Barne-diseinua barrualdeak eta, noizean behin, kanpoaldeak hobetzeko artea eta zientzia da. Erabiltzailearentzat gune osasuntsuagoa eta estetikoki atseginagoa egitea du helburu. Barne-diseinatzailea proiektua aurrera eraman, koordinatu eta planeatzen duen pertsona da. Barne-diseinatzailearen zereginen artean honako hauek daude: bilaketa kontzeptuala, espazioaren antolakuntza, proiektuan interesatutako jendearekin komunikatzea, eraikuntzaren koordinazioa eta diseinuaren sorkuntza. Barne-diseinua barne-espazioen antolakuntzaren prozesua da.

Saint-François-Xavier eliza.

Barne-diseinua ez da barne-apainketarekin nahastu behar. Barne-diseinuak honako aspektu hauetan du zerikusia: aspektu psikologikoetan, arkitekturan, produktuaren diseinuan eta apainketa tradizionalean. Barne-diseinatzaileak, barne-apainlariak ez bezala, profesional bezala hartzen dira


Historia aldatu

 
St Matthew eliza.

Aintzinean, barnealdeak eraikuntzaren parte bezala hartzen ziren, eta pertsona berak eramaten zituen hauen diseinuak. Industria eta gizartearen aurrerakuntzen ondorioz agertutako arkitekturaren konplexutasunak barne-diseinatzailearen lanbidearen agerpena ekarri zuen. Guneen erabilpen egokia, pertsonen erosotasuna eta espazioen funtzionalitatearen ulermenaren beharra gaur egungo barne-diseinatzailearen lanbidearen sorkuntzan lagundu du. Erresuma Batuan barne-diseinatzailearen eta barne-apainlariaren lanbideak bananduta daude. Berez, Erresuma Batuan oraindik barne-diseinatzailearen lanbidea ez dago oso barneratuta, eta ez da oraindik lanbide bezala hartzen.

XVII eta XVIII mendeetan eta XIX mende hasieran, barne-guneen sorkuntza etxe-eraikitzaile baten edota kontratatutako hirugarren pertsona baten zeregina zen. Arkitektoek ere artisauak kontratatzen zituzten, behin eraikuntzak sorturik egonda beraiengatik apainduak izateko.

1950 eta 1960. urte inguruan, tapizatzaileak beraien lanari zegozkion eskubideak eskatzen hasi ziren. Beraien lanetan fokatu ziren, eta modu artistikoago eta zabalduago batean hasi ziren lanean. Beraien altzariak jendeari erakusten hasi ziren eta erakusketa lan hau handitzen zihoan heinean, gero eta lanbide gehiagorentzat beharrezkoa bihurtu zen barne-diseinua (hotelak, bulegoak, eraikuntza publikoak…). Barne-diseinua gero eta lan luzeago eta konplexuagoa zen, eta beste lanbide batzuen beharra zegoen lana guztiz bukatzeko (artistak, ingeniariak, zurginak, ehungintzako-diseinatzaile, altzari-diseinatzaileak…). Patenteak eta enpresak agertzen hasi ziren, eta honekin batera katalogoak ere. Katalogo hauen nahia erdi mailako kontsumo ahalmena zuen populazioaren arreta lortzea zen.

 Apainlari lanbidearen agerpena 1899. urtean eman zen Institute of British Decoratorsen sorkuntzarekin. Jonh Dibblee Crace izan zen eskola honen presidente. Eskola honetan herrialde osoan zehar 200 diseinatzaile errepresentagarri hezi ziren. 1915. urtean 127 pertsonak lortu zuten barne-apainlariaren titulua, eta hauetatik 10 emakumeak ziren. Profesionaltzat hartutako lehen bi emakumeak Rhoda eta Agnes Garret izan ziren. Beraien lanak William Morris diseinatzailearen arreta lortu zuen, eta berarekin batera 1876an erdi mailako jendearentzat proiektuak sortzen hasi ziren.

Barne-diseinuaren lanbidea bigarren mundu gerra ondoren azaldu zen zehaztasun handiagorekin. Barne-diseinua 1950. urtetik aurrera aplikatzen hasi zen, eta honek etxe-salmentak hobetu zituen. Barne-diseinuaren ikasketak sortu ziren, honi buruzko testu-liburuekin eta publikazioekin batera. Enpresa eta diseinatzaile errepresentagarriak agertzen hasi ziren. Zenbait organizazio sortu ziren lanbide honen proiektuak eta ikasketak aurrera eraman ahal izateko. 1957. urtean Ameriketako Estatu Batuetan National Society of Interior Designers sortu zen, eta 1966an, Erresuma Batuan Decorators and Designers Association. Beste alde batetik, Europa aldean bi organizazio garrantzitsu agertu ziren: 1949. urteko The Finnish Association of Interior Architects edo 1994. urteko International Interior Design Association.

Espezializazioak aldatu

 
Taberna baten barne-diseinua.

Barne-diseinatzaileak diziplina zehatz batean espezializatu daitezke, adibidez; bizitegi- eta komertzial-diseinuan, zenbait trebakuntza garatzen eta diseinu arlo espezializatuetan, ospitalizazioan, osasun-zainketan eta diseinu instituzionaletan. Legediak zein gobernuak arautzen dute lanbidea, horregatik, diseinatzaileek kalifikazio onak izan behar dituzte, eta bere gaitasunak frogatzeko beharra dute lanbidearen arlo guztietan. Onena diseinatzaileek ziurtagiria organizazio pribatu batetik lortzea da.

Populazio hazkundea dela eta, barne-diseinatzaileek adineko populazioaren etxeetako ingurunea hobetzea hartu dute helburutzat. Horretarako, barne-diseinuak eduki dezakeen aldaketa positiboak hartzen dira oinarritzat. Gaur egun zientzialariek diotenez, ingurune egokia adineko pertsonen osasuna hobetzeko balio du. Beraz, diseinatzaileek barne-diseinuaren gaitasunak erabiltzen dituzte adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.

Diseinu-prozesua aldatu

Eraikuntza-denboraz alde batera utzita, diseinu kasu guztietan aurrera eraman beharreko diseinu-prozesua berdina da. Lehenengo urratsa eroslearen nahia, aurrekontua eta lanak iraungo duen epea zehaztea da. Erabili beharreko dirua murriztea da helburu nagusia etxe baten salmentan, edo negozio baten aurrebista hobetzerako orduan. Horren ondoren, diseinatzaileak bozeto bat erakutsi eta aurrekontu bat aurkezten du. Bozeto eta marrazkiak nahitaezkoak dira lan hauetarako, diseinuaren eta espazioaren analisi zehatzak bertan agertuko direlako. Marrazki eta bozeto hauek behin proiektua aurrera eramanda sortuko dira.

Gaur egun, diseinatzaileek ordenagailu bidezko diseinua erabiltzen dute (CAD, ingelesez Computer Aided Design), nahiz eta eskuz egindako marrazkiak oraindik oso balio handia izan. CAD, diseinuaren 3D aurrebista bat sortzeko softwarea da, non proiektua angelu desberdinetatik ikusi ahal den. Software honen helburua egindako bozeto eta marrazkien ideia zehatzago bat lortzea da, gainera, lana erraztu eta optimizatu egiten du, eta esku-bozetajearen ordu asko aurrezten ditu.

Marrazte-lana eta analisi sakonaren ondoren, lana erosleari erakusten zaio bere onarpenaren bila. Behin hau eginda, estai-planoak sortu eta egin beharreko aldaketen zehaztapenak ematen dira (akaberak, altzariak…). Baliteke leihoen eta ateen posizio-aldaketa ematea. Beste alde batetik, kanpo- eta barne-aldea zerikusia izan behar dutenez, kanpoaldearen itxura barne-diseinu barruan hartuko da.

Diseinatzailea aurrera eramango den edozein proiekturen arduraduna da, eta honako zereginetaz arduratuko da: altzarien aukeraketa, erosketa eta proiektuaren kudeaketa eta antolakuntza. Ondorioz, lan hauen burua izango da. Lan honek hilabeteak edota urteak iraun dezake, proiektuaren konplexutasunaren arabera.

Jendarteratze-bideak aldatu

Barne-diseinua telebista-ikuskizunen gaietako bat bihurtu da. Erresuma Batuan herri barruko-diseinua eta apaintzeko programek parte hartzen dute; adibidez, 60 Minute Makeover (ITV), Changing Rooms (BBC), eta Selling Houses (Channel 4). Programa hauetan dauden diseinatzaile ospetsuen artean Linda Barker and Laurence Llewelyn-Bowen daude. Ameriketako Estatu Batuetan, TLC Sarea Trading Spaces izeneko herri-programa dago, Changing Rooms Erresuma Batuko programan oinarrituta. Horrez gain, Home & Garden Television (HGTV) eta Discovery Home sareek badauzkate interiorismo eta apaintzeko buruzko programak, hainbat barne-diseinatzaileen lanei, dekoratzaileei eta etxe-hobekuntzen adituei garrantzia ematen dietenak.

Fikziozko interioristak badaude. Halaber, bada Home MADE izeneko ikuskizuna. Bertan, bi talde eta bi etxe daude, eta, epaileen arabera, diseinu eta gela txarrena egin duen pertsona programatik kanporatua izaten da. Design on a Dime, Designed to Sell, eta The Decorating Adventures of Ambrose Price beste ikuskizun batzuk dira. Design Star izena duena oso ospetsua bihurtu da. Ikuskizun honen irabazleak bere telebista ikuskizuna lortzen du.

Barne-diseinua ere irratsaioen gaia bihurtu da. Ameriketako Estatu Batuetan, herri barruko diseinua eta bizimoduari buruzko ikuskizunak daude. Programa hauetan, Bunny Williams, Barbara Barry, Kathy Ireland, etab. barne-diseinatzaile ospetsuen lana aurkezten da.

Barne-diseinu aldizkariak existitzen dira aholkularitza eskaintzeko. Aldizkari hauek askotan lotuta daude audientzia zehatz bati zuzendatutako gaiekin. Adibidez, Dwell-en alderdi nagusia arkitektura da, aldiz, Verenda ezaguna da luxuzko bizitzari buruzko aldizkari bat izateagatik. Lonny Magazine eta Domino Magazine berriki agertu dira, gazte, hip, eta metropolis audientziei erantzuteko.

Lanbidea aldatu

Hezkuntza aldatu

Hainbat bide daude barne-diseinatzaile profesionala bihurtzeko. Bide horiek prestakuntza forma batzuk inplikatzen dituzte. Prestakuntza modura, arrakasta profesionala zuen diseinatzaile batekin lan egitea zen hezkuntza metodo ohikoena. Estatu askotan, ordea, bide horrek bakarrik ez zuen barne-diseinatzaile profesional gisa lizentziarik emango. Prestakuntza-instituzio baten bidez, hala nola, arte- edo diseinu-eskola edo unibertsitatean bide formalagoak dira prestakuntza profesionalerako.

Adibidez, Erresuma Batuko eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hainbat unibertsitateko ikasketak eskuragarri daude. Badaude barne-arkitektura eskaintzen dituztenak ere, hiru edo lau urtetan amaitzen direnak.

Badira ere eskuragarri unibertsitateko graduondo- eta doktorego-programak, diseinu-espezializazio jakin batean prestakuntza (adibidez, gerontologiko edo osasun-diseinua) edo unibertsitate mailan barne-diseinua irakasteko nahi dutenentzat.

Txinan gutxitan eskaintzen da unibertsitatean barne-diseinua, ordez, unibertsitateak hautazko klase bat edo bi eskaintzen ditu. Gobernu ofizialak barne-diseinurako hezkuntza laguntza ekonomikoak galtzearen ondorioz, ikertu nahi izanez gero, erakunde pribatuetan tutoretza-klaseak jasotzea nahitaezkoa izango litzateke. Hala ere, hezkuntza-kalitatea eskasa da. Beste aldetik, barne-diseinu ziurtagiri proba ez da berdina Txinan eta Ameriketako Estatu Batuetan. Txinan oinarrizko gaitasunak eta ezagutzak soilik dira beharrezkoak.

Lan-baldintzak aldatu

Barne-diseinuaren barruan hainbat lan-baldintza eta lanbide daude. Gaur egun, hainbat enpresa handiek barne-diseinatzaileak dituzte langile eta lan-ordu normalekin, baina, enpresa txikiek normalean beraiekin lanean ez dauden barne-diseinatzaileak kontratatzen dituzte lan zehatz batzuk egiteko. Diseinatzaile autonomoak lanbide honen % 26 osatzen dute, eta askotan lan-ordu asko sartzen dute.

Askotan barne-diseinatzaileek estres handiarekin egiten dute lan, aurrekontuaren barruan lan egiteko, eroslearen nahiak betetzeko eta lan-bukaerako datara goiz heltzeko.

Kasu batzuetan, enpresek proiektu bat onartzen dute beharrezko lizentziak edo nahiak ezagutu baino lehen. Lizentziaren beharra herri edo lekuaren arabera aldatzen da, eta batzuetan beharrezkoak diren batzuk, beste batzuetan ez dira nahitaezkoak. Horrek bidai handi eta luzeak egitea beharrezkoa egiten zuen, beharrezko lizentziak eta eroslearen nahiak ezagutzeko. Baina gaur egun internetari esker, hiri desberdinetako legedia ezagutzea edo eroslearekin kontaktatzea errazagoa egiten da, lan-baldintzak hobetuz eta bidaia denbora motzagoa eginez.

Erreferentziak aldatu

  1. Barne-diseinuaren historia: Brief History of Interior Design (2007). Kontsulta data 2017/05/20. Eskuragarri: www.interior-design-school.net
  2. Barne-disenatzaileen eta barne-apailarien desbedintasunak: The Kids Bedroom Co. Kontsulta data 2017/05/26. Eskuragarri: "The key differences between Designers and Decorators".
  3. Koloreen ulermena barne-diseinuan: designlike.com. Kontsulta data 2017/05/29. Eskuragarri: "The Psychology of Color for Interior Design – Interior Design, Design News and Architecture Trends".
  4. Diseinu-industriala: ibisworld.com. Kontsulta data 2017/06/02. Eskuragarri: "Industrial Design Industry Report".
  5. Koloreen ulermena: HGTV. Kontsulta data 2017/06/01. Eskuragarri: "The Psychology of Color".
  6. Gaur egungo barne-diseinua: Home Guides | SF Gate. Kontsulta data 2017/05/14. Eskuragarri: "About Modern Interior Design".

Kanpo estekak aldatu