Banku-kontu bat finantza-kontu bat da, banku batek bezero batentzat mantentzen duena. Banku-kontua izan liteke gordailu kontu bat, kontu korronte bat edo finantza-erakunde batek eskainitako beste edozein kontu mota, eta bezeroak finantza erakundeari gordailutan eman (edo mailegutan hartu) dizkion funtsen berri ematen du.

Banku-kontuek paperezko libreta edo liburukiak izan ditzakete euskarri

Epe batean banku-kontu batean gertatu diren finantza eragiketen berri ematen dio bezeroari bankuak banku-estraktu edo laburpen batean. Horren bidez, uneoro bezeroak finantza-erakundearekiko duen posizio-balantzea agertzen da; ohikoan, baina ez beti, herrialdean onartua den txanponean neurtua.

Herrialde bakoitzak legez zehazten du zenbat banku-kontu ireki eta erabili daitezken; kontuok nork eta nola ireki ditzaken, titularrak nola identifikatu daitezken, gordailuak nola egin, dirua ateratzeko mugak eta abar. Herrialde gehienetan 18 urtekoa da banku kontu bat izateko adin muga, zenbaitetan 16 urtekoa den arren. Gazteagoek guraso edo tutore baten eskutik izan dezakete kontu bat.

Kontu egitura aldatu

Banku-kontuek balantze positiboa edo kreditukoa izan dezakete (hartzekodun), finantza erakundeak bezeroari dirua zor dionean; edo balantze negatibo edo debitukoa (zordun), bezeroak finantza erakundeari dirua zor dionean.

Oro har, gordailu kontuak izaten dira bezeroak dirua gordetzeko asmoz eratzen direnak, alegia, bankuak bezeroari dirua gorde diezaion, eta bankua bezeroarekin zordun izango duena.

Beste kontu batzuk, orokorrean bezeroak zorrak manten ditzan irekitzen dira, mailegu-kontu gisa. Hauek, tarteka, gordailu-kontu ere bihur daitezke, duten saldo garbi edo balantzearen arabera.

Kontu batzuk, duten balantzearen arabera baino, funtzioaren arabera ere sailkatzen dira: kontu korronteak, kasu, eguneroko ordainketa eta kobrantza arruntak egiteko erabiltzen dira. Aurrezki-kontuak, berriz, bezeroaren aurrezkiak gordetzeko asmoa izaten dute eta hortaz balantze positiboa izan ohi dute (bezeroaren alde, bankua zordun delarik).

Finantza-erakunde ezberdinek izen komertzial ezberdinekin izenda ditzakete bezeroei eskaintzen zaizkien kontu mota ezberdinak.

  • Gordailua
    • Transakzio kontua
      • Txeke kontua
      • Kontu korrontea
    • Pertsonala
  • Aurrezkia
    • Eperako gordailua / Gordailu finkoa
  • Bestelako kontuak
    • Mailegu-kontuak
    • Low-cost

Kanpo estekak aldatu