Biopsia

Gorputz bizi batetik erauzitako ehun-zati txiki baten azterketa, eskuarki mikroskopikoa, bereziki zati horien diagnosia egiteko erabilia

Biopsia diagnosia lortzeko erabiltzen den proba medikoa da. Teknika honetan, gaixoengandik lagin-zelulak edo -ehunak erauzten dira patologo batek laborategian azter ditzan. Patologoak ehuna mikroskopio bidez aztertu dezake edota zelulekin edo ehunarekin beste proba batzuk egin, gaixotasuna duten edo ez zehazteko helburuz.[1]

Garun biopsia

Etimologia aldatu

Biopsia hitza grekotik dator eta bi hitzez osatua dago (bios = bizia eta opsia = bista).[2]

Indikazioak aldatu

Prozedura hau gaixotasun anitzen diagnostikoa egiteko erabiltzen da, hasi larruazaleko arazo sinpleetatik eta minbiziaren diagnostikoraino. Sarritan aukeratzen da biopsia tumore bat gaiztoa den ala ez erabakitzeko, edo baita itxuraz arrazoi agerikorik ez duen infekzio edo inflamazio baten kausa edo arrazoia argitzeko ere. Gaixotasun baten eboluzioa edo martxa jarraitzeko ere erabil daiteke biopsia[3].

Biopsia bat egiteko gorputz-atalik ohikoenak hauek dira: hezur-muina, bularrak, urdail-hesteetako traktua, giltzurruna, gibela, birikak, nodulu linfatikoak, azala, tiroidea eta garuna.

Biopsia motak aldatu

Biopsia eszisionala aldatu

Biopsia eszisionala edo kirurgikoa organo edo tumore baten erauzketa osoa da, gehienetan marjinarik gabea. Ebakuntza-gelan egin ohi da, anestesia orokor edo lokalarekin[4]. Biopsia eszisionala hurrengo kasuetan egin ohi da:

  • Bularreko tumore txikietan: tumorea onbera bada, biopsia bera terapeutikoa da. Tumorea gaiztoa bada ordea, berriz ere kirurgia egitea beharrezkoa da, ertzak zabaldu eta linfadenektomia edo besapeko hustuketa homolaterala egiteko.
  • Larruazaleko lesio susmagarrietan, batez ere melanikoetan: onberak diren kasuetan ez da tratamendu kirurgiko gehiago egiten. Txarra edo gaiztoa den kasuetan, melanoma baten kasuan adibidez, ertzak handitu behar dira eta gongoil zentinelaren proba egin.
  • Biopsia zerbikal perpendikularra: eremu zerbikalean egiten da, 45 gradutara lotailu zerbikalaren zentimetro bat erauziz.

Teknika hau agresiboa denez, gaur egun geroz eta gutxiago erabiltzen da.

Biopsia ebakitzailea aldatu

Ehun, masa edo tumore zati bat bakarrik ebaki edo erauzten den biopsia da. Biopsia mota hau sarriago erabiltzen da garuna, gibela, birika, giltzurruna bezalako ehun bigunetako tumoreetan, patologia onbera eta gaiztoa bereizteko, organo horiek ezin direlako erauzi, edo lesioa oso handia edo lausoa delako.

Biopsia esterotaxikoa aldatu

 
Koloneko polipo baten biopsia endoskopikoa

Lesioa dagoen lekuaren koordenatuak irudi proben bidez gidatzen dira biopsia-multzo hauetan. Esaterako, bularreko lesio ez-haztagarriak, arpoiarekin markatzen dira mamografia batean, edo ABBIrekin (Advanced Breast Biopsy Instrumentation).[5]

Biopsia endoskopikoa aldatu

Berezko zulo batetik edo ebakidura kirurgiko txiki batetik sartzen den endoskopio baten bidez lortutako biopsia da. Endoskopioak hodian zehar doazen pintzekin batera, argi- eta bistaratze-sistema bat du, organo hutsetako edo gorputzeko barrunbeetako lesioak behatzeko. Pintza horiek organoaren edo barrunbearen barne-gainazaletik zati txikiak atera ditzakete.

  • Koloneko eta ondesteko minbiziaren metodo diagnostiko ohikoena kolonoskopia batean lortutako biopsia da.

Biopsia kolposkopikoa aldatu

Baginatik edo umetoki-lepotik ehuna erauzteko erabiltzen den biopsia da. Papanicolaou proba positibo baten aurrean, zerbixeko edo baginako minbizia baztertzeko egin ohi dute ginekologoek.[7]

Orratz mehe bidezko ziztada-aspirazioa (PAAF) aldatu

 
Orratz teknika (PAAF) erabiltzen duen bularreko biopsia.

Xiringa bati konektatutako orratz fin batekin ziztatuz eta aspirazio energiko bat eginez lortzen den biopsia da[8]. Orokorrean, teknika honekin, xafla baten gainean zabaltzen diren zelula isolatuak lortzen dira. Biopsia baino gehiago zitologia da. PAAF organo sakonen laginak lortzeko erabiltzen da, hala nola pankrea eta birika, TAC edo ekografia bidez gidatua. Zitologiaren desabantaila nagusiena, ziurtasun osoko diagnostikoa ez izatea da.

Zulaketa bidezko biopsia aldatu

Larruazalaren biopsia da eta "Punch" ere esaten zaio. Xafla zilindriko huts batekin egiten da anestesia lokalarekin, eta 2 eta 4 milimetro bitarteko zilindroa lortzen da. Jostura-puntu bat beharrezkoa izan ohi da.

Ziztada bidezko biopsia, orratz lodiarekin aldatu

Core biopsia edo tru-cut izenaz ere ezaguna da. Mota honetan, biopsia pistola automatikoen bidez egiten da, gaixoari ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko helburuz. Orratza irudi-probaz lagunduta poizio egokian jartzen da eta ondoren pistola disparatuz, kliskagailua eta orratzaren barnealdea (ehuna xurgatzen duena) zanpatu egiten dira, lesioa zeharkatuz eta lagina oso azkar ateraz. Teknika honetan anestesia lokala erabiltzen da.[9]

Prostatako minbizia diagnostikatzeko metodorik garrantzitsuenetarikoa da teknika hau. Kasu honetan, uzkiko ekografiaz gidatu eta laguntzen delarik.

Biopsiaren azterketa aldatu

Biopsiaren gauzatu ondoeren, gaixoari erauzitako ehun edota zelula lagina patologia-laborategira bidaltzen da. Bertan, patologo batek (gaixotasunak (minbizia, adibidez) diagnostikatzen espezialista denak), ehuna edo zelulak mikroskopio baten bidez aztertzen ditu. Laborategiak (ikus Histologia) biopsia-lagina jasotzen duenean, ehuna prozesatu eta lagineko ehunaren zati guztiz mehe bat atera eta beirazko xafla bati atxikitzen zaio. Soberan geratutako edozein ehun gorde egiten da, behar izanez gero, hurrengo azterketetan erabiltzeko aukera izateko. Ehuna duen xafla koloratzaile ezberdinekin tratatzen da, ehunaren banakako zelulak argiago ikus daitezen. Ondoren, xafla patologoari ematen zaio mikroskopio baten bidez ehuna aztertzeko eta honek azterutakoaren txostena egiten du, diagnosi bat emanez.

Ikerketak aldatu

Gaur egun, ikerketa asko daude abian, biopsia ez inbaditzaileak nahiz biopsien denbora murrizteko helburuak dituztenak. Ikerekta proiektu hauetako bat ASTONISH (Advancing Smart Optical Imaging and Sensing for Health)[10] proiektua europearra izan da, non bertan, larruazaleko melanoma eta kartzinoma basozelularra irudi eta datu klinikoen bidez garaiz diagnostikatzen laguntzeko tresna garatu dute. OCT (Koherentzia Optiko bidezko Tomografia) teknologiaren aplikazioan oinarritzen da garatu duten tresna larruazal minbizia diagnostikatzeko. Ekografia baten moduko irudiak hartzean datza, baina bereizmen mikroskopikoarekin. Adimen Artifizialaren tekniken ezagutzak ere gehitu dizkiote, irudien tratamenduei zuzenduak, hain zuzen ere. Orbanen eboluzioa aztertzeko eta automatikoki alderatzeko, argazkiak kasu errealen irudi banku bateko irudiekin erkatzen dira horretarako.

Biopsia optiko bidezko lesio susmagarriak in situ hobeto diagnostikatu ahal izango da teknologia honi esker, azkar eta modu ez inbaditzailean.

Proiektu honetan Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), TECNALIA ikerketa-zentroak, Ibermática eta NorayBio enpresak, Biocruces laguntzarekin parte hartu dute Europako beste 20 enpresekin batera[11].

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «https://www.cancer.gov/espanol/publicaciones/diccionarios/diccionario-cancer/def/biopsia» www.cancer.gov 2011-02-02 (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
  2. (Gaztelaniaz) «BIOPSIA, radicación» Etimologías de Chile - Diccionario que explica el origen de las palabras (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
  3. «Dokuteka: Biopsia» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  4. (Gaztelaniaz) «Biopsia» Cancer.Net 2019-01-18 (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
  5. (Ingelesez) «Breast biopsy - stereotactic: MedlinePlus Medical Encyclopedia» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  6. «Masthead» Techniques in Gastrointestinal Endoscopy 19 (4): IFC. 2017-10  doi:10.1016/s1096-2883(17)30090-6. ISSN 1096-2883. (Noiz kontsultatua: 2023-03-09).
  7. (Gaztelaniaz) «Biopsia dirigida por colposcopia: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  8. (Gaztelaniaz) «Biopsia por aspiración con aguja fina» www.cancer.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  9. (Gaztelaniaz) «Biopsia del seno» www.cancer.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  10. «ASTONISH | KDT JU» www.kdt-ju.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  11. Kaiera, Zientzia. (2018-07-09). «Larruazal minbizia irudi bidez diagnostikatzeko metodologia» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).

Ikus, gainera aldatu

Gai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian

Kanpo estekak aldatu