Astuvansalmiko labar-pinturak

61°26′30″N 27°32′30″E / 61.44167°N 27.54167°E / 61.44167; 27.54167

Astuvansalmiko labar-pinturak (finlandieraz, Astuvansalmen kalliomaalaukset) Hego Savoniako Ristiina udalerrian dauden Paleolitoko labar-pintura multzoa da. Hauek, Saimaa osatzen duten aintzira bateko, Yövesiko hondartza batean dagoen labarrean margotuak daude. Finlandia eta Ipar Europa osoko labar-pintura multzo handiena da, guztira 65-70 bat pintura baitaude, eta k.a. 3000 eta 2000 urte artekoak dira. Nahiz eta ristiinarrek margolan hauek ezagutzen zituzten, ofizialki, Pekka Sarvas finlandiar arkeologoak aurkitu zituen 1968. urtean.

Altzea, gizakien irudiak eta txalupa.

UNESCOren Gizateriaren Ondare izateko hautagaia da 1990. urtetik eta higaduratik onik irten den munduko labar-pintura ezagunena da [1].

Aurkikuntza aldatu

Nahiz eta, ristiinarrek margolan hauek ezagutzen zituzten, ofizialki, Pekka Sarvas finlandiar arkeologoak aurkitu zituen 1968. urtean. Guztira, 65-70 bat pintura daude eta denak okre gorriz margoturik daude; hain zuzen, 18-20 bat altze, 20 bat gizaki irudi, animalien oinatz eta esku ugari, 8-9 txalupa, irudi geometrikoak eta arraina eta txakurra diruditen bi irudi daude [2].

Labar-pintura hauek, hain zuzen, giza buru bat dirudien eta pinturak higaduratik babestu dituen labar batean daude margotuak. Gaur egun, Yövesi (Saimaa) aintzirako urazaletik 7,7 eta 11,8 metroko altueren artean daude, nahiz eta aspaldian urertzetik hurbilago zeuden; ondorioz, adituek uste dute margolanen egileak txalupetatik margotu zituztela. Honela, pintura zaharrenak (k.a. 3000 eta 2000 urte artekoak) goian daude eta berrienak aldiz, behean.

Objektu arkeologiko gehiago aurkitu dira ere bertan, hala nola, Akka eta Ukko jainkoen estatua txikiak, k.a. 2200. urteko gezi puntak eta animalia bitxi batzuk, hartz baten burua esaterako. Objektu hauek, bertan egiten zituzten errituetan erabiltzen zituzten objektuak ziren [3].

Irudien interpretazioa aldatu

Irudiek, Ipar Europa eta Siberiako xamanismo ohiturekin lotura estua dutela uste dute adituek. Sinesmen hau zuten gizakiek, eguzkia (bizitzaren ikurra), zerutik korrika zebilen altze edo orein bat zela uste zuten. Egunero, Altze Handia, espiritu onen eta jainkoen lekua zen ekialdetik atera eta heriotzaren lurraldea zen mendebaldera joaten zen; bizitzaren irudikapena. Altzeak gainera, iparraldeko gizakien harrapakin nagusienetako bat izan direnez betidanik, herri honen unibertsoaren erdigunea izaten ziren. Horregatik, Astuvansalmiko pinturetan ageri diren altze gehienek, bihotza irudikatzen duten puntuak dauzkate eta guztiak, bat izan ezik, mendebaldera begira daude.

Pinturak, tribuko xamanek margotu zituztela uste dute adituek. Labar honetan egiten zituzten errituetako kanta eta dantzen bidez, hauek trantzean sartu eta espirituen munduarekin harremanetan jartzen ziren. Finn etniako xamanek, altzeen buruaren itxura zuen maskara bat erabili ohi zuten eta horregatik, pinturetan agertzen diren gizaki gehienak finn xamanak zirela uste dute. Harritzekoa da bestalde, emakume arkudunen irudia. Emakumeek, ez zuten ehiztari-biltzaile gizarte horretako ehizetan parte hartzen eta horregatik, adituek emakume arkudunak, Kalevala mitologiako Tellervo jainkoaren irudikapenak direla uste dute. Hauek, ehiza ona iragarri ohi zuten. Ebatzi gabeko irudi bakarra, eskuak aldakan dituen gizona da, Astuvansalmi gizona deiturikoa [4].

Aipatzekoak dira bestalde, labar-pinturetan agertzen diren txalupak. Finnen sinesmenen arabera, hildakoak, mendebaldera, altzeen burua zuten itsasontzietan bertaratzen ziren; eta horregatik, txalupen irudiak leku berezia izaten zuen erritu honetan. Txalupa hauek, Iparramerikako amerindiarrek erabiltzen zituztenen antzekoak dira irudien arabera, luzeak eta estuak, eta larruz eta egurrez eginikoak. Honek, bikingo herria iritsi baino lehen, itsasontzia dagoeneko lurraldeko garraiobide nagusietako bat zela erakusten du [5].

Eskandinavia, Siberia eta Kareliako labar-pinturekin, sinesmenekin eta antzinako mitoekin alderatuz gero, Astuvansalmiko pinturak konplexuak direla aitortu dute adituek, baina guzti hauekin erlazio estua dutela. Samien antzinako kulturak ere zeresan handia dauka; izan ere, finnen eguzkiaren irudi berean sinesten eta erritu xamaniko antzekoak egiten zituzten.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu