; horien artean, Joan Miró, Sonia eta Robert Delaunay, Eileen Gray... Arte guztiek garaiko arazo politiko eta sozialei erantzun behar zietela zioten artista moderno hauek, eta konpromiso hau talde-lanean bultzatu behar zela. Erakusketa honen katalogoan, hondo gorri bateko portadan ageri da Perriand, Chaise Longue eserleku famatuaren gainean etzanda; bizitzarekiko zuen alaitasuna islatzen zuen.

Etxebizitzekiko konpromisoa aldatu

1933an, Atenan izandako CIAM-en IV. kongresuan, Le Corbusierrek Perriandekin batera, hogeita hamar bat europar arkitektoren nahiak islatu zituen hitz hauekin: “arkitekturaren ikusmolde berri baten beharra dago, egungo bizitzaren materialak, sentimeduak eta izpiritualtasuna aseko dituena”.

1935ean, asteburuetako etxeari buruzko hausnarketa egiteko eskatu zitzaien; etxe honek, familiako bost kiderentzat eta bi gonbidatuentzat estruktura arineko eta desmuntagarriko diseinua izan behar zuen. Proiekturik arrakastatsuenak, “II. Exposition sur l’herbe” ikusgarri izango ziren. Charlotte Perriandek muturreraino modulatutako etxe baten proposamena egin zuen, bai barnetik, bai kanpotik ere. Horretarako, Le Corbusierrek Bruselako CIAM Kongresurako garatu zuen teoriarantz jo zuen, zonifikazioaren teoriarantz (trenkada legarriak erabileran oinarritzen zena, bertan bizi zirenek etxea haien beharretara moldatzeko). Perrianden Maison au bord de l’eau, nolabaiteko egur eta metalezko kanpin- denda bat zen, eta plataforma batean altxatzen zen 50 zentimetrotara. Elkarren ondoan jarritako 9m2ko zenbait gela eraturik zegoen, eta gelen zenbakia beharren eta aurrekontu baten arabera aldatzen zen. Bigarren aipua irabazi zuen lehiaketa honetan.[4]

Perriandek, bere pentsamolde politikoek eraginda, 1935ean Erakusketa Unibertsalerako La maison du jeune homme egin zuen, René Herbst, Louis Sognot, Le Corbusier eta Pierre Jeannereten kolaborazioarekin. Espazioa bi zonatan banatzen zen: bata, izpirituarentzat; bestea, gorputzarentzat. Le Corbusier, alderdi intelektualaren arduradun izan zen; bertan, kirol-tresneria kokatu zen, Chaise Sandow-a, adibidez, Herbsten obra. Fernand Légerrek pintatu zituen freskoak espazio honetarako. Horma-sareta batzuen bitartez banatzen zen ingurua, eta sareta hauek saskibaloiko baloiak gordetzen zituen. Eraikinaren beste muturrean, ikasgela zegoen, Le Corbusier, Jeanneret eta Perriandek egina. Material naturaleko altzariak zeuden bertan, horien artean, egurrezko besaulki bat, Perriandek sortua. Apalategi batean, Manifeste à la gloire de Paris eta Le Corbusierren Plan Voisin irakur zitekeen. Horma batean, Perrianden eraikinaren oinarria marraztu zuen, egileen izenekin (CIAM eta UAM barne), elkarren artean zuten konpromisoaren seinale.

1936an, Perriandek, Arts Ménagers-en parte hartu zuen. Urte honetan, altzarietan gehiago zentratu ziren dekorazioan baino; partaideak, garaiko etxebizitza babestu baten tamainara egokitu behar ziren, Habitation à Bon Marché izenekoa (3x4 metroko espazio murriztua). Perriandek, ekonomikoki eskuragarri zen egongela bat proposatu zuen, krisialdiak eragindako klase-ertaineko jendearentzat aproposa. Espazioa terraza batera irekitzen zen, eta haritz-trinkoz eginiko mahai bat zegoen otorduetarako, baita bi besaulki tolesgarri tutuzko diseinuarekin ere (Toneten ideian oinarritzen zena). André Hermantek ontzitegiaren diseinua egin zuen, eta Jourdain eta André Louisek erretzaileentzako mahai txiki bat. Beste gela batean, Perriandek La grande misère de París izeneko fotomuntaia bat egin zuen, eta hiria bere osotasunean ikus zitekeen jendearen bizimoduarekin batera. 16 metrotan, auzo erosoen eta eguneroko bizitzako eszenak zeuden ikusgarri, “gainpopulazioa, etxebizitza kaskarrak, gaixotasuna”, “dirua ez da existitzen”, “guztientzako lana” bezalako mezuak zeuden idatzita. Ekintza politiko honek komunismoranzko zuen identifikazio publikoa azaleratu zuen.

Naturarekiko zuen pasioak eta ezagutzarako zaletasunak, mundu osotik bidaiatzera eraman zuen ideia berriak bilatzeko. “Nazionalisten etsaia zen. Maila berean interesatzen zitzaizkion kultura eta tradizio guztiak, eta dena fusionatu zitekeen ziurtasuna zuen”, baieztatzen du Pernette Perriandek.

Fronte Popularra boterera iritsi zen eta lan-munduko baldintzak hobetzen joan ziren: langileen soldaten igoera, lan-orduen mugatzea eta eskubide sindikalak, besteak beste. Lehendabiziko aldiz langileek udako opor ordainduak izan zituzten. Beraz, ez zen kasualitatea izan Architecture d’Ajourd’hui aldizkariak aisialdian zentratzen zen lehiaketa bat martxan jartzea, Etxebizitzen Erakusketa aitzakia izanik.[5]

Japonia, inspirazio-iturria aldatu

Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, Parisetik alde egin behar izan zuen. Japonian eman zituen lau urte, 1940ko udazkenetik 1942ko negura arte. Japoniak Alemaniarekin bat egin zuenean , ordea, Parisera itzultzeko saiakera bat egin zuen, baina itsasontzien blokeoaren ondorioz, Vietnamen exiliaturik egon zen lau urtez. Hala ere, Japonian eman zituen urte hauek oso emankorrak izan, bai produkzio aldetik, bai Japoniako diseinuen eraginen aldetik. Bertan, Merkataritza eta Industriaren Ministerioan lan egin zuen aholkulari artistiko bezala. Junzo Sakakurak bidali zion gonbita, Le Corbusier estudioan berarekin lan egin zuen kideetako batek, 1931an eta 1936an.

Mundua erreparatzeaz eta aztertzeaz nekatzen ez zen emakume honentzat, Ekialdeko artea guztiz inspiratzaile egin zitzaion. 1937an, bakarkako lanean hasi zen Chaise Longue besaulkiaren bertsio berri batean. Bertsio berri hau egurrean eraiki zuen; garrantzitsua iruditzen zitzaion materialen esperimentazioa, eta alde horretatik, ez zion bere buruari inolako mugarik jarri nahi. Japoniar estandarrei erreparatzean, egurra eta banbua bezalako materialak sartu zituen bere lanetan. Kyotoko Jauregi Inperialak zur eta lur utzi zuen, eta askotan bere lanen oinarririk funtsezkoena izan zen.[6]

Hainbat hitzaldi antolatu zituen Japonian arte dekoratiboen inguruan, eta tailer eta eskola batzuk ere bisitatu zituen. 1941eko martxoan eta maiatzean, “Sélection-Tradition- Création” izeneko erakusketa bat antolatu zuen Takashimayako lokaletan, Tokyo eta Osakan. Diseinu japoniarrek eragin handia izan zuten bere lanetan, batez ere Sori Yanagi, Daisaku Choh edo Shinoharak.

Inspirazio-iturri hauek oinarri hartuta, etxebizitza modularrak eta aurrefabrikatutak garatu zituen. 1950tik aurrera, eta bere bizitzaren bukaerara arte, Pariseko estudioan lan egin zuen, garaiko diseinatzaile eta arkitekto handienekin: Jean Prouvé, Lucio Costa eta Oscar Niemeyerekin adibidez. 60ko hamarkadan, bere lan arkitektonikorik aipagarriena garatu zuen: Les Arcs eski-estazioan kokaturiko mendi- apartamentu batzuk.

1955eko Expo Synthése des Arts Tokyo-rako, apalategi modernoak egin zituen, espazioa banatzeko ere balio zutenak. Biltegiratze moduan erabili zitezkeen, honen tartetik atzean dagoen espazio zati txiki bat ikusten uzten duena, baina, aldi berean, intimitatea ere eskaintzen duena. Londres, Japonia eta Frantzian zehar saldu ziren bere diseinuak.[7]

Luze bizi izan zenez – 1999an hil zen – , merezitako aintzatespena jaso ahal izan zuen. Bere lana, 1985ean Pariseko Arte Dekoratiboen Museoan egindako erakusketa batekin eta 1998an Charlotte Perriand: A Life of Creation. An Autobiography (The Monacelli Press, NY 2000) izeneko biografia argitaratuz. Izenburu oso aproposa diskrezioa eta lana gizonezko arlo batean arrakasta lortzeko bermerik onenena izandako bizitza batentzat. Bere eragina eta oihartzuna internazionala izan zen, bere lanen zabalkuntza handiagatik eta batez ere Asian egindako egonaldiengatik, han modernismoak oihartzun handia izan baitzuen diseinu industrialean.

L'oeil en éventeil aldatu

Charlotte Perriandek beti izan zuen plano isil edota berezi bat parte hartu zuen proiektutan, baina, garbi dago, bere ideia aurreratuak ezinbestekoak izan zirela egin zituen kolaborazio guztietan. Perriandentzat arkitekto bat jendearen beharrak konpontzeko gai den tekniko bat zen. Arkitekturari buruz zuen ideia, garaiko ikusmoldea baino aurreratuagoa zen; horregatik, azpimarratzekoa da diziplina askotariko talde, estudio, modulu eta sisteman lan egiteko zuen gaitasuna, baita arkitektura eta pertsonen arteko erlazio sakonak egitean ere.

Argazki eta artxibategi pertsonaleko serieak egiten zituen egunaren edozein momentutan; bizitza osoan zehar iraun zion inspirazioak. “Bizitzarako, kuriositatea oinarrizkoa zela zioen, eta betirako mantendu behar zela” (l’oeil en éventeil, begirada ernea). Harrien, zuhaitzen, landareen edo paisaien argazkiak egiten zituen, eta diseinuei hasiera emateko erabiltzen zituen. “Nire amak ez zuen lan egiten atseden hartzeko, lanean jarraitzeko hartzen zuen atseden; horrek ez du esan nahi ez zitzaionik festa gustatzen, batez ere era espontaneo batean sortzen bazen”, azpimarratzen du Pernette Perriandek.[8]

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «La diseñadora SILENCIOSA» ad 2015-07-15 (Noiz kontsultatua: 2019-05-21).
  2. (Gaztelaniaz) «Charlotte Perriand icono femenino del s.XX» diariodesign.com 2015-11-30 (Noiz kontsultatua: 2019-05-21).
  3. Fundación Juan March, Ángela García de Paredes,. (). Charlotte Perriand, una vida de creación. (Noiz kontsultatua: 2019-05-21).
  4. Barsac, Jacques.. (2005). Charlotte Perriand : un art d'habiter, 1903-1959. NORMA ISBN 2909283879. PMC 61526720. (Noiz kontsultatua: 2019-05-21).
  5. Rodríguez Fernández, Marta. Arquitectura Petite: Charlotte Perriand & Kazuyo Sejima. Una historia transnacional. Tesis (Doctoral), E.T.S. Arquitectura (UPM). Archivo Digital UPM , 2013.. .
  6. (Ingelesez) «Tokyo Chaise Lounge» Context Gallery (Noiz kontsultatua: 2019-05-21).
  7. Barsac, Jacques.. (2018). Charlotte Perriand et le Japon. Norma ISBN 9782376660163. PMC 1041632901. (Noiz kontsultatua: 2019-05-21).
  8. Perriand, Charlotte.. (1998). Une vie de création. O. Jacob ISBN 2738106021. PMC 40076889. (Noiz kontsultatua: 2019-05-21).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charlotte Perriand