Burdinazko kaia (Portugalete)

Burdinazko kaia edo Txurruka kaia Evaristo Txurruka ingeniariak 1881-1887 urte bitartean Portugaleten diseinatu eta eraiki zuen moila edo nasa da. Euskal Herriko ingeniaritza-lan garrantzitsuenetarikoa da, Bilboko portuaren azpiegitura handien hastapena ezarri zuena; Bilbo Handiaren eskalako lehen eraikuntza, hortaz.

Burdinazko kaia (Portugalete)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaPortugalete
Koordenatuak43°19′46″N 3°01′29″W / 43.32944°N 3.02465°W / 43.32944; -3.02465
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza1881 - 1887
Arkitektura
Egitura ingeniaritzaEvaristo Txurruka
Ezkerrean, Portugaleteko burdinazko kaia edo Txurruka kaia; eskuinean, Getxoko Txurrukaren omenezko oroitarria.Hondoan, Bilboko superportua.

Bilboko itsasadarraren bestaldean eta parean, Getxoko Areeta auzoan, ingeniari berdinak diseinatu eta eraikitako Txurruka kaia du.

Eraikuntzaren xedea Portugaleteko hondarrezko barra arriskutsua ekiditzea izan zen, non sarri itsasontzi ezberdinek hondoa jo zuten. Aipatutako barra 1,14 metro sakon zen itsasbeheran, 1878an egindako neurketen arabera, garaiera zinez eskasa ontzi handien zingorako. Kaia eraiki baino lehen Portugaleteko mareometroa erabiltzen zuten barra zeharkatzeko.

800 metro luze da (lehen 600 metroak burdinazko egituran bermatuak, azken 200 metroak hormigoizkoan baldintza bortitzagoak jasatzen dituztelako), eta 3.000 metroko erradio arinki makurra Bilboko itsasadarrarekiko ahur. Kai berriko lanek 80 metroko zabalera eta gutxieneko 4,58 metroko garaierako ubide jarraitua ahalbideratu zuten, Bilboko portuko etekina hainbat aldiz biderkatuz.

Proiektua 1879ko abenduaren 4an aprobatu zuten, lanak 1881eko apirilean hasi zituztela. Obratzarraren azken emaitza 1887ko irailaren 12an inauguratu zuten, lan guztiek garaiko 2.931.536 pezetako kostua izan zutela. 1900. urtean seinale-semaforo bat ezarri zuten moilaren muturrean barraren sakoneraz ohartarazteko. Ondoren, 1930. hamarkadan, itxuraldaketa handia jasan zuen, hormigoizko plakez estali baitzuten jatorrizko zurezko zorua. 1987. urtean aurpegi-berritze bat egin zioten arren, esan daiteke kaia nahiko desitxuratua dagoela jatorrizkoarekin alderatuz. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak elementu arrotzak ken diezazkiotela aldarrikatu du moilaren eraikuntzaren 120. urteurrenean[1].

Zenbait adituren ustez Kultura Ondasun moduan izendatu beharko luke Eusko Jaurlaritzak. Gaur egun moilak duen nolabaiteko aitorpen bakarra da Portugaleteko Alde Zaharraren Barne-Eraberritzeko Planean elementu berezi gisa izendatua dagoela[2].

Ikus gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa