Boris Vasilievitx Spaski (errusieraz: Бори́с Васи́льевич Спа́сский; Leningrado, 1937ko urtarrilaren 30a) errusiar xake jokalari ohia da, Nazioarteko Maisu Handia eta munduko xake txapeldun ohia (1969tik 1972ra).

Boris Spaski

Bizitza
JaiotzaSan Petersburgo1937ko urtarrilaren 30a (87 urte)
Herrialdea Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
 Errusia
 Frantzia  (1978 -
BizilekuaMeudon
Hezkuntza
Hizkuntzakerrusiera
frantsesa
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakxakelaria
Jasotako sariak

IMDB: nm3661365 Allmovie: p691094 Edit the value on Wikidata

1956an Nazioarteko Maisu Handi titulua eskuratu zuen, Hautagaien Txapelketara sailkatzean. Une hartan, titulu hori lortzen zuen xakelari gazteena bilakatu zen. Bi aldiz irabazi zuen Sobietar Xake Txapelketa (1969an eta 1973an).

1965ean Hautagaien Txapelketa irabazi zuen Mikhail Talen aurka, 7 eta 4 (+4 −1 =6), baina 1966ko Munduko Xake Txapelketan Tigran Petrosianen aurka galdu zuen, 12½ eta 11½. 1968ko Hautagaien Txapelketa Viktor Kortxnoiren aurka irabazita (6½ - 3½), 1969an berriro izan zuen Munduko Xake Txapelketan leihatzeko aukera Petrosianen aurka, eta oraingoan irabazi egin zion, 12½ eta 10½.

Bobby Fischer estatubatuarraren aurka galdu zuen txapeldun titulua 1972an (8½ - 12½), Gerra Hotzaren testuinguruan presio politikoak tarteko, gogoratzen den lehia ezagunenetako batean (XX. mendeko Match-a deitua). Segur aski, Boris Spaski lehia harengatik ezagunagoa da Munduko Txapeldun izanagatik baino. Hurrengo Hautagaien Txapelketako finalerdietan Anatoli Karpoven aurka galdu zuen. Titulua galdu ostean zenbait torneo garrantzisu irabazi bazituen ere, Spaskiren joko mailak gutxika behera egin zuen, eta, jokalari sendoa izaten jarraitu zuen arren, goi mailako xaketik aldentzen joan zen, batez ere 1985etik aurrera. Ordurako Anatoli Karpov eta Gari Kasparov bezalako jokalari gazteak agertu ziren, zeinak hurrengo urteetan xakelari sendoenak izango ziren, eta Spaski jada ez zen punta-puntako jokalaria.

1976an Sobietar Batasuna utzi eta Frantziara joan zen, eta frantziar naziotasuna eskuratu zuen 1978an; ordutik, txapelketetan Frantzia ordezkatu zuen.

1992an, Jugoslavian, Fischerrek eta Spaskik 1972ko lehiaren errebantxa jokatu zuten, lagunarteko erakustaldi moduan. 1972koarekin alderatuta egoera guztiz desberdina zen. Alde batetik, Sobietar Batasuna desegina zen eta, Gerra Hotza amaituta, ez zegoen tentsio politikorik; gainera, ordurako, Spaskik frantziar herritartasuna zuen. Bestalde, Fischerrek 20 urte zeramatzan xaketik aldenduta eta une hartan Spaski FIDEren zerrendan 106. postuan zegoen; horrenbestez, lehiak ez zuen 1972koaren mailarik izan, baina hainbeste urteren ostean Fischerren berragerpena izateak interesa piztu zuen. Lehia Fischerrek irabazi zuen 10 eta 5. Hura izan zen Spaskiren azkeneko agerpen nabarmena.

2012an Frantzia utzi eta Errusiara itzuli zen.[1]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Boris Spaski


Aurrekoa
Tigran Petrosian
Munduko Xake Txapelduna
1969-1972
Ondorengoa
Bobby Fischer