Atez ateko zabor bilketa

Atez ateko hondakin bilketa edo atez ateko bilketa (AAB) hondakinak biltzeko sistema bat da, bilketa etxebizitzaz etxebizitza eginez hondakin organikoa, papera, plastikoak eta bestelako materialak gaika biltzen dituena, birziklatu edo materialki baliozta daitezen, erraustu edo zuzenean zabortegira isuriz alferrik galdu beharrean. Kasu batzuetan, hondakinak gaika biltzen zituzten edukiontzi handiak ordeztuz ezarri da, gaikako bilketa portzentajeak handitze aldera. Era zenbaitetan aplika daitekeen sistema da, egun desberdinetan hondakin mota desberdinak etxebizitzen parean utziz besterik gabe, kolore bereziko ontzietan jarriz edo erabiltzaileen identifikazioa duten zutoin eta gakoetan zintzilikatuz.

Hernanin, atez ate zaborra biltzeko, bizilagun bakoitzak egun horretan bota beharreko zabor-gaia bere txintxilikario propioan uzteko obligazioa du.

Euskal Herriko herri zenbaitetan hiri hondakinak etxez etxe eta gaika biltzeko ekimen isolatu zenbait ezik, gai guztiak modu bereizian bildu eta kudeatzen dituen sistema 2009 urtean abiarazi zen Gipuzkoan, Usurbil herrian hain zuzen. 2010 urtean Hernanik eta Oiartzunek abaiarazi zuten atez ateko sistemara, eta 2013an beste 16 herri bildu ziren sistemara Gipuzkoan, eta beste zazpi, Nafarroa Garaiko Sakanan, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Bakaiku, Urdiain eta Olaztin hondakinak etxez etxe bilduz. Iparraldean ere zabaltzen joan zen urte horietan atez ateko sistema.[1][2] Euskal Herrian baino lehenago, atez ateko sistema munduko hainbat lekutan ezarri da, hala nola Australian, Zeelanda Berrian, Estatu Batuetan, Kanadan, Erresuma Batuan, eta Belgikan.[3]

Atez ateko bilketak eztabaida politiko bizia sortu du Gipuzkoan. San Marko zabortegiaren itxierak zaborrak isurtzeko arazo larria ekarri zuen eta erakunde eta alderdi politiko zenbaitek Zubietako lurretan kokatu beharreko zaborren erraustegi baterako plana eta proiektua eratu zuten ondorioz. Alternatiba gisa eta hondakinen bilketa eta kudeaketa eredua aldatzeko, errausketa eta zabortegi primarioak baztertuz, tratamendua nagusiki birziklapenean oinarritutzeko xedez, abiarazi zen atez ateko hondakin bilketa sistema.

Aurrekariak aldatu

Munduan zehar izandako atez ateko bilketa sistemak XIX mendetik daude indarrean. Parisen, Eugène Poubellek papera, arropak eta beira bereizteko bilketa sistema garatu zuen 1884 urtean. Beste herrialdeetan, ohikoak ziren etxe etxe gai birziklagarriak biltzen ibiltzen ziren pertsonak, hondakinen berreskurapen informala eginez kasu askotan, instituzioetatik at. XX. mendearen bukaeran, kontsumo-gizartearen garapenak jarduera eta ohitura horiek galbidean jarri zituen, produktibitate eskasekoak zirelako eta giza-talde baztertuen esku utziz.

Ordurarte ohikoa zena, hondakinei daukaten balioa ateratzea, hala nola, organikoa baserrietako abereak elikatzeko (txerrijana) edota ongarria egiteko erabiltzea, XX. mendearen erdialdetik aurrera galtzen joan zen, hondakinak zabortegietan pilatuz eta kutsadura arazo larriak sortuz. XX. mendearen azken hamarkadetan hondakinek sortutako ingurumen-arazoekin kontzientziaturik, maiz zabortegien betetzearekin batera, instituzio politikoek hondakinetatik gai birziklagarriak bereizteko politikak abiarazi zituzten. Euskal Herrian, politika hauek paper eta kartoi, beira eta plastiko edukiontziak jarriz bideratu ziren, baina urte askotako bilakaera ikusita, gaikako bilketa portzentaje moderatuak soilik lortu ziren (%20-%30 artekoak). Ingurumen arazoen larriagotzeak birziklapen politikak birplanteatzea ekarri zuen. Politika berri horien eredu da zero zabor politika, hondakinen murrizketa erabatekoa bultzatzen duena.

Aurrekariak Euskal Herrian aldatu

 
Gaikako bilketa Usurbilen 2009-2014 aldian. Atez-atekoa ezarritakoan %30etik %83rako jauzia eman zen.

Gipuzkoan abiarazitako atez ateko sistema 2002 urtean agintari politikoek San Marko zabortegiaren itxieraren ondoren iragarritako erraustegiaren erreakzio moduan etorri zen bereziki. Gorabehera zenbaiten ondoren, erraustegia Zubietan jartzea erabaki zuten, horren aurkako gizarte-mugimendu zabala izan arren. Usurbil, planifikatutako erraustegitik gertu dagoen herrietako bat, izan zen lehena atez ateko sistema ezartzen Gipuzkoan. Herri horretan papera, ontziak eta beira gaika biltzeko edukiontziez gainera, zaborra nahasian botatzeko edukiontziak ere bazituzten. Horrela hondakinen %21,5 besterik ez zen biltzen gaika eta birziklatzeko prest eta gainerako guztia zuzenean zabortegietara botatzen zen.[4]

Gipuzkoako Usurbil herrian atez ateko bilketa 2009ko martxoaren 15ean hasi zen. Martxoaren 16tik 31 bitartean hondakinak sailkatuta, 56.000 kilo zabor gutxiago bota ziren zabortegira, oro har, %35 gutxiago. Proiektu berriaren arrakasta ikus ahal izateko apirileko emaitzak hartu ziren. Hauek ezin hobeak izan ziren: 2008ko apirilean 173.200 kilo eraman ziren zabortegira, eta 2009ko apirilean, berriz, 25.380 kilo. Hau da, 148.000 kilo zabor gutxiago jaurti ziren zabortegira, %85,35 gutxiago, alegia. Zabortegira eramandako 25.000 kilo horiek “garbiak” dira, eta ez dute apenas materia organikorik. Beraz, zabortegira bota ostean ohiko zaborrak baino askoz arazo gutxiago sortuko dute.[5]

Atez ateko bilketaren funtzionamendua aldatu

Atez ateko sistemaren aplikazioa biltzen diren gai motak, horiek jasotzeko modua eta maiztasuna eta kontrola biltzen ditu. Oro har, papera eta kartoia, beira, plastiko eta metalezko ontziak, hondakin organikoa eta lorategietako hondakinak bereizi behar ditu herritar bakoitzak, poltsa eta ontzi desberdinetan eta egun jakinetan etxebizitzaren parean edo eraikinaren barruan horretarako espreski jarritako lekuan utzi.

Maiz, atez ateko sistema desberdinak eratzen dira etxebizitza-dentsitatea zein den. Dentsitate txikiko guneetan, atez ateko bilketa indibiduala arazo handrik gabe egin badaiteke ere, etxebizitza askoko eraikinetan zailagoa da sistema modu indibidualean jartzea. Etxebizitza-dentsitate handiko auzoetarako irtenbide moduan, gai bereiziak jasotzen dituzten edukiontzi handiak jarri izan dira eraikinetako atarietan, bertako bizilagunek soilik erabiltzeko. Gipuzkoako herri zenbaitetan, ordea, ez da bereizketa hau egin eta bilketa-sistema indibiduala ezarri da herritar guztientzat, bizi diren etxebizitza mota gorabehera. Etxebizitzak oso sakabanatuta dauden kasuetan ere, atez ateko sistemaren kostua dela eta, edukiontzi kolektiboen sistema erabili ohi da.

Modu indibidualean egiten denean, gai desberdinak bereizteko poltsak edo kaxak erabiltzen dira, kolore bereziekin. Maiz, poltsak erdi-gardenak dira, zabor-biltzaileak barruko edukia poltsari dagokion zaborra soilik duela egiaztatu ahal izateko. Zabor organikoa, sukaldeko hondakinak bereziki, biltzeko plastikozko ontzi zurrun indibidualak erabiltzen dira.

Denborari buruz ere, sistema era zenbaitetan programatu daiteke: eguna edo astea zein den gai mota jakin bat bilduz, herritarrek egindako ohartarazpen eta deiei kasu eginez nahiz aurreko biak bateratuz.

Funtzionamendua Gipuzkoan aldatu

 
Zabor batze selektiboa Bergaran

Usurbilen, Bergaran, Hernanin, Oiartzunen, Antzuolan, Legorretan, Itsasondon, Zaldibian, Anoeta, Alegia, Irura, Zizurkil, Astigarraga, Oñatin, Lezo, eta Ordizian [6] abiarazitako atez ateko bilketa sisteman, familia bakoitzak zaborretarako hainbat ontzi edo poltsa ditu etxean, hondakin organikoak, papera, ontzi arinak (plastikoak, brik eta latak) eta errefusa edo soberakinak biltzeko hurrenez hurren. Goian aipaturiko herri batzuetan asteko egun bakoitzean, zabor mota bat besterik ez da bilduko. Horrela, egunero, bizilagun bakoitzak dagokion ontzia edo poltsa atera beharko du kalera. Etxe aurrean jarri ohi diren zutoinetan zintzilikatu beharko du egun horretako hondakin motaren poltsa edo ontzia. Beste herri batzuetan, organikoa eta errefusa soilik biltzen da atez ate, eta gainontzekoak orain arte ezagutu ditugun kontainerren bidez.

Aparatu elektrikoak, altzariak eta zuzenean birziklatu ezin daitezkeen antzeko objektuak ere ez dira etxez etxe biltzen eta garbigune izeneko tokietan jasotzen dira, hiritarrak berak hara eramanez. Pilak herriko gune zenbaitetan eskura dauden ontzietan sar daitezke. Errefusak aurreko ataletan sartzen ez diren gaiak biltzen ditu, hala nola hautsa, zeramika puskak, paper plastifikatua, porexpan pieza handiak eta plastikoa eta metala dituzten objektuak, eta etxez etxe biltzen da. Beira jasotzeko ez da atez ateko bilketa egiten, gai arriskutsua delako, eta kalean barreiaturik dauden edukiontziak erabiltzen dira botilak eta beirazko beste objektuak sartzeko.

Zabor organikoak etxebizitza barruan sor ditzakeen usain eta bestelako eragozpenak ekiditearren beste hondakin motak baino maizago biltzen dira, asteko hiru egunetan hain zuzen. Ontziak asteko bi egunetan biltzen dira, eta egun batean papera eta kartoia. Pixoihalak eta babeskiak edo konpresak egunero jasotzen dira, horretarako poltsa bereziak erabiliz. Herrian, biztanle guztien eskura dauden larrialdi guneak ere badaude, biztanleak aurrez identifikatuta gaiak bertan bere zaborrak uzteko. Adibidez, honako hau da Hernaniko atez ateko zabor bilketaren asteko egutegia:[7]

Lorategia duen familiak zabor organikoa bertan konpostatu nahi badu, konpostagailua doan jartzen zaio kasu batzuetan, autokonpostatzea ikasteko ikastaro batean ere parte hartzeko aukera ere eskainiz. Autokonpostatze proiektuan parte hartzean hondakinen tasan beherapen bat ere jaso ohi da. Konposta egitean hondakin organikoak landareentzako ongarria lortzen da, etxean bertan aprobetxatzen dena.

Sistemaren abantailak aldatu

  • Atez ateko bilketa sistema gaikako bilketa portzentaje handiagoa lortzen da, %65-%85 bitartekoa.
  • Horren ondorioz, zabortegi eta erraustegien beharra murrizten da.
  • Bildutako gaiekin batera nahastutako gai desegokien portzentajea txikiagoa da eta ondorioz birziklapen kostua txikiagoa da.
  • Sortzen den zabor kopurua agerian geratzen zaie herritarrei. Zaborrontzi eta lur azpiko gordailuekin, berriz, zaborra ezkutatu egiten da.
  • Kaleko zaborrontziak desagertzen dira.[8]

Sistemaren desabantailak aldatu

  • Herritarren konfiantza, onarpen eta parte hartze handiagoa eskatzen dituen sistema da.
  • Ordutegi itxi eta zurrun bati jarraitu behar zaio zaborrak uzteko.
  • Hondakinak etxean gorde behar dira zenbait egunetan zehar.
  • Zabor poltsek kaleetan eskegita egoteak, oso itxura eskasa eskeintzen dute.
  • Bilketa kostua handiagoa da,[8] bereziki biztanleria dentsitate txikiko eremuetan.[9]
  • Herritarren intimitatea arriskuan jartzen da, denek jakin dezaketelako bakoitzaren zaborra zein den.

Erreferentziak aldatu

  1. (Frantsesez) Collecte des ordures ménagères en porte à porte, Communauté de Communes Nive Adour, 2010-07-17an kontsultatua.
  2. (Frantsesez) Guide pratique du tri des déchets, 4. orrialdea.
  3. (Ingelesez) ZERO WASTE SA. (2007). Kerbside Hard Waste Collection: Issues and Opportunities. , 10-16 or..
  4. Hondakinen atez ateko bilketa selektiboa[Betiko hautsitako esteka], 2. orrialdea, 2010-07-19an kontsultatua.
  5. emaitza nabarmenak.
  6. Ainara Arratibel Gascon: «Gehiago birziklatu nahian ados, bilketarekin eztabaida», Berria, 2013-03-22.
  7. Nola funtzionatzen du atez ateko bilketak?, Hernani osasuna atez ate, 2010-07-17an kontsultatua.
  8. a b (Gaztelaniaz) «Adiós a los contenedores de basuras» Eroski Consumer 2009-11-23.
  9. (Gaztelaniaz) Garbitania cifra en dos millones el coste de implantar el 'puerta a puerta' en Zarautz[Betiko hautsitako esteka], www.noticiasdegipuzkoa-com, 2012-03-25.

Kanpo estekak aldatu