Asun-tximeleta (Aglais urticae) Euskal Herrian bizi den tximeleta bat da. Ninfalido ezagun eta koloretsua da. Atlantikotik Ural mendizerraraino eta Mediterraneo kostaldetik Eskandinaviaraino aurki daiteke, eta Euskal Herrian, Europa guztian bezala, espezie arrunta da. Ez dira asko Euskal Herrian neguan hegan egiten duten espezieak, baina asun-tximeleta horietako bat da.

Asun-tximeleta
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaLepidoptera
FamiliaNymphalidae
LeinuaNymphalini
GeneroaAglais
Espeziea Aglais urticae
(Linnaeus, 1758)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ostalariaasun

Deskribapena aldatu

Heldua (Imagoa) aldatu

44-55 mm-ko hego-zabalera duen tamaina ertaineko tximeleta da, dimorfismo sexualik gabekoa. Gorputz ilun eta iletsua du. Hegoen goialdea laranja kolorekoa da, hainbat koloretako orbanez hornitua. Aurreko hegoen aurrealdean, hiru orban beltz eta, haien artean, bi orban hori eta orban zuri bat nabari zaizkio, eta e3, e3 eta e4 eremuetan orban bana du; lehenengoa, handia, eta azken biak, txikiagoak. Atzeko hegoaren oinarria eta diskoa marroi kolorekoak dira. Aurreko zein atzeko hegoen kanpo- eta atze-ertzak ilunak dira, eta ertzondoa ingerada beltza duten kolore urdin-turkesako orbanez horniturik dago. Ninfalido gehienen gisan, hegoen azpialdeak kolore kriptikoa du. Aurreko hegoaren oinarria iluna da, eta diskoa eta diskondoa, hori; aldiz, ertzondo iluna du, eta ertza, apur bat argiagoa. Atzeko hegoaren azpialdeko oinarria eta diskoa ilunak dira, diskondoa argiagoa –marra ilunekin—, eta ertza eta ertzondoa aurreko hegoaren oso antzekoak.

Krisalida (pupa) aldatu

Krisalida berdea da hasieran, eta denbora aurrera joan ahala, kolore arrea hartzen du.

Beldarra (larba) aldatu

Beldarrak ilunak dira jaiotzen direnean, eta arantza-itxurako aterakinak izaten dituzte. Hasieran beltzak diren arren, hori-beltz bihurtzen dira hilabete batzuen buruan.

Arrautza aldatu

Txikiak eta berdeak dira, ildo zuridunak.

Azpiespezieak aldatu

 
Aglais urticae, Aberrazioa larbatik
  • Aglais urticae urticae (Linnaeus, 1758) Europa, mendebaldeko Siberia - Altai
  • Aglais urticae polaris (Staudinger, 1871) Iparraldeko Europa, Siberia, Errusiako Ekialde Urruna
  • Aglais urticae turcica (Staudinger, 1871) Hegoaldeko Europa, Kaukaso, Transkaukasia, Kopet Dagh, erdialdeko Asia
  • Aglais urticae baicalensis (Kleinschmidt, 1929) Sajan, Transbaikalia
  • Aglais urticae eximia (Sheljuzhko, 1919) Amur, Ussuri
  • Aglais urticae stoetzneri (Kleinschmidt, 1929) Xetxuan
  • Aglais urticae kansuensis (Kleinschmidt, 1940) ipar-mendebaldeko Txina
  • Aglais urticae chinensis Leech, 1893
  • Aglais urticae chinensis Leech, 1893 Txina Japonia Korea
  • Aglais urticae connexa (Butler, 1882) Hegoaldeko Ussuri, Hegoaldeko Sakhalin, Kurilak, Japonia

Korsikar asun-tximeleta (Aglais (urticae) ichnusa) parekoa da oso, baina zalantzazkoa da azpiespezie edo beste espezie bat den.

Banaketa aldatu

Europa osoan hedaturik dagoen espeziea da, Atlantikoko kostaldetik Ural mendikateraino. Atlantikoko eta Mediterraneoko uharteetan, ordea, ez da alerik aurkitu.

Habitata aldatu

Urte guztian zehar aurki daitezke heldu hegalariak. Askotariko lekuetan ikusi ohi den arren, mendi-inguruneetan aurkitu ohi da, batez ere. Itsas mailatik 3.000 metrora arte ikusi da hegan. Beldarren elikagai nagusia denez, asunak diren inguruan izaten dira ugarienak. (Tolman & Lewington, 2008).

Elikadura aldatu

Beldarrak asunez (Urtica dioica, Urtica urens) elikatzen dira, beste hainbat ninfalidok egin bezala, eta landare baten hosto guztiak jatera irits daitezke. Helduek, berriz, hainbat landararen loreetako nektarra zurrupatzen dute, tartean txilarrak (Calluna vulgaris, Erica spp.), karduak (Carduus spp.) , San Jose loreak (Primula spp.), eta abar.

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Hegoaldeko Europan 2-3 belaunaldi izaten dira urteko. Martxoa eta urria bitartean egiten dute hegan tximeletek. Espezie hibernatzailea da; hau da, urteko azken bigarren eta azken belaunaldian sortzen diren tximeleta gehienek negua igarotzen dute, harik eta udaberrian parekatu eta hiltzen diren arte. Negua, batez ere, Salix generoko zuhaitzen enborretako arrakaletan eta zuloetan igaro ohi dute, baina badira eraikuntzetako arrakaletan-eta ikusi diren aleak ere. Hala ere, neguko egun beroetan aktibitatea izan dezakete.

Arrautzak Urtica generoko landareen hostoen azpian jartzen dituzte negua hibernatzen igaro duten emeek martxoa eta maiatza bitartean. Lehenengo belaunaldiko beldarrak maiatzean jaiotzen dira, eta bigarrenekoak, uztaila-abuztua inguruan.

Emeek 80 arrautza inguru jartzen dituzte asunen hostoetan, elkarren ondoan pilatuta, eta 20 eta 100 minutu artean behar izaten dute arrautza guztiak jartzeko. Arrautza-faseak astebete eta hiru aste bitartean irauten du, baldintza meteorologikoen arabera.

Beldar guztiak bateratsu jaiotzen dira eta guztien artean zetazko babes-sare bat eraikitzen dute. Guztira 4 muda izaten dituzten, eta hilabete inguru igaro ostean krisalidatzen dira. Krisalidak, ordea, bakarka jartzen dituzte asunen zurtoinetatik eskegita. Pupa-aldiak 2-4 aste irauten du, ingurune-tenperaturaren arabera.

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Sturmia bella euliaren larba parasitikoek dute tximeleta honekin elkarrekintza sakonena. Euliak arrautzak asunen hostoetan uzten dituzte. Asun-tximeletaren larbek euliaren arrautzak jaten dituzte eta euliaren larbak tximeletaren larbaren barnean jaiotzen dira. Euli-larbak beldarraren barne-organoetaz elikatzen dira, eta beldarraren heriotza eragiten dute. S. bellaren larbek beste hainbat tximeletaren larbei ere eragiten dien arren, asun-tximeleta izan ohi da espezierik kaltetuenak, bi espezieen fenologia antzekoa baita.

Antzeko espeziea Nymphalis polychloros du. Asun-tximeletaren oso antzekoa da morfologikoki. Azken hori, ordea, handiagoa da, eta aurreko hegoen goialdeko aurre-ertzean ez du orban zuririk. Bestalde, atzeko hegoen goialdeko oinarria ez da asun-tximeletarena bezain iluna.

Kontserbazioa aldatu

Espezie arrunta den arren, azken urteetan mendebaldeko Europako dentsitatea jaisten ari dela uste da. Ikerketek adierazi dutenez, ugal arrakasta handiagoa dute uda hezea eta freskoa denean (Leraut, 1997), eta azken urteotan uda bero asko izan izanak kalte handia eragin diola uste da.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu