Auto elektrikoa, bateriazko auto elektrikoa edo guztiz elektrikoa den autoa da motor elektriko batek edo gehiagok bultzatzen duen automobila, baterietan gordetako energia soilik erabiltzen duena. Barne-errekuntzako motorraren (BEM) ibilgailuekin alderatuta, auto elektrikoak isilagoak dira; ez dute ihes isuririk, edo, oro har, isuri txikiagoak dituzte[1]. Estatu Batuetan eta Europar Batasunean, 2020tik aurrera, ibilgailu elektriko berrien jabetza-kostua BEM auto baliokideena baino merkeago ateratzen da, erregai eta mantentze-kostu txikiagoak direla eta[2][3]. Auto elektrikoaren karga hainbat kargagunetan egin daiteke, kargatzeko gune horiek etxeetan zein gune publikoetan jar baitaitezke[4].

Tesla Roadster bat

2021ean, mundu osoan, 6,6 milioi auto elektriko entxufagarri saldu ziren; 2020ko salmentak bikoiztu baino gehiago egin ziren, eta auto berrien merkatu globalaren % 9ko merkatu kuota lortu zuen[5]. Entxufagarriak ziren auto-salmenta guztien artean, erabat elektrikoak zirenak % 71 izan zen 2021ean[6]. 2021eko abenduan, 16 milioi auto elektriko entxufagarri zebilen munduko errepideetan[5]. Herrialde askotako gobernuek, ibilgailu elektriko entxufagarrientzako, pizgarriak ezarri dituzte auto elektrikoen erosketa bultzatzeko: zerga-kredituak, dirulaguntzak eta dirutan ez diren beste pizgarriak, eta beste hainbat herrialdek, airearen kutsadura murrizteko eta klima-aldaketa mugatzeko, erregai fosilen auto salmenta pixkanaka kentzeko legedia ezarri dute[7][8][9].

Tesla Model 3 autoa munduan gehien saldu den auto elektrikoa bihurtu zen 2020 hasieran[10], eta, 2021eko ekainean, milioi baten salmenta globala gainditu zuen lehen auto elektrikoa izan zen[11]. Adopzio zabala izan zuten aurreko modeloen artean, Mitsubishi i-MiEV eta Nissan Leaf japoniarrak dira. Sortzen ari diren automobilgintzako beste teknologia batzuekin batera, hala nola gidatze autonomoa, konektatutako ibilgailuak eta mugikortasun partekatua, auto elektrikoek Mugikortasun Autonomoa, Konektatua, Elektrikoa eta Partekatua (MAKEP) izeneko etorkizuneko mugikortasun-ikuspegi bat osatzen dute[12].

Historia aldatu

1886an lehen autoa egin zenetik,[13] autoa asko aldatu da. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, ibilgailu elektrikoak ohikoak ziren oso, baina eztanda motorren errendimendua hobetu ahala, petrolioan oinarritutako erregai-motorrak zabaldu ziren. Hori dela eta, autoek bi arazo sortzen dituzte: bat petrolioaren agortzea, eta bestea berotegi efektua areagotzea.

Autoen berotegi efektuak duten eragina txikitzeko autoen erregaia aldatzea komeni da; horregatik, azken 10-15 urtetan auto markak horretan dabiltza. Kontuan izan behar da, hala ere, auto elektrikoak eta haren ordezko piezak ekoitzi eta garraiatzean, haren bateriak energiaz betetzeko argindarra sortzean, eta argindarraren sistema osoa egin eta mantentzeko lanetan ere petrolio ugari kontsumitzen dela. Beraz, auto elektrikoaren erabilera hedatzeak ez luke petrolioaren kontsumoa askorik apalduko (bai, ordea, oinez, bizikletaz edo zaldiz ibiltzeak, adibidez).

Petrolioa orain arte merke lortu zitekeen eta horregatik autoentzako erregaia merke ateratzen zen. Baina petrolioa erraz eta merke lortzeko lekuak agortzen hasi dira eta egun petrolio lortzeko geroz eta inbertsio handiagoak egin behar dira, eta horrek petrolioaren garestitzea ekarriko du. Petrolioaren agortzeak edo garestitzeak beste erregai batzuen bultzada ekarri du eta horrela sortu dira landareetatik sortutako erregaiak. Erregai horien artean biodieselak eta ibilgailuentzako alkoholak daude. Erregai horiek ez dute CO2 isurketa murrizten, eta gainera gaur arte jateko erabiltzen ziren laboreakartoa eta koltza, adibidez— erregaiak egiteko erabiltzen hasi direnez, elikagaien garestitzea ekarri dute.

Teknologia aldatu

Gaur egun hiru teknologia daude auto elektrikoen inguruan: auto guztiz elektrikoa, hidrogenozko zeldekikoa eta hibridoak.

Auto elektrikoa aldatu

Auto mota honek ohiko motorra kendu eta motor elektrikoa du. Motor elektriko hori elektrizitatez hornitzeko bateria handi bat darama. Bateria etxeko elektrizitate sarera lotuz edo kaleetan jarriko diren lokietan kargatuko dira.

Abantailak:

  • Autoak berak ez du kerik isurtzen
  • Elektrizitatea petrolioa baino merkeagoa da.
  • Elektrizitatea hornitzeko sarea egina dago dagoeneko.

Desabantailak[14]:

  • Bateria batekin kilometro gutxi egin daitezke
  • Bateriak garestiak eta pisutsuak dira
  • Elektrizitate motorrak potentzia txikia dute eta horregatik autoak txikiak izan behar dira.
  • Litiozko bateriak erabiltzen dira. Munduko litioaren %50 Bolivian dago, eta orain petrolioz dabiltzan auto guztien erdiak ere elektriko bihurtzeko behar adina litio ez dago mundu osoan. Eta hori, kontuan hartu gabe litioa, autoen bateriarako ez ezik, beharrezkoa dela beste prozesu askotan: sendagaiak ekoizteko, ordenagailuetarako, telefono mugikorren baterietarako...
  • Autoa ekoizteko prozesuan, petrolio ugari erabili behar da: metalen meatzaritzan, lehengai guztiak garraiatzen, metalak urtzen eta lantzen... Era berean, sare elektrikoa mantentzeko lanetan ere petrolio ugari behar da. Prozesu horietan guztietan, ez da lortu makina elektrikoekin ordeztea, beharko liratekeen bateriak sortzeko litio ezagatik, besteak beste.

Hidrogenozko zeldekiko auto elektrikoak aldatu

Aurrekoek bezala, motor elektrikoa dute, baina bateria ez da elektrizitate hornitzaile bakarra, autoak hidrogenozko zeldak daramatza. Zelda horietan, hidrogenoa erreakzio kimiko baten bidez elektrizitate eta ur bihurtzen da. Ura ihes-hoditik isurtzen da eta elektrizitatea baterian gordetzen da.

Abantailak:

  • Motorra elektriko indartsuagoak erabili daitezke geroz auto handiagoak egin daitezke
  • Kilometro gehiago egin daitezke bateria batekin
  • Hidrogenoa munduan dagoen gai ugariena da.

Desabantailak:

  • Hidrogenoa oso ugaria da baina beti beste gai batekin egoten da batua. Eta oraingoz hidrogenoa beste gai batzuetatik banatzea zaila eta garestia da.
  • Hidrogenoa banatzeko sarea egin beharko litzateke.
  • Hidrogenoa oso erregaitza da horrek duen arriskuarekin
  • Autoa ekoizteko prozesuan, petrolio ugari erabili behar da: metalen meatzaritzan, lehengai guztiak garraiatzen, metalak urtzen eta lantzen... Prozesu horietan guztietan, ez da lortu makina elektrikoekin ordeztea, beharko liratekeen bateriak sortzeko litio ezagatik, besteak beste.

Auto hibridoak aldatu

Auto hauek bi motor erabiltzen dituzte. Bat gasolina erregaiarena eta bestea elektrikoa. Bateria agortzen denean gasolinazko motorra martxan jartzen da.

Gasolinazko motorrak bi modu desberdinetan funtzionatu dezake. Modu batean motorrak elektrizitate sortzaile bat mugitzen du eta bateria kargatzen du. Hori dela eta kotxea motor elektrikoarekin ibiliko litzateke baina 2 motorrak martxan egongo lirateke. Beste modua gasolinazko motorrak autoari trakzioa emango lioke eta horretaz gain elektrizitate hornitzailea mugituko luke bateria kargatuz.

Abantailak:

  • Kilometro asko egiteko gai.
  • Auto elektrikoak edo hidrogenozkoak osotara garatu arte CO2 isurketak gutxitzen dituzte.

Desabantailak:

  • Oso garestiak dira, bi sistema desberdin erabiltzeagatik.
  • Urte batzuetarako teknologia da bakarrik, auto elektrikoak edo hidrogenozkoak garatu arte.
  • Autoa ekoizteko prozesuan, petrolio ugari erabili behar da: metalen meatzaritzan, lehengai guztiak garraiatzen, metalak urtzen eta lantzen... Prozesu horietan guztietan, ez da lortu makina elektrikoekin ordeztea, beharko liratekeen bateriak sortzeko litio ezagatik, besteak beste.

Auto elektrikoen galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «Reducing Pollution with Electric Vehicles» www.energy.gov.
  2. (Ingelesez) Preston, Benjamin. «EVs Offer Big Savings Over Traditional Gas-Powered Cars» Consumer Reports.
  3. «Electric Cars: Calculating the Total Cost of Ownership for Consumers» BEUC (The European Consumer Organisation) 25 April 2021.
  4. (Ingelesez) «How to charge an electric car» Carbuyer.
  5. a b (Ingelesez) Paoli, Leonardo. (January 30, 2022). «Electric cars fend off supply challenges to more than double global sales – Analysis» IEA.
  6. Jose, Pontes. (2022-01-30). World EV Sales — Tesla Model 3 Wins 4th Consecutive Best Seller Title In Record Year. CleanTechnica. "The top 3 global best selling plug-in electric cars in 2021 were the Tesla Model 3 (500,713), the Wuling Hongguang Mini EV (424,138), and the Tesla Model Y (410,517). Nissan Leaf sales totaled 64,201 units and Chery eQ 68,821 units."
  7. (Ingelesez) «Governor Newsom Announces California Will Phase Out Gasoline-Powered Cars & Drastically Reduce Demand for Fossil Fuel in California's Fight Against Climate Change» California Governor 2020-09-23.
  8. (Ingelesez) Groom, David Shepardson, Nichola. (2020-09-29). «U.S. EPA chief challenges California effort to mandate zero emission vehicles in 2035» Reuters.
  9. EU proposes effective ban for new fossil-fuel cars from 2035. Reuters 2021-07-14.
  10. Holland, Maximilian. (2020-02-10). «Tesla Passes 1 Million EV Milestone & Model 3 Becomes All Time Best Seller» CleanTechnica.
  11. Shahan, Zachary. (2021-08-26). Tesla Model 3 Has Passed 1 Million Sales. CleanTechnica.
  12. Hamid, Umar Zakir Abdul. (2022). Autonomous, Connected, Electric and Shared Vehicles: Disrupting the Automotive and Mobility Sectors. SAE.
  13. (Ingelesez) History of Railway Electric Traction. (Noiz kontsultatua: 2010-02-09).
  14. Jon, Robles, Endika Fernandez, Markel Aretxabaleta, Iker Ibarra, Edorta Andreu. (2021-09-01). «Modu komuneko tentsioa: ibilgailu elektrikoen isilpeko etsai» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2021-09-10).

Kanpo estekak aldatu