Bizantzioko eztabaida ikonoklasta

Bizantzioko eztabaida ikonoklasta Bizantziar Inperioan, VIII. eta IX. mendeetan, erlijio irudien (ikono) erabilpenari buruz piztutako liskarra izan zen. Ikonoklastek ikonoen erabilpena arbuiatzen zuten, idolatria izan zitekeelakoan. Horretarako hainbat arrazoi ematen zuten, hala nola, Itun Zaharreko Hamar Aginduetan azaltzen den irudien debekua: «Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik»[1]. Ikonoen erabilpenaren aldekoek, berriz, irudien izaera sinbolikoa argudiatzen zuten[2].

Gurutze soil bat, arte ikonoklastaren adibidea. Hagia Irene, Istanbul.

726. urtean Leon III.ak Konstantinoplako Jauregi Handiko Brontzezko Atearen gainean zegoen Kristoren irudia kentzeko agindu zuen, eta gurutze bat jarrarazi zuen haren ordez. Enperadoreak erlijio irudien gurtza debekatu zuen, eta ikono guztiak suntsitzeko agindu. Ediktu harekin hasi zen aro ikonoklasta. Erlijio irudien aurkakoen eta aldekoen arteko eztabaida gogorra izan zen: mende luzea iraun zuen, eta elkarren aurkako bi taldetan banarazi zuen gizartea. Batetik ikonoklastak zeuden, alegia, nobleak eta goi mailako elizgizonak, enperadorearen gidaritzapean. Hauek Bibliaren erlijio irudien debekuaren interpretazio hertsia egiten zuten, horrek guztiak idolatria ekarriko zuelakoan. Ikur abstraktuetara eta animalia eta landare formetara murriztu nahi zuten erlijio artea. Haien aurkariak, berriz, fraideen gidaritzapean zeuden, eta erlijio irudien aldekoak ziren. Indar handia izan zuten inperioaren sartaldean, eta hori zela-eta enperadorean ediktuak apenas izan zuen eraginik han. Liskar hura, teologia eztabaidak gorabehera, enperadorearen eta Elizaren arteko borrokaren isla zen, aginpidea nork bereganatuko. Liskarrak, azkenean, eliza bereiztea eragin zuen: sartaldeko eliza edo erromatarra, batetik, eta sortaldekoa edo ortodoxoa, bestetik.

Leon III.aren seme Konstantino V.aren garaian bere gorenean zegoen liskarra. Hark deitutako Hieriako kontzilioan (754) ikonoen gurtza galarazi zen. Kontzilioan Konstantino enperadoreak berak esan zuen ezinezkoa zela beretzat Kristo irudikatzea, zeren eta, Kristoren izate jainkozkoa irudi bidez adierazterik ez bazegoen, haren izate gizonezkoa ere ezin baitzitekeen irudikatu. Azken batean, Kristoren irudi bakarra eukaristian zegoen. Urte hartan bertan hasi ziren irudikatze debekatu haiek irudietatik eta apainduretatik kentzen eta ezerezten: ikonoak erre, mosaikoak igeltsuz estali, hormetako freskoak suntsitu, eta, Kristoren irudien ordez, loreenak edo enperadoreenak jarri ziren leku askotan. Horrela sortu zen lehenengo aldi ikonoklasta esaten zaiona, 787ko Nizeako II. kontzilioa arte iraun zuena, orduan Kristoren irudiak agerian jartzeko baimena eman baitzuten.

IX. mendean liskar hura berriz sortu baitzen, bigarren aldi ikonoklasta bat izan zen 815-834 bitartean. Azkenik, arazo hura konpondu egin zen irudiak jartzeko eta gurtzeko behin betiko baimena eman zenean.

Erreferentziak aldatu

  1. Irteera 20,4 Biblia interneten. Biblija.net
  2. Iconoclastic Controversy 2012 Encyclopædia Britannica, Inc., Britannica.com

Kanpo estekak aldatu