Boris Viktorovitx Savinkov (errusieraz: Бори́с Ви́кторович Са́винков; 1879ko urtarrilaren 31greg./urtarrilaren 19ajul. – 1925eko maiatzaren 7a) errusiar eserista izan zen[1].

Boris Savinkov

Bizitza
JaiotzaKharkiv1879ko urtarrilaren 19a (juliotar egutegia)
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Polonia
HeriotzaMosku1925eko maiatzaren 7a (46 urte)
Heriotza moduasuizidioa: falling from height (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaSan Petersburgoko Estatu-Unibertsitatea
Hizkuntzakerrusiera
poloniera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, politikaria, iraultzailea, terrorista eta gizahiltzailea
KidetzaSR Combat Organization (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alderdi Sozialista Iraultzailea

Biografia aldatu

Hastapenak, Alderdi Eseristan aldatu

Gazterik, tsarismoaren aurkako ikasle protesta batzuetan parte hartu eta gero 1897an eta 1899an atxilotu egin zuten. Zirkulu marxisten kide egin zen eta 1901ean berriz atxilotu egin zuten. Marxismoaz atsekabetuta, 1903an Alderdi Eseristan sartu zen. Alderdi horren Borroka Erakundean (beso armatua) parte hartu zuen eta 1905eko Errusiako Iraultza baino arinagoko atentatu eta magnizidio ospetsu batzuetan parte hartu zuen (adibidez, Von Plehve Barne Ministro tsaristaren, edo tsarraren osaba Sergei Duke Handiaren erailketetan)[1].

1906an, atentatu bitan huts egin zuen eta berriz atxilotu egin zuten, Borroka Erakunde Eseristako liderrak, poliziaren agentea zenak bere izena eman ondoren eta heriotza-zigorra jarri zioten, baina kartzelatik ihes egin zuen. 1908an, Borroka Erakunde Eseristako buruzagia polizia sekretuaren agentea zela frogatzerakoan, Savinkovek erakunde horren buruzagitzan ordeztu zuen, baina ahultasuna zela medio, 1911an erakundea desegin egin zen, ekintza arrakastatsurik egin gabe, eta Savinkovek erbestera egin zuen.

Erbestean aldatu

Han, politikaren egunerokotasunetik kanpo, idazle bezala hasi zen, eleberriak eta bere autobiografia idatziz; honek eta bere iragan iraultzaileak Savinkoven irudi erromantiko bat eraiki zuten. 1914an, Frantziako erbestetik Lehen Mundu Gerra babestu zuen, baina jada garai horietan politikatik urrunduta eta luxuzko bizitzara emana zen (nahiz eta armada frantziarrean denboraldi bat eman)[1].

Otsaileko Iraultza aldatu

1917an, Otsaileko iraultzaren ostean, Errusiara itzuli zen eta Alderdi Eseristaren barruan eskuin-eskuineko ildoa defendatu zuen; Lehen Mundu Gerraren aldekoa, Sobietaren aurkakoa, langileen protesten aurrean ordena inposatuko zuen gobernu baten aldekoa, Alderdi Boltxebikea ilegalizatzearen aldekoa, etab. 1917ko ekainean, Kerenski Guda Ministroak, Savinkov Zazpigarren Armadarako (Galitziako frontea) komisario militar aukeratu zuen, ofentsiban zehar, soldaduen eskaerak ukatu zitan eta diziplina militarra jar zezan (zenbait soldadu boltxebike hil zituela ere esaten da). Kerenski gobernuburu izan zenean, Savinkov Gudarako Ministro-orde egin zuen, eta historiagile batzuen arabera (Sayers eta Kahn, adibidez), Savinkov izan zen Kerenski Kornilov armadaburu izendatzeko konbentzitu zuena. Halere, bere ideologia biziki kontrairaultzailea zela eta, Kornilov aferan parte hartu zuen (Korniloven manifestu politikoak Savinkovek idatzi zituen) eta horregatik bere kargutik eta Alderdi Eseristatik kanporatu zuten. Irailean aurre-parlamenturako aukeratu zuten, kosakoen erakunde baten partetik[1].

Atzerritik Urriko Iraultza eragotzi nahian aldatu

Urriko Iraultza Sozialistaren etsai amorratua izaki, Botere Sobietarra indarrez kentzeko saiakera aunitz egin zituen; lehenik Kerenski-Krasnov matxinadan hartu zuen parte, gero Hegoaldean Armada Zuriaren nukleoak sortzen lagundu zuen, eta gero Moskun eta Petrograden funtzionatzen zuen Aberria eta Askatasuna Defendatzeko Batasuna izeneko erakunde armatu eseristazale baten buru izan zen. Erakunde horrek boltxebikeen kontra atentatuak prestatzen zituen, adibidez Volodarski boltxebikearen heriotzaren erantzule izan ziren, eta Savinkovek aitortu zuen bezala, bera izan zen Fanny Kaplani Leninen kontra tiro egin zezan pistola eman ziona (hala ere, zalantzazkoa da)<ref name="aa">.

Gainera, Sidney Reilly agente britainiarraren lagun min egin zen, honekin batera estatu-kolperako hainbat plan prestatuz (antza denez, era berean Savinkov Noulens frantziar enbaxadoreari lotuta ere bazegoen). Errusiako Gerra Zibila zegoenean, Armada Zuriko buruzagi politikoetako bat izan zen. 1918ko uztailean, Jaroslavl hirian, ingeles eta frantziarrek finantzatuta, altxamendu zuri kontrairaultzaile bat piztu zuen, laster garaitu zutena. Bere negoziazio eta konspirazio trebetasuna zela eta; 1918tik aurrera, Armada Zuriaren ordezkaria izan zen nazioarteko potentzia ezberdinen aurrean. 1919-21 arteko Polonia-Sobietar Batasuna Gerran, Poloniako Armadaren laguntzaile militar bezala aritu zen, eta errusiar presoez eta emigratuz armada antiboltxebike berri bat eraikitzeko saiakeretan ibili zen (30.000 gizon bildu zituen, baina armada hori, bake akordioaren ostean desegin egin behar zuen), “Errusiar Komite Politikoko” buru gisa. Jozef Pilsudski poloniar lehendakariaren lagun ere izan zen. Polonian, Aberria eta Askatasuna Defendatzeko Batasun Nazionala talde konspiratzailea berpiztu zuen eta poloniar inteligentzia zerbitzuen laguntzaz Errusia sobietarra zelakoan agente zuriak klandestinoki sartu zituen. 1921ean, Pragara joan zen bizitzera, eta han txekoslovakiar zerbitzu sekretuen eta eskuin muturreko Gajda jeneralaren (berau Armada Zuriko beteranoa) laguntzaz, Sobietar mugetan erasoak egiteko talde paramilitarrak prestatu zituen[1].

1921tik aurrera, estatu-kolperako britainiarren eta frantziarren sarearen buru izan zen Aberria eta Askatasuna Defendatzeko Batasun Nazionala bi potentzia hauen inteligentzia zerbitzuekin elkarlotu baitzuen (Lloyd George britainiar lehen ministroa ere ezagutu zuen); bi potentzia hauek zizelkatutako planen arabera, boltxebikeak uzkaili osteko egoera politikoan “Errusiako diktadore” bat behar zen eta Savinkov zen kargu horretarako gizon egokia. Garai horietan Savinkov eskuin muturrera mugitu zen: Reillyrekin zuen gertuko harremanaz gain, Winston Churchillekin harremana zuen, eta Benito Mussolinirekin ezagutu zuen eta elkar miresten zuten (Mussolinik bere polizia sekretuaren laguntza eta italiar pasaportea eman zizkion Savinkovi, bere saiakera kontrairaultzaileetan erabil zezan)[1].

Itzulera eta atxiloketa aldatu

1924an, matxinada kontrairaultzaileak prestatzeko asmoz SESBra itzuli zen, baina sobietarrek atxilotu egin zuten; antza denez, Savinkovek kontaktatu zuen Sobiet Batasunaren barneko “erakunde zuria” faltsua zen, sobietar polizia sekretuak kontrairaultzaileak tronpatzeko eraiki zuen “txorimalo” bat zen. Hala ere, bere kontrako epaiketan Savinkovek “bere burua atxilotzen utzi zuela” esan zuen, “zuen (boltxebikeen) kontrako borrokaz damutua” baitzegoen. Epaiketan zehar, Savinkovek bere eta beste zurien potentzia europarrekiko kontaktuak azaldu eta salatu zituen, “Mendebaldeko potentziek Errusiaren makurtzea eta kolonizatzea bilatzen zutenaz” eta errusiar zuriek “aberriaren alde baino euren klase-interesen alde” egiten zutenaz jabetu zelako. Xehetasun handiz, bere 1917tik aurrerako plan guztiak eta hauen atzean zeuden atzerriko indarren bultzada eta eragina azaldu zizkion entzuten ari zen epaimahai boltxebikeari. Bere kolaborazioa zela eta, 10 urteko kartzela zigorra jarri zioten, hala ere, bere izaera hiperaktiboak ezin zuen kartzelan geldi egoterik jasan. Kartzelatik zurien kontrako parodiak idazteari ekin zion. Dzerzhinskiri bidalitako gutun batean “aska nazazue edo tiro batez akatu nazazue!” galdatu zion. Ezinegon horrek eramanda, 1925ean, bere burua hil egin zuen[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g Savinkov, Boris, K17 2017-08-02. CC0 Domeinu Publikoa