Bikuinen eta euskaldunen arteko gerra

Bikuinen eta euskaldunen arteko gerra guda eta liskar multzoa izan zen, Peruko Erregeorderriko Potosí hirian (egun Bolivia) gertatutakoa 1620-1625 bitartean.[1] Bikuinak eskualdean bizi ziren espainiarren izen informala zen, animalia horren larruz egindako kapelak erabiltzen baitzituzten.[2][3] Cerro Ricoko zilar-meategien kontrola lortzeko nahia izan zen gerraren arrazoia,[3] ordura arte euskaldunek baitzuten ekonomia, gizarte eta politika nagusitasuna.

Bikuinen eta euskaldunen arteko gerra
Potosí 1550 inguruan
Data1622-1625
LekuaPeru Garaia
EmaitzaStatus quo ante bellum
Gudulariak
Gaztelarrak
Extremadurarrak
Andaluziarrak
Euskaldunak
Buruzagiak
Francisco Castillo Francisco Oianume

Aurrekariak aldatu

Potosi Cerro Rico (kitxuaz: Sumaq Urqu) mendiaren magalean dago. Eta Cerro Rico zilarrez beteta zegoen garai hartan. Gatazka hasi baino 60 bat urte inguru lehenago hasi ziren zilar meak ustiatzen eta hasieratik euskaldunak izan ziren nagusi negozio horretan. Bartolome Arzans de Ursua y Vela Potosiko kronikagilearen esanetan, bailarako 132 ingenioetatik 80 “nazio horren” esku zeuden, euskaldunen esku, alegia (de 132 cabezas de ingenios, que tenía la ribera, las 80 eran de aquella nación). Zilarra erauzteko instalazioei eta makinei esaten zieten ingenio. Hala, kopuruz gutxiengoa izanagatik, euskaldunen esku zegoen botere ekonomikoa eta, ondorioz, baita politikoa ere.[4]

Bikuinak nagusiki andaluziarrak, gaztelarrak, extremadura eta portugaldarrak ziren. Arzansek berak “euskal hegemonia” hitzekin definitutakoa hausten saiatu ziren, modu baketsuan hasieran. 1620an, ordea, zorrak zirela medio, euskaldunak ez ziren askori bozkatzeko eskubidea ukatu zitzaion.[5] Era horretan, 1622an euskaldunak berriz ere nagusitu ziren Potosiko kabildorako hauteskundeetan. Orduan, bikuinek beste bide batetik jotzea erabaki zuten.[4]

Gerra aldatu

Hastapena aldatu

 
Bartolome Arzans de Ursuak (1674-1736) idatzitako Historia de la Villa Imperial de Potosí
 
Potosí eta Cerro Rico, Francisco Tito Yupanquiren (15501616) marrazkia

1622ko ekainaren 8an, Juan Urbieta euskalduna hil zuten,[6][7] eta bikuinen eta euskaldunen arteko gerra piztu zen. Biharamunean, euskaldunak kalera atera ziren hilketa mendekatzeko asmoz. Arzansen hitzetan, “diziendo en su lengua ¡el que no responda en vascuense muera!”, euskaraz egiten ez zuen oro hilko omen zutela, alegia.[4]

Antonio Xeldres izan zen bikuinen buruzagia [8][9], eta haiekin egin zuten bat kreole, mestizo eta amerindiar gehienek.[3] Bi aldeen arteko oldartzeak gertatu ziren, eta bake saiakera bat ere izan zen ekainaren 22an . Ondoren istiluek jarraitu zuten, gorabeherekin; hasieran bikuinen alde, hauek gerlariak baitziren, diruaren truk borrokatzen ziren gudariak, armak erabiltzera ohituak. Euskal buruzagiek Potosi utzi eta La Platan kokatu behar izan zuten, agintariengandik hurbil. 1623an, euskaldunak une hartan jasaten ari ziren gehiegikeriei buruzko gutuna idatzi eta Gipuzkoako Batzarretara bidali zuten.[5]

Barealdia aldatu

1623ko maiatzean, Felipe Manrique korrejidore berriaren etorrerak egoera aldatu zuen, bikuina "arloteetako" bost urkatu eta gainontzekoei hiltzeko mehatxua egin baitzien. Iheslariak itzuli, euren postuak berreskuratu, eta bikuinek mendira jo zuten babes bila, handik kontraerasoak egiten bazituzten ere. Baina Manriqueren aurkako atentatuak (irailaren 6an tiroka zauritu zuten etxean zegoelarik) eta euskaldunen kontrako istilu eta liskarrek ezerezean utzi zuten San Francisco elizako itxurazko berradiskidetzea.[5]

Bigarren gudaldia aldatu

Euskaldunek berriz ere ihes egin behar izan zuten, meatzeak bertan behera utzi eta leku sakratuetan aterpea hartu. 1623ko azaroaren 6an euskaldunen aurkako hilketa eta arpilatzeak gertatu arren, nekez egiaztatu ahal izan ziren, lekukoak beren aurkako ekintzen beldur baitzeuden. Felipe Manriquek erregeordeari adierazi zionez, Mujeres, indios y niños apellidaban contra esta desdichada nación ("Emakumeek, indiarrek eta haurrek jotzen zuten nazio dohakabe horren aurka").[5] Erregeorderriko funtzionarioak (Charcasko Entzutegiko lehendakaria eta epaileak, diruzaintzako funtzionarioak, Potosíko korrejidorea eta bisitaria) zatiturik zeuden, batzuk euskal hegemoniaren aldekoak baitziren, eta matxinatuekin adostearen aldekoak besteak.[2]

Amaiera aldatu

Gertakari larri horien ostean, ordura arte zalantzati ibilia zen Marqués de Guadalcázar erregeordeak esku hartzea erabaki zuen; izan ere, legez kanpokoa izateaz gain, bikuinen matxinadak ahuldu egiten zuen Espainiako erregearen agintea Indietan (eta baita ekonomia ere). Erabaki horren ondorioz, 1624an bikuinak zatitzen hasi ziren, mantxatarrak, extremadurarrak, kriolloak eta portugaldarrak alde batetik, eta gaztelarrak eta andaluziarrak bestetik, eta borroka odoltsuak izan ziren haien artean. Era berean, errege funtzionarioak batu ziren, eta Charcasko Entzutegiko lehendakari Diego Portugalgoak eta Astete korrejidoreak bikuinak azpiratzea lortu zuten. Betiere, Potosítik kanporatuak izan aurretik, odolezko desmasiak egin zituzten bikuinek, hala nola Jeronimo Berastegi erailtzea 1625eko urtarrilaren 20an.[5]

Bikuinen taldean kriolloak izan ziren lehenbizkoak amore ematen. Peruko euskaldunek Gernikako Batzar Nagusiei eskatu zieten Bizkaia eta Gipuzkoa haien defentsan atera zitezen. 1624ko abuztuan, Bizkaiko Batzar Nagusiaren ordezkaritza bat Espainiako erregearengana joan zen. Haien gestioa ez zen alferrikakoa izan: justizia zorrotza izan zen bikuinen aurka, gertatutakoari buruzko ikerketa sakonik gabe; en españoles es el mayor castigo que se ha hecho en las Indias ("espainiarrei dagokienez Indietan eman den zigorrik handiena da") idatzi zion erregeordeak Filipe IV.a erregeari.[5] Azkenean, hiru urteko liskar, arpilatze eta kontu-garbitzeen ondoren, 1625eko apirilaren 19an barkamen orokorra deklaratu zuten. Berdinketa teknikoak ez zuen aldaketarik ekarri eta, praktikan, euskaldunek aurrez zuten nagusitasunari eutsi zioten.[4]

Ezkontza baten bidez, bi taldeetako ordezkarien familiak lotzeko konpromiso politikoa ere eskuratu zen. Francisco Oianume euskaldunaren semea eta Francisco Castillo gaztelarraren alaba ezkondu zituzten, itun baten emaitzaren ondorioz[7][8].

Erreferentziak aldatu

  1. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Vicuñas y Vascongados. .
  2. a b (Ingelesez) Domínguez, Nicanor J.. (2006). Rebels of Laicacota: Spaniards, Indians, and Andean Mestizos in Southern Peru During the Mid-Colonial Crisis of 1650-1680. University of Illinois at Urbana-Champaign, 137 or. ISBN 0-5429-8830-5..[Betiko hautsitako esteka]
  3. a b c (Gaztelaniaz) González Moscoso, René. (1989). Breve historia de las ideas políticas en el mundo y en Bolivia. (2ª. argitaraldia) Sucre: Editorial Tupac Katari, 119-20 or. OCLC .9622200.
  4. a b c d Irazustabarrena Uranga, Nagore. Espainiarren eta euskaldunen arteko gerra. Argia astekaria, 2017ko urtarrilaren 29a, CC BY-SA 3.0, argia.eus.
  5. a b c d e f Estornés Zubizarreta, Idoia. Vicuñas y vascongados. Auñamendi Eusko Entziklopedia, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus.
  6. (Ingelesez) Cole, Jeffrey A.. (1985). The Potosí Mita, 1573–1700: Compulsory Indian Labor in the Andes. Stanford University Press, 50 or. ISBN 0-8047-6579-0..
  7. a b (Ingelesez) Azcona Pastor, José Manuel; Douglass, William A.. (2004). Possible Paradises: Basque Emigration to Latin America. Reno: University of Nevada Press, 208-9 or. ISBN 0-8741-7444-9..[Betiko hautsitako esteka]
  8. a b (Ingelesez) Douglass, William A.; Bilbao, Jon. (2005). Amerikanuak: Basques in the New World. Reno: University of Nevada Press, 82-83 or. ISBN 0-8741-7625-5..[Betiko hautsitako esteka]
  9. (Gaztelaniaz) Navarro Viola, Miguel; Quesada, Vicente G.. (1865). La Revista de Buenos Aires: historia americana, literatura y derecho. Periódico destinado á la República Argentina, la Oriental del Uruguay y la del Paraguay. 7 Buenos Aires: Imprenta de Mayo, 347 or..

Kanpo estekak aldatu