Aurelio Arteta

Euskal Herriko artista
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Aurelio Arteta (argipena)»

Aurelio Arteta Errasti (Bilbo, Bizkaia, 1879ko abenduaren 2aMexiko Hiria, Mexiko, 1940ko azaroaren 10a) margolaria izan zen. Euskal Herriko margolaritzak eman dituen artistarik garrantzizkoenetakoa da. Felix Arteta margolari, marrazkilari eta karikaturistaren anaia zaharra izan zen.

Aurelio Arteta

Bizitza
JaiotzaBilbo1879ko abenduaren 2a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMexiko Hiria1940ko azaroaren 10a (60 urte)
Heriotza modua: trafiko-istripua
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
KidetzaEuskal Artisten Elkartea

Artetaren pinturak bere garaiko hainbat estilo eta joera sintetizatu zituen, eta arte hein batez idealizatua eta malenkoniatsua sortu. Gaien aldetik Euskal Herriko pertsona eta paisaiak nabarmendu zituen: baserritarrak, arrantzaleak zein Bilboko itsasadarraren inguruko giro industrialak.

Bizitza aldatu

 
Emakume bainulariak koadroa, 1930ean Espainiako Margolaritza Saria irabaztea ekarri ziona.

Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan abiatu zituen ikasketak, baina 1894an familiarekin batera Valladolida aldatu zen, eta han jarraitu zituen arte ikasketak. 1897an Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Errege Akademian sartu zen. 1902an Parisa eta 1906an Italiara joan ahal izan zen Bizkaiko Aldundiak emandako bekei esker. Frantziako hiriburuan autore inpresionisten eragina hartu zuen, bereziki Puvis de Chavannes, Gauguin eta Toulouse-Lautrecena; orobat, flandriar artisten errealismoa, Albert Baertsoen margolariaren lana eta Paul Verhaeren poeta ezagutu zituen Belgika aldera eginiko bidaietan. Italian, berriz, Erroma, Florentzia eta Milanen ibili zen eta Errenazimenduko artista handien obra ezagutzeko aukera izan zuen. Giotto edo Rafaelen muralek eragin handia izan zuten Artetarengan. Eredu horiek lagundu zioten bere estilo propioa sortzen.

Marrazkigintzari bereziki eskainitako lehenengo aldiaren ondoren, margolari, litografo eta kartelgile jardun ondoren, lanaldi emankor bati heldu zion 1906tik aurrera. Aurelioren olio-pinturak 1910 aldera eginak dira, esaterako:

  • Alferkeria eta lana (c. 1909-1910). Joera sinbolistari eutsi zion.
  • Erromeria Durangon (1910), kostunbrismo alderako joeran.

Beka bukaturik, Bilbora itzuli zen, eta 1911n, beste pintore eta eskultore batzuekin batera, Euskal Herriko Artisten Elkartea sortu zuen. Erakustaldi batzuen ondoan, 1922an egin zuen lehen horma irudia, bere lanik nabarmenenetako bat: Madrilgo Alcala kalean kokaturiko Banco de Bilbaoren egoitzan hamabi fresko margotu zituen, Euskal Herriko lanbide eta alegiei buruzkoak. Nolabaiteko epopeia trinkotu baten irudiak dira, pasadizorik gabeak, lan mundukoak, Juan de la Encinak dioenez Verhaeren belgikarraren poematan inspiraturikoak. Eszena horietan, formari dagokionez, marrazkiaren indarra, lan munduko jardueren adierazpena, konposaketan asmatzea eta kromatismo neutro bidez deskribaturiko irudien modelatu arina –Puvis Chavannesen arrastoak, inola ere– nahasten dira, ertilariak horrela eragotzi zuelarik «horma zulatzea». Hamabi fresko horiei esker, muralista gisa ospea lortu zuen.

1924an Bilboko Arte Modernoko Museoko zuzendari izendatu zuten, baina hiru urteren buruan utzi behar izan zuen kargua. 1925ean bere bigarren murala egin zuen (Logroñoko apaizgaitegiko kapera). 1930ean Espainiako Margolaritza Saria eman zioten Bainulariak koadroagatik, eta 1932an lehen domina irabazi zuen Espainiako Arte Ederretako Erakustaldian, kutsu kubista nabaria ageri duen Naufragoak koadroagatik.

Espainiako Gerra Zibila hastean Madrilgo Pinturako Goi Eskolako irakasle zen. Errepublikaren alde egin zuen, eta gerran zehar Valentziara, Bartzelonara eta Biarritzera lekualdatu behar izan zuen. 1938an kokatu zen Biarritzen, eta gai bakartzat gerra zuten koadroak margotu zituen.

1940. urtean, azkenik Mexikora erbesteratu zen. Urte hartan bertan, Mexiko Hirian hil zen, tranbia istripu batean, abenduaren 10ean.

Artetaren margolanen ezaugarriak aldatu

 
Euskal Herriko arrantzaleak.

Bi oinarri nagusi ditu Artetaren pinturak: marraren nagusitasuna, marrazki azkar, bizkor eta zorrotzaren garrantzia, eta pertsonaiak gizartearen baitan kokatzea, obra guztia kutsu sozial batez janzten duena. Abstrakziotik urrun betiere, Artetak kubismo aldera jo zuen, nolabait, bere garapenean; marrazkiaren oinarrian, bolumenak eta kolore apalek, argilunik gabeak, gorpuztu zuten haren lana.

Artetaren joera soziala, bestalde, izan zen bere lan guztietan nagusia. Euskal tradizio etnografikoarekin moztuz, lan giro berriak, lantegiak, hartu zuen leku bere lanetan: itsasoko jendea, meatzariak, langileak giro urbanoetan kokatuak. Artetaren lanari ez dario, ordea, inolako iraultza usainik. Eguneroko ikuskariak dira. Lan gutxi utzi bazituen ere (bere buruarekin larri, ezabatu eta berregin zituen margolan asko eta asko), Aurelio Arteta euskal pintura sozialaren aitzindaria eta horma irudien lehen egilea izateaz gainera, Euskal Herriak eman duen margolari garrantzizkoenetakoa da.

Artetaren estiloak: sinbolismoa, kubismoa eta errealismo soziala aldatu

Sinbolismoa aldatu

Kronologiagatik eta sinbolisten berrikuntza estetikoarekiko irekita egon zelako, Euskal Herriko sinbolisten artean toki handia eman behar zaio Aurelio Artetari, nahiz eta, Euskal Herriko artearen barruko esanahi enblematikoarengatik eta bere obrak izan zuen garrantzi sozialagatik, Arteta helduak bere lekua izango duen kubismoan.

Ez da zaila gertatzen Artetak frantses sinbolisten estetika baitaratu zuela adierazten duten lanak bereiztea. Gaztaroko bere lanek errealismo etnografiko eta sinbolistaren arteko lotura erakusten dute; horietan, besteak beste Cézanne, Gauguin eta Toulouse Lautrecen arrastoak sumatzen dira eta, batez ere, Pierre Puvis de Chavannesenak. Guztien erakarpena azaltzen da bere kromatismoetako neurritasunagatik, marrazkien osotasunagatik eta konposaketen oreka lasai eta klasikoagatik, eta Lyongo maisu horren horma margolanetatik isurtzen den barrentasun sakon eta malenkoniatsuarena, halaber.[1]

Kubismoa aldatu

Euskal Herriko margogintzak kubismotik jaso duen gauza positibo eta iraunkorrena, orrialde hauetara ekarri beharreko deritzogun Aurelio Artetak egindako lana izan da; zeren eta norabide hori hartu baitzuen Euskal Herriko ertilariak, Primo de Riveraren diktaduraren eta Errepublikaren urte haietan. Artetarengan antzematen da besteengan baino nabarmenago Picassotik baino Cezannetik gertuago dagoen postkubismoa. Eta joera hau formetako garbizaletasuna esan izan zaion horretan kokatu beharko genuke, batez ere.

  • Itsasoan galduak. Arteta 1932ko Arte Ederretako Erakusketan aurkeztu zuen Itsasoan galduak koadroa eta Lehenengo Domina irabazi zuen. Gerrako jazoera batek iradoki zion koadro horretan, euskal margolariaren estiloak egituretan sinpletasun alderako aldaketa nabaria egin zuen; koadro horren zirriborrotzat har daitezkeen zenbait bertsio eta oihal ere gorde dira. Margoak batu egingo dira, irudietan modelatua nabarmendu eta postkubista izenda dezakegun eran geometriko bihurturik.
  • Emakume bainulariak. Artetak 1930 eta 1935 bitartean, hain Cezannerena den bainularien gai horri buruz egindako koadroek ezaugarri bertsuak dituzte. Artetak gai hau oso espiritu mediterraneoa eta klasiko batez sumatu zuen. Historialari eta kritikari batzuk arrazoi dute neoklasizismo bati buruz hitz egiten dutenean.
 
Agurra

Bolumenetan biribiltasuna eta koloreetan sinpletasuna azaltzen da berriro beste obra hauetan:

  • Agurra,
  • Soinujolea,
  • Laiariak (Bilboko Arte Ederren Museoa),
  • Arrantzaleak (Bilboko Arte Ederren Museoa).

Edorta Kortadik aipamen hau egiten du, margolariaren lan plastiko biribilaren aurrean, euskal nekazari-munduko irudi maitetsuak garrantzia galtzen duela ikusiz: «Nabardura okre, berde, urdin eta zurietan gutxitua gelditzen da kolorea, Arteta, nolabait ere, forma bolumetrikoen ikerketan murgiltzen da, funtsezko plano eta bolumenetan mugatutakoetan».[2]

Errealismo soziala aldatu

 
Burtzeñako zubia, 1926 inguruko koadroa.

Dudarik gabe, Rikardo Bastida arkitektoak Banco de Bilbaoren Madrilgo eraikin berria apaintzeko Quintin Torre eskulturagilearen eta Aurelio Arteta margolariaren talentuetara jo zuenean, bazekien zerbait artista biek lan-gaiekiko sentitzen zuten erakarpen moralari buruz.

Eraikina bukatu aurretik, 1920ko hamarkadan Artetak jada hiriko eta meatzetako paisaiak margotuak zituen:

  • Hiriko paisaia,
  • Etxeak,
  • Meatzean.

Bilboko Bankuko hamabi horma-pinturak asmatu eta lantzeko entrenamendutzat baliatu zituen obrak ziren, eta berak maite zuenaren munduan murgiltzeko aukera emango zion lana izan zen hau. «Erakarri egiten nau –zioen– margotzeko aldamio batera langile bat banintz bezala igotzeak. Langilearen lansaioaren arte horren lan-motak nire zereginari ezarriko diona, nahikoa dela deritzot artea zintzotasunez janzteko».

Gero, Bilbora itzulirik, ildo berean koadro bikain eta esanguratsuak margotu zituen:

  • Langile auzunea margolanak (c. 1922), proletario-munduko hainbat irudi azaleratzen diren giro lanbrotsu eta kutsatuaren inguruko ikuspegi bat ematen du;
  • Lantegi bateko irteera lanean, akiturik eta nahigabeak jotako gizonak indar gehiago hartzen du;
  • Burtzeñako zubia (c. 1926), Barakaldoko Burtzeña auzoan Cadagua ibaira makurtuta bizkarrez dagoen pertsonaia bakar bat ageri da, zubiaren habe zeihar eta indartsuek estuki atzituriko eraikin zikin batzuen inguruko bertikaltasunaz harrapatua. Zerurik ere nekez ikusi daiteke geometria egitura zorrotzen multzo trinko horretan. Forma eta edukiaren arteko sintesitzat hartzen den maisulana da.

Kaietako, meatzeetako, trenbideetako lan bizitzaren zenbait alderdi garatzen diren beste koadro batzuk aipatu gabe utzita amaituko dugu Artetaren gizarte dimentsioko pintura; bere azken margolanak gogoratuko ditugu, gizartekoari politikoa gehitzen zaion pinturak: segituan deskribatuko ditugun oihalak, senide-hiltzaile izan zen gerrak eta etorkizun erabat ezezagun baten ikuspegi larriak iradokiak izan ziren.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Artetaren alderdi hauek buruz, ikus Edorta KORTADIren doktoretza-tesia: Aurelio Arteta en su obra (Bilbao 1879, México 1940). Entre la renovación y las vanguardias. Deustuko Unibertsitatea, Donostia, 1996, 304. orrialdea.
  2. Aurelio Arteta. Una mirada esencial 1879-1940. Erakusketa (1998), 7. or.

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu