Bizantziar-sasandar gerra (602-628)

Bizantziar-sasandar gerra Bizantziar eta Sasandar inperioen arteko azken gerra izan zen, baita odoltsuena ere.

Bizantziar-sasandar gerra
Bizantziar-sasandar gerrak
Datac. 602-c. 628
LekuaKaukaso, Anatolia, Egipto, Levante, Balkanak, Egeo, Mesopotamia
EmaitzaStatus quo ante bellum[1]
Gudulariak
Buruzagiak

Inperio bien arteko azken gerra 591n amaitu zen, noiz Maurizio enperadoreak Kosroes II.a sasandar erregeari tronua berreskuratzera lagundu zion. 602an, Fokasek Maurizio erail zuenean, Kosroesek gerra deklaratu zuen, Maurizioren heriotza mendekatzeko. Honek hamarkadak iraungo zituen gatazka bat piztu zuen, Ekialde Ertain osora hedatu zena: Egiptora, Levantera, Mesopotamiara, Kaukasora, Anatoliara, Armeniara, Egeora eta baita Konstantinoplako harresietaraino ere.

Gerraren hasiera, 602 eta 622 artean, persiarrek aurrea hartu arren- Levante, Egipto, Egeoko zenbait uharte eta Anatolia bereganatuz- egoera apurka apurka aldatuz joan zen. Herakliok tronua lortu zuenean, 610ean, inperioaren egoera ez zen batere xamurra. Alde batetik Fokasek Maurizioren kontra buruturiko matxinadak Danubioko muga babesik gabe utzi zuen abaroak Balkanetako penintsulan sartzea ahalbidetuz, bestetik ekialdeko mugan Kosroes II.a persiar agintariak Maurizio bere aliatu ohiaren erailketa Bizantzioren aurkako guda hasteko aitzakiatzat hartu zuen. Persiako Sha-aren gortean Teodosio izeneko erregegai bat bizi zen Maurizioren semea zela zioena eta persiarrak Teodosio tronuratu nahian zebiltzan. Guda hau Fokasen garaietan hasi zen persiarrek lehen garaipenak lortu zituztelarik besteak beste Siriaraino ailegatuz. Heraklio agintari bihurtu baino urte bat lehenago Shahrbaraz jeneral persiarrak Antiokia konkistatu zuen.

Heraklio bake akordio bat lortzeko ahaleginetan aritu bazen ere Kosroesek ez zion jaramonik egin agintari izateko eskubiderik ez zuela arbuiatuz. Heraklioren lehen erabaki militarrek ez zuten ezer onik lortu persiarrak mendebaldera pixkanaka pixkanaka hurbiltzen ziozelarik. 613. urtean Damasko galdu zuen, 614. urtean Jerusalem non persiarrek Hilobi Santuaren eliza kaltetu eta Ktesifonera eraman zituzten erlikia kristau ugari bereganatu zituzten, besteak beste Gurutze Santua. Jerusalemen ostean Egipto konkistatu zuten, Bizantzioren zereal iturri nagusia, eta Anatolian tarteka sarraldiak egiten hasi ziren; Kaltzedoniaraino iritsi ziren, Bosforoaren ekialdeko ertzean. Zenbait iturriren arabera Konstantinoplatik bertatik ikus zitezkeen persiarren kanpamentuetako gaueko suak, bai eta su haiek uretan egindako isla.[3]

Inperioaren estualdia ikusirik Heraklio hiriburua Kartagora aldatzeko puntuan egon zen azkenean bere horretan utzi bazuen ere armadaren berrantolaketari ekin ziolarik. Oso argi ez badago ere Heraklio inperioa themata izeneko probintzietan banatu zuela uste da, zenbait iturriren arabera banaketa Konstante II.aren lana izan zelarik. Probintzia berri hauek aldi berean eskualde militar ziren eta euren lehendakaritza strategos zeritzan buruzagi militar baten eskuetan zegoen.

Armada berrantolatu ostean Heraklio bera aritu zen armadako buruzagi lanetan persiarren aurkako guda zuzendu zuelarik; Teodosio I.aren garaietatik halako lanetan zebilen lehen agintaria izan zen. Konstantinopla aski babesturik zegoela bermatu ondoren higadura-guda bati uko eginez etsaia zuzenean eta lehenbailehen erasotzea erabaki zuen. 622. urteko udaberrian itsasoz Issoseraino bidaiatu zuen Persia berbera inbaditzeko asmoz. Udazkenean Kapadozian nonbait Shahrbaraz garaitu zuen eta zenbait urteetan zehar frontea ekialderantz mugitu zuen kanpaina burutu zuen.[4] 626. urtean agintaria frontean zen bitartean abaroek, persiarrekin aliatu ostean Konstantinopla eraso eta setiatu zuten. Bizantzioko armadak persiarrek abaroak lagun zitzatela ekidin zuen eta hiritarrak Sergio patriarkaren zuzendaritzapean erasoei aurre egin zieten abaroek setioa desegin zuten arte. Bere aldetik Herakliok khazariar eta beste zenbait herri turkiarren laguntza lortu zuen eta Sasandar Inperio barneko hika mika eta gatazkak areagotzearren aritu zen. Shahrbarazek Kosroes bere inbiditan zela eta horregatik erail zezatela agindu zuela sinistea lortu zuen jenerala neutral mantendu zelarik. 627. urtean bizantziarrek Niniveko guduan Razatesen agindupean zegoen Pertsiako armada garaitu zuten. Garaitua izan arren Kosroes bake akordioak sinatzeari uko egin zion Heraklio Ztesifonteraino, Inperio Persiaren hiribururaino, heldu zen arte. Bizantziarrak hiriburu bertaraino iritsi baino lehenago persiar aristokratek estatu kolpea jo eta Kosroesen semea zen Kavadh II.a izendatu zuten agintari. Persiako sha berriak Bizantziori harturiko lurralde guztiak itzuli zituen eta bake akordio bat sinatu behar izan zuen. sasandar dinastiak ez zuen guda aurretik zuen bezainbeste botere berreskuratu eta hura dekadentzia aro baten hasera izan zen. Garaipen itzel honen ondorioz 628. urteko irailaren 14ean Heraklio Konstantinoplara triunfoaren ohoreekin itzuli zen antzinako jeneral erromatarren antzera.

Gatazkaren amaieran, alde biak ahiturik zeuden: giza eta gerra baliabiderik gabe. Rasidar kalifaldiak egoera aprobetxatu zuen: musulmanek Sasandar Inperioa erabat konkistatu zuten eta baita bizantziar eskualde zabalak (Levante, Kaukaso, Egipto eta iparraldeko Afrika) ere.[5]

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Dignas, Beate; Winter, Engelbert. (2007). Rome and Persia in Late Antiquity: Neighbours and Rivals. Cambridge University Press, 150 or. ISBN 9780521849258..
  2. Pourshariati, Parvaneh. (2010). The Sasanian Era. I.B.Tauris, 142 or. ISBN 978-0857711991..
  3. (Ingelesez) Dodgeon, Michael H.; Greatrex, Geoffrey; Lieu, Samuel N. C.. (2002). The Roman Eastern Frontier and the Persian Wars (Part II, 363-630 AD). Routledge ISBN 0-415-00342-3..
  4. (Ingelesez) Farrokh, Kaveh. (2007). Shadows in the desert: ancient Persia at war. Osprey Publishing ISBN 1-84603-108-7..[Betiko hautsitako esteka]
  5. (Ingelesez) Kaegi, Walter Emil. (1995). Byzantium and the early Islamic conquests. Cambridge University Press ISBN 0-521-48455-3..

Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau Bizantziar Inperioko historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.