Belarri landua (Pleurotus ostreatus) Pleurotaceae familiako merkataritzarako hazten den perretxiko jangarria da.[1]

Belarri landu
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaAgaricales
FamiliaPleurotaceae
GeneroaPleurotus
Espeziea Pleurotus ostreatus
P.Kumm., 1871
Mikologia
 
orriak himenioan
 
txapel okertua
 
himenioa dekurrentea da
 
hanka biluzik dago
 
espora zuriak dauzka
 
saprobioa da

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Etimologia aldatu

Bai latinezko izena bai izen arrunta fruitu-gorputzaren formatik sortu dira. Latinezko pleurotus ("saiheska") hitzak, hankak txapelarekiko duen zeharkako hazkuntza adierazten du. Euskaraz "belarri" hitzak perretxiko honen belarri itxura adierazten du.

Belarri landua gehien bilatzen den perretxikoetako bat da. Horrez gain, etxean ere lantzen da modu komertzialean, batez ere lasto gainean. Askotan eduki ohi duen anis usaina bentzaldehidoaren presentziagatik da[1].

Morfologia aldatu

Perretxiko honen txapela 5 eta 15 zentimetro arteko diametrokoa da. Kolorez aldakorra da: gris argia, gris ilun urdinxkara edo gris arrexka izan daiteke. Oskol formakoa da, ertz mehe eta kiribilekoa. Azalera leun eta distiratsua dauka. Orri zurixkak dauzka, meheak eta estutuak, oso dekurrenteak.

Hankak 1-3 cm dauzka luzeran eta 1-2 lodieran. Betea da, eszentrikoa edo albokoa. Batzuetan mizelio-geruza zuria izaten du gainean.

Haragi zurixka eta trinkoa dauka, usain eta zapore gozokoa.

Espora zuri, eliptiko eta leunak dauzka, 8-11X3-4 mikrakoak.

Ekologia aldatu

Udaberrian hasi eta udazkeneraino ageri da, zuhaitz hostoerorkorren zuraren gainean txertatuta. Sarritan talde teilakatu eta estuetan sortzen da.

Bestalde, belarri landua nolabait haragijalea den perretxiko bakanetakoa da. Bere mizelioak nematodoak hil eta liseritu ditzake. Itxura batean, nitrogenoa eskuratzeko modu bat da. Nematodo horiek irensteko, lehenengo paralizatzen ditu gas baten bidez.

Gastronomia aldatu

Espezie hau asko landu eta saltzen da dendetan.

Belarri landuak estatinak ekoizten ditu. Zenbait ikerketaren arabera, %0,4 eta %2,7 arteko estatina-kantitatea daukate pisu lehorreko. Laborategian animaliekin egindako esperimentuetan ikusi denez, dietan belarri landua sartuz gero kolesterola jaitsi egin daiteke baldintza jakin batzuen pean.

Espezie honek arabitol-kantitate txikiak ekoizten ditu. Arabitolak urdaileko arazoak sortu ahal dizkie pertsona batzuei. Arabitola xylitolaren, manitolaren eta sorbitolaren antzeko alkohola da; konposatu hauek oso erabiliak dira janariaren gehigarri gisa eta libragarri modura joka dezakete zenbait pertsonengan.

Beste izen arruntak aldatu

Pleurotus ostreatus tokiko euskarazko testuetan:[2] pago-ziza.

Galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza  •   Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012  •   Euskalnatura  •   Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987  •   Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973  •   Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.

Kanpo loturak aldatu