Carola Rackete

itsasontzi-kapitain eta giza eskubideen aldeko ekintzaile alemana

Carola Rackete (Preetz, Alemania, 1988) itsas kapitain alemaniar bat da, Sea-Watch izeneko gobernuz kanpoko erakundearen itsasontzi batekin Mediterraneo itsasoan migratzaile naufragoak erreskatatzen ibilitakoa. Horren ondorioz, 2019ko ekainean, Italiako gobernuak aginduta, poliziak atxilotu egin zuen legez kanpoko migrazioari laguntzea leporatuta, Lampedusa uhartean baimenik gabe porturatzeagatik.[1]

Carola Rackete

(2020)
Bizitza
JaiotzaPreetz1988ko maiatzaren 8a (35 urte)
Herrialdea Alemania
Lehen hizkuntzaalemana
Hezkuntza
HeziketaJade University of Applied Sciences (en) Itzuli
(2007 - 2011) lizentzia
Edge Hill University (en) Itzuli
(2015 - 2016) French masters degree (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
errusiera
Jarduerak
Jarduerakitsasontziko kapitaina, aktibista eta kontserbatzailea
Enplegatzailea(k)Greenpeace
British Antarctic Survey (en) Itzuli
Sea-Watch (en) Itzuli  (2016 -
Jasotako sariak

Twitter: CaroRackete Mastodon: carorackete@climatejustice.social LinkedIn: carola-rackete-4668b4127 Musicbrainz: c04fa5b8-2598-4c0f-bec0-edffb4dcd4e0 Edit the value on Wikidata
Sea-Watch 2 itsasontzia Hanburgoko portuan 2016an.

Bizitza aldatu

Carola Rackete Preetz hirian jaio zen, Alemaniako iparraldean.[2] Zientzia nautikoak ikasi zituen Elsfleth hiriko Jade Unibertsitatean, Saxonia Beherea estatuan. Ondoren, bi urtez nabigatu zuen Artikoan eta Antartikan espedizio zientifikoak egiten, itsasoko eta poloetako ikerketarako Alfred Wegener Institutu alemaniarraren eskutik.[3]

Denbora labur batez, luxuzko gurutzontzien enpresa batean lan egin zuen; ondoren, Greenpeaceren itsasontzi ozeanografiko batean ibili zen, eta, geroago, borondatezko zerbitzu europar bat egin zuen Kamtxatkako sumendien natur parkean, 2015ean ikasketetara itzuli aurretik; urte hartan bertan, ingurune-kudeaketako master bat egin zuen Edge Hill-eko Unibertsitatean, Erresuma Batuan. Hilabete batzuk lanean aritu zen British Antarctic Survey-rentzat, Antartikan ikerketa zientifikoak egiten, jarduera humanitarioei heldu baino lehen.[3]

Jarduera humanitarioa aldatu

2016ko ekainean hasi zen parte hartzen Sea-Watch izeneko GKE alemaniarraren jardueretan, Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen. 2018an, Pilotes volontaires izeneko GKE frantses batekin parte hartu zuen naufragoen bilaketan Colibri izeneko hegazkin batean.[4]

Blokeo italiarra hautsi eta atxilotua 2019ko ekainean aldatu

2019ko ekainaren 12an, Sea-Watch 3 itsasontziko kapitaina izanik, 53 pertsona erreskatatu zituen itsaso zabalean noraezean zebilen txalupa neumatiko batetik. Libiako kostazainek migratzaileak Tripolira eramateko agindu zioten, baina Carola Racketek ez zien obeditu, NBEk ez dituelako Libiako portuak "portu seguru"tzat jotzen (itsas zuzenbidearen arabera, itsasotik erreskatatutako naufragoak eramateko egokitzat, alegia).[5] Aitzitik, Racketek bere itsasontzia Italiako Lampedusa uharteko porturantz eramatea erabaki zuen, baina Italiako gobernuak, eta bereziki Matteo Salvini barne ministroak, debekatu egin zioten herrialdeko itsas eremuan barneratzea.

Racketek helegite bat aurkeztu zion Giza Eskubideen Europako Auzitegiari Italiako aginduaren aurka, baina auzitegiak ez zuen aintzat hartu. Hori dela eta, Europako prentsa gehienaren arreta erakarrita, Rackete kapitainak ekainaren 26an blokeo italiarra haustea erabaki zuen: horrela, Sea-Watch 3 itsasontzia, 10 laguneko eskifaiarekin eta 42 migratzailerekin, italiar uretan sartu zen, Italiako mugazainei eta finantza-poliziari desobedituz, eta Lampedusako porturantz abiatu zen. Ekintza horren ondorioz, zigor handia jasotzeko arrisku handia hartu zuen kapitainak (50.000 eurorainoko isuna eta 15 urtera arteko kartzelaldia), itsasontzia bera ere konfiskatzeko arriskuarekin batera, Salvinik ekainean indarrean sarrarazitako dekretu baten arabera. Baina Italian jende askoren sostengua ere irabazi zuen bere konpromiso humanitarioagatik, nahiz beste italiar asko Salviniren jarrerarekin bat etorri.

Azkenik, Racketeren itsasontzia Lampedusako portura sartu zen ekainaren 28 eta 29 bitarteko gauean, eta poliziak kapitaina atxilotu zuen legez kanpoko migrazioari laguntzeko delitua leporatuta eta Italiako armadak herrialdeko uretan ez sartzeko emandako agindua desobeditzeagatik.[6] Matteo Salvini “zigor gogorrak” eskatu zituen.

Racketteren atxiloketak agerian utzi zituen Europako Batasunaren kontraesanak immigrazioaren inguruan. Herrialde batzuk bat etorri ziren Salvinirekin, baina beste batzuk, hala nola Frantzia, Alemania, Finlandia, Luxenburgo eta Portugal prest agertu ziren Italiara iritsitako errefuxiatuak euren lurretan hartzeko.

Uztailaren 2an epaile batek libre utzi zuen Carola Rackete, argudiatuta Salviniren legeak ezin zaizkiela aplikatu “salbamendu ekintzei”.[7] Hala ere, kapitain alemanak oraindik epaiketa du zain. Uztailaren 5ean Racketek jakinarazi zuen Salvini salatuko zuela, difamazioagatik. Uztailaren 6an Der Spiegel astekariak portada eskaini zion Carola Racketeri, berau izendatuta “Europa kapitaina”.[8] Uztailaren 7an Mario Vargas Llosa idazleak Bakearen Nobel saria eskatu zuen Carola Racketerentzat artikulu batean.[9]

Erreferentziak aldatu