Beroaldia edo bero-bolada eskualde batean gertatzen den aparteko bero egoera iraunkorra da. Egun batzuetako batez besteko tenperatura minimo eta maximo zehatzak gainditzen direnean gertatzen da, ikuspuntu meteorologiko batetik. Ez da nahastu behar egun jakin batean gerta daitekeen bero punta batekin. Askotan bero-boladekin batera hezetasun handia agertzen da, batez ere klima ozeanikoko herrialdeetan. Ez dago bero-boladaren definizio estandarizaturik, herrialde bakoitzeko meteorologia-agentziek definizio propioak dituzte.[1] Eskualdeko klimaren araberakoa da, klima beroagoa duten pertsonek normaltzat jotzen dituzten tenperaturei bero-bolada deritze eremu hotzago batean; hala, Donostian eta Berlinen ezberdinak lirateke beroaldia definitzeko irizpide zehatzak.[1] Meteorologiako Estatu Agentziaren arabera, AEMET-en arabera, bero-bolada baten intentsitatea zehazten duten hiru faktoreak hauek dira: lortutako tenperaturak, iraupena eta eragindako lurraldea. [2]

Europan 2003an pairatutako beroaldiaren mapa koloretan: Frantzian eraginik okerrenak eduki zituen.
Artikulu hau meteorologia-gertakariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Beroaldi».

Bero-boladak sortzen dira goi-atmosferan presio handiko eremu bat indartzen denean eta eskualde baten gainean egun batzuetatik aste batzuetara arte egoten denean. Horrek beroa harrapatzen du lurretik gertu. [3] Suteekin lotuta etortzen da sarritan, euri faltak ekarritako lurraren lehortearekin batera.

2022ko Europako bero-bolada, uztailaren 3tik 9ra bitartean.

Euskal Herrian, beroaldiak udan gertatu ohi dira, eta Azoreetako antizikloiarekin loturik egoten dira; hain zuzen, antizikloia Europa gainean dagoelarik gertatu ohi dira beroaldiak, iparretik etortzen diren beheraguneak blokeatu eta Espainia eta Afrika Iparraldeko beroa datorrenean.

2023ko uztailaren 11ko bero-bolada Espainian, non eskualde batzuetan lurzoruaren azaleko tenperatura (LST) 60 ºC-tik gorakoa izan zen.

Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldearen arabera, klima-aldaketaren eraginez, bero-boladek gora egingo dute maila globalean.[4] Berotze globalaren eta klima-aldaketaren ondorioz, hurrengo urteetan bero-boladak luzeagoak, muturrekoagoak eta ohikoagoak izango dira.[5]

Bero-boladek ondorio nabarmenak izan ditzakete gizakien osasunean, ingurumenean eta azpiegituran.[4] Osasunari dagokionez, bero-boladek ondorio larriak eragin ditzakete, bereziki ahulenak diren biztanle-taldeengan: adinekoengan, haur txikiengan eta gaixotasun kronikoak dituztenengan.[6] Ondorio batzuk hauek izan daitezke: bero-kolpeak, deshidratazioa, akidura eta lehendik zeuden baldintza medikoak larriagotzea. Ingurumen-ondorio esanguratsuei dagokienez, bero-boladek estres hidrikoa eragin dezakete ekosistemetan, baso-suteak izateko arriskua areagotu dezakete eta airearen kalitatea eta baliabide hidrikoak degradatzen lagundu.[7]

Definizioa aldatu

Europa aldatu

Espainian, AEMET-ek honela definitzen du bero-bolada: gutxienez hiru egunez jarraian, uztailean eta abuztuan eskualdeko estazio meteorologiko adierazgarrietan erregistratutako maximoaren % 5a gainditzen dute tenperaturek, eta estazio meteorologikoen % 10ak, gutxienez, % 95eko perzentiletik gorako tenperatura maximoak erregistratzen ditu uztailean eta abuztuan. [8][9]

Herbehereetan, bero-boladatzat hartzen da gutxienez 5 egun jarraian De Bilt-en tenperatura 25 °C (77 °F) baino handiagoa den aldia, 3 egunez tenperatura maximoa 30 °C (86 °F) baino handiagoa izanik. [10] Definizio bera erabiltzen da beste herrialde batzuetan, hala nola, Belgikan, Danimarkan eta Luxenburgon.

Grezian, Meteorologia Zerbitzu Nazionalak honela definitzen du bero-bolada: ondoz ondoko hiru egun 39 °C-ra (102 °F) edo gehiagora. Aldi berean, tenperatura minimoa 26 °C (79 °F) edo gehiagokoa izan behar da.

Erresuma Batuko bero-bolada leku batek gutxienez hiru egun jarraian bero-boladaren gehienezko mugara (25-28 °C) iristen edo gainditzen duen eguneko tenperatura maximoko aldi bat erregistratzen duenean lortzen da, eta lau maila bereizten dira.

Erresuma Batuan bero-bolada ematen da toki batean gutxienez hiru egunez jarraian bero-boladaren tenperatura mugara (25-28 ºC) iristen denean edo gaindetzen denean, tenperatura maximoak erregistratuz, eta lau maila bereizten dira. [11]

Beste eskualde batzuk aldatu

Argentinan, Meteorologia Zerbitzu Nazionalak (SMN) bero-bolada gisa definitzen du tenperatura maximoek eta minimoek gutxienez 3 egunez jarraian 90 pertzentila berdindu edo gainditzen duten aldia, urritik martxora bitarteko eguneroko datuetatik kalkulatua (seihileko beroa Hego hemisferioan), 1961-2010 aldikoa. [12]

Uruguain bero-boladatzat hartzen da tenperatura altuak izaten direnean gutxienez hiru egunetan jarraian, 20 ºC tik gorako minimoekin eta 34 ºC eta 38 ºC arteko maximoekin. Kasu horretan arrisku maila desberdinak daude: horia, laranja eta gorria (arrisku txikienetik handienera ordenatuta).[13]

Estatu Batuetako agintarien definizioaren arabera, bero-bolada gertatzen da, gutxienez bi egunez erregistratutako tenperatura eremu bateko udako hilabeteetako batez besteko tenperaturaren % 85a baino handiagoa denean.[14] Eremuaren arabera, 90 °F-tik (32,2 °C-tik) gorako elkarren segidako 3 eguneko edo gehiagoko aldia bezala ere definitzen da.

Historia aldatu

2003ko Europako bero-bolada azken urteotako aipagarriena da, baina behin eta berriz munduan zehar gertatzen ari den fenomenoa da, gero eta sarriago agertzen dena. Izan ere, erregistratutako lehendabiziko beroaldia Ipar Amerikan jasan zuten 1901ean, eta hurrengoa 1936an izan zen. Ordutik jauzi egin behar da 1976ra arte, Britainia Handian eta Europan pairatutakoarekin. 1980ko hamarkadan, bestela, 1980an eta 1988an Ipar Amerikan eta 1983an Europan.

1990eko hamarkadatik aurrera, esan bezala, gertakari errepikakorra da. 1992an Venezuelan, 1995ean Espainian, Britainia Handian eta Europan orokorrean, baita Chicagon (AEB) ere, 1998an Indian, AEBetan eta Mexikon eta 1999an berriro ere AEBetan.

2000tik aurrera, AEBetan 2001, 2003, 2005 eta 2006an (azken honetan Europan ere bai), Argentinan 2009an (neguan) eta 2013an, Errusiako mendebaldean 2010ean, Indian 2015ean eta Txilen 2017an.

2019an, Europak bero-bolada izugarria jasan zuen, eta tenperatura-errekorrak gainditu ziren hainbat herrialdetan, hala nola, Frantzian, Belgikan, Alemanian eta Herbehereetan.[15]

Azken hamarkadetan, bero-boladen maiztasuna eta intentsitatea areagotu egin da Espainian, eta gero eta eragin handiagoa izan du gizartean, ekonomian eta ingurumenean. [16]Aurreikuspenen arabera, bero-gertaera hauek gero eta ohikoagoak izango dira etorkizunean, eta, beraz, egokitzapen- eta erresilientzia-politikak ezarri behar dira, planteatutako erronkei aurre egiteko.

Jatorriak aldatu

Bero-boladak muturreko fenomeno klimatikoak dira, eta faktore naturalen eta antropogenikoen konbinazioen ondorioz sor daitezke. Hauek dira jatorri nagusietako batzuk:

  • Klima-aldaketa: klima-aldaketa antropogenikoaren ondorioz, batez ere giza jardueretatik eratorritako berotegi-efektuko gasen isurketek eragindakoa, hala nola erregai fosilak erretzeak eta deforestazioak, bero-boladen maiztasuna eta intentsitatea areagotzen ari da mundu osoan.[17]
  • Klimaren aldakortasun naturala: Klima-aldaketaz gain, klimaren aldakortasun naturalak ere eragina izan dezake bero-boladen gertaeran. El Niño eta La Niña bezalako fenomenoek eragina izan dezakete beroaren banaketan eta intentsitatean hainbat eskualdetan. [18]
  • Zirkulazio atmosferikoa: Zirkulazio atmosferikoan gertatzen diren aldaketek bero-boladak errazten dituzten klimak sor ditzakete. Adibidez, presio handiko sistema geldiek aire beroa lurrazaletik gertu harrapa dezakete, bero baldintzak areagotuz.[19]
  • Urbanizazioa eta bero-uhartearen efektua: Dentsitate handiko hiriguneetan, urbanizazioak eta eraikinen presentziak tokiko tenperaturak areagotu ditzakete, hiriko bero-uhartearen efektua deritzona sortuz. Hori dela eta, hiriek joera handiagoa dute bero-bolada gogorragoak eta iraunkorragoak izateko.[20]
  • Lurzoruaren erabileraren aldaketak: paisaia aldatzeak, hala nola eremu naturalak hirigune edo nekazaritza eremu bihurtzeak, tenperatura-ereduak alda ditzake eta bero-boladetarako baldintza egokiak sortu. [21]

Inpaktuak eta ondorioak aldatu

Osasun-arazoak aldatu

Bero-boladek inpaktu esanguratsuak izan ditzakete giza osasunean, eta muturreko bero-gertaera horiekin lotutako ondorio kaltegarri batzuk aurki daitezke. Hauek dira beroaren aurrean ahulenak diren pertsonak: jaioberriak, haurrak, adinekoak, haurdun dauden emakumeak, gaixotasunak dituzten pertsonak, ezintasun-egoeran dauden pertsonak eta kanpoan jarduera fisikoak egiten dituzten pertsona osasuntsuak, hala nola nekazaritzako langileak, eraikuntzako langileak edo kirolariak. [22] Tenperatura altuek beroarekin lotutako gaixotasunen arriskua areagotu dezakete, hala nola bero-kolpea eta bero-akidura. Horrez gain, sukar moduko hipertermia, eragile infekziosoek ekartzen ez dutena, lehenengo zeinua izan daiteke gizakiengan.

 
Gasteizko termometroa, 2022ko uztaileko bero-boladan 42 gradutara.
 
Bero-kolpearen tratamendua Luisianako 2016ko uholdeetan

Horrek sintoma nagusi hauek eragin ditzake: beherakoa, buruko mina, botagura eta botaka aritzea, zorabioak, takikardia eta ezinegona.[23] Bereziki, termorregulazio sistemaren alterazio fisiologikoengatik getatzen da. Ondorio garrantzitsuenetako bat deshidratazioa da.

Bero-boladek arazo kardiobaskularrak izateko arriskua areagotu dezakete, hala nola bihotzeko erasoak eta istripu zerebrobaskularrak. Tenperatura altuek presio arteriala eta bihotzeko estresa areagotu ditzakete, eta horrek gertakari kardiobaskularrak eragin diezazkieke aurretik bihotzeko gaixotasunak dituzten pertsonei. [24]

Bero-boladetan tenperatura altuek eta airearen kalitate txarrak arnas gaixotasun kronikoen sintomak okertu ditzakete, hala nola asma eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK). Gainera, bero-boladekin lotutako baso-suteek arnasbideak narrita ditzaketen kutsatzaile atmosferikoak aska ditzakete. [25]

Hilkortasuna edo heriotza-tasa aldatu

Bero-boladek heriotza-tasa areagotzea eragin dezakete, batez ere adineko pertsonen artean eta aurretik gaixotuta zeudenen artean. Tenperatura altuek osasun-arazo kronikoak areagotu eta estres termikoa eragin dezakete. Horrek konplikazio larriak eragin ditzake, eta kasu batzuetan baita heriotza ere.[26]

Bero-boladetan sortutako bero-kolpearen ondoriozko heriotza-tasa % 70etik gorakoa izan daiteke. Esate baterako, 2003ko Erresuma Batuko bero-boladan 1.000 heriotza baino gehiago gertatu ziren astebetean, eta 10.000 baino gehiago Frantzian. Ikerketa batzuek baieztatu dutenez, bero-boladak arrisku hilgarri handia dira, arrisku natural deiturikoen artean lehena industria osteko gizartean. [27]

Baso-suteak aldatu

 
San Bernardinoko mendietan gertatutako baso-sutea, Kalifornian

Bero-boladek zeregin garrantzitsua izan dezakete baso-suteen arriskua eta larritasuna areagotzeko. Tenperaturak oso altuak eta baldintzak lehorrak izaten dira. Hori dela eta, giro aproposa sortzen da basoko suteak berehala hasi eta hedatzeko. Tenperatura altuek landaredia lehortzeko probabilitatea handitzen dute, sukoiagoa bihurtzen da eta txinparten edo tximisten ondorioz su har dezake. 2003an, Europako bero-bolada tamalgarrian, suteek Portugal suntsitu zuten, eta 3010 km² baso eta 440 km² nekazaritza-eremu suntsitu zituzten, 1.000 milioi euroko galerak eraginez. [28]

Nekazaritza eta elikagaien segurtasuna aldatu

Tenperatura altuek kalte egin diezaiekete laboreei eta nekazaritzako ekoizpenari, eta ondorioz, laboreen errendimendua eta kalitatea murriztu egiten dira. Horrek ondorioak izan ditzake elikagaien segurtasunean, elikagaien prezioak handituz eta elikagai fresko eta elikagarrien eskuragarritasuna kaltetuz.[29]

Kontsumo elektrikoa aldatu

Bero-boladetan tenperaturak ohi baino nabarmen altuagoak direnez, aire girotuaren eta hozte-sistemen eskaria handitu egiten da etxeetan, bulegoetan eta beste instalazio batzuetan. Aire girotuaren erabilera handitzeak elektrizitate-kontsumoa areagotzen du, sistema horiek energia asko behar baitute funtzionatzeko eta barruko tenperaturak maila erosoetan mantentzeko. Gainera, etenaldi energetikoak gerta daitezke, eta horiek eragina izan dezakete enpresetan, ospitaleetan eta etxeetan.

Ekonomia eta turismoa aldatu

Bero-boladek eragin ekonomiko nabarmenak izan ditzakete, bereziki turismoaren sektorean. Turistak hiri eta toki turistikoak bisitatzetik aldentzen dira, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake tokiko eta eskualdeko ekonomian. [30][31]

Bero-bolada hilgarriak 2100. urterako aldatu

2017an argitaratutako azterlan baten arabera, planetako biztanleen % 75ak 2100. urterako bero-bolada hilgarriei aurre egin beharko die karbono-emisioak gutxitzen ez badira. Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa asko murrizten ez bada (adibidez CO2 emisioak), lau pertsonatik hiru hil daitezke beroaren eraginez 2100. urtean.[2] Hala ere, murrizketa batzuk lortuta ere, mendearen amaieran bi pertsonatik batek gutxienez 20 eguneko bero gogorrari aurre egin beharko dio, eta hori hilgarria izan daiteke, Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako analisiaren arabera.[32]

AEMETen arabera, emisio baxuko egoera batean ere, berotze globala 1 eta 1,8 ºC artekoa izango da ziurrenik. IPCCk dioenez, 2030 urtearen inguruan isurketak % 45ean murriztea lortzen bada eta mendearen erdialdean karbonoaren neutraltasuna lortzen bada, berotze hori gelditu ahal izango da XXI. mendearen bigarren erdialderako 1,5ºC inguruan.[2] Kaltea eginda egon arren, mugatu egin daiteke.


Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) Robinson, Peter J.. (2001-04). «On the Definition of a Heat Wave» Journal of Applied Meteorology 40 (4): 762–775.  doi:10.1175/1520-0450(2001)040<0762:OTDOAH>2.0.CO;2. ISSN 0894-8763. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  2. a b c (Gaztelaniaz) @NatGeoES. (2022-07-13). «¿Qué es una ola de calor y cómo diferenciarla de las temperaturas propias del verano?» National Geographic (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  3. US Department of Commerce, NOAA. "NWS JetStream - Heat Index".https://www.noaa.gov/jetstream
  4. a b Hoegh-Guldberg, O., D. Jacob, M. Taylor, M. Bindi, S. Brown, I. Camilloni, A. Diedhiou, R. Djalante, K.L. Ebi, F. Engelbrecht, J. Guiot, Y. Hijioka, S. Mehrotra, A. Payne, S.I. Seneviratne, A. Thomas, R. Warren, and G. Zhou (2018). Impacts of 1.5ºC Global Warming on Natural and Human Systems. An IPCC Special Report on the impacts of global warming of 1.5°C above pre-industrial levels and related global greenhouse gas emission pathways, in the context of strengthening the global response to the threat of climate change, sustainable development, and efforts to eradicate poverty. https://www.ipcc.ch/sr15/chapter/chapter-3/
  5. www.nationalacademies.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  6. (Ingelesez) Haines, Andy. (2004-01-07). «Health Effects of Climate Change» JAMA 291 (1): 99.  doi:10.1001/jama.291.1.99. ISSN 0098-7484. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  7. IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change). (2014). Climate Change 2014: Impacts, Adaptation, and Vulnerability. Part A: Global and Sectoral Aspects. Contribution of Working Group II to the Fifth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change. https://www.ipcc.ch/site/assets/uploads/2018/02/WGIIAR5-PartA_FINAL.pdf
  8. (Gaztelaniaz) Olas de calor en España desde 1975.Área de Climatología y Aplicaciones Operativas. .
  9. (Gaztelaniaz) «¿Qué son las olas de calor y cómo te afectan?» www.nationalgeographic.com.es 2023-06-27 (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  10. KNMI.(2006).Hittegolf nader verklaard. https://web.archive.org/web/20061208100735/http://www.knmi.nl/VinkCMS/explained_subject_detail.jsp?id=3777
  11. (Ingelesez) «What is a heatwave?» Met Office (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  12. (Gaztelaniaz) Servicio Meteorologico Nacional. OLAS DE CALOR. .
  13. (Gaztelaniaz) «Ola de Calor» Sistema Nacional de Emergencias (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  14. «Comprender las olas de calor que agobian a Estados Unidos» France 24 2022-09-07 (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  15. (Gaztelaniaz) «La ola de calor extremo que batió récords históricos de temperatura en Europa» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  16. (Ingelesez) Serrano-Notivoli, Roberto; Beguería, Santiago; Saz, Miguel Ángel; Longares, Luis Alberto; de Luis, Martín. (2017-09-14). «SPREAD: a high-resolution daily gridded precipitation dataset for Spain – an extreme events frequency and intensity overview» Earth System Science Data 9 (2): 721–738.  doi:10.5194/essd-9-721-2017. ISSN 1866-3516. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  17. IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change). (2014). Climate Change 2014: Synthesis Report. Contribution of Working Groups I, II and III to the Fifth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change. https://www.ipcc.ch/site/assets/uploads/2018/02/SYR_AR5_FINAL_full_wcover.pdf
  18. (Gaztelaniaz) BBVA. «Hay riesgo de que El Niño regrese en 2023: ¿Qué significa esto para el clima del planeta?» BBVA NOTICIAS (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  19. (Ingelesez) Grotjahn, Richard; Black, Robert; Leung, Ruby; Wehner, Michael F.; Barlow, Mathew; Bosilovich, Mike; Gershunov, Alexander; Gutowski, William J. et al.. (2016-02-01). «North American extreme temperature events and related large scale meteorological patterns: a review of statistical methods, dynamics, modeling, and trends» Climate Dynamics 46 (3): 1151–1184.  doi:10.1007/s00382-015-2638-6. ISSN 1432-0894. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  20. Voogt, J. A; Oke, T. R. (2003-08-15). «Thermal remote sensing of urban climates» Remote Sensing of Environment 86 (3): 370–384.  doi:10.1016/S0034-4257(03)00079-8. ISSN 0034-4257. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  21. (Ingelesez) Sheffield, Justin; Wood, Eric F.. (2008-07-01). «Projected changes in drought occurrence under future global warming from multi-model, multi-scenario, IPCC AR4 simulations» Climate Dynamics 31 (1): 79–105.  doi:10.1007/s00382-007-0340-z. ISSN 1432-0894. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  22. Organización Panamericana de la Salud (OPS)/ Emergencias en Salud “Ola de Calor y Medidas a Tomar - Revisión Preliminar” Biblioteca Sede OPS - Catalogación en la fuente / Washington, D.C.: OPS, © 2019.
  23. (Gaztelaniaz) «Hipertermia» National Institute on Aging (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  24. (Ingelesez) Bhaskaran, K.; Hajat, S.; Haines, A.; Herrett, E.; Wilkinson, P.; Smeeth, L.. (2010-08-10). «Short term effects of temperature on risk of myocardial infarction in England and Wales: time series regression analysis of the Myocardial Ischaemia National Audit Project (MINAP) registry» BMJ 341 (aug10 1): c3823–c3823.  doi:10.1136/bmj.c3823. ISSN 0959-8138. PMID 20699305. PMC PMC2919679. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  25. (Ingelesez) Black, Carolyn; Tesfaigzi, Yohannes; Bassein, Jed A.; Miller, Lisa A.. (2017-10). «Wildfire smoke exposure and human health: Significant gaps in research for a growing public health issue» Environmental Toxicology and Pharmacology 55: 186–195.  doi:10.1016/j.etap.2017.08.022. PMID 28892756. PMC PMC5628149. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  26. Basu, Rupa. (2009-09-16). «High ambient temperature and mortality: a review of epidemiologic studies from 2001 to 2008» Environmental Health 8 (1): 40.  doi:10.1186/1476-069X-8-40. ISSN 1476-069X. PMID 19758453. PMC PMC2759912. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  27. (Gaztelaniaz) Piñeiro Sande, N.; Martínez Melgar, J. L.; Alemparte Pardavila, E.; Rodríguez García, J. C.. (2004). «Golpe de calor» Emergencias (St. Vicenç dels Horts): 116–125. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  28. «CID Impacts September 2003» iri.columbia.edu (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  29. (Ingelesez) Schlenker, Wolfram; Roberts, Michael J.. (2009-09-15). «Nonlinear temperature effects indicate severe damages to U.S. crop yields under climate change» Proceedings of the National Academy of Sciences 106 (37): 15594–15598.  doi:10.1073/pnas.0906865106. ISSN 0027-8424. PMID 19717432. PMC PMC2747166. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  30. (Ingelesez) Scott, D; Gössling, S; de Freitas, Cr. (2008-11-18). «Preferred climates for tourism: case studies from Canada, New Zealand and Sweden» Climate Research 45: 61–73.  doi:10.3354/cr00774. ISSN 0936-577X. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  31. (Gaztelaniaz) Sevilla, Diario de. (2023-08-13). «Las olas de calor pueden cambiar la tendencia del turismo en Europa: verano en el norte y primavera en el sur» Diario de Sevilla (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  32. (Ingelesez) «Browse Articles | Nature Climate Change» www.nature.com 2024-03-12 (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu