Augusto (latinez Augustus, pluralean augusti) Erromatar Inperioko enperadoreek eraman zuten titulu bat izan zen.

Diokleziano garaiko txanpona. "Augustus" irakur daiteke.

Tituluaren jatorria aldatu

Titulu hau izan zuen lehen gobernari erromatarra Gaio Julio Zesar Oktaviano izan zen, lehen erromatar enperadoretzat hartzen dena. Ezizena Senatuak eman zion K. a. 27ko urtarrilak 16an, eta ohorezko izaera baino ez zuen, berarekin lotutako magistraturarik ez zuelarik. Latinez, Augustus hitzak "maiestatetsua" edo "ohoragarria" esan nahi du, eta beti jainkoen munduari eman zitzaion, Jupiterren epiteto berezi bezala erabiliz, jainkoen aita eta erromatar panteoiko jainko gorena zena. Ohorezko titulu honen erabilerak, alabaina, pertsona bakar batean zenbait magistratura arrunten bateraketarekin bat egiten du, eta, beraz, Gaio Zesar Oktavianok bere agintaldian zehar bildu zituen botere guztien ikur bezala errekonozitua izan zelarik (princeps senatus, pontifex maximus, kontsul, potestas tribunicia...) Botere metaketa hau hurrengo mendeetan enperadoreek Erroma gobernatzeko erabiliko zuten eredua izan zen, praktikan, teoria sofistikatu hau errealitatetik geroz eta urrunago geratu zen arren, batez ere III. eta IV. mendeetatik aurrera, enperadoreek ekialdeko despoten antz gehiago hartu zutenean.

Enperadore gehienek erabili zituzten hiru tituluetatik, Imperator, Caesar eta Augustus, azken hau izan zen soilik enperadorearentzat erreserbatu zena (salbuespen bakarrarekin: enperadorearen emazteak eta amak ere bazuten Augusta titulua erabiltzeko eskubidea).

Ohitura bihurtu zen norbait enperadorearen oinordeko izendatua izatean NN Caesar izena hartzea (NN pertsonaren praenomen eta nomena zirelarik) edo, aurrerago, NC. Nobilissimus Caesar, eta batzuetan Princeps Iuventutis (Gazteriaren Printzea) tituluarekin saritua zen. Tronuratzean, enperadore berriak Imperator Caesar NN Augustus izena hartzen zuen (behe Inperioko enperadoreek Pius Felix eta Invictus gehitzen zituzten euren izen propioa eta Augustusen artean).

Hitzaren erabilera honetan, Augustus "Enperadore" hitzaren baliokidea da, lehen esan den bezala, inongo botere zehatzik lotuta ez zuen arren.

Dinastia inperialeko emakumeak aldatu

Hasiera batean, soilik salbuespen bezala izan zuten eskubidea dinastia inperialeko emakumeek Augusta titulua erabiltzeko. Titulu hau lortu zuen lehen emakumea Livia Drusila izan zen, bere senarra zen Augustoren azken borondatearen arabera. Livia, ordutik aurrera, Julia Augusta bezala ezagutua izan zen.

Titulua Inperioaren banaketaren ondoren aldatu

Tetrarkia garaian, Augusto tituluak Ekialdean eta Mendebaldean gobernatzen zuten goi mailako bi enperadoreei erreferentzia egiten zieten, horietako bakoitzaren "enperadore-ordea" edo Imperatores minores "Zesar" bezala ezagutzen ziren bitartean.

Kanpo estekak aldatu